Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2017-10-10)

Prentsaurrekoa. Auzoeszena programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza, Kultura eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto

Eguna. Asteartea, urriak 10

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

2019rako, Arakako biltegietan 105.000 metro kubikoko edukiera izatera iritsiko da AMVISA

 

 

 

 

 

 

Udalaren ur-enpresak 30.000 metro kubikoko biltegi bat eraiki berri du, datorren astean hasiko dena

Gorabeherarik edo konponketarik izanez gero ur-hornidura bermatuko dute hobekuntzek, bi egunez neguan eta egun eta erdiz udan

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Arakako araztegia bisitatu du gaur goizean, AMVISAk 30.000 metro kubikoko biltegi bat eraiki berri baitu bertan. Duela gutxi eraitsi zen biltegi zaharraren ordezkoa da hori, eta estankotasuna probatu da, datorren astean hasteko. Udalaren ur-enpresaren asmoa da inguruan geratzen den azken biltegi zaharra —35 urte baino gehiagokoa— 2019ko lehen seihilekoan ordeztea. Bi biltegi horiei duela hamarkada bat baino gutxiago eraikitako beste bat gehituta, Gasteiz 105.000 metro kubikoko edukiera izatera iritsiko da, orotara 8 milioi euro inbertitu direlarik. Hartara, ur-hornidura bermatuta geratuko da gorabeherarik edo konponketarik izanez gero, bi egunez neguan eta egun eta erdiz udan. Orain arte, eta elementutik zaharrena ordezten ari zen bitartean, 70.000 metro kubiko biltegiratu zitezkeen Arakan.

 

 

 

 

 

 

 

“Arakako instalazioak eguneratu eta hobetu ditugu, gure udalerriari kalitate handiko ur-hornidura bermatzeko xedez” azaldu du Gorka Urtaran alkateak.AMVISAren lehendakari Jaione Aguirrek gogorarazi du, halaber, “laster biltegi zaharrenean esku hartuko” dela, “AMVISAk aurreikuspenez lan egin nahi” baitu, “eta etengabe hobetu, instalazioak beti egoera onean egon daitezen”. AMVISAren kudeatzaile Ángel Llamazaresek ere hartu du parte gaur goizean Arakara egindako bisitan. Ondoren, Krispiñako araztegia bisitatu dute udal ordezkariek.

Duela urtebetera arte, Gasteizek urez hornitzeko hiru biltegi zituen Arakan; horietako bik 35 urtetik gora zuten, eta hirugarrenak, 9 urte —azken hori ere sendotu egin da, gaur aurkeztu dena ordezten zen bitartean funtzionamendu egokia bermatzeko—. Biltegi zaharren egoera txarra eta Iruñean antzeko ezaugarriak zituen biltegi baten zati bat hautsi egin zela kontuan izanik, biltegi zaharretako bat eraistea erabaki zuen AMVISAk.   Gaur aurkeztu den biltegi berriak 30.000 metro kubikoko edukiera du; 30 metro garai da, eta barrualdeko diametroa 60 metrokoa da.

 

 

 

 

 

 

 

Hori martxan dagoenean, Arakako beste biltegi zaharra eraitsi eta berria eraikitzeko lehiaketara deituko du AMVISAk. Bide batez, AMVISArentzako nabe bat eraiki eta ur-biltegien ingurua urbanizatuko da. Udalaren ur-enpresaren asmoa da 2019ko lehen seihilekoan egitea lan horiek.

 

 

 

 

Share

Adinekoentzako Aholkularitza Juridikoak 95 pertsonari eman die arreta, eta kasuen % 83 lehen kontsultan ebatzi ditu

Udalaren Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak eta Arabako Abokatuen Elkargoak joan den maiatzaren 25ean jarri zuten abian Adinekoentzako Aholkularitza Juridikoa, eta geroztik 60 eta 85 urte bitarteko laurogeita hamabost pertsonak erabili dute.

Datu horrek adinekoen eskubideak defendatzeko eta gai juridikoei buruzko informazioa eta aholkularitza emateko sortu zen zerbitzuaren arrakasta erakusten du, gai horiek adinekoei “mendekotasuna sortzen baitiete, konpontzeko senideren edo lagunen bati laguntza eskatu behar diotelako, eta gaiak konplexuak direnez ezinegona, zalantzak eta ziurgabetasuna sortzen dizkietelako, bizi-kalitatean eragina izateraino”, azaldu du arloko zinegotzi Peio López de Munainek.

Hauxe da zerbitzuaren erabiltzailearen profila: emakumea (57 kasutan), 60 eta 75 urte bitartekoa (65), ezkondua (32), lehen mailako ikasketak dituena (53), eta bikotearekin bizi dena (41). Nabarmentzekoa da, halaber, 95 erabiltzaileen arteko 6k 85 urtetik gora zuela, eta 16 familiarekin bizi zirela.

Aholkularitza Juridikoak orain arte izandako 95 kontsulten 79 unean bertan ebatzi ziren, hau da, kasuen % 83. Bakarrik 15 kasutan bideratu behar izan zen kasua Arabako Abokatuen Elkargoaren Orientabide Juridikoak emateko Zerbitzura; prozedura judizialean ofizioko abokatu bat izendatzea beharrezkoa  denean esku hartzen du horrek.

Gaiei dagokienez, herentziekin lotutakoek eragin zuten kontsulta gehien (27); ondoren, gainbalioak (9), etxebizitzak (8), entitate-denda-agentzien aurreko  erreklamazioek (7), mendekotasunak (6), traba arkitektonikoek (5), maileguek (4), alargun-pentsioek (4), minusbaliotasunak (4), etab.

75 abokatu arabarrek baino gehiagok eskaintzen dute aholkularitza, eta horri esker “ahuldade berezia duten pertsonei laguntzen diegu, egoera bidegabeak eta hirugarrenen abusuak eragozteko“, esan du López de Munainek. “Gainera, autonomia izaten laguntzen diegu, haien bizitzaz eta ekonomia eta lege arazoez arduratzen jarraitzen baitute. Haiek  erabakitzen dute”.

Adinekoentzako Aholkularitza Juridikoa Arabako Abokatuen Elkargoaren egoitzan ematen da, Frai Francisco Vitoria ibilbideko 4.enean, ostegunetan, 16.30tik 18:30era, eta ostiraletan, 10:00etatik 12:00etara.

Aldez aurretik hitzordua eskatu behar da, 945 23 10 50 telefonora deituz, edo colegio@icaalava.org helbidera idatziz.

Share

Aurrekontuetan parte hartzeko “Gasteiz Hobetuz” programako bozketa hasi da

 

60 proiektu bozkatuko dira, hilaren 22ra bitartean, eta aukeratzen diren hurrenkeran gauzatuko, hiru milioi euroko kopurura arte

 

Gaur hasi da Gasteiz Hobetuz programako bozketa-aldia, eta hilaren 22ra arte iraungo du. Herritarren 60 proiektu lehiatuko dira, 2018 eta 2019ko aurrekontuetan sartzeko.

Aldabeko gizarte-etxean eman zaio hasiera ofiziala bozketa-aldiari, eta bertan izan dira Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínez eta Funtzio Publikoaren Saileko zinegotzi Jaione Aguirre.

Parte hartzera animatu du Martínezek: “Herritarrak anima daitezela espero dugu, proiektuak irakurri, baloratu eta botoa eman dezatela. Izan ere, boto gehien jasotzen duten horietara bideratuko da 3 milioi euro arteko kopurua, datorren urtean eta 2019an”. Gainera, Partaidetzako arduradunak gehitu du Sailean itxaropen osoa dutela aurreko urteko 2.400 botoak gaindituko direla. Bozkatu ahal izateko, hori bati, nortasun-agiria edo Herritarren Udal Txartela aurkeztu beharko da.

Bozketa urriaren 9tik 22ra arte egingo da, bi bide baliatuz: online edo eta aurrez aurre, herritarrei laguntzeko bulegoen lan-ordutegian —9:30etik 20:00etara—, horretarako propio prestatutako aplikazioa baten bidez.

Webgunean, Herritarren Udal Txartela edo ziurtagiri digitala duen txartelen bat baliatuz identifikatu beharko da. Bulegoetan, nahikoa izango da nortasun-agiria, pasaportea edo identifikazio pertsonalerako beste agiriren baten jatorrizkoa aurkeztea.

16 urtetik gorakoek bozkatu ahal izango dute, Gasteizen erroldatuta daudelarik.

Share

Cocolab jardunaldiaren IV. edizioak 100 pertsonatik gora bilduko ditu Gasteizen, lankidetza eredu ekonomikoa nola aldatzen ari den aztertzeko

 

 

  • Albert Cañigueralek, Penintsulan kolaborazioaren ekonomiaren erreferentzietako bat denak, lankidetzan diharduten hiriek nola hobetzen duten lehiakortasuna azalduko du
  • Lankidetzazko inguruneek talentua erakartzean, berrikuntzan, sorkuntzan eta negozioetan duten eraginaz hitz egingo da Cocolab-en

Gasteizko Udalak antolaturik, Coworking eta Lankidetzari buruzko IV. Jardunaldiak 100 pertsonatik gora bilduko ditu urriaren 17an Europa jauregian. Lankidetzazko ekonomia berria gizartea nola aldatzen ari den aztertuko dute, proiektu eta espazio berriak zein negozio aukera berritzaileak sortzen ari baita, hirien lehiakortasuna handitzen dutenak.  Hain zuzen ere, Albert Cañigueral aditu katalanak itxiko du topaketa, lankidetzan diharduten hiri eta lurraldeez duen ikuspegia azalduz. Horretaz gain, jardunaldiak lau esperientzia-panel hartuko ditu, lankidetzazko inguruneek hainbat alorretan duten eragina aztertzeko: talentua erakartzea, berrikuntza, sorkuntza eta negozioak.

Cocolab 2017 jardunaldiak —iparraldean topaketa horien erreferente bihurtu da dagoeneko— “Ideiak eta lankidetza sare berriak sukaldatzen” izenburua du aurten. Hasteko, Future for Work Institute-ren sortzaile Jordi Serranok hitz egingo du; erakunde hori giza baliabideen alorreko joera eta berrikuntzaren behatoki independentea, ikasteko komunitatea eta ‘think tank’-a da. “El ocaso del empleo. Cómo sobrevivir al futuro del trabajo” liburuaren egilea da, eta “El futuro del trabajo” (blog.futurodeltrabajo.com) bloga darama. Ekonomia partekatua lanaren azken muga ote den azalduko du Serranok.

Ondoren, lau paneletan, lankidetzazko inguruneek eta filosofiak hainbat alorretan duten eragina erakutsiko da benetako esperientzien bidez: talentua erakartzea, berrikuntza, sorkuntza eta negozioak. Europa jauregiko Green aretotik Bizkaia Talent-en zuzendari kudeatzaile Iván Jiménez eta Ikerbasqueko kudeatzaile Iñigo Atxutegi igaroko dira, bi erakunde horiek baitira aktiboenak Euskadira talentua erakartzen; munduko edozein lekutatik lan egiten duten pertsonei laguntzen dien remoters.net web-orriaren sortzaileetako bat ere izango da bertan.

Berrikuntza eta lankidetzaren alorrean Bitamine Faktoria —mugaz gaindiko sorkuntza kulturaleko fabrika, Irunen kokatua—,  Eiken-Euskadiko ikus-entzunezkoen klusterra eta NER taldea —harreman estilo berri batek batzen dituen enpresen elkartea— aurkeztuko dira. Lankidetza eta negozioei buruzko panelean hauek hartuko dute parte: Rafa de Ramón, Utopic US-koa, Espainian coworking espazioak sortzen aitzindarietako bat; Esther Guerrero, Unicef-eko korporazio aliantzen arduraduna, eta Teresa Tejero eta Fernando Presa, Ondoan eta Hirisens enpresetakoak, zeinek lankidetzazko proiektu bat sortu baitute berriki ingurumenaren alorrean.

Eguneko azken panela lankidetza eta sorkuntzari buruzko izango da, eta esperientzia hauek azalduko dira: La Noria, Málagako lankidetzazko berrikuntza sozialerako zentroa; Tania Santos portugaldarra, Oportoko Cru Cowork-en arduraduna, eta Sandra Soler, Madrileko La Manual coworking espazio tematikoko kidea.

 

Gasteizko coworkerren arteko solasaldia

Orobat, solasaldi irekia izango da Gasteizen lankidetzan ari diren pertsonekin eta coworkerrekin, kolaborazioaren ekonomiak gure lurraldean egindako aurrerapenaz hitz egiteko. Enpresa-proiektu berrien eta Kolaborazioaren Zuzenbideko elkartearen ordezkariek beren ikuspegia partekatuko dute bertaratuekin.

Arratsaldeko saioan, lantegi irekia egingo da, talde lana sustatzeko eta beste batzuekin lan egitea eragozten duten ohiko mugak gainditzen ikasteko.

Azkenik, Albert Cañigueralek amaierako hitzaldia emango du, lankidetzan diharduten hiriak eta lankidetzak lurraldeen lehiakortasuna hobetzeko duen garrantzia hizpide. Albert Cañigueral OuiShare-ko konektorea da Espainia eta Latinoamerikarako. 2011n ConsumoColaborativo bloga sortu zuen, zeina geroztik kolaborazioaren ekonomiaren gaztelarazko erreferentzietako bat bihurtu baita. Antolakundeak kolaborazioaren ekonomiara egokitzen dihardu dibulgatzaile eta aholkulari gisa.  Kolaborazioan oinarritutako hiriak eta araudietako berrikuntzak ere aztertzen ari da. “Vivir mejor con menos” idatzi du, baita “Retos y posibilidades de la economía colaborativa en América Latina y el Caribe” ere, beste batzuekin batera.

Bukatzeko, parte-hartzaileek lankidetzaren azken errezeta landuko dute elkarrekin, ondorioak partekatzeko saioan. Nahi dutenek edozein gizarte etxetan eman dezakete izena, edo Udalaren web-orriaren bidez.

Share

Urtea amaitu aurretik, Udalak memoriaren tokiak seinaleztatuko ditu, eta hiriko sinbologia frankistan esku hartuko du

Gasteizek Memoriaren Ibilbidea eta biktimen errolda ofiziala osatuko ditu 2018rako

Martxoaren 31n frankismoaren biktima guztiei omenaldia egitea proposatu da

Faustino Ortiz de Zárateri emandako hiriaren domina baliogabetu egingo da, “Falangek inposatu eta diktadura argi goresten” duela uste baita

 

GORKA URTARAN ALKATEAREN AUDIOA

 

Gorka Urtaran alkateak Memoria Historikoaren Plana aurkeztu dio Gasteizen frankismoaren biktimekin lotutako erreparazioa, justizia eta egia koordinatzeko osatutako taldeari; udal talde politiko guztiez gain, Frankismoaren Krimenen kontrako Euskal Plataformak —”Memoria Gasteiz” agiriaren egileak— eta Virginia López de Maturanak —Gerra Zibilak eta diktadura frankistak Gasteizen utzitako aztarnei buruzko txosten teknikoaren egilea— hartu dute parte bileran.

“Gure hiriko memoria historikoarekiko konpromisoa dugu, iraganean gertatutakoa ezagutu eta aitortzeko, etorkizunean berriro gerta ez dadin, eta frankismoaren biktimek ere justizia eta erreparazioa merezi dutelako, terrorismoaren eta jatorri politikoko beste indarkeria mota batzuen biktimek bezala.  Memoria historikoari buruzko batzorde txostengilean jasota ekintzak bideratuko ditugu, baina garbi dugu erreparazioak ez duela inola ere gorrotorik, mendekurik edo errebantxa orokorrik adierazi nahi”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

Aurkeztutako proposamenari jarraituz, datozen hilabeteetan, eta urtea amaitu aurretik, Udalak memoriaren tokiak seinaleztatuko ditu, eta azalpenekiko monolitoak jarriko ditu Santa Isabel hilerriko horman, Karmeldarren plazan, Bake kaleko antzinako kartzelan, eta Sagrado Corazón ikastetxean (garai hartan atxiloketa zentroa izan baitzen).

Gainera, hiriko zenbait eraikin eta etxebizitzetan dauden sinbolo frankistetan esku hartuko du Udalak. Esate baterako, Andre Maria Sortzez Garbiaren katedraleko eta Olagibel kaleko Gobernu Ordezkariordetzako armarrien esanahia azaltzeko xaflak jartzea proposatu da (baimena eman behar dute), eta Olarizuko gurutzearen inguruan memoriaren leku bat sortzea. Bestetik, oraindik xafla frankistak dituzten jabeen erkidegoei gutunak bidaliko zaizkie urrian, eta horiek kentzeko aukera emango zaie, enplegu plan baten bidez.

Orobat, Udalak proposatu du kale hauen izenak azaltzeko xaflak jartzea kalearen hasieran eta bukaeran: Ballester Apezpikua, Bueno Monreal Apezpikua, Pedro Orbea, José Lejarreta, Vicente Abreu Margolaria eta Luis María Uriarte.  Proposatu diren testuak Virginia López de Maturanak eginak dira.

Udalak, halaber, txosten tekniko bat eskatu du zenbait pertsonari emandako hiriaren domina kendu ala ez arrazoitu eta erabakitzeko. José María Díaz de Mendibil, Luis Ibarra Landete eta Francisco Peralta Ballabrigari emandako dominak kentzea ez dagoela justifikatuta dio proposamenak, baina bai Faustino Ortiz de Zárate Beitiari emandako zilarrezko domina, “diktadura argi goresten” duela jotzen baita.

Bai kaleen izenak azaltzeko ekimena, bai dominena berriro landuko ditu Memoria Taldeak, ekarpenak egiteko denbora izango baitute.

Gogora-Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Udalak Gasteizko biktimen errolda ofiziala landuko du, eta monolito bat altxatuko da Teodoro González de Zárate Sáenz alkatearen eta zigortutako pertsona ororen oroitzapenean; martxoaren 31n omenaldia egingo zaie, egun horretan hil baitzuten Gasteizko alkatea zena.

Gasteizek Memoriaren Ibilbidea osatuko du 2018rako, Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak eta Turismo Zerbitzuak koordinaturik.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share

2017ko Empleo Gunek iazko enpresa kopuruaren bikoitza izango du

 

 

 

 

 

 

  • Gasteizko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak enplegu-merkatuaren eta pertsonen arteko topagune garrantzitsu horren sendotzea nabarmendu dute

Empleo Gune 2017  Gasteizko enpleguaren foroan aurrekoetan baino enpresa gehiago bilduko dira Europa biltzar jauregian; administrazio guztiek hartuko dute parte, eta lan-merkatuan dinamismo maximoa dagoen garaia dela baliatu nahi da, gazteen enplegua sustatzearekin zerikusia duten gizarte eragile nagusien arteko topagunea bihurtzeko xedez.

Enplegu eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako campuseko erretoreorde Iván Igartuak aurkeztu dute Empleo Guneren zortzigarren edizioa, zeina urriaren 26 eta 27an egingo baita. Enpresak, erakundeak, laneratze eta gizarteratze alorreko profesionalak eta enplegu-eskatzaileak elkartzen dituen topagunean enplegua sorrarazten duten sektoreetako 21 konpainiak hartuko dute parte, tamaina ezberdinetako enpresak nahasten dituzten mahai-inguruetan.

Ostegunean, urriak 26, merkataritza eta fabrikazio mekaniko eta automatizatua landuko dira sektorekako mahaietan, eta Makro, DHL, Mercedes-Benz, Zayer eta RPK enpresek hartuko  dute parte. Ostiralean, urriak 27, beste hiru sektore estrategikoren txanda izango da: enpresentzako eta partikularrentzako zerbitzuak, ingurumen-iraunkortasuna, eta elektronika, informazioa eta komunikazioa. Euskadiko Kutxa, Prosegur, Michelin fundazioa, Giroa, Odei eta Deusto Sistemas enpresek baieztatu dute partaidetza. Sektorearen eboluzioari buruzko iritzia eta epe labur eta ertainera zein langile behar izango duten azalduko dute mahai-inguruetan.

Horretaz gain, 2017ko Empleo Guneren web-orrian lan-eskaintzak zabalduko dituzte, interesdunek hautagaitza aurkezterik izan dezaten. Gasteizko Enpleguaren Foroan parte hartzen duten enpresek jasotako eskabideak iragazi eta hautaketa elkarrizketak egingo dituzte foroak irauten duen bitartean. Orobat, informazio erakustokiak jarriko dira, zeinetan enpresek xehetasunak emango baitituzte.

Bestetik,  2017ko Empleo Guneren barruan enplegagarritasuna hobetzeko lantegi gehiago antolatu dira. Hiru orduko saioak dira; era parte-hartzaile eta praktiko batean, curriculum egokia nola landu, enpresen aurrean nola agertu eta lanbide aldaketa nola planteatu irakatsiko da, besteak beste.

2017ko Empleo Guneren berritasunetako bat esperientzia arrakastatsuei buruzko mahaia izango da. Langabezian egon ondoren nahi zuten helburu profesionala lortu duten pertsonek hartuko dute parte. SECOT elkarteak moderatuko du mahai hori, eta artista grafiko batek esku-hartzeak ilustratuko ditu (graphic recording delakoa).

Aurreko edizioetan bezala, orientazioaren alorreko profesionalentzako jardunaldi teknikoa egingo da Empleo Guneren barruan. Aurten, “Marka pertsonala aniztasunetik kudeatzea” izango da gaia. Parte hartzeko dinamiken eta coaching tekniken bitartez, ibilbide profesionalean orientazioa bilatzen dutenei laguntza hobea emateko teknika berriak eskainiko dira.

“Hala Unibertsitatea nola Udala konprometituta gaude kalitateko enplegua sortu eta mantentzearekin. Horretarako, funtsezkoa da gure industria gero eta gehiago inplikatzea, bereziki enpresa adierazgarrienak, eta alor publiko eta pribatuaren arteko lankidetza handiagoa. Hain zuzen ere, Empleo Gunek eta antzeko ekitaldiek indarrak elkartzea dute xede, enplegu gehiago eta hobea sortzeko helburuarekin”, adierazi du Nerea Melgosak.

Enpresak aurkezteko sektorekako mahai inguruez, enplegagarritasuna hobetzeko lantegiez eta orientazioaren alorreko saio teknikoaz gain, hasierako mahai-ingurua egingo da, ‘Administrazioan lan egitea: guztiontzako aukera’ izenburupean; lurraldean diharduten administrazio publiko nagusietako ordezkariek hartuko dute parte: IVAP-Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundea, Gasteizko Udala, Euskal Osasun Zerbitzua, Hezkuntza Saila, eta Ertzaintza. “Mahaiaren helburua da enplegu-eskatzaileei adieraztea administrazio publikoan guztiontzako enplegu aukera dagoela, eta datozen urteetan gorantz egingo duela —azaldu du  EHUren Arabako campuseko erretoreorde Iván Igartuak—. Datozen hilabeteetan egitekoak diren enplegu-eskaintza publikoen eta lan poltsen deialdiei buruzko informazioa emango da, eta deialdi horiek kudeatzearen arduradunek gomendioak emango dituzte administrazio ezberdinetan enplegua lortzeko: informazio bilaketa, sartzeko betekizunak, prozedurak, etab.”

Foroak irauten duen bitartean, enplegu zentro bat izango da, non EHUko eta Gasteizko Udaleko teknikariek arreta pertsonalizatua emango baitute, eta bi erakundeek laneratzea eta enplegagarritasuna hobetzeko dituzten baliabideez informatuko.

“Aurtengo edizioan, berritasun gisa, lantegiak eskainiko ditu enplegu zentroak, enplegua bilatzeko tresna digitalak eta online zerbitzuak aurkezteko. Lantegietan parte hartu ahal izateko, aldez aurretik izena eman beharko da www.empleo-gune.org web-orrian; bertan kontsultatu ahalko da programa, eta zein ordu eta lekutan egingo diren jarduerak”, zehaztu du erretoreordeak.

Europa biltzar jauregiko zazpi aretotan  egingo dira 2017ko Empleo Guneren jarduerak; izan ere, iaz egin zen lehen aldiz leku horretan Gasteizko Enpleguaren Foroa, arrakastaz.

Informazio gehiago: Empleo Gune 2017

http://empleo-gune.org

 

 

Share