Prentsa Oharren banner

Prentsa deialdiak (2017-10-17)

–  “Ideiak eta lankidetza sare berriak sukaldatzen” Cocolab 2017 jardunaldiaren inaugurazioa.

Parte-hartzaileak: Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzi Nerea Melgosa.

Eguna: asteartea, urriak 17.

Ordua:  9.00.

Lekua: Europa biltzar etxea – Green aretoa.

———————————————————————————

– ‘Erromesaren diplomak’ banatzea, Pobreziaren kontrako Nazioarteko Egunean.

“Inklusioaren aldeko urratsak” proiektuko parte-hartzaileei harrera egitea eta diplomak banatzea, eta gizarte-inklusioaren aldeko adierazpena irakurtzea.

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran alkatea, udal korporazioko talde politikoen ordezkariak, eta gonbidatuak.

Eguna: asteartea, urriak 17.

Ordua:  11.00.

Lekua: Udaletxeko harrera aretoa.

 

 

Share

Udalak seinaleztapena hobetuko du, gidari “despistatuak” Goiuriko eskaileretatik sartu ez daitezen

Gaur, beste auto bat erortzear izan da Aihotz plazara jaisten duten eskaileretatik

Udalak Goiuriko eskaileren seinaleztapena hobetuko du, gidari “despistatuak” bertatik sartu ez daitezen.

Bi hilabete baino gutxiagoan, bi auto erortzear izan dira Goiuri plazatik Aihotz plazara jaisten duten eskaileretatik.

Lehen kasua abuztuaren bukaeran gertatu zen, nabigatzailearen okerreko jarraibideen erruz; bigarrena, berriz, gaur bertan, 8.30ean pasatxoan, auto bat eskaileretan behera erortzear izan baita.

Herritar batek ibilgailuaren gidariari Olagibel kalera joateko eman dizkion argibideek eragin dute gertaera.

Zenbait udaltzain eta suhiltzaile hurbildu dira istripua izan duen gidariari laguntzera. Udaltzaingoak txosten bat egingo du inguruko seinaleztapena hobetu dezaten eta antzekorik berriro gerta ez dadin.

Share

Urtaranen gobernuak San Ignazio Loiolakoaren kalea eraberrituko du, espaloiak zabaldu, bidegorria egin eta trafiko pilaketa minimizatzeko

Urtaranen gobernuak San Ignazio Loiolakoaren kalea eraberrituko du, espaloiak zabaldu eta oinezkoen zirkulazioa hobetzeko, bidegorria egiteko eta puntako orduetan trafiko pilaketa minimizatzeko. Tokiko Gobernu Batzarrak lanak Yarritu SA enpresari esleitzea erabaki du, 1.424.106,12 euroan. Lan horiek egiteko epea sei hilabetekoa da.

“Gure asmoa da espazioa modernizatzea, atseginagoa bihurtzea eta oinezkoen zirkulazioa hobetzea. Izan ere, kaleko espaloiak oso estuak dira, eta autobusak gelditzen direnean kaosa eta segurtasunik eza sortzen dira. Espaloiak zabalduz oinez eta bizikletaz doazen pertsonek leku handiagoa izango dute. Inguruan bi ikastetxe izatea ere garrantzitsutzat jotzen dugu”, esan du Gorka Urtaran alkateak.

Kale horrek —gutxi gorabehera 230 metro luze da— irisgarritasun arazo handiak ditu, eta oso itxura zaharkitua du. Espaloiak oso estuak dira, eta bertatik bi ikastetxetako erabiltzaile ugarik igaro behar izaten dute. Bestetik, trafikorako bide garrantzitsua da, Erdi Aroko hirigunearen iparraldeko mugatik baitoa, eta leku nahiko mugatuan autoek eta autobusek zirkulatzen dute. Gainera, gero eta bizikleta gehiago ibiltzen da kale horretatik, Arriagako atearen eta Legutianoko atearen arteko lotura baita.

San Ignazio Loiolakoaren kaleko zoladura ere egoera txarrean dago, txaplatak, bigunguneak eta arrakalak baititu. Espaloiak 2,50 metro zabal dira, eta bi aldeetan dauden zuhaitzek mugatu egiten dute zati erabilgarria. Kaleak ibilgailuentzako bi errei ditu, zirkulazioaren noranzko bakarrean. Aparkatzeko bi lerro ere baditu. Nabarmendu beharra dago kalean autobus geltoki bat dagoela, eta horrek kaosa sorrarazten duela puntako orduetan eta autobusek aparkatzeko maniobrak egiten ari diren ibilgailu pribatuak topatzen dituztenean.

Inguruko auzokoek planteatutako esku-hartzearen bidez, Udalak espazioak birbanatuko ditu. Batetik, aparkalekuak kenduko dira galtzadaren bi alboetan, zamalanetarako lekuak izan ezik. Mugikortasun murriztuko pertsonentzat bi aparkaleku utziko dira, eta 15 minutuz aparkatzeko zenbait geraleku. Udala auzokoentzako aparkatzeko alternatibak aztertzen ari da.

Bi zuhaitz lerrokadura ere kenduko dira, fatxadetatik oso hurbil baitaude, eta Iparraldeko parkeko parterrearen zati bat atzeratu egingo da, leku gehiago izatearren. Lan horiek espaloiak lau metrora zabaltzea ahalbidetuko dute. Horietako batean bidegorri bat jarriko da.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak egindako proiektuak zoladura eta galtzada aldatzea eta drainatze sarea, hustubideak eta saretak berritzea aurreikusten du. Bide batez, Udalak bilketa pneumatikorako sareak berrituko ditu: iparraldeko espaloian dauden ahoak hegoaldera aldatuko dira, bizitzetatik gertuago baitago, beste aldean bidegorria egin ahal izateko. AMVISAren saneamendu eta hornikuntza sarea ere osorik berrituko da, eta bidenabar, telekomunikazio-sarearen airetiko lineak lurperatuko dira. Argiteriari dagokionez, hobekuntza puntualak egingo dira, duela gutxi luminaria arrunten ordez led teknologiakoak instalatu baitira.

Zurezko pasabideak

Orobat, Urtaranen gobernuak Ensambla Madera enpresari esleitu dizkio Zabalganean Ehari ibaiaren gainean dauden egurrezko lau egitura mantentzeko lanak. Pasabideak duela 11 urte jarri ziren, eta Udalak garrantzitsutzat jo du enpresa bat kontratatzea mantentze-lanak egin eta egoera onean daudela bermatzeko. Tokiko Gobernu Batzarrak 57.717 euroan esleitu ditu lan horiek, lau hilabeteko epean gauzatu ditzaten.

Gurutze Gorriaren ibilbidean, Ilustrazioaren hiribidean eta UNICEFen hiribideranzko ibilbidean daude pasabideak. Egurrezko elementuetan eta eskudeletan eguzki-erradiaziotik babesteko tratamenduak egin, eskudeletan elementu berriak jarri, torlojuak ikuskatu, eta egoera txarrean dauden elementuak aldatu behar dira, besteak beste.

 

Share

Vitoria-Gasteiz Smart Green City Plana abian jarri du Urtaranen gobernuak, hiria erreferente bihurtzeko, zerbitzu publikoei aplikatutako berrikuntzaren alorrean

Vitoria-Gasteiz Smart Green City Plana onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, zerbitzu publikoak modu eraginkorragoan kudeatu eta herritarren bizi-kalitatea hobetze aldera berrikuntza bultzatzea helburu duen ekimena. Hiru ardatz estrategikotan egituratua dago plana —udal kudeaketa, hiri-iraunkortasuna eta kohesio soziala—, eta hainbat arlotako zerbitzuak modernizatzeko 17 proiektu biltzen ditu, hala nola garraio publikoa, argiteria, ur-hornikuntza, garbiketa, zergen ordainketa, kontratazioa, ekintzailetza eta beste. Plan honen iraunaldia zazpi urtekoa izango da, 2017. urtetik 2024. urtera arte, hain zuzen.

“Gure hiriak bizi-kalitatearen erreferente izaten jarraitzea nahi dugu Vitoria-Gasteiz Smart Green City Planaren bitartez. Gure iraunkortasun-politikei esker lortu dugu iraganean, eta etorkizunean, berriz, hiri adimentsuaren baliabideekin konbinatu behar dugu hiri berdearen alderdi hori. Vitoria-Gasteiz Smart Green City Planaren bitartez planteatzen ditugun 17 modernizatze-proiektuak direla medio, hobekuntza nabarmenak egin nahi ditugu udal zerbitzuen prestazioan, efikazia handiagoa lortu informazioaren erabilera adimentsuaren bitartez, Administrazioaren eta herritarren arteko harremanak hobetu, gardentasuna areagotu, eta garapen sozial eta ekonomikoari aukera berriak eskaini. Azken batean, gaur egun Green Capital gisa ezagutzen bagaituzte, etorkizunean Smart & Green Capital gisa identifika gaitzatela lortu behar dugu”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak. Ildo honetan, Urtaranek azpimarratu du bere legealdi planaren helburu estrategikoen bat hiri adimenduna eta berdea dela.

Hiri-iraunkortasuna, azpiegiturak eta mugikortasuna

 Vitoria-Gasteiz Smart Green City Planaren ardatz estrategiko bistakoena, hirian bertan eta azpiegituretan izango duen islagatik, hiri-iraunkortasunari, azpiegiturei eta mugikortasunari dagokiena izango da. Barne hartzen dituen sei proiektuen artean, nabarmentzekoa da Smartkesinak izenekoa, zeinetan aurreikusten baita autobus-geltoki estrategikoetan markesina interaktiboak jartzea, teknologia aurreratua baliatuz aukera emango baitute garraiobideak kontsultatu, ibilbidea planifikatu eta zenbat denbora itxoin behar den jakiteko.

Mugikortasun iraunkorraren eta osasungarriaren alorreko beste proiektu nabarmen bat Smart parkinga da, zeinek hainbat neurri barne hartzen baititu hiriko aparkalekuen kudeaketa hobetzeko, eta telefono mugikorraren bidezko ordainketa ahalbidetuko baitu, baita libre dauden lekuei buruzko informazioa hobetu ere, efikazago izateko.

Oinarrizko hiru zerbitzuk ere —ur-hornidura, argiteria eta hondakinen bilketa— badute lekua Vitoria-Gasteiz Smart Green City Planean, kudeaketa adimentsurako proiektuetan. Argiteria publikoaren kasuan, argiak aldatzeaz gain, aginte-zentroetatik piztu eta itzaltzeko tele-kontrola baliatzea aurreikusten da, aurrezpen energetikoa eta ekonomikoa lortze aldera. Ur-hornidurari dagokionez, ur-kontagailuen tele-irakurketarako sistema ezartzearen alde egiten da, eta orobat hornikuntza- eta saneamendu-azpiegiturak urrutitik kontrolatu, zaindu eta kudeatzearen alde, guztia ere kontsumo-aurrezpenak lortzeko helburuarekin .

Hondakinen bilketaren arloan ere bada kudeaketa adimentsurako proiektu bat; hartara, jarritako sentsoreak eta informazio gehigarria baliatuko dira bitartekoak hobetzeko, efizientzia areagotzeko eta herritarrei prestazio hobeak eskaintzeko. Parke eta lorategien ureztapena hobetzeko proiektuak ixten du iraunkortasunaren ardatz estrategikoa.

Gizarte-kohesioa, giza garapena eta garapen ekonomikoa

 Beste sei proiektu gizarte-kohesioaren, giza garapenaren eta garapen ekonomikoaren ardatz estrategikoan sartzen dira. Horien artean dago Vitoria-Gasteiz City Lab proiektua, orain artean hiria beren garapen teknologikoak ingurune errealetan probatzeko interesa zuten enpresen eskura jartzeko balio izan duen Laborategi Hiria proiektuaren bilakaera. Vitoria-Gasteiz City Lab proiektuarekin, enpresa laguntzaileekiko lan-esparrua zabaldu nahi da, erabilera-datu kualitatibo eta kuantitatiboak ustiatu eta argitaratuz.

Kultur-, kirol- eta aisialdi-ekitaldien agenda bateratua sortzea da kohesioaren eta garapen sozialaren arloko bigarren proiektua. Herritarren intereseko ekitaldiak eta turismoaren alorrekoak integratuko ditu tresna horrek, hala ekimen publikoak nola pribatuak, eta bilaketa-iragazkiak erabiltzeko aukera emango, hainbat irizpideren arabera.

Bloke honetan sartzen dira, era berean, berrikuntza-ekosistema bat garatzeko proiektua, ekintzaileei laguntzeko ataria, Smart Tourism kontzeptuaren bidezko kudeaketa turistikoa, eta ekonomia zirkularra ezartzea.

Kudeaketa bikain, garden eta efizientea

Azkenik, bost proiektu biltzen dituen beste bloke bat barne hartzen du Vitoria-Gasteiz Smart Green City Planak kudeaketa bikain, garden eta efizientearen arloan, zerbitzuak modu koordinatuago, gardenago eta elkarlanera eta herritarren partaidetzara irekiagoan eskaintzeko aukera emango duten tresnen bitartez udal-antolakuntza eraldatzeko xedearekin.

Proiektu horien artean dago kontratazio adimentsuaren bidezko erosketa publiko berritzailea. Era horretako kontratazioan planteatzen da baldintza-agirian hornitzaileak smart zerbitzuen eskaintza egitera akuilatuko dituzten balioespen-irizpide edo klausulak sartzea, Udalaren eta enpresen arteko harreman koordinatuagoa ahalbidetuz.

Orobat nabarmentzekoa da, iruzur fiskalaren kontra borrokatu eta zergak ordaintzeko tarifa laua ezartzeko proiektua, zerga-prozesuak digitalizatzean oinarritua, zergadunei zerbitzu hobea emateko, beren zerga-betebeharrak betetzeko erraztasunak emanez.

Kudeaketa adimentsuaren alorrean sartzen da, era berean, bulego analitikoa sortzeko proiektua, Smart Green City planeko proiektuak abian jartzen direlarik sortzen diren datuen analisia egin dezan, erabakiak hartzeko garrantzizkoa den informazioa emateko eta, hartara, herritarren eskariei aurrea hartzeko.

Gardentasunaren eta partaidetzaren arloko beste bi proiekturekin ixten da ardatz estrategiko hau: bata gardentasun-ataria eta datu irekien ataria dinamizatzeko, baliozko eduki gehiagorekin, eta bestea, herritarren zuzeneko partaidetzan oinarritua, aurrekontu parte-hartzaileak diseinatzeko.

2016ko urtarriletik 2017ko irailera bitartean landu da Vitoria-Gasteiz Smart Green City Plana, bost fasetan, eta zuzendaritza-komite bat eta koordinazio-bulego tekniko bat edukitzea aurreikusten da, planteatutako ekintzetatko bakoitza kudeatu, koordinatu, kontrolatu eta jarraipena egiteko. Orobat aurreikusten da planaren ezartze-maila neurtzea, hainbat adierazle kuantitatiboren bitartez.

 

 

 

 

 

Share

Bihartik aurrera erabili ahalko da autobus-geltokiko bizikleta aparkaleku estali eta zaintzapekoa, doan

 

 

 

 

 

 

 

Gasteizko Udalak bihar, asteartea, irekiko du autobus-geltokiko bizikleta aparkaleku estali eta segurua. Instalazioak bideozaintza du, sarbidea kontrolatuko da, eta egunean 24 orduz funtzionatuko du. 2018ko hasierara arte, doan erabili ahalko da azpiegitura. Nasa-eremuan egokitutako esparru itxia da, Euskal Herria bulebarraren eta Donostia kalearen arteko iskinean jarritakoa.  “Autobus-geltokira doazen erabiltzaileen segurtasuna bermatzea eta espazioaren multimodalitatea sustatzea” da ekimenaren helburua, Gorka Urtaran alkateak azaldu duenez. Gainera, Udalak garraiobide iraunkor eta osasungarri horren alde egin dutenei lagundu nahi die, gaur egun joan-etorrien % 12 baino zertxobait gehiago egiten baita bizikletaz. “Azken batean, aldezten dugun hiri-eredu iraunkorrerantz pausoak ematen jarraituko dugu. Izan ere, txirrindulariek hirian aparkaleku seguru gehiago jartzeko eskatu digute”, esan du Gasteizko alkateak.

Zehazki, autobus-geltokiko nasen eremuan esparru bat mugatu da fisikoki, txapa zulatua baliatuz, gardentasun maila ertaina lortzearren. Bi ate izango ditu, bat Donostia kaletik eta beste bat geltoki barrutik. Hartara, bizikleta aparkatu eta zuzenean sartu ahalko da nasen eremura, eta alderantziz. Nasetara sartzeko tornua jarri da. Donostia kalean, berriz, ate lerragarria ipini da.

Fisikoki mugatzeaz gain, iaz Postetxearen atzealdean egindako proiektu pilotuan jarritako bizikleta-aparkalekuaren antzeko kudeaketa-sistema instalatu du Udalak. Modulu berrian orotara 111 bizikleta lotu ahalko dira, bizikleta elektrikoak eta ibilgailu bereziak —zabalagoak— barne; 2018ko urtarrilaren 1era arte guztiz doakoa izango da. Ondoren, abonamendu ezberdinak salduko dira, zerbitzua egun batez edo hilabetez erabiltzeko; azken kasuan, bizikleta hiru egun edo sei egun jarraian utzi ahalko da aparkatuta. Gainera, hirian laster jartzekoak diren beste bost moduluekin sarea osatzea da asmoa.

Lehenenego egunetan, monitoreen laguntza izango dute zerbitzua probatu nahi dutenek. Bizikleta aparkalekuaren erabilera erraza da, sistemak sentsore, botoi, internet eta mugikorraren bidez funtzionatzen baitu. Nahikoa da aplikazioa instalatu, erabiltzaile gisa erregistratu eta aplikazioa bera edo zenbakizko kode bat baliatzea aparkalekuan sartzeko. Argibideak web-orri honetan eskura daitezke: www.vitoria-gasteiz.org/bizikleta.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak triptiko bat argitaratu du, bizikletetan informazioa zintzilikatuko du, eta material grafikoa jarri da autobus geltokian zerbitzu berria seinaleztatzeko.

Share

Gasteizek egoera txarrean dauden zuhaitzak ordeztuko ditu, zelaiak hobetuko eta arrosondo berriak landatuko, 300.000 euro inbertituz

 

Datozen hilabeteetan, Gasteizko Udalak zuhaitzak birlandatu, zelaiak hobetu, belarra erein eta arrosondoak ordezteko lanak egingo ditu hiri osoan. Urtaranen gobernuak 300.000 euro bideratuko ditu lan horietara; hain zuzen ere, Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du gaur kontratazio-dosierra.

Udal gobernuak onetsi duen baldintza-agiriaren arabera, enpresa esleipendunak zuhaitzak ordeztu beharko ditu, belardiak hobetu eta arrosondo berriak landatu, urtebetez, eta horiek mantentzeaz eta onik zaintzeaz ere arduratu beharko du. Baldintza-agirian ez da zehaztu zein aldetan esku hartuko den, lehiaketara aurkezten diren enpresek eskainitako prezioen arabera erabakiko baititu Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak.

Zuhaitzei dagokienez, ale txikiak eta egoera txarrean daudenak kendu eta inguruari hobeto egokitzen zaizkion espezieak jarriko dira. Lan gehienak, berriz, lorezaintzarekin eta zelaiak berriz ereitearekin lotutakoak izango dira. Dena delakoagatik belarra galdu eta soilguneak dituzten zelaiak berreskuratzea da asmoa. Orobat, egoera txarrean dauden arrosondoak ordeztuko dira. Parterreak txukundu eta arrosondo berriak landatuko dira. Tamaina txikiko zuhaixkak ere landatuko dira zenbait lekutan.

Share

Gasteizko Udalak 45.000 euro inbertituko ditu Euskararen Astean

Gasteizko Udalak 45.000  euro inbertituko ditu abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta antolatutako Euskararen Asteko jardueretan. Tokiko Gobernu Batzarrak diru-laguntzetarako deialdi berritzailea onetsi du gaur goizean, taldeek egun horrekin lotutako proiektuak egin ditzaten; horretaz gain, Euskara Zerbitzuak 25.000 euro erabiliko ditu bere programazioa lantzeko, ohi bezala.

Gasteizko Udala aspalditik ari da euskararen erabilera handitzeko eta sentsibilizazioa sustatzeko neurriak hartzen, maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean euskararen erabilera guztiz normalizatzearren. “Horrexegatik, Euskararen Eguna eta Astea aparteko aukera dira hainbat arlotan (gazteria, kultura, sorkuntza eta aisialdia) lan egiteko”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak. Laguntza ildo berriaren xedea da “euskararen aldeko apustua ikusaraztea, adin orotakoentzako programazio berritu, aberasgarri eta motibatzaile baten bidez. Horretarako, euskararen arloko talde guztiak hartu nahi ditugu kontuan”.

Laguntza ildo horretaz baliatzen diren ekintzek euskararen aldeko jarduera areagotzea izango  dute helburutzat, eta Udalaren Euskara Zerbitzuak gidatuko duen programazio global eta bakarraren barruan sartuko dira; jarduerak azaroaren 22tik abenduaren 3ra arte garatuko dira, ‘Euskarak 365 egun’ lemaren pean.

Tinkorekiko hitzarmena

Orobat, Gobernu Batzarrak Tinko elkartearekin hitzarmena sinatzea onetsi du, Gasteizko gazteei zuzendutako euskarazko zinema-zikloa antolatzeko. Udalak 10.500 euro jarriko ditu, aurreko ekitaldian baino % 5 gehiago. Tinkok hamar urte daramatza Udalarekin batera lanean. Iaz, esate baterako, 8.000 ikaslek hainbat film ikusi eta aztertu zituzten hiriko ikastetxeetan. Azken hamarkadan, 50.000 pertsona inguruk gozatu dute programa horretaz.

Share

Borinbizkarrak eta Elexaldek bi jolas eremu naturalizatu izango dituzte, 240.000 eurotik gorako inbertsioa eginda

Urtaranen gobernuak hirian bi jolas eremu berritzaile eta ingurumen kutsu handikoak sortzeko kontratuak esleitu ditu gaur goizean. Horietako bat Campezo enpresak egingo du, Elexalde inguruan, 123.725,57 euroan. Bestea, Borinbizkarrean kokatzekoa dena, HPC Ibérica enpresari esleitu zaio, 120.000 euroan.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean azaldu duenez, Elexalden (Zabalgana) jolas eremu berri eta originala sortuko du Udalak, Tirreniar Itsasoaren kalearen ondoko lursail batean. Jolas eremu berritzailea naturan txertatuta egongo da, eta Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko teknikariek Estatu Batuetan, Kanadan eta Europako iparraldean garatutako antzeko beste ekimen batzuk hartu dituzte aintzat. Tokiko Gobernu Batzarrak lanak —129.555,58 euroko aurrekontua zuten, BEZa barne— Campezo enpresari esleitzea erabaki du gaur goizean, 123.725,57 euroan. Lan horiek egiteko epea bi hilabete izango da.

Proiektua ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ partaidetza-prozesuan hautatu zen, eta azken urteetan Gasteizen —bereziki Lakuabizkarrean— garatzen ari den hiri-azpiegitura berdearen barruko zenbait ekintzatan ere inspiratu da. Zabalganeko auzo elkarteekin hainbatetan bildu ondoren, jolas eremua ikuspegi horretatik diseinatzea erabaki zen. Horretarako aukeratu den lursaila ez da erabiltzen, eta Zabalgana institutua eraikitzeko indusketetan ateratako landare-lurra metatu da bertan. Material hori aprobetxatu egingo da.

Gasteizko Udalak diseinatu duen proiektuak zirkulu baten inguruan antolatutako zenbait zona ditu; horien erdian soilgune bat izango da, eta bertan jolas konbentzionalagoak jarriko dira. Inguruan lurrezko ‘donut’ moduko bat osatuko da, erdigunea mugatzeko balioko duena, bai eta jolasteko ere (lasterka igo eta jaitsi, bizikletaz zeharkatu, tunelak eta txirristak gehitu…). Eraztun horren kanpoaldean, naturan txertatutako jolas eremu batzuk sortuko dira, inguru “basatiago” batean.

“Lursail horretatik hurbil gero eta biztanle gehiago dago, eta inguru horretako umeek erakinetako arkupeetan jolastu behar zuten orain arte, eta jolas eremu urrunagoetara joan. Hori dela eta, Zabalganeko auzokoek aisialdi eremua eskatu ziguten ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ partaidetza-prozesuan. Auzoko taldeekin estatuan aitzindaria den alternatiba proiektatu eta garatu dugu, Amerika eta Europa iparraldeko diseinuetan oinarritua, eta integratzailea eta belaunaldien artekoa izatea espero dugu. Umeek naturarekiko harremanean jolastu ahalko dute, beste modu batean”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Jolas eremuaren erdialdean saskibaloirako saskia, futbolean aritzeko bi zutoin eta boleibolerako zutoinak jarriko dira, baina ez era arautuan, asmoa ez baita ohiko kirol espazioa diseinatzea. Lurrezko horma edo ‘donuta’ nahierara zeharkatu ahalko da (bai eta tunel edo txirristen bidez ere) eta lurrezko ziklo-kros zirkuitua ere izango du.

Hormaren kanpoaldean eta hura inguratuz, jolas eremu naturalizatu batzuk jarriko dira. Orotara sei gune izango dira: enbor multzoak haien artean jauzi egiteko, esertzeko eta jauzi egiteko harriak, oreka egiteko zirkuitua, adar etzanez osatua, etab. Zuhaitz eta zuhaixkez inguratuko dira. Hezegune txiki batek osatuko du jolas eremua, helburu pedagogikoa ere izango duena.

Ureztatzeko ihinztagailu handia ipiniko da erdian, zutoin baten gainean. Horren bidez erdiko zirkulua ureztatu ahalko da, eta bertako belarra ere moztuko da. Kanpoaldeko jolas-zirkulua, berriz, naturalizatuz joango da, baso baten antza hartu arte.

Espazio bikoitza Borinbizkarrean

Bestetik, Urtaranen gobernuak 120.000 euro inbertituko ditu Borinbizkarrean jartzekoa den joko-eremu berritzailea diseinatu, hornitu eta instalatzen. Ozeano Barearen kaleko 13.etik 19.era bitarteko etxeen atzeko aldean dagoen espazio bikoitza hartuko du, eta bi zona izango ditu: bata konbentzionala eta bestea naturalizatua. Borinbizkarra Zabalganarekin lotzen duen oinezkoentzako pasabiderako sarbideetako batek bereizten ditu bi sektore horiek. Aterpe gisa ere erabili ahal izango da hori euria egiten duen egunetan. Proiektu hori ere ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ partaidetza-prozesuko parte da.

Iñaki Prusillak zuzentzen duen Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak landu duen baldintza-agiriaren arabera, lehen zonak, konbentzionalenak, 500 metro koadro izango ditu, eta gutxienez 250 metro koadro segurtasun-materialez zolatuta egongo da. Gainera, zona horren parte bat pasabide batez estalita egongo da, eguraldi txarra egiten duelarik ere erabiltzerik izango dela bermatzeko. Bigarren zonak, naturalizatuenak, 825 metro koadro izango ditu. Gasteizko hiri-azpiegitura berdearen estrategiaren ildotik —berdeguneak, parkeak eta jolas-lekuak bernaturalizatzea lortu nahi baita horren bitartez—, aire zabaleko espazioek eta naturak berak eskaintzen dituzten abantailak gozatzeko aukera izango dute haurrek. Inguru horretan ez da zoladurarik jarriko; landare-lurra bakarrik. “Espazio libreagoa izango da, irudimena, zentzumenak eta lankidetza sustatuko dituena”, nabarmendu du alkateak.

Jolaserako erabiliko diren egitura, eraikuntza eta elementuei naturaren ahalik eta kutsurik handiena emango zaie eta hiri-baso batean integratuta egongo dira. Enborrak, gabioiak, harria, lurra, hondarra, sokak, birziklatutako materialak eta beste erabiliko dira horretarako. Gainera, banku eta aulkiak, paperontziak, iturri bat eta bizikletak aparkatzekoak jarri beharko ditu bertan enpresa esleipendunak.  Argiteria eta ureztatze-sarea ere hobetuko dira.

“Borinbizkarrean joko-eremu bat sortuko dugu ingurua bultzatzeko eta umeei jolasteko aukera bermatzeko asmoz, harremanak, dibertsioa eta ikaskuntza sustatzen baitute. Kasu honetan, gainera, era berezian egingo dugu. Ohiko jolas-eremuaren ondoan espazio naturalizatua izango da, inguru hori jatorrian zen bezalako leku batean jolastu dezaten umeek. Auzoko elkarteekin landu da proiektua, eta “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” prozesuan hartutako konpromisoa zen. Izan ere, auzokoek aire zabalean jolasteko berariazko zonak eskatzen zizkiguten. Jolas egokituak eta leku estalia ere eskatzen zituzten, eta proiektuaren bidez bi eskaera horiei erantzuten diegu“, adierazi du Gorka Urtaranek.

 

Share

Araneko silo aparkaleku berria egokitzeko obrak esleitu dira

Ekipamendu berriak 155 aparkaleku eskainiko dizkie inguruko auzokoei, horietako sei egokituak

Araneko silo aparkaleku berria egokitzeko obrak Eraikuntza Birgaikuntza Artapena SL enpresak egingo ditu, 366.402,94 euroan, BEZa barne, eta obrak gauzatzeko 18 hilabeteko epearekin.

Horren bidez, hartutako konpromisoetako bat beteko du udal gobernuak, zehazki, Ignacio Aldecoa ikastetxeko kirol eremua baliatuz silo aparkalekua jartzeko konpromisoa, udal-jabetzako ikastetxe hori ez baita erabiltzen.

Auzoetako azaleko zein lurpeko aparkalekuen eskaintza eta eskaera aztertu ondoren sortu da proiektua, eta Gasteizko Udalaren Mugikortasun Planaren irizpideak kontuan hartuz. “Aldezten dugun mugikortasun iraunkorreko ereduaren barruan garraio publikoaren eta bizikletaren aldeko apustu argia egiten dugu, baina hiriko alderdi batzuetan duten aparkaleku-beharrari ere erantzun nahi diogu. Horrekin lotuta bi modutan jardun nahi dugu: espazioak berrerabiliz, Aranan bezala, eta Udalaren lurpeko aparkalekuen eraginkortasuna hobetuz”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Gaur egun, eraikinik ez duen lursailak azaleko aparkaleku publikoaren erabilera du, estalita dauden espazioak eta eraikinera sartzeko pasabide arkupedunak barne, eta ingurua oso hondatuta dago.

Lanen bidez, bi solairuko aparkalekua jarriko da. Beheko solairuan, orain nahierara okupatutako espazioa berrantolatu egingo da, eta 103 aparkaleku (horietako 3 egokituak) jarriko dira. Lehen solairuan, 4 bizikleta-aparkatzeko bikoitz instalatuko dira, eta 52 aparkaleku (3 egokitu).

Aparkaleku berriaren alboak txapa zulatuz estaliko dira, autobus-geltokiko bizikleta-aparkalekuan bezala.

Beste lan hauek ere egingo dira: eraistea; eragindako zerbitzuak berriro jartzea; inguruko urbanizazioa sendotzea; ur-ebakuazio, elektrizitate eta argiztapen instalazioak; seinaleztapena; margotzea, eta espazio berria osatzeko behar diren gainerakoak.

 

Share