Prentsa Oharren banner

Prentsa deialdiak (2017-10-19)

 – ‘Baby Boomers, una generación en retirada’ I. biltzarraren inaugurazioa

Fundación Laboral San Prudencio fundazioak antolatutako “Reflexión y análisis del ‘Retiro de la generación del Baby Boom’ desde la óptica laboral” I. biltzarraren inaugurazio-ekitaldia

Parte-hartzaileak: alkatea, Gorka Urtaran; Lan eta Justizia sailburua, María Jesús Carmen San José; ahaldun nagusia, Ramiro González, eta Fundación San Prudencio fundazioko presidentea, Yolanda Berasategui.

Eguna: urriak 19, osteguna

Ordua: 9:30.

Lekua: Europa biltzar etxea – Francisco de Vitoria aretoa.

 ————————————————————————

– Udal Musika Bandaren 2017-2018ko abonamendu-denboraldiaren aurkezpena

Parte-hartzaileak: Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto, eta Iker Olazabal, bandaren zuzendariondokoa

Eguna: urriak 19, osteguna.

Ordua: 10:00.

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

———————————————————————–

– Herritartasunerako Eskolaren II. edizioa aurkezteko prentsaurrekoa

Parte-hartzaileak: Isabel Martínez, Partaidetzaren eta Gizarte-etxeen zinegotzia.

Eguna: urriak 19, osteguna.

Ordua: 10:30.

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

—————————————————————

– ‘Laboratorio Inocencia’ ikuskizunaren aurkezpena, Nazioarteko Antzerki Jaialdiko familientzako antzerki-zikloaren barruan

Parte-hartzaileak: María Martín Escudero, Krego Martín Dantza konpainiaren ordezkaria, eta Judith Ruiz Onaldi, antzezlea.

Eguna: urriak 19, osteguna.

Ordua: 11:00.

Lekua: Principal antzokia.

———————————————————————–

– Autobus-geltokiko bizikletak aparkatzekoaren aurkezpena

Parte-hartzaileak: Iñaki Prusilla, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzia eta IGIko lehendakaria

Eguna: urriak 19, osteguna.

Ordua: 11:30.

Lekua: autobus-geltokia

——————————————————————–

– Harrera, energiari buruzko biltzarrari (CONNECT)

Udalak harrera egingo die antolakuntza-komiteari eta biltzarrean parte hartzen duten enpreen ordezkariei.

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea, udal korporazioko talde politikoen ordezkariak eta ekitaldira gonbidatuak

Eguna: urriak 19, osteguna.

Ordua: 19:30ean.

Lekua: udaletxeko harrera-aretoa

 

Share

Basaldea proiektua aurkeztu du gaur Gasteizek A Coruñan, ekonomia zirkularraren adibide gisa

 

 

 

 

 

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak nekazaritza ekologikoa sustatzeko Basaldea proiektua aurkeztu du gaur A Coruñan, hainbat udalerriren ekonomia zirkularraren arloko jardunbide egokien panel baten barruan. Aurten —Abetxukuko baratzezaintza-enpresen mintegia abian jarri delarik— produktu ekologikoen prestakuntza-, laborantza-, banaketa- eta merkaturatze-zikloa guztiz ixtea lortu duen proiektuaren bilakaera azaldu du Melgosak bertan. Gasteizko adibidearekin batera, Gijón, Pontevedra eta A Coruñan garatu diren ekonomia zirkularreko proiektuak azaldu dira mahai-inguruan.

 

“Basaldeak garapen ekonomiko iraunkorreko proiektu gisa duen balio handiaren erakusgarririk onena horixe da, beste hiri batzuk gure ereduari begira jarriak direla, profesionalak prestatu, enplegua sortu eta produktu lokalen kontsumoa sustatzeko duen ahalmena dela eta. Gaur A Coruñan aurkezten dugu Basaldea, foro espezializatu batean, non, Gasteizen abian jarri dugunaren alde onak erakusteaz gain, beste hiri batzuetatik ikasi nahi baitugu, eta sinergiak sortu, begirada Europan jarrita”, gehitu du Nerea Melgosak.

 

Gasteizko Udalak parte hartu duen esperientzien mahaia “Europa en la provincia de A Coruña” foroaren hirugarren edizioan izan da. Izan ere, ekonomia zirkularra eta erronka demografikoa dira gai nagusiak aurten bertan. Ingurumenaren eta eskualde eta hirietako ingurumenaren arloan adituak diren Europako Batzordeko hainbat teknikari ari dira biltzarrean parte parte hartzen.

 

Basaldea proiektuaren aurkezpenean, ekimen horren bilakaerako mugarri nagusiak zehaztu ditu Melgosak. Aurten, Abetxukuko baratzezaintza-enpresen mintegia eta —Azoka plazako merkatuarekin elkarlanean— banaketa komertziala abian jartzeaz gain, ustiategietako ur-hornikuntza bermatzeko aukera emango duten obrak kontratatzeko lehiaketa iragarri da.

Share

Gasteiz, ikusmen urriko pertsonekiko sentsibilizatzeko “Miradas cercanas” erakusketa hartu duen lehen hiria

 

 

 

 

 

 

 

Gasteiz da ikusmen urriko pertsonek bizi dituzten arazoez sentsibilizatzeko “Miradas cercanas” erakusketa hartu duen Estatuko lehen hiria (guztira 8 izango dira). Gaur goizean inauguratu eda erakusketa Urrezko Zeledonen plazan, eta bertan izango da ikusgai datorren 22ra arte.

 

Erakusketa antolatu dute Arabako ikusmen urriko pertsonen Itxaropena elkarteak eta Acción Visión España kolektiboak. Itxaropenako presidente Isabel Benitok erakusketa bisitatzera animatu ditu gasteiztarrak. Argazkietan Gasteizko leku enblematikoak ikusten dira, binaka jarrita: alde batean ikusmen-arazorik gabeko ikuspegiak, eta alboan, ikusmen urria eragiten duten patologia jakin batzuk dituztenek (degenerazio makularra, erretinopatia diabetikoa, erretinosi pigmentarioa edo glaukoma) ikusten dutena. Gainera, herritarrei gonbit egin die herritarrei elkartea ezagutu dezaten eta bertan parte har dezaten.

 

Bestalde, Acción Visión España kolektiboko presidente José María Casadok arazo horrek eragindako pertsonek egunerokoan bizi dituzten arazoak zedarritu ditu, eta ulermena eta laguntza eskatu dio gizarteari.

 

Azkenik, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek erakusketaren interesa azpimarratu du, eta eskerrak eman dizkie antolatzaileei “begiak ireki arazteagatik, errealitatea beste era batean ikusten laguntzeagatik eta egin duten sentsibilizazio-lanagatik. Gizarte anitz eta inklusiboa izan nahi badugu, oso kontuan hartu behar ditugu egoera hau eta antzekoak, eta laguntzen saiatu behar gara ikusmen urriko pertsonek jasaten dituzten zailtasunak”, azpimarratu du alkateak.

Share

Kataluniari buruzko adierazpena

Eledunen Batzarrak, gehiengo osoz, EH Bildu, EAJ-PNV, Podemos eta Irabazi taldeen baiezko botoekin eta PP eta PSE-EEren kontrako botoekin, Kataluniaren inguruko honako adierazpena onartu du:

Gasteizko Udalak bere kezka eta erabateko arbuioa adierazten du Auzitegi Nazionalak Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea eta Jordi Sanchez Biltzar Nazional Katalaneko presidentea baldintzarik gabe espetxeratzeko eman duen agindua dela eta, erabaki horrek oinarrizko printzipio demokratikoak urratzen dituelako.

Gasteizko Udalak Cuixart eta Sanchez arrazoi politikoengatik atxilotu eta kartzelaratu izana salatzen du.

Gasteizko Udalak bere babesa eta elkartasuna adierazten die Cuixart eta Sanchezi, bai eta Kataluniako gizarte osoari ere, eta biak berehala askatzeko exijitzen du.

Gasteizko Udalak Estatu espainolari eskatzen dio oinarrizko askatasunen aurkako estrategia errepresiboa bertan behera utz dezala demokraziaren funtsezko printzipioen kontrakoa izateagatik.

Gasteizko Udalak berresten du Kataluniak, Euskal Herriak eta munduko gainerako herriek bezalaxe, bere etorkizun politikoa erabakitzeko zilegitasun demokratikoa duela, muga herritarrek demokratikoki adierazi eta erabakitzen dutena izan behar delarik.

Gasteizen, 2017ko urriaren 18an

Share

“Haien zapatetan”, Palestinako emakume errefuxiatuen inguruko antzerki-jokoa izango da ostiralean, Europa jauregian

Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako Eskolaren jardueretako bat da ikuskizuna, eta sarrera doan izango da, edukiera bete arte

“Haien zapatetan”, antzerki-joko esperimentala izango da ostiralean Europa jauregian. Palestinako hainbat emakume errefuxiatuk egunero jasaten duten ikusezintasuna eta isiltasuna nabarmenduko dira bertan. “Bestearen zapatak janztea norberaren istoriotik aldentzen den istorio bat bizitzea da, bestea sakonago ulertzea eta enpatia garatzea. Rolen trukea da jokoa. Joko bat, non kointzidentziarekin edozein antzekotasun errealitate hutsa baino ez den”, azaldu dute Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako Eskolaren barruan ekitaldi hori antolatu dutenek.

María de Maeztu auditoriumean izango da ekitaldia, 19:30etik aurrera; sarrera, doan, edukiera bete arte. Ekialde Hurbileko Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia (UNRWA) eta Hortzmuga Teatroa konpainia dira laguntzaile.

 

Share

Asteburu honetan egingo da IX. Liburuen Truke Azoka, Iradier Arenan

5.Liburutegien Egunaren harira egingo da ekimena, non bost liburu trukatu ahalko diren pertsona bakoitzeko.

Urriaren 21ean eta 22an egingo da IX. Liburuen Truke Azoka, Iradier Arenan. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok aurkeztu du gaur, urriaren 24an ospatzen den Liburutegien Egunaren harira egingo den ekimena.

Cantoren ustean, “Azokak irakurtzearen plazera sustatu nahi du liburu-trukearen bitartez, bai eta liburutegi-sarearen zerbitzuak sustatu eta ezagutzera ematea ere. Horrez gain, modu egokia da etxean ditugun liburutegiak eguneratzeko”.

Aurtengoan, eutsi egingo zaie 2016ko bi berrikuntza nagusiei: batetik, bost liburu trukatu ahalko ditu pertsona bakoitzak, eta bestetik, helduentzako literaturaren alorrean, hiru kategoria egongo dira: 2011ren ondorengo argitalpenak, 2000tik 2010era arteko argitalpenak, eta 1999aren aurreko argitalpenak.

Horrez gain, bi sail handi egongo dira: helduentzako eta haurrentzako liburuak. Ez da era hauetako materialik onartuko: aldizkariak, entziklopediak, bideoak, DVD eta CDak, testuliburuak, unibertsitate-liburuak, informatikari buruzko liburuak edo teknikoak, liburu azpimarratu, hautsi edo egoera txarrean daudenak, ale solteak, bidaia-gidak, geografia-liburuak, etab.

Zenbait jarduera antolatu dira trukea sustatu eta animatzeko.

  • 5.000 baino liburu gehiago eramango dira, trukerako.
  • Zuzeneko musikaz gozatu ahal izango da, Virginia de la Casa, Josu Izaguirre, Iker Uriarte eta Marcio Padoanek osatzen duten Taxi! taldearen eskutik. Larunbatean (urriak 21), 12:30etik 14:00etara eta 18:30etik 20:00etara.
  • Irakurketarekin lotutako haurrentzako lantegiak eta ipuin kontalariak izango dira.
    • Liburuek superrindarra ematen digute: begi-mozorro lantegia, Iñaki Carreteroren eskutik, ele bietan (urriak 21, larunbata, 11:15etik 13:45era).
    • Poemak gordetzeko libretak, Iñaki Carreteroren eskutik, ele bietan (urriak 21, larunbata, 17:45etik 20:15era).
    • Ilustromatoi txikia: erretratu-makinatxoa, Marta C. Dehesaren eskutik, ele bietan (urriak 22, igandea, 11:00etatik 12:30era). Ilustraziorekin loturiko jarduera.
    • Karabi Karaba, Ines Bengoaren eskutik, euskaraz (urriak 22, igandea, 12:45etik 13:45era). Ipuin kontalaria.

Azokaren ordutegia:

Trukearen ordutegia:

  • Urriak 21, larunbata, 11:00etatik 13:45era eta 17:30etik 20:15era.
  • Urriak 22, igandea, 11:00ettaik 13:45ean.

Jardueren ordutegia:

  • Urriak 21, larunbata: 11:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era.
  • Urriak 22, igandea: 11:00etatik 14:00etara.

 

Share