Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2017-10-27)

Prentsaurrekoa. ‘Cine’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Nazioarteko Antzerki Jaialdiako zuzendari Marta Monfort; eta antzezlanaren egile Itxaso Arana eta Celso Jiménez

Eguna. Ostirala, urriak 27

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailaren aurrekontua % 11,9 haziko da 2018an, 63,6 milioi euroraino iritsiko baita, udalak mugikortasun iraunkorraren alde egindako apustuari heltzeko eta Gasteizko kaleak eta plazak hobetzen jarraitzeko

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak bere sailaren 2018rako aurrekontuaren xehetasunak azaldu ditu gaur goizean. Urtaranen gobernuak alor horretarako prestatu dituen kontuak “asmo handikoak” dira, % 11,9 haziko baitira 2017koen aldean. Udal gobernuak mugikortasun iraunkorraren alde egindako apustuari irmo heltzea eta Gasteizko kaleak eta plazak hobetzea da helburu nagusia. Sailaren aurrekontu osoa 63,6 milioi izango da, iaz baino 6,7 miloi gehiago. “Gure helburuetako bat hiria eraldatzea da, hirigunea berraktibatuz eta auzoak hobetuz. Hiri berdea eta adimentsua ere lortu nahi dugu, eta mugikortasun iraunkorrarekin dugun konpromisoa berretsi, gutxiago kutsatzen duten garraiobideak baliatuz”, azaldu du Iñaki Prusillak.

Izan ere, mugikortasun iraunkorrarekin lotutako partidak gailentzen dira besteen artean. Batez ere, autobus elektriko adimentsua ezartzeko (2.797.250 euro 2018an eta 4.701.500 euro 2019an) eta tranbia hegoalderantz luzatzeko (1.091.750 euro 2018an eta 1.092.000 euro 2019an) partidak. Orobat, 1.000 euroko partida jarriko da tranbia Salbururantz luzatzearekin lotuta. Zerikusia duten beste bi erakundeek —Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia— proiektu horiei egingo dizkieten ekarpenei gehituko zaizkie zenbateko horiek.

Ingurumen Sailak 2018rako  duen proiekturik garrantzitsuena Santa Barbara plazaren eta inguruaren eraberritzea da, Bost Enparantza egitasmoaren barruan, horren bidez erdigunea biziberritu eta Posta kalean merkataritza-korridore bat sortu nahi baita. 2018an 4,8 milioi euro erabiliko dira horretarako. Espazio publikoko inbertsioetarako gida-planerako 1.091.750 euro jarriko dira, Pilarren, Enrique Eguren kalean eta Judimendin esku hartzeko.  Orobat, dagoeneko abian diren zenbait ekintzatarako partidak sartu dira: Los Molinos kalea eraberritzea, Borinbizkarra eta Elexaldeko jolasguneak, Konstituzio plazaren irisgarritasuna eta Lakuako parkour parkea.

Bestetik, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailaren aurrekontuak munta handiko kontratuak barne hartzen ditu: hondakinen bilketa eta garbiketa zerbitzua (8.085.000 euro), bilketa pneumatikoa (1.876.000 euro), zabortegiaren ustiaketa (1.028.678 euro), Jundizko hiri hondakinak tratatzeko lantegia (8.150.000 euro) eta kaleak garbitzeko kontratua (14.994.604 euro) Zabortegia indarrean dagoen araudiari egokitzeak 750.000 euroko gastua ekarriko du, hainbat lanetarako: lixibiatuen laginak hartzea, emaria neurtu eta analizatzea, eta zabortegiaren zati bat aurre-zigilatzeko lanak hastea.

Energia elektrikoaz hornitzeko kontratua (3.790.000 euro) ere munta handikoa da, baina 200.000 euroan murriztuko da, azken urteetan energia-kontsumoa gutxitzeko  egin diren inbertsioen ondorioz. Horren harira, 400.000 euro inbertituko dira argiteria publikoa hobetzen.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak gasteiztarren bizi-kalitatea hobetzeko egingo dituen zenbait inbertsio ere aipatu ditu Iñaki Prusillak. Arlo horretan, udal gobernuak bizikletaren alde egindako apustu handia nabarmentzen da, 500.000 euroko gastua egingo baita hainbat alderdirekin lotutako partidetan: bizikletak aparkatzekoak eta bizikletentzako lonjak, erdiguneko bidegorriak, bidegorri sarea handitzea, eta  bizikleta gordelekuak. Era berean, zinegotziak zarataren alorrean egitekoa den lana azpimarratu du: zarataren mapa estrategikoa lantzea (75.000 euro), Erdi Aroko hirigunerako sentsibilizazio plana (30.000 euro) eta zarata kontrolatzeko sarea (30.000 euro).

Azkenik, jolastokiak hobetzeko kopuru nabarmena aurreikusi du Sailak. Izan ere, 170.000 euro erabiliko dira zaharkitutako haurrentzako jolasguneak berritzeko; 170.000, haurrentzako jolasguneetan berehala jarduteko taldeetarako, eta 283.480 jolas egokituak jartzeko.

Iñaki Prusillak beste bi zerbitzuren partidak azaldu ditu, halaber: Gazteria Zerbitzuak 673.470 euro izango ditu Gazte Plana garatzeko, eta Euskara Zerbitzuak 1.472.530 euro izango ditu zenbait partidatan banatuta.

Share

Egunotan Gasteiz turismo helmuga gisa promozionatzen ari da Stuttgart, Munich, Sevilla eta Mantuan

Egunotan Gasteiz turismo helmuga gisa promozionatzen ari da Alemanian, Italian eta Sevillan, Biltzar eta Turismo Zerbitzuaren estrategiaren barruan: Alemanian, bidaia agentzia eta operadoreekin konektatuz, eta Sevillan, publiko zuzenarekin. Gainera, Hiri Napoleonikoen Sareak asteburuan Mantuan egingo duen bileran parte hartuko du Euskadiko hiriburuak.

Atzo Sttutgarten eta gaur Munichen, Gasteiz bidaia eta MICE deritzon turismoko 70 agente eta gehiagoren artean   promozionatzen ari da, Euskadi helmuga bateratu gisa Basquetour–Turismoaren Euskal Agentziak 2017an nazioartean promozio turistikoa egiteko landu duen ekintza planaren barruan. Municheko Turismo Bulego Espainiarraren lankidetza ere izan dute.

 

Herri kirolak eta Arabako Errioxako ardoa Sevillan

Bihartik aurrera, eta asteburuan zehar, Biltzar eta Turismo Zerbitzua “Destinos” karpan egongo da, Sevillako Encarnación plazan, “potentzial handia duen helmuga igorle batean azken bezeroengana iristeko asmoz; gainera, kontuan izan behar da Sevilla eta Gasteiz arteko hegaldi zuzenak promozio-ekintza hori bukatu bezain laster hasiko direla”, nabarmendu du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Arabako Errioxako ardoaren dastatzeek, azalpenez lagunduta; herri kirolen erakustaldiak, eta hiriari buruzko informazio-guneak osatuko dute promozio-ekintza, zeina Bilbo, Donostia, Zarautz, Irun eta Hondarribiko turismo zerbitzuekiko erakunde arteko lankidetzarako estrategiaren barruan sartzen baita, Turismo Bulegoaren arduradun Clara Navasek Andaluziako hiriburutik azaldu duenez.

Bestetik, Biltzar eta Turismo Zerbitzuko buru Delia Garcíak Hiri Napoleonikoen Sareak Mantuan (Italia) egingo duen bileran hartuko du parte asteburuan; nazioarteko ibilbide napoleonikoa potentzial handiko produktu turistiko gisa sustatzea da horren helburua.

 

 

 

Share

Partaidetza Sailak bere aurrekontuan kudeatuko ditu “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” programako proiektu guztiak

Aisialdi eta denbora libreko zerbitzuetarako kontratua 300.000 euro igo da, Zabalganeko gizarte etxe berria barne hartzeko

Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínezek gaur aurkeztu dituen aurrekontuen helburua da “agintaldi honetan partaidetzaren alorrean egindako lanarekin jarraitzea, eta Zabalganeko gizarte etxea ireki delarik hiriak duen gizarte etxeen sare osoari zerbitzu ematea”.

Aurtengo berritasun nagusia da “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” aurrekontu parte-hartzaileen programako proiektuetarako diru kopuru osoa (milioi bat eta erdi euro) sailak berak kudeatuko duela zuzenean, eta ez proiektuarekin lotutako zerbitzu zehatzek. “Proiektua gauzatzeaz sail zehatz bakoitza arduratuko bada ere, horrek asko erraztuko du horien kudeaketa, koordinazioa eta egutegia, eta bistaratzea ere hobetuko da: herritarrek sortu, bozkatu eta hautatutako proiektuak dira”.

Zenbait igoera dago, Zabalganeko gizarte etxe berriarekin eta Sailak kalitateko zerbitzuak eta ekipamenduak eskaintzeko hartu duen konpromisoa betetzearekin lotuta: aisialdi eta denbora libreko zerbitzuetarako kontratu orokorra 300.000 euro igo da; material teknikorako partida batzuk, 2.000 euro, funtzionamendu gastuetarako partida, 5.000 euro, eta beste beste tresna batzuetarako partida, 13.000 euro.

Iaz sortutako hiru partidak mantendu edo handitu egin dira: herritarren partaidetzako proiektuetarako diru-laguntza 3.000 euro handitu da, 27.000 euroraino; rokodromoa egiteko partida mantendu egin da, aurreko aurrekontutik datorren konpromisozko krediturako 50.000 euroko zuzkiduraz, eta mural-paisaiarako lehiaketarako partida 30.000 eurotik 75.000 eurora igo da.

Gainera, iaz auzo elkarteentzako diru-laguntzetan egindako % 6ko igoera mantentzen da (180.000 euro), baita San Martineko auzo-elkartearekiko hitzarmena ere (100.000 euro).

Haurrentzako Eguberrietako parkearen partida mantendu egin da, eta udako jolasak benetako kostura egokituko dira: 115.000 eta 80.000 euro, hurrenez hurren. Partaidetza-organoei dagozkien gastuak ere mantenduko dira.

Partaidetza eta Gizarte Etxeen aurrekontu honek Gasteiz moderno, aktibo, dinamiko, parte-hartzaile eta sozialki kohesionatua eraikitzen lagunduko du”, amaitu du Martínezek.

Share

Enplegua sorrarazten duten 21 enpresa aurkeztu dira Enpleogune 2017n

 

 

 

 

 

 

Alkate Gorka Urtaranek eta EHUren Arabako Campuseko errektoreorde Ivan Igartuak Gasteizko 2017ko EmpleoGune  enplegu foroaren inaugurazioan parte hartu dute; Europa jauregian egingo da foroa. Orobat, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa; Arabako diputatu nagusi Ramiro González, eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteria sailburuorde Marcos Muro izan dira ekitaldian. Bi egunez, enpresak aurkezteko sektorekako mahai inguruak, enplegagarritasuna hobetzeko lantegiak, langileak hautatzeko elkarrizketak eta orientazioaren alorreko profesionalentzako jardunaldi teknikoa egingo dira, baita ekintza berriak ere, enplegua bilatzean izandako esperientzia arrakastatsuei buruzko mahaia, esaterako.

Hitzaldian, Urtaranek adierazi du bere gobernuaren lehentasunetako bat dela enplegu duina, egonkorra eta kalitatekoa sortzea. “EmpleoGune bezalako espazioak funtsezkoak dira enpresen eskaera eta beharrak profesionalen eskaintzarekin konektatzeko, horiek lan-merkatuaren beharrei ahalik eta gehien egokitzen zaizkielarik. Azken bi urteetan 3.000 langabe gutxiago zenbatu da. Albiste ona da, baina kualifikazioan eta prestakuntzan aurrera egiten jarraitu behar dugu, lanpostu gehiago eta kalitate handiagokoak sortzeko”, uste du alkateak.

Enplegua sorrarazten duten sektoreetako 21 enpresak hartuko dute parte EmpleoGune foroan; kopurua aurreko urteetakoa baino handiagoa da, enplegu-merkatuaren eta pertsonen arteko topagune gisa sendotu baita.

 

 

Share