Prentsa Oharren banner

Arabako foru suhiltzaileek eta Gasteizko suhiltzaileek indarrak batu dituzte

 

 

 

 

 

 

 

 

Aldundiak eta udalak hitzarmena izenpetu dute, zeinari esker lurraldean suteen prebentzio eta itzaltze zerbitzu azkarra, kalitatezkoa eta segurua eskainiko baita aurrerantzean ere

Arabako foru suhiltzaileek eta Gasteizko suhiltzaileek elkar harturik lan egingo dute aurrerantzean ere, suteak prebenitzeko eta itzaltzeko lan garrantzitsuan. Pilar García de Salazar diputatu nagusiorde eta Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saileko diputatuak eta Carlos Zapatero Gasteizko Udaleko Herritarren Segurtasunaren Saileko zinegotziak hitzarmena izenpetu dute gaur, zeinaren bidez beste urtebetez luzatu baita bi erakundeen arteko lankidetza, 1977. urtean hasi eta gaur egun oraindik indarrean dirauena.

Orduz geroztik hainbat hitzarmen egin dira Arabako Lurralde Historikoan Gasteizko Udaleko Prebentzio, Salbamendu eta Su Itzaltze Zerbitzuak (PSISZ) zerbitzua nola eman arautzeko, zenbait kontraprestazio ekonomikoren truke. Nolanahi ere, iaz Arabako Foru Suhiltzaileak erakunde autonomoa sortu izanaren ondorioz, lankidetza hitzarmenak egokitu egin behar dira zerbitzua emateko egitura berrira, batez ere su itzaltze eta salbamenduko eskualde unitate (SISEU) guztiak 24 orduko zerbitzu integrala eskaintzen hasi bitartean.

Beraz, Gasteizko PSISZk izango du ardura Gorbeialdean eta erdialdean sortzen den edozein gertakaritara lehenengo irteera egiteko, eta gauez Agurainen eta Arabako Mendialdean ere eskaini beharko du zerbitzu hori. Gainera, Iruña Okako parke zentrala eraiki bitartean, Arabako hiriburuko suhiltzaileek bigarren irteera egin beharko dute lurraldeko edozein tokitan egiten diren deietara, baldin laguntza handiagoa behar bada.

Foru suhiltzaileei dagokienez, Gasteizko PSISZren eskura jarriko dituzte lurraldean sortzen diren larrialdietan arreta emateko behar diren baliabideak, eta kontraprestazio ekonomikoa ere ordainduko dute, 750.000 eurokoa.

Pilar García de Salazarrek “hain garrantxitsua den zerbitzu batean elkarlanean egotea” goraipatu du, “Arabako Foru Suhiltzaileak guztiz martxan jartzen ditugun bitartean eta SUSEI-ak  24 ordutan funtzionamenduan jartzen ditugun bitartean”.

Carlos Zapaterok, Herritarren Segurtasunaren Saileko zinegotziak, hitzarmen berriaren balioa nabarmendu du; izan ere, hitzarmenak “ahalbidetuko du suhiltzaile zerbitzu publikoa, lurralderako hain garrantzitsua dena, bermatzea aurrerantzean ere. Bi administrazioen lankidetzari eta aldez aurretiko jarrera onari esker, larrialdi zerbitzuak behar diren toki guztietara iritsiko dira, bitartekorik onenekin eta betiko profesionaltasunarekin. Gogobeteko hitzarmena da, onuragarria bai Gasteizerako bai Arabarako, eta une garrantzitsuan dator”.

Share

Udalak, NEIKERek eta Aldundiak txerriekin ikertzen du baso- eta artzain-ustiapenaren ingurumen-inpaktua Arabako hariztietan

 

 

 

 

 

 

 

Ingurumen, abere-zama eta elikadurako baldintza beretan hazitako Euskal Txerria bertako arrazako txerrien eta arraza mistoko txerrien jokabidea ikertzen da.

Bazka-baliabideekiko jokabidea eta ekoizpen-erantzuna ez ezik, basoaren egituraren eta funtzionamenduaren gaineko hainbat adierazle ere aztertzen dira.

Ikerketa Quercus faginea espezieko hariztietan egiten ari da, Otazuko (Vitoria-Gasteiz) erabilera publikoko mendietan.

La resiliencia de los bosques caducifolios de frondosas con aprovechamiento silvopastoral con cerdos” izeneko proiektuak (euskaraz, “Hostozabalen baso hostoerorkorren erresilentzia txerriekin egindako baso- eta artzain-ustiapenaz”) erakunde hauen finantzaketa eta laguntza dauka: Arabako Foru Aldundia, Vitoria-Gasteizko Udala eta Euskal Herriko Txerrien Ekoizleen Elkartea, “Txerrizaleok”.

 

La resiliencia de los bosques caducifolios de frondosas con aprovechamiento silvopastoral con cerdos” izeneko proiektuak (euskaraz, “Hostozabalen baso hostoerorkorren erresilentzia txerriekin egindako baso- eta artzain-ustiapenaz”), Euskal Txerria eta misto (ama, Landrace; aita, Duroc) arrazetako txerriak Otazuko (Vitoria-Gasteiz) erabilera publikoko basoen barruan Quercus faginea espezieko hariztietan hazteak ingurumenean duen inpaktua aztertzen du.

NEIKER-Tecnaliak, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzaren menpeko erakunde publikoak, beste erakunde hauen laguntza eta finantzaketa ditu esandako proiektuari ekiteko: Arabako Foru Aldundia, Vitoria-Gasteizko Udala eta Euskal Herriko Txerrien Ekoizleen Elkartea, “Txerrizaleok”.

Ikerlana, ingurumen, abere-zama (8 txerri hektarea bakoitzeko) eta elikadurako baldintza beretan hazitako txerriekin garatzen ari da. Ikerlan horretan, bi arrazek bazka-baliabideekiko duten jokabidea eta horien ekoizpen-erantzuna ez ezik, basoaren funtzionamenduaren gaineko aldagai hauek ere aztertzen dira: zuhaitzen enborretan eta sustraietan eragin ditzaketen kalteak, landare-komunitateen egitura, oihanpearen osagaiak, trinkotzea eta lurzoruen higadura-prozesuak, besteak beste.

 

 

 

 

 

 

Proiektu horrek, baso- eta artzain-sistemen ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-iraunkortasunarekin bat egiten du. Ekonomi arloan, produktibitatea epe laburrera (larrea), epe ertainera (abere-ekoizpena) eta epe luzera (baso-produktibitatea) lor daiteke. Halaber, produkzioen dibertsifikazioa lortzen da, zura, larrea, haragia, egurra, fruituak, landare apaingarriak eta sendabelarrak, perretxikoak eta abar lortzen baitira. Dibertsifikazio horrek, sistemaren arrisku ekonomikoa gutxitzea dakar eta jardueraren erabilera anitzeko izaera agerian jartzen du.

Vitoria-Gasteizko Udaleko Hirigintza, Ingurumen eta Espazio Publikoko koordinatzaile nagusi Álvaro Iturritxaren aburuz, “ikerketa-proiektu baten bidez informazio fidagarria izatea beti da abantailatsua kudeaketan erabakiak hartzerakoan. Naturagunetako artzaintza bezalako gai eztabaidagarri batean –horren aldeko eta kontrako gauza asko esan dira eta jarrera batzuk bateraezinak dira–, interesgarritzat eta onuragarritzat jotzen dugu”. Iturritxaren iritziz, “nekazaritza eta abeltzaintza tresna indartsuak eta ezinbestekoak dira lurralde bat kudeatzeko. Horiek horrela, uste dut legegintzaldi honetan paradigma-aldaketa gertatzen ari dela ingurumen-, elikadura- eta hirigintza-gaietan, eta arlo guzti horietan nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduera sartzen ari da ikuskera estrategiko batetik”.

Nekazaritzako foru diputatu Eduardo Aguinacok, bestetik, hauxe azpimarratu du: “abeltzaintza eta artzaintza funtsezkoak dira lurraldea kudeatzeari eta paisaia moldatzeari dagokienez, eta badago lotura bereiziezina jarduera horren eta naturaren artean”. Era berean, honen balioa nabarmendu du: “abeltzainek beren ingurune naturalarekin eta larreak kudeatzeko ereduekin –hainbeste gizarte-onura dakartzatenak (enplegua, erabilera publikoko espazioa eta naturaz gozatzea– duten konpromisoa. Saiakuntza-bankua izatea interesgarria da bertako arrazekin, transformazioekin eta kalitatezko ekoizpenekin loturiko abeltzaintzako dibertsifikazioko proiektu berriak sustatzeko aukera aztertzeko.”

NEIKEReko zuzendari nagusi Leire Barañanok, nekazaritzako sektoreak aurre egin beharreko erronka nagusienetako batean kokatzen du proiektua, hots, iraunkortasunean: “Ezinbestekoa da abeltzaintzako erronkak antzemateko eta erantzun egokiak emateko gai izan gaitezen, eta NEIKERen bildutakook hertsiki ari gara elkarlanean hainbat eragilerekin konponbideak emateko, kasu jakin honetan, landa-inguruneko erabilera aniztasunarekin loturikoak”. Horiek horrela, hau azaldu du: “NEIKERek abeltzainei egindako ekarpenetako bat ezagutza eskualdatzea da, larreak birsortu eta biziberritzea barne hartuko dituen ustiapen-ereduaren bidez, lehiakortasuna eta errentagarritasuna handitzen laguntzeko”.

 

Baso- eta artzain-sistemek ingurumenari dakarzkioten onurak

“Baso- eta artzain-sistemek ingurumenari dakarzkioten onura nagusien artean, baso-suteak gertatzeko arriskua murriztu egiten dela nabarmentzen da. Hori lortzen da, aziendaren ekintzak landaredi erregaiaren garapenaren kontrola dakarrelako”, azaldu du Isabel Albizu NEIKER-Tecnaliako ikertzaileak eta proiektuaren liderrak. Abere-zama, abere-espezie eta arraza egokiak eta inguruneari egokitutako maneiua, funtsezko faktoreak dira arrisku hori kontrolatzerakoan. Halaber, baso- eta artzain-sistemek biodibertsitatea haztea sustatzen dute, txoko ekologiko mota gehiago sortzen delako behar desberdinetako landare eta animalientzat. Larre zuhaiztuak, gainera, garrantzitsuak dira ekosistemen beste zerbitzu batzuk paisaia- eta eskualde-eskalan iraunarazteko.
Gizarte-onurei dagokienez, aberastasun, enplegu eta populazio-kokalekuen sortzaile den ekonomi jarduerarekin loturikoak aipa daitezke, baita, hiritarrek oso gogoko dituzten landa-paisaia sortzeagatik gizarte guztian eragina dutenak ere.

Baso- eta artzain-sistemak osatzen dituzten hiru elementuen (zuhaitzak, larrea eta azienda) arteko elkarreraginek, ekoizpen-sistema konplexua jartzen dute agerian, eta sistema horrek kudeaketa-sistema egokia behar du, egituran eta funtzionamenduan oinarrituta egon behar duena, NEIKER-Tecnaliak egiten duen proiektuan aztertzen denaren antzekoa.

Lan hori “Sostenibilidad de Sistemas silvopastorales de frondosas caducifolias iberoatlánticas con razas autóctonas de cerdo en régimen extensivo” (euskaraz, “Hostozabalen baso hostoerorkor iberoatlantikoetako baso- eta artzain-sistemen iraunkortasuna bertoko txerri arrazekin hazkuntza estentsiboan”) proiektuan kokatzen da. Proiektu hori Kantauri itsasoko ertzeko baso- eta artzain-sistema batzuetan gauzatzen ari da, eta proiektuan, NEIKER-Tecnaliak (Euskadi) ez ezik, Lourizango Baso Ikerketarako Zentroak (Galizia), Santiago de Compostelako Unibertsitateak (Galizia) eta Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Garapeneko Eskualde Zerbitzuak (SERIDA) (Asturias) ere parte hartzen dute. Izan ere, honetan datza proiektu orokorra: ustiapen-hazkuntza estentsiboan eta abereak elikatzeko fruituaren azken aprobetxamenduaz, haragi-kalitate bikaineko bertako arrazekin, baso- eta artzain-sistemak harizti eta gaztainadietan ezarri izanaren ekoizpen- eta ingurumen-alderdiak ebaluatu eta kuantifikatzean.

 

Share

Udalak bat egin du bide-segurtasunari buruzko kanpaina batekin, gidatzerakoan alkoholaren kontsumoa eragotzi nahi baitu

 

 

 

 

 

 

 

2016an, Gasteizen gertatutako ehun istripuren eragile nagusia izan zen alkohola

Udalak bat egin du gaur Gasteizera iritsi den bide-segurtasunari buruzko “En la carretera, cerveza SIN” kanpainarekin. Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok, Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak,  Cerveceros de España-ko zuzendari nagusi Jacobo Olallak eta kanpainaren bozeramaile Ramón Praderak aurkeztu dute kanpaina.

Sei motozale dira Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren (DGT) eta beste erakunde batzuen laguntza duen kanpaina horren protagonistak, eta joan den udan ia 5.000 kilometro egin zituzten 30 probintzia eta 13 hiritan barrena, gizarteari oro har gogorarazteko alkoholak ez duela lekurik errepidean, eta gidariei bereziki.

Aurkezpenean, Udaltzaingoak “alkoholaren eta gidatzearen arteko bateraezintasunaz”  ohartarazteko egiten dituen prebentzio-kanpainak nabarmendu ditu Carlos Zapaterok. “Edanda gidatzea eragotzi nahi dugu, jokabide arduragabea eta arriskutsua baita”.

Horrekin lotuta, Herritarren Segurtasunaren zinegotziak gogorarazi du udaltzainek ia 9.000 alkoholemia-proba egin zituztela 2016an, horietako 890 trafiko-istripuen ondorioz. Azken horietako % 11tan emaitza positiboa izan zen. “Hots, alkohola hirian gertatutako ehun trafiko istripuren eragile zuzena izan zen, eta hori eragotzi nahi dugu. Gidariek jakin beharra dute alkohola kontsumitzeak bederatziz biderkatzen duela trafiko-istripua izateko aukera”.

Share

Udalak beste bi lantegi antolatu ditu Enpresak Sendotzeko Programaren barruan, estrategiari eta marketinari buruzkoak

Enpresak Sendotzeko Programa Gasteizko Udalaren ekimena da, enpresa sortu berrien iraupena luzatzeko asmoa duena, eta azarorako beste bi lantegi antolatu dira horren barruan. Prestakuntza zati labur batek (4 ordu) eta banakako aholkularitzak (2 ordu, aholkularitza enpresarekin adostuta) osatzen dute lantegi bakoitza.

“Udalak enpresei laguntzeko baliabide-sorta zabala du, bai ideia bat abian jarri nahi duten ekintzaileei zein jardueran urteak daramatzatenei sostengu emateko. Enpresak Sendotzeko Programa berriki enpresa abian jarri dutenentzat da, oso kontzeptu zehatzei buruzko orientabideak behar baitituzte, aholkularitzaren eta prestakuntza puntualaren bidez”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Lehen lantegia azaroaren 6an egingo da, eta estrategia izango da gai nagusia: kontzeptu horrek enpresaren jarduerarako duen balioa sakon aztertuko da, eta negozio baten eboluzioa hasieratik estrategiaren ikuspegitik nola analizatu eta geroko jarduerak programatzeko CANVAS tresna nola erabili ikasiko da.

Bigarren lantegian enpresari aplikatutako marketinaren zenbait alderdi azalduko dira: bezeroen analisia, 5×5 merkataritza-plana, kanpo-komunikazioa eta saltzeko argudioen bilaketa, eta negozioaren aurkezpen eraginkorra. Azaroaren 13rako aurreikusi da.

Bi lantegiak Erdi Aroko Hiriguneko Enpresa Zentroan (Eskola kalea, 10) egingo dira; izen-ematea doakoa da, eta online izapidetu behar da.

Azaroan enpresak sendotzeko antolatutako lantegiez gain beste lau egin ziren martxoan.

Informazio gehiago: Enpresak Sendotzeko Programa

 

 

 

 

Share