Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2017-10-24)

Prentsaurrekoa. 2018ko Aurrekontuen Proiektua aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; alkateorde Peio López de Munain eta Itziar Gonzalo

Eguna. Asteartea, urriak 24

Ordua. 09:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————-

Prentsaurrekoa. Aitzina Folk Jaialdia aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; eta Aitzina Folk Jaialdiko zuzendari Patxi Villén

Eguna. Asteartea, urriak 24

Ordua. 10:30

Tokia. Miontehermoso Kulturunea

————————————

Prentsaurrekoa. Soka antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Iñaki Recarte (aktorea), eta Fernando Bernués (zuzendaria)

Eguna. Asteartea, urriak 24

Ordua. 11:30

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share

Udal gobernuak Udalbatzak herritar-kontsultari buruz hartu duen erabakia errekurrituko du, Aholkularitza Juridikoak aztertu ondoren

“Lanek aurreikusita zegoen bezala jarraituko dute”, zehaztu du alkateak

 

Udal gobernuak Udalbatzak tranbia hegoalderantz luzatzearen gainean herritar-kontsulta egiteari buruz hartu duen erabakia errekurrituko du administrazioarekiko auzian, Aholkularitza Juridikoak aztertu ondoren. Gorka Urtaran alkateak adierazi duenez, kontsultak ez du araudia betetzen, udalarena ez den eskumen bati dagokiolako, eta une honetan garaiz kanpokoa da, lanak dagoeneko esleituta baitaude. Bestetik, tranbia Adurtzarantz eta unibertsitate-campuserantz luzatzeko lanek aurreikusita zegoen bezala jarraituko dutela argitu du.

Podemos-Ahal Dugu taldeak proposaturik herritar-kontsulta onetsi ondoren, alkateak azaldu du kontsultaren gaia udal-eskumenetik kanpokoa dela, Aholkularitza Juridikoak eta Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak egindako txostenak argi eta garbi adierazten duenez. Gorka Urtaranek esan du tranbia Eusko Jaurlaritzari dagokion trenbide eskumena dela. Horrenbestez, Udalak ezin du horri buruzko galdeketarik egin. “Irregulartasun argi bat da, kontsultak herritar kontsulten araudia ez duelako betetzen”.

Bestetik, garaiz kanpoko kontsulta da, lanak dagoeneko esleituta baitaude. Prozesua baliogabetuko balitz, erakundeek hainbat milioitako kalte-ordainak ordaindu beharko lizkiokete esleipendun gertatu den aldi baterako enpresa-elkarteari.

Hori kontuan izanik, udal gobernuak errekurritu egingo du Udalbatzaren erabakia, Aholkularitza Juridikoak behar den azterketa egin ondoren. Alkatearen iritziz, azken orduan Alderdi Popularrak botoa aldatzea eta kontsulta ahalbidetzea talde politiko horren ohiko portaera da. “Gobernuan dagoenean legea bete behar dela esaten du, eta erantzukizuna eskatzen; oposizioan dagoenean, ahal duen guztia egiten du proiektuak gelditzeko, eta horrek ondorio kaltegarriak dakarzkie herritarrei”, erantsi  du.

Hala ere, Gorka Urtaranek lasaitasun mezua helarazi du. “Udal honek tranbiaren aldeko apustua mantentzen du eta lanek aurrera egingo dute”, aipatu du alkateak.

Share

Bide-segurtasunaren alorrean egindako VI. FESVIAL sarietako bat jasoko du bihar Udaltzaingoak Madrilen

Udaltzaingoak Bide-Segurtasunaren alorreko Jardunbide Egokien Saria jasoko du bihar, asteartez, Madrilen, “Ciudades por la Seguridad Vial” proiektuan parte hartzeagatik. Bide Segurtasunerako Espainiako Fundazioak (FESVIAL) ematen du saria, Tokiko Polizietako Buru eta Zuzendarien Batasun Nazionalarekin batera, trafiko-segurtasunaren alorrean polizia horiek eta beraietako profesionalek burutzen duten jarduera publikoki aintzatesteko asmoarekin.

Sariak Tokiko Polizientzako Bide-Segurtasunari buruzko II. Batzarrean banatuko dira, urriaren 24tik 27ra bitartean Madrileko IFEMAn Trafic 2017 azoka egitearekin batera.

Komisario buru José Antonio Vicho izango da saria jasotzeko arduraduna, ordeztuaz Gasteiz aldedi guztietan hiri seguruagoa bihurtzeko –kasu honetan bide-segurtasunaren alorrean– egunero Gasteizko Udaltzaingoan diharduten agente guztiak.

Udaltzaingoa duela 15 urte, gutxi gorabehera, hasi zen parte hartzen prebentzioa, zaintza, bide-segurtasuna, prestakuntza, komunikazioa, istripuekiko laguntza eta abarretako ildo estrategiko eta kanpaina diseinatu eta bideratzen, betiere Euskadiko Bide-Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguruko plan estrategikoen testuinguruan, baita zenbait udal-planenetan ere esaterako Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoarenean eta Ziklisten Mugikortasunaren Gida-planarenean), eta gai horren ingurukoak aztertu eta eztabaidatzeko maiz biltzen diren mahai tekniko eta lantaldetan ere.

Horren guztiaren xedea zirkulazioko ezbehar-tasa eta hiriko bideetako biktimen kopurua murriztea da, eta hala gertatzen ari da azken urteetan. Bereziki azpimarratzekoa da 2011 eta 2014 urteetan trafiko-istripuetan hildako bakar bat ere ez izatea lortu zutela.

Bide-segurtasunaren alorrean lan ona egitea funtsezkoa da gorago aipatutako helburua lortzeko. Horregatik, Gasteizek programa bat eskaintzen die ikastetxeei duela 25 baino gehiagotik ona, eta haren bitartez, ikastetxeek Agirrelandan dagoen haurrentzako trafiko parkea bisitatzen dute urritik ekainera bitartean. Bertan saio teoriko eta praktikoak jasotzen dituzte, eta bizikleta eta moto elektrikotan ibiltzen dira, oinezko txikiekin batera, eskala txikian diseinatutako hiri batean, errealitatearen antzera.

Esleipen fasean dagoen 2018-2023 aldirako bide segurtasunerako eta mugikortasun iraunkorrerako plan estrategikoak datorren urtetik aurrerantzeko jarduera-ildoak zedarrituko ditu.

Share

Gasteizko Udalak doako aholkularitza emango die bertako ostalariei, beren eskaintza elikadura begano eta begetarianoari egokitzerik izan dezaten

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak eta Irabazi Gasteizko bozeramaile Oscar Fernándezek Vitoria-Gasteiz VEG-Friendly doako aholkularitza-programa aurkeztu dute; bertako ostalariei laguntzeko programa da, beren eskaintza gastronomikoa elikadura begano eta begetarianoaren printzipioei egokitzerik izan dezaten. Abenduaren 31ra arte, interesa duten establezimenduek orientabideak jaso ahalko dituzte beren menu eta kartetan aukera begano edo begetarianoak sartzeko. Irabazi Gasteiz taldeak 2017ko udal aurrekontuari egindako ekarpenari esker sortu da Vitoria-Gasteiz VEG-Friendly doako aholkularitza.

“Bistakoa da kultura begano eta begetarianoan espezializatuko ostalaritza eskaintza gorantz doala Gasteizen. Azken hilabeteetan ireki diren establezimendu berezituez gain, nabaritu dugu ekintzaileek eta negozio tradizionalek ere interes handia dutela beren eskaintzan elikadura aukera hori sartzeko dituzten aukerak aztertzeko. Horretarako jarri dugu abian aholkularitza programa”, azaldu du Nerea Melgosak.

Irabazi Gasteizko bozeramaileak erantsi duenez, “IRABAZItik ekimen hau sustatu dugu, uste dugulako pertsona guztiek dutela hiriko aisialdiaz eta ostalaritzaz gozatzeko eskubidea, baita begano eta begetarianoek ere. Gero eta pertsona gehiagok jarraitzen dituzte horrelako dietak, dela osasunagatik dela kontzientziagatik. Gainera, dieta begano eta begetarianoa sustatzea ezinbesteko urratsa da pertsonen osasuna hobetzeko eta klima-aldaketaren kontra borrokatzeko”, amaitu du Oscar Fernándezek.

Dietetika eta nutrizio aditu batek elikadura begano eta/do begetarianoari buruzko doako aholkularitza zerbitzu profesionala emango die interesa duten ostalaritza eta ostatu establezimenduei. Banan banako eta aurrez aurreko aholkularitza emango da establezimenduetan, eta gehienez bi ordu iraungo du. Beganismo eta begetarianismo kontzeptuei buruzko zalantzak argitu ahalko dituzte, horretako dietetan zein jaki sartzen diren, zein ez dagoen onartuta ikasi, etab. Udalaren web-orrian eman daiteke izena.

2016an Gasteiz VEG-Friendly hiria izendatu zuten. Ekimen horrek beren portaera-kodeetan printzipio horiek txertatu dituzten pertsonekiko (gasteiztar zein bisitari eta bidaiariak) kontzientzia errespetatu eta sustatzera behartzen du gure hiria.

+INFO: Elikadura begano eta begetarianoari buruzko aholkularitza

 

Share

3.368 pertsonak aukeratu dituzte Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz programaren barruan egingo diren 16 proiektuak

 

 

 

 

 

 

Iaz baino 1.125 boto gehiago izan dira; proiektuak 2018 eta 2019 artean gauzatuko dira.

20171023 Dossier Hobetuz

Orotara, 3.368 pertsonak eman dute botoa “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan. Aukeran jarritako 60 proiektuetatik 16 hautatu dira behin-behineko, zeinak  2018an eta 2019an gauzatuko baitira, programako 3 milioi euroak agortu arte.

Iaz baino 1.125 boto gehiago eman dira, hots, % 50 gehiago. Oro har, 16 urtetik gorakoen % 1,61ek bozkatu du. “Goranzko inertziak erakusten digu bide onetik goazela, herritarrek gero eta gehiago ezagutzen baitute programa, gehiago hartzen dute parte, eta bozkatu egiten dute”, adierazi du Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínezek prentsaurrekoan.

Hona hemen behin-behineko onartutako proiektuak, bozketa hurrenkeraren arabera:

  • Nerabeentzako aire zabaleko espazio ludikoak Ibaiondon eta Lakuabizkarrean.
  • Eraztun Berdea ixtea Zabalganetik Armentiako basoraino.
  • Connect Ibailakua, belaunaldien arteko parkea aire zabalean.
  • Bastida kalea oinezkoentzat bihurtzea.
  • Kirol zelaiak Aldaian.
  • Alde Zaharra: Haurren Auzoa.
  • Ospitale plaza eraberritzea.
  • Ortubi, hiri-baratze berria Zabalganean.
  • Zabalgana jolas-parke berdea.
  • Triana-Salburua zatia argiztatu eta asfaltatzea, eta traba arkitektonikoak kentzea.
  • Gurpil-aulkientzako irisgarritasuna oinezkoen pasabideetan.
  • Berdintasunerako eta Jabekuntzarako eskola txikia.
  • Bide irtenbideak Lakuabizkarrean eta Ibaiondon.
  • Oinezkoentzako pasabidea hobetzea Honduras kalearen eta Konstituzio plazaren artean.
  • Txiringitoa eta mahaiak Arriagako parkean.
  • Malizhaeza kalea eraberritzea.

Horixe da aurreikuspena. Horrek aurrekontuko hiru milioi euroak agortuko lituzke, baina 16 proiektuak burutu ondoren besteren bat egiterik balego, esleipenetan zerbait aurreztu delako, bozketaren hurrenkerari jarraituko litzaioke horiek aukeratzeko, hau da, 17. proiektua hartuko litzateke kontuan, eta horrela hurrenez hurren, aurrekontua agortu arte.

Eskerrak eman nahi dizkiegu proiektuak aurkeztu dituzten pertsonek edo entitateei, horiek teknikoki balioztatu ala ez, baita partaidetza-prozesuan bozkatu duten pertsonei ere”, amaitu du Martínezek.

Dosierrean beste datu interesgarri batzuk bildu dira.

MVGH logoa

Iaz egindako proiektu guztietan, eta gerora gauzatzen direnetan, oroitzapen-xafla bana jarriko da, “herritarrek proposatu eta hautatutako proiektua” dela gogoratzeko; gaur aurkeztu da  diseinua.

Share

Hitzarmena sinatu dute Udalak eta Kutxabankek, Dato kaleko eraikinari erabilera berriak emateko

 

 

 

 

 

 

Gasteizko erdialdea birgaitu, biziberritu eta berpizteko Erdigunerako Masterplanean jasotzen diren 20tik gora ekintzeko bat da

Gorka Urtaran alkateak eta Kutxabankeko zuzendari nagusi Joseba Barrenak bi erakundeen arteko hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Dato kalearen eta Alaba Jeneralaren kalearen bidegurutzean dagoen eraikinari erabilera eman ahal izateko.

Akordio horri esker, Udaleko Ogasun Sailaren bulegoen egoitza izan zenak, zein 2015eko udaz geroztik hutsik baitago, etxebizitzak eta merkataritza- eta ostalaritza-lokalak hartu ahal izango ditu.

Hitzarmenean jasotzen denez, aldatu egingo da hiri-orube horren kalifikazioa; izan ere, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean hiri-lurzoru sailkapena izan arren, ‘administrazio-ekipamendu’ kalifikazio xehatua baitu gaur egun. Oroitidazkian adierazten denez, ‘administrazio-ekipamendu’ kalifikazio hori izanik, eraikina erabilerarik gabe egotera kondenatuta dago, baina, aldiz, leku horretan etxebizitzak sustatzea bideragarri litzateke. Horrenbestez,  aldez aurretik kalifikazio xehea aldatzen delarik bertan inguruko eraikinekin bat etorriko diren bizilekuak egin ahal izateko bideratu beharreko jarduerak jasotzen dira hitzarmenean.

Gorka Urtaran alkateak positibotzat jo du lortutako akordioa: “pausuak ematen jarraituko dugu, hiri-egiturari eta eraikinei homogeneotasuna eta jarraitutasuna emateko hiriaren erdialdean. Izan ere, erabili gabeko eraikinak birgaitu, hiriko espazioak berpiztu eta merkataritza- eta ostalaritza biziberritzeko sustatzen ari garen Erdigunerako Masterplanean aurreikusitako ekintzetako bat da ekimen hau. Hiriaren erdialdeak protagonismoa berreskuratzea nahi dugu, eta, zentzu horretan, alderdi urbanistikotik hiria hobetzeko egiten den proposamen oro aztertu eta laguntzen dugu, hutsik dauden eraikinei bizia emateko.”

Kutxabankeko zuzendari nagusiak, bere aldetik erabaki ontzat jo du Udalak aspaldi batean finantza-erakundearen egoitza izan zen eraikin horren kalifikazioa aldatzeko hartutako erabakia; izan ere, hutsik baitago udal bulegoak San Martin auzora aldatu zirenez geroztik. “Eragiketa, hiriko bidegurutze pribilegiatu horretan —adierazi du Joseba Barrenak—, urrezko aukera da Gasteiz erdialdean bizileku-, merkataritza- eta ostalaritza-erabilerak berreskuratzeko.” Orobat adierazi du finantza-erakundearen zuzendari nagusiak Dato kalearen eta Alaba Jeneralaren kaleren artean dagoen eraikin hori dela eta sinatu den hitzarmena —Bilbon eta Donostian lehenago sinatu diren beste batzuk bezala—, Kutxabanken higiezin-aktiboen kartera arrazionalizatzeko eragiketa bat dela, zeinen helburua baita aktibo horiek izaera estrategikoagoa duten beste inbertsio batzuk finantzatzera bideratzea.

Hitzarmenak berekin ekarriko duen aldakuntza urbanistikoak eragin ekonomiko positiboa izango du Udalarentzat, % 15eko diru-sarrera, hirigintza-aprobetxamenduaren igoeratik eratorritako gainbalioak komunitatearentzat berreskuratzearen kontzeptuan. Udalaren txosten teknikoaren arabera, 976.964,56 eurokoa izango da diru-sarrera hori.

Informazio gehiago: www.vitoria-gasteiz.org/masterplan

Share