Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2017-10-26)

‘Empleogune 2017′ Vitoria-Gasteizko Enplegu Foroari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta UPV-EHUko errektoreorde Ivan Igartua

Eguna. Osteguna, urriak 26

Ordua. 9:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia (Francisco de Vitoria aretoa)

——————————–

‘20 años de la Ley para la Promoción de la Accesibilidad’ jardunaldiari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Osteguna, urriak 26

Ordua. 09:30

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, Mirador aretoa

———————————

Harrera ekitaldia Marianistas ikastetxeari

Udalak harrera egingo dio Santa María Marianistas eta Ingalaterrako Portsmouth hiriko Portsmouth Grammar School ikastetxeetako ikasle eta irakasleei; Gasteizen daude Kultur Trukeak direla eta.

Parte hartzaileak. Hezkuntza, Kultura eta Kirol zinegotzi

Eguna. Osteguna, urriak 26

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

————————————-

Graduatze ekitaldia Ekonomía eta Enpresa Fakultatean

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Osteguna, urriak 26

Ordua. 18:30

Tokia. Ekonomía eta Enpresa Fakultatea (Komandante Izarduy kalea, 23)

Share

Industriari Laguntzeko Plana azaldu die alkateak enpresaren esparruko agente nagusiei

 

 

 

 

 

 

Industriari Laguntzeko 2017-2020 Plana aurkeztu die Gorka Urtaran alkateak Industria Mahaian bildutako Gasteizko enpresaren esparruko agente nagusiei. Sei enpresa-elkarte eta -plataformaren ordezkariak izan dira bertan, baita Gasteizko bost enpresa handirenak ere. Saio monografikoa izan da, eta Gobernu Batzarrak urriaren hasieran onetsi zuen planaren ildo nagusiak azaldu ditu bertan alkateak. Izan ere, plana abian da dagoeneko, eta industrialdeetako hainbat kale berritzeko lehen kontratazioak egiten hasiak.

Ildo horretatik, Ehari-Gobeuko industrialdean —Bitorialanda eta Bitoriabidea kaleak—, Gamarrakoan —Larragana kalea— eta Jundiz kalean egitekoak diren lanak zehaztu ditu Urtaranek, lizitaziora atera diren lehen esku-hartzeak izaki; orobat, industrialdeetako seinaleztapen horizontala berrituko da. Jarduera horietarako aurrekontu orokorra ia 1,5 milioi euro da.

Industrialdeak birgaitzeko jarduerez gain, Industriari Laguntzeko Planak beste neurri batzuk aurreikusten ditu: garraio publikoa garatzea, industrialde guztietara joateko bidegorriak sortzea, eta segurtasunarekin zein berdeguneak mantentzearekin lotutako neurriak.

Industriari Laguntzeko Planean —Gasteizko Udalak alor horretan onesten duen lehena—  jasotako beste alderdi nabarmengarri batzuek 4.0 industria eta ekonomia zirkularra ezartzearekin dute zerikusia. Industrialdeetan banda zabaleko sareak hedatzeko aurreikusitako aurrerapenen berri eman du Urtaranek. Orobat, automozioaren eta logistikaren inguruan industria-hub bat eratzeko proiektua planteatu du, hiria erreferentea bihurtu dadin arlo horietan.

Azkenik, alkateak nabarmendu du prestakuntza ezinbesteko tresna dela kalitateko enplegua sortzeko; lanbide heziketan eta unibertsitatean une honetan dagoen eskaintzaren kalitatea aitortu du, eta enplegurako prestakuntzaren arloko politikekin zerikusia duten erakundeen artean lankidetzan aritzeko erronka berriak planteatu ditu.

Share

Datorren astelehenean amaituko da estereotipo matxisten kontra antolatutako musika eta dantza lantegian izena emateko epea

Datorren astelehenean, hilak 30, amaituko da Gazteria eta Berdintasun Zerbitzuek antolatutako lantegi esperimental horretan izena emateko epea. Estereotipo matxistekin apurtzea izango da gaia, eta dantza eta musika baliatuko dituzte horren inguruko hausnarketa egiteko eta gaia lantzeko.

Beldur Barik programaren baitako ekintza hau azaroaren 3an izango da, Artiumen, eta bi proposamen izango dira: bata La Furia taldearen laguntzaz abesti baten bertsioa egitea, letra egokituta, eta bestea koreografia prestatzea Itziar Baztarrikaren eskutik.

Izena emateko whatsappa bidali behar da 688741891 telefonora, edo beldurbarikvg@gmail.com helbidera idatzi,  eta honakoak adierazi: izen-deiturak, adina eta lantegia zein hizkuntzatan egin nahiko zenukeen.

 

Share

Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailaren aurrekontua % 15 handitu da, aurreko ekitaldiko igoerari jarraituz

Kulturarako aurrekontua milioi bat handitu da bigarren urtez jarraian, ikasturte honetan Plan Estrategikoa garatuko baita

Kirolen arloan aurrekontua 1,3 milioi hazi da, langileei hitzarmen duinak aplikatzea bermatzearren

Hezkuntzaren arloan, EHUrekiko 36.000 euroko hitzarmena eta hiri hezitzailearen mapa nabarmentzen dira, 800.000 euroko hazkundeaz gain

 Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok aurkeztu duen aurrekontuak % 15eko hazkundea dakar iazkoaren aldean, eta hark zuzentzen dituen hiru zerbitzuetan aurreko ekitaldiko goranzko joerari eusten dio. Zehazki, Kultura Zerbitzuaren aurrekontua milioi bat handitu da bigarren urtez jarraian, ikasturte honetan Plan Estrategikoa garatuko baita. Hezkuntzaren arloan ia milioi bat handituko da, eta EHUrekiko hitzarmenak zein hiri hezitzailearen mapa nabarmentzen dira. Kirolei dagokienez, aurrekontua 1,3 milioi handitu da, besteak beste, kirol instalazio eta materialei aurre egiteko  eta  langileei hitzarmen duinak aplikatzea bermatzeko.

Baieztatu dezaket aurrekontua aurreko ekitaldietakoa baino hobea dela objektiboki, hezkuntza komunitatearekin, kirol federazioekin eta kultur eragileekin lan egin baitugu”, adierazi du Cantok, eta erantsi du: “iaz ahalegin berezia egin genuen Kultura Zerbitzua haz zedin, aurretik murrizketa handiak izan baitzituen, eta aurten, gure apustuari esker, % 15 handitu dugu aurrekontu osoa, gobernuan sartu ginenean ezarritako helburuak lortu ahal izateko”.

Kultura

Kultura Zerbitzuan programazioarekin eta kultura sarea indartzen duten hirugarrenekiko lankidetzekin lotutako partidak igo dira orokorrean. “Gobernuan sartu nintzenean esan nuen kulturak ez zuela murrizketarik jasango, kultura sektorearen alde lan egingo genuela eta kultur eragileei entzungo geniela; bada, aurrekontu hau da hiru gauza horien froga”, esan du Kultura Zerbitzuaren arduradunak.

2013an 4,5 milioiko zorua izan zuen Kultura Zerbitzuak. 2017an, ia 6 milioi eurotik 7 milioira igo zen, eta 2018rako aurkeztutako aurrekontua 8.069.786 euro da.

Kulturarekin lotutako diru-laguntzetarako partida handitu egin da aurten ere. Arabako Liburuzainen Elkartearekiko hitzarmenaren partida 25.000 euro handitu da. Plan Estrategikoari 75.000 euroko partida esleitu zaio, eta horrekin lotura zuzena duten partidetan igoera orokorra izan da. 60.000 euroko partida bat sortu da Principal antzokiaren mendeurrena ospatzeko.

Hezkuntza

Plan Estrategikoa betetzea helburu duen aurrekontua taxutu da, ia urtebete baitarama indarrean. Aurrekontua 2.100.000 eurotik ia 3.000.000 eurora igaro da, eta 800.000 euro hazi da.

Bi partida nabarmentzen dira. Batetik, iaz sortutako udako ikastaro bat antolatzeko EHUrekin sinatu zen hitzarmena 4.000 eurotik 36.000 eurora igo da; horrek unibertsitateko institutuekin lankidetzan aritzea ahalbidetuko du, Antzinaroko Zientzien Institutuarekin, besteak beste, eta udako zenbait ikastarotan laguntzea.

Bestetik, 90.000 euroko partida sortu da Saila duela bi urte lantzen hasitako beste proiektu bat probatzeko: hiri hezitzailearen mapa.  Hezkuntzarako laguntzak ere handitu dira.

Bereziki, haur eskoletan  eskolaratzeko partida igo da. Gure eskumeneko instalazioak berritzen ari gara: iaz igogailua jarri zen Zaramagako haur eskolan, zeina laster hasiko baita martxan, eta aurten 150.000 euro aurreikusi dira Haurtzaron ere igogailua jartzeko.

Kirola

Kirol Zerbitzuan urteak konpondu gabe zeramatzaten bi arazori egingo zaie aurre. Bata instalazioen mantentzea da, eta bestea, azpikontratatutako langileen egoera. Hori dela  eta, aurrekontua 6,8 milioitik 8,1 milioira igaro da, hau da, 1,3 milioi gehiago.

Cantok azaldu duenez, “egoeretako asko ez ziren normalak, soldatak onartezinak baitziren gobernu progresista batentzat; beraz, aurrekontu hauekin bermatuko dugu indarrean dauden hitzarmenak aplikatzea, hitz eman genuen bezala”.

Azkenik, Musika Bandaren, Udal Folklore Akademiaren eta bereziki Luis Aranburu udal musika eskolaren partiden igoera nabarmendu behar da. Iaz 790.000 eurotik 970.000 eurora igo zen, eta aurten ere igo da, milioi bat eurotik gorakoa izateraino.

Esan dezakegu aurrekontuaren xedea dela 2016an martxan jarritako aldaketak sendotzea, 2017an horiek lantzen jarraitu baitugu, eta 2018an nola lan egin nahi dugun erakusten baitute”, amaitu du zinegotziak.

Share

“Hiriko zuhaitzak, Gasteizko azpiegitura berdea osatzen” erakusketa Atarian; IGIk antolatutako lehiaketan parte hartu zuten gasteiztarren 57 ikusgai

 

 

 

 

 

 

 Udalak Abetxuku, Judimendi eta Santa Luziako zuhaitzak kudeatzeko planak egingo ditu, Zaramagako eta Pilarreko esperientzia pilotuaren emaitza bikainak ikusita.

Hiriko zuhaitzek ondare-balio handia dute eta oso garrantzitsuak dira hiriko bizi-kalitatea hobetzeko. Gasteizko udalak zuzen kudeatu nahi ditu, kalitateko zuhaitz-sistema lortzeko, ondo garatutako zuhaitz osasuntsuak izan daitezen.  Horretarako ezinbestekoa da herritarrak kontzientziatzeko alderdiak jorratzea. “Gure zuhaitzak ezagutarazi behar ditugu, baita horiek zaintzeko burutzen ditugun jarduera-irizpideak zabaldu ere. Horretaz gain, ezinbestekoa da herritarrak zuhaitzen zainketan inplikatzea” adierazi du Ingurumen eta Espazio Publikoaren zinegotzi eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren lehendakari Iñaki Prusillak.

Aurrekari horiek kontuan hartuta, azken urteotan udalak hiriko zuhaitzei balioa aitortzeko hainbat ekimen egin ditu. Azkena, “Hiriko zuhaitzak, Gasteizko azpiegitura berdea osatzen” argazki-lehiaketa. IGIk antolatutako lehiaketa horretara 294 argazki aurkeztu zituzten 110 argazkilarik. Epaimahaiak –Recipientes de Recuerdos, AlavaVision eta Arabako Argazkilarien Elkarteko kideek eta IGIko teknikari batek osatua– honako irizpideak balioztatu zituen: argazkien kalitate artistiko eta teknikoa, originaltasuna, proposatutako mezua edo irakurketa, eta Gasteizko zuhaitzen ondare-balioa erakusteko gaitasuna.

Epaimahaiak argazki hauek saritzea erabaki zuen:

 

  1. saria

Paraguai kalea

Mari Zurbano Gauna

  1. saria

Mendizorrotza ingurua, Rodead02

Hugo Dones Pedron

  1. saria

Bakardade kantoia

Juan José López Azurmendi

 

Udaberriko akzesita

Oxigenoa
Mónica Velasco Sánchez

Udako akzesita

Integrazioa
José Antonio Mortesín Damián

Udazkeneko akzesita

Ariznabarra, udazkena

Ana Nieto

Neguko akzesita

Goiz lainotsua eta paseoa

Sergio Mora-Gil Crespo

 

Saritutako argazkiak eta aurkeztutakoetatik aukeratutako zenbait Atarian izango dira ikusgai, 2017ko abenduaren 10era arte, hiriko zuhaitzen funtzio eta balioen inguruko sentsibilizazio-ekintzen baitan  Guztira, 57 argazki.

 

Auzoetako kudeaketa planak

Hiriko zuhaitzek ingurumenarekin, ekologiarekin, paisaiarekin, gizartearekin eta ekonomiarekin lotutako funtzio garrantzitsuak betetzen dituzte. “Hiriko bero-uharte” efektua murrizten dute; giro-hezetasuna handitzen dute; hauts eta eragile kutsagarrien mailari eutsi eta gutxitzen dute, ingurune-zarata gutxitzen dute; natura ingurunearen eta hiriko parkeen arteko jarraikortasun biologikoa ahalbidetzen dute; herritarren osasunari mesede egiten diote; psikologikoki lasaitasuna, atsegina eta ongizatea sortzen dute; estresa arintzen dute; hiri-eremuari esanahia ematen diote, hiriguneei balioa ematen diote, ondare-balioa dute bere horretan.

Gasteizko Udaleko Espazio Publikoaren Zerbitzuak Zuhaitzak Kudeatzeko Plana egin zuen Zaramaga eta Pilarreko auzoetarako, modu pilotuan, 2014an, gerora, hiri guztira zabaltzeko askoz, auzo bakoitzeko zuhaitzen ezaugarrien arabera egokituta. Bi auzo horietatik hastea erabaki zen, izan ere, horietan hiriko beste auzoetan baino arazo gehiago zituzten bizilagunek zuhaitzekin. Zaramaga eta Pîlar auzoetan tamaina handiko zuhaitz-espezie ugari, eta horietako asko fatxadetatik oso gertu. Zaramagan 3.600 zuhaitz daude, gutxi gorabehera, eta Pilarren 1.300. Bi kasuetan, alde handiarekin gainera, espezierik ugariena Platanus x hispanica da.

Zuhaitzak kudeatzeko planetan zuhaitz bakoitzaren kontserbazio egoera zehazten da, hiriari dakarzkion onurak identifikatzen dira, bai eta ale batzuek herritarrei egiten dieten enbarazua ere. Agiri horretan, ale bakoitzak behar duen tratamendua adierazten da, eta zuhaizti urbanoan egin beharreko ekintzen lehentasunak zehazten dira. Kudeaketa planean orobat programatzen dira zuhaiztiei balioa aitortzeko eta herritarrak hiri-ondare hau kontserbatzeko konpromisoa bultzatzeko ekintzak.

Zuhaitzak Kudeatzeko Plana  hiru urtez egon da indarraldian, eta  kontuan hartuta bere erabilera oso positibotzat jo dela eta Zaramaga eta Pilar auzoetan ikasitakoa, Udalak esperientzia hau beste auzo batzuetara zabaltzea erabaki du. Hori dela eta, Abetxuku, Judimendi eta Santa Luzia auzoetako zuhaitzak kudeatzeko plana prestatzea erabaki du, 15.500 euroko aurrekontuarekin. Horretaz gain, egun bi lehiaketa deituta daude; bata “Hiriko zuhaitzei buruzko jarraibideak eta hiriko zuhaitzen eta hiriko zuhaitzen sistemaren balioetarako ekintza planerako eta zabalpen planerako proposamena” izeneko agiria idazteko, 21.500 euroko aurrekontuarekin, eta bestea, “Hiriko zuhaitzen ureztapena kudeatzeko plana”, 13.000 euroko aurrekontuarekin.

 

 

Share

Gizarte Politiken Sailaren aurrekontua 40,8 milioi euroraino handituko da, adinekoekiko eta zailtasunak dituzten pertsona eta familiekiko konpromisoa indartzearren

  • Sailak aurtengo ekitaldian baino 3,7 milioi euro gehiago izango du.
  • Agintaldia hasi zenetik, Gizarte Politiken Sailaren aurrekontua % 51 hazi da.

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek bere sailaren aurrekontu-proiektua aurkeztu du gaur, zeina 40,8 milioi eurokoa izango baita 2018an, hau da, aurtengo ekitaldian baino 3,7 milioi euro gehiago.

Aurrekontu berriak % 10eko hazkundea izango du 2017koaren aldean, eta % 51koa agintaldia hasi zenetik; “horrek adierazten du zenbateko ahalegina egiten ari garen pertsonak ardatz dituzten programa eta zerbitzuetan. Horregatik dira azken urteetako aurrekontu sozialenak”.

 Gizarte Politiken aurrekontuak adinekoak beren etxeetan ahalik eta luzaroen bizi daitezen bideratutako jarduerak indartzen ditu, hartara gizarte ingurunea, lagunak eta sostengu gertukoena gordetzerik izan dezaten. Horrekin lotuta, 210.030 euro jarri dira Berpizkundearen plazako udal areto batean eguneko arretarako zentro bat martxan jartzeko. Orobat, 11,7 milioi euro esleitu zaizkio Etxean Laguntzeko Zerbitzuari, aurten baino 1,2 milioi euro gehiago.

Adinekoentzako arretarekin lotuta, halaber, 116.000 euro baino zertxobait gehiago handitu da Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleko eguneko arretako zerbitzuaren partida, “1. graduko mendekotasuna duten adinekoei arreta eman ahal izateko, Gizarte Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretuaren arabera guri baitagokigu. Olarizuko zainpeko apartamentuak ere egokituko ditugu, 142.390 euro baliatuz”, azaldu du López de Munainek.

Aurrekontu berrian 185.015 euro gehiago jarri dira elikagaiak erosteko. Horrenbestez, partidak 1.785.000 euro izango du; bi arrazoirengatik handitu da partida: aurten adinekoentzako jantoki berriak ireki direlako, eta etxerako otorduen kopurua handitu delako.

Elkarteak, haurrak eta familiak

2018ko aurrekontuak Gasteizko elkarte soziosanitarioekiko konpromisoari eusten dio, “haiekin hogeita hamar hitzarmen eta gehiago sinatuta baititugu, orotara 500.000 eurotik gora egiten dutenak. Hitzarmenen bidez ematen ditugun programa eta zerbitzuak mantentzeko konpromiso argia ere badugu, 3 milioi eurotik gora egiten duten beste hogeita hamar hitzarmen, hain zuzen”, gogorarazi du Peio López de Munainek.

Horretaz gain, aurrekontu berrian ia 600.000 euro gehiago jarri dira gizarte larrialdiko laguntzetarako (4.237.755 €) eta milioi bat euro gehiago udal laguntzetarako (3.899.025 €).

Haur eta familiei dagokienez, 252.350 € gorde dira  haurren babesgabezia egoeretan esku hartzeko programa baterako, zeinak familiei laguntzeko balioko baitu, eta 87.933 € gurasoen aurkako indarkeriarekin lotutako programa garatzeko, zeina aurten esperientzia pilotu gisa sortu baita.

Osasun publikoa

Azkenik, osasun publikoaren arloan 2017an baino ia 40.000 € gehiago bideratuko dira osasuna sustatzeko zerbitzuetara (123.000 €) eta drogamendekotasunen arloko prebentzio (110.000 €) eta gizarteratze  (98.447 €) programetara.

Gainera, datorren urtean usoen populazioa kontrolatzeko bide alternatiboak aztertuko dira, animaliak babesteko elkargunean egindako proposamenei jarraituz; zehazki, 30.000 € aurreikusi dira usategi esperientzia bati ekiteko.

Bestetik, Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak plan estrategikoa garatzen jarraituko du. Horrekin lotuta, eskaleei buruzko sentsibilizazio kanpaina egingo du, baita gizarte zerbitzuen erabiltzaileen asebetetasun azterketa ere, eta zerbitzu horien irudia indartzeko ekimenak bultzatuko ditu. Jarduera horiek eta beste batzuk aurrera ateratzeko 60.000 € jarriko dira.

Share