Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2017-10-23)

– Enpleguari buruzko “Gazte Up 2017” III. jardunaldien inaugurazioa

Parte-hartzaileak: Alkatea,  Gorka Urtaran

Eguna: astelehena, urriak 23.

Ordua: 9.30.

Lekua: Artium-Auditorioa

———————————————————————

– Gasteiz Hobetuz programaren emaitzak aurkezteko prentsaurrekoa.

Parte-hartzaileak: Isabel Martínez, Partaidetzaren eta Gizarte-etxeen zinegotzia.

Eguna: astelehena, urriak 23.

Ordua: 10.30.

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

—————————————————————–

– Udalak eta Kutxabankek Dato eta Alava Jenerala kaleen arteko eraikinaren erabilerari buruzko hitzarmena izenpetzea

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran alkatea eta Kutxabankeko zuzendari nagusi Joseba Barrena

Eguna: astelehena, urriak 23.

Ordua: 11:00.

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

——————————————————————-

Prentsaurrekoa: Vitoria-Gasteiz VEG-Friendly aholkularitza programaren aurkezpena

Parte hartzaileak: Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa, eta Irabazi Gasteiz taldeko bozeramailea, Oscar Fernández.

Eguna. astelehena urriak 23

Ordua. 12:00

Tokia: udaletxeko prentsa-aretoa.

Share

Astebururako aurreikuspenak

Urriak 20, ostirala

 Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa Exponovias Araba azokaren inaugurazioan izango da, 17:00etan, Europa jauregian.

Gorka Urtaran alkateak Terrorismoaren biktima izandako euskal enpresarien aldeko oroipen eta errekonozimendu ekitaldian parte hartuko du, Euskalduna jauregian, 18:15ean.

Urriak 21, larunbata

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok Liburuak Trukatzeko Azoka bisitatuko du, 11.30ean, Iradier Arenan.

Gorka Urtaran alkatea Las Cuatro Torres elkarteak antolatutako Jubilatuen egunean izango da, Guardiako Villa Lucia hotelean, 14:30ean.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Araski-Girona taldeen arteko emakumeen saskibaloi ligako partidara joango da; Mendizorrotzeko kiroldegian, 18:30ean.

Urriak 22, igandea

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok Ehari-Errotabarri taldeen arteko emakumeen eskubaloiko Ohorezko B mailako partida ikusiko du, 12:30ean, Lakua 03ko kiroldegian.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Arabarri Saskibaloi Klubeko taldeen aurkezpen-ekitaldian izango da, Mendizorrotzeko kiroldegian, Araberri-Manresa taldeen arteko urrezko LEB ligako partidaren atsedenaldian, 18:00etan.

 

Share

IGIk aldez aurreko diagnostiko bat egitea agindu du, oinarri izango dena Trantsizio Energetikorako Udal Estrategikoa garatzeko

 

Gasteizko Udalak 11.000 euro inbertituko ditu, Ingurugiro Gaietarako Ikastegia bitarte, Trantsizio Energetikorako Udal Estrategikoa garatzeko oinarri izango dena aldez aurreko diagnostiko bat egiteko. Lan hori Energiaren Agentziarekin koordinatuta egingo da, eta aztertuko du energia berriztagarrien errealitatea eta udalerriaren egungo egoera energetikoa, ez soilik Arabako hiriburuaren kontsumoei dagokienez, baita beste elementu hauei dagokienez ere: araubidea, konpromisoak, betebeharrak, fiskalitatea, legeak, kontsumoak, testuinguru sozio-ekonomikoa, aurrezteko aukera, eraginkortasuna eta Europako testuinguruko zenbait estrategia Horrekin guztiarekin, berraztertu egingo da Klima Aldaketaren kontra Borrokatzeko Plana eta Trantsizio Energetikorako 2020-2030 Udal Estrategiarako ekintza-plan bat osatuko da. Etorkizunerako helburuak, IGIko lehendakari Iñaki Prusillaren hitzetan, “Gasteizen energia-ereduaren oinarri izatea in situ ekoiztutako eta zero karbono-emisioko energia berriztagarria”.

 

Egun lehiaketa fasean den kontratua esleituko zaion enpresa lehenagotik egindako azterlan eta ikerketak bilduko ditu, eta elkarrizketa pertsonalizatuak egingo ditu gai horretako adituen artean. Halaber, enpresak Gasteizko egungo energia-sistemari buruzko txosten bat aurkeztuko du, etorkizuneko estrategiarako aurkibide-proposamen bat, partaidetza-prozesu bat egiteko irizpide-sorta eta gai honetan aurrerapausoak emateko iradokizun zenbat.

 

IGIk dioen bezala, “energia-eredu iraungarriago bateranzko trantsizioa lehen mailako helburutzat jotzen da mundu zabalean. Gobernu ugari ari dira lanean energia-eredua aldatu nahian, aurrean ditugun erronkei erantzun ahal izateko. Energiaz egiten dugun erabilerak ingurumen-ondorioak ditu, gero eta nabarmenagoak, gero eta larriagoak zenbait kasutan. Horregatik, gero eta nabarmenagoa da gure Udalaren jarduna gidatuko duen estrategia integral bat edukitzearen garrantzia, bide posibilistak ibiliaz eredu-aldaketa horren bidea egiteko”.

 

Klima-aldaketaren kontrako borrokak konpromisoak eta neurri premiazkoak hartzera behartzen gaitu, energia-kontsumoaren eta ekoizpenaren inguruan. Ildo horretatik, gero eta garrantzitsuagoa da aurrerapausoak ematea erregai fosiletan oinarritutako energia-sistema batetik energia-iturri berriztagarrietan oinarritutako beste baterako bidean. Bestalde, badira estrategia horren baitan bestelako behar batzuk ere: energia ekoitzi eta erabiltzeari loturiko ingurumen-inpaktuen murriztu beharra, energia-horniduraren segurtasuna eta prezioen ziurgabetasuna bermatu beharra, azken hori batez ere egoera ahulenean daude gizataldeei dagokienez.

 

Gasteizko Udalak 2007-2012 Tokiko Energia Plana onetsi zuen, bertan jartzen zirelarik Udalaren diagnostiko energetikoa eta jarduera-plan bana. Halaber, 2010ean Klima Aldaketaren kontra Borrokatzeko Gasteizko 2010-2020 Plana ere onetsi zuen baita Udalak, bi lan-agiri sortu zituen, Gasteiz: karbonoari dagokionez hiri neutroa (2020-2050) eta Gasteiz klima aldaketara egokitzeko plana izenekoak. Haren helburua zen, besteak beste, energia-sistema iraungarria bateranzko trantsizioa azeleratzeko zeregin premiazkoa sustatzea. Energiaren Agentziak entitate bat kontratatuko du udalerriaren egoera energetikoaren diagnostikoa egin dezan, zeinak balioko duen gerora partaidetza-prozesu batean aurrera egiteko eta ekintza-plan bat osatzeko, bi horiek izango direlarik Trantsizio Energetikorako 2020-2030 Udal Estrategiarako oinarria. Hori guzti hori bat dator Gasteizko Klima Aldaketaren kontra Borrokatzeko Plana eguneratu beharrarekin, 2020 urtea iristean hark bere garapen-muga gainditzen duenerako. Izan ere, Pariseko Akordiotik edo Eusko Jaurlaritzaren 2050 KLIMA Estrategia eratortzen diren konpromiso berriek helburu oso kontuan hartzekoak dakartzate berekin, esaterako energia-eraginkortasuna hobetzea eta energia-iturri berriztagarriak aintzat hartzea, eta gure hiriak aurre egin beharko die horiei ere.

 

 

 

Share

World Press photo 2017, azaroaren 19ra arte ikusgai Gasteizen

 

 

 

 

 

 

 

Montehermoso kulturuneko ur-biltegi ohian izango da erakusketa, asteartetik igandera (ordutegia: 11:00 – 14:00 eta 18:00 -21:00)

World Press Photo, argazki-kazetaritzakonazioarteko lehiaketarik azpimarragarriena, aurten ere etorriko da Gasteizera, hamabosgarrenez jarraian. Zifrek, nola ez, beti islatzen dute lehiaketa honek komunikazio grafikoaren arloko profesionalen artean pizten duen interesa; hain zuzen ere, 126 herrialdetako 5.034 argazkilariren 80.408 irudi bildu ditu edizio honetan. Azkenean, epaimahaiak 143 hautatu ditu, eta erakusketa honetan egongo dira ikusgai.

Aurten, lehiaketa irabazi duen irudia une-uneko argazki-kazetaritzaren adibide ezin hobea da, Errusiako enbaxadorea Turkian erakusketa batean hil zuten unea islatzen baitu. Irudia ibilbide luzeko Burhan Ozbilici berriemaile turkiarraren eskutik iritsi zaigu. Argazki ikusgarri hau bere gordintasunagatik eta inguru aseptikoagatik gailentzen da. Parekorik ez duten une dramatiko hauekin batera, hainbat hilabeteko edo urteko epean zehar ateratako argazkiekin josi diren istorioak aurki ditzakegu, besteak beste Ukrainaren egun beltzetakoak eta oso inguru desberdinetako eguneroko bizitzakoak (hala nola Iranekoak eta Nebraskako herrixka batekoak).

Eraginaren eta ekinaren muga hauen artean topa ditzakegu, era berean, Sioux-ek oliobidearen kontra izan duten borroka, Fidel Castroren heriotzaren ondoriozko dolua, hankarik eta besorik gabeko emakume batek kirolari bihurtzeko egin duen ahalegina, Filipinetan drogen kontra martxan jarri zen eraso bortitza, eta beste hamaika istorio interesgarri, hunkigarri eta harrigarri.

 

 

 

 

 

 

Aurtengo edizioan, aurkeztu diren 5.000tik gora argazkilariren arteko 222 izan dira espainiarrak, eta hiru hautatu dituzte erakusketa honetarako: Francis Pérez (naturaren arloko irabazlea), Jaime Rojo eta Santi Palacios.

WorldPress Photo 2017 Montehermosoko Kulturuneko ur-biltegi zaharrean egongo da ikusgai,urriaren 20tik azaroaren 19ra, asteartetik igandera (jaiegunetan ere bai), ordutegi honetan: 11:00-14:00 eta 18:00-21:00. Astelehenetan itxita egongo da. Iaz bezala, bisita gidatuak egingo dira euskaraz eta gaztelaniaz.

 

Share

Ekuadorren, Paraguain, Kolonbian eta Ginea-Conakryn burutzeko lankidetza-proiektuak lagunduko ditu Gasteizek datozen hiru urteetan

Udalak 356.816,84 euro bideratu ditu SETEM, Manos Unidas, Manuel Iradier elkarte afrikanista eta Mundubat Fundazioa elkarteek aurkeztutako proposamenetara.

 Udal gobernuak garapenerako lankidetzako laguntza deialdia ebatzi du gaur, hiru urtez egingo diren proiektu kateatuak abiarazteko.

356.816,84 euro bideratuko ditu hainbat elkartek –SETEM, Manos Unidas, Manuel Iradier elkarte afrikanista eta Mundubat Fundazioak– Ekuadorren, Paraguain, Kolonbian eta Ginea Conakryn burutzen dituzten lankidetza-proiektuetara.

Erakunde eskatzaileaProiektuaren izenaDiru-laguntza
SETEM Hego HaizeaDHL eta DESCA, Kichwa Pucará komunan. Ekuador99.996,89 €
Manos UnidasKomunitateko ekonomia sendotzea eta elikadura-segurtasuna Paraguai76.186,64 €
Manuel Iradier elkarte afrikanistaWalodiral Gasteiz -Hérico. Ginea-Conakry99.450,00 €
Mundubat fundazioa.Preso politikoak bizitza zibilera itzultzeko bidea erraztea, bake-akordioak inplementatuta Kolonbia81.183,31 €
GUZTIRA356.816,84

Deialdi honetan soberan geratutako diru-kopurua (243.183,16 euro) ebatzi gabe dauden bi ataletako eskabideetarako baliatuko dira (PT Proiektu Txikiak eta AS Ura eta Saneamendua), beti ere eskabideek baldintzak betetzen badituzte eta oinarrietan eskatutako puntuazioa badute.

 

 

Share

Datorren astean hasiko dira Santa Barbara plazako eta inguruko obrak, hesiak jarri eta trafikoa berrantolatzen delarik

 

 

 

 

 

Iñaki Prusilla zinegotziaren adierazpenak

Datorren astean hasiko dira Santa Barbara plaza eta ingurua eraberritzeko obrak. Ferrovial, Agroman eta Onaindia enpresek eratutako aldi baterako enpresa-elkarteak 6,7 milioi euroko aurrekontuarekin burutuko duen obra-planaren xehetasunak eman ditu gaur goizean Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak. Asteazkenean, hilak 25, ekingo dio obrei; egun horretan hasiko baita plazaren barrualdearen inguruan eta Posta kalean hesiak jartzen. Udalaren aurreikuspenaren arabera, ostiralean, hilak 27, sartuko dira bertara lehenengo makinak.

Lehenengo fasean —lau bat hilabete iraungo du—, eraiste-lanak egingo dira batez ere. “15 hilabetez iraungo dute obrek, eta jakin badakigu, edozein obrak bezalaxe, enbarazurik egin diezaieketela auzokoei. Horregatik, atarietan kartelak jartzen ari da dagoeneko Udala, eta nabarmendu nahi nuke lanen programazioa zehaztua dugula, oso kontuan izanik ahalik eta inpakturik txikiagoa eragin nahi dugula. Nolanahi ere, pazientzia eskatu nahi diet inguru horretan bizi direnei. Lanak bukatzean, ohartuko dira merezi izan duela”, esan du Iñaki Prusillak.

 “Bizitzaz betetako espazio berri bat izango dugu, herritarren gozamenerako leku bat, Gasteizko erdialdeko jarduera eta ekonomia berreskuratzen lagunduko duena. Hirigunea birgaitu, biziberritu eta berpizteko ‘erdialdeko masterplana’ delakoaren funtsezko ekintzetako bat da, eta zona hori dinamizatzeko balioko du, Posta kalearen ardatzean oinezkoentzat eta merkataritzarako sortuko dugun korridoreari esker”, adierazi du, bere alderik, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Era berean, zona horretako trafikoa berrantolatu egingo dela azaldu du Iñaki Prusillak. Zentzu horretan, Posta kale osoa itxiko da trafikorako, oinez igarotzea eta garajeetara sartzea galaraziko ez bada ere —aparkalekutik nahiz garajeetatik ateratzen diren ibilgailuek Bake kalera jo beharko dute—. Era berean, Jesus Guridi kaletik plazara sartzea debekatuko da, zamalanetarako eta auzokoei izan ezik. Parkingerako sarrera orain arteko bera izango da; izan ere, Pio XII.aren kaletik denez, hesitutako zonatik kanpo geratuko da. Obren inguruko kontu guztien berri emateko, Udala inguru horretako atarietan kartelak jartzen ari da. Orobat baliatu ahal izango dira 010 telefonoa eta Herritarren postontzia kontsultak egiteko. Espazio Publikoaren eta Natur Ingurunearen Zerbitzuaren bitartez ere —San Martineko udal bulegoen eraikineko 4. solairua— argitu ahal izango dira zalantzak.

Posta kalean, oinez igaro ahal izatea bermatuko da, hesirik gabe utziko baita eraikinen fatxadetatik gertuen dagoen espaloia, eta oinezkoentzako pasabideak jarriko, ixten den zona zeharkatzeko, behar izanez gero. Bake kalean, berriz, Posta kaletik gertueneko oinezkoentzako pasabidea kenduko da, auto-ilarak ekiditeko. Halaber, semaforo berri bat jarriko da bidegurutze horretan, segurtasuna bermatzeko eta ibilgailuek, orain arte bezala, Bake kaletik Posta kalera jo dezatela saihesteko. Gogoratu beharra dago hortik metro gutxira oinezkoentzako beste pasabide bat dagoela. Azoka plazako eta parkingeko sarbideak ere erabiltzen jarraitu ahal izango da. Ostegun eta larunbatetako azoka, berriz, behin-behineko kokaleku berri batera aldatuko da azaroaren 2tik aurrera, Leizaola Lehendakariaren plazara, hain zuzen ere.

 Berehalakoan hasiko den esku-hartze hori diseinatzeko prozesua luzea izan da; Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak eta Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailak hainbat bilera egin dituzte inplikatutako talde eta eragileekin —auzokoak, merkatariak, Gasteiz On, ostegun eta larunbatetako azokako ekoizleak, Azoka plaza—, eta alderdi guztiei entzun ondoren zehaztu da proiektua, denen interesak aintzat harturik.

Urtaranen gobernuaren helburu nagusia espazio publiko bat, Santa Barbara plaza, hiriarentzat berreskuratzea da, zati batean oinezkoentzat izango den super-etxadi moderno, funtzional eta atseginagoa sortuz. Gainera, inguruan trafikoa hobetzeko neurriak hartuko dira, eta alderdi osoa biziberrituko da, ekonomia- eta merkataritza-berpizteari bultzada ematearren, alkateak iragarritako ‘erdialdeko masterplana’ ekimeneko esku-hartze guztien ildo beretik. Santa Barbara plazaren irudi berriaren alderdi deigarrienetako bat Posta kaleko aldean jartzekoa den pergola da: 80 metro luze den egitura funtzionala, 48 saltoki jartzeko lekuarekin.

Gaur egun plazak labirinto itxura du, espazio txiki ugari eta oso zatikatuak baititu, parterreak direla eta. Horretaz gain, ingurunetik isolatuta dago eta irisgarritasun zailekoa da, diseinuaren eraginez. Hori dela eta, espazioa duintzea planteatzen da, oinezkoen igarobidea errazteko, parterreak kenduz eta oraingoa baino espazio zabalagoa sortuz, eta aldi berean, landare gehienak utzita.

Hiru pieza berde handi

Zehazki, Posta kalea —Santa Barbara plazaren inguruan— oinezkoentzako bihurtuko du Udalak, Urriaren Hamabia kalearen espaloia zabalduko du, eta parterre gehienak kenduko, berdegune erakargarriagoak jartzeko. Posta eta Bake kaleen arteko bidegurutzean, pasabide goratua eraikiko da, eta Bake kaletik Posta kaleraino doan zatia erdi oinezkoentzat izango da.

Plazaren azken diseinuan hiru pieza berde handi ere izango dira, eta berritu egingo da zoladura. Mendebaldean, El Corte Inglésetik hurbilen dagoen aldean, landare mediterraneoen zerrendak izango dituen berdegune bat sortuko da, orain dauden parterretako bi batuz. Eserleku luze bat ere jarriko da, ur-zurrustez hornitua. Ekialdean ere eserleku luzea duen beste berdegune bat osatuko da, eta haurrentzako jolasak jarriko dira, kautxuzko zoru baten gainean. Berdegune horretan landare atlantikoak (mahastiak eta fruta-arbolak barne) aldatuko dira, eta landare tapizatzaileen zerrendak ere txertatuko dira; barrutik oinezkoentzako bidea utziko da. Bi alderdi horiek elkarren ondoan egongo dira. Hirugarren berdegunea, berriz, Azoka plazatik gertueneko eremuan jarriko da.

Lanen ondoren, Posta kaleko aldea oinezkoentzako ibilbidea bihurtuko da, kale horrek Bake kaletik Foru kalerainoko zatian duen zabalera berekoa. Leku horretan pergola handi bat instalatuko da, 10 metro zabal eta 80 luze izango dena. Metalezko zutoinez eta toldo gisako olan zuriz osatutako egitura horrek gutxi gorabehera lau metroko altuera izango du. Zutoietan faroak erantsiko dira. Posta kalean jartzekoa den pergolak merkataritza ardatz hori dinamizatzeko xedea du. Jolastokian dabiltzan haurrak babesteko aukera ere eman dezake. Bestetik, funtsezkoa da aparkalekuaren eremutik kanpo jartzea, azpiegitura horren gainean jartzeak arazo teknikoak sortzen baititu, behar dituen ainguratzeak eta lasta direla kausa.

Azoka plazaren aldean, Santa Barbara plazara ematen duen irteera berria egokituko da, eskailerez eta arrapalaz osatua, eta horrek mahaitxoak jartzeko aukera emango die gastrotabernei. Orobat, plazaren aurreko hiru parterreak kenduko dira, eta horrela espazio zabal bat libre geratuko da. Plazaren hegoaldetik ekialderaino doan parterrea, ordea, bere horretan utziko da. Leizaola Lehendakariaren plazan, berriz, altzariak aldatuko dira, Santa Barbara plazatik gertuen dagoen parterrea kenduko eta txorkoak berrituko.

Aparkalekua, argiztapena eta saneamendua

Aparkalekuari dagokionez, Udalak osorik eraberritzeko asmoa du, Eraikuntzaren Kode Teknikoaren betekizunei egokitzearren, eta airea kanporatzeko sistemak berritu eta suteen kontrako segurtasuna hobetuko dira. Aparkalekuaren irisgarritasuna ere hobetuko da. Ibilgailuak Bake kalera aterako dira, Posta kalean barrena. Erabiltzaileen sarbideei dagokienez, orain dauden bi sarbideen ordez (batek igogailua du), lau sarbide jarriko dira (eta bitan izango da igogailua). Aparkalekura sartu eta bertatik irteteko “etxola” horiek aireztatzeko eta airea kanporatzeko ere balioko dute.

Gasteizen egiten ari diren beste obra garrantzitsuetan bezala, Udalak inguruneko argiztapena hobetzeko baliatuko du aukera, oraingo argien ordez led teknologia instalatuz, eta AMVISAren saneamendu eta hornikuntza sarea ere berrituko ditu.

 

 

Share

Jundizko industrialdea sustatzeko hainbat ekintzatara 10.000 euro bideratzea onetsi du Urtaranen gobernuak

Gasteizko Udalaren eta Jundiz Arco Sur enpresari-elkartearen arteko lankidetza-hitzarmena sinatzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, udalerriko industrialde nagusia sustatzeko hainbat jarduera garatzeko. Ekimen horren bitartez, 10.000 euroko ekarpen ekonomikoa egingo dio Udalak industrialde horretako enpresa-elkarte bakarrari, Jundiz sustatzeko aurten bideratzen ari den jarduera-planerako.

“Industriari Laguntzeko Plana onetsi dugu berriki, hurrengo hiru urteetarako, eta bertan, besteak beste, enpresa-azpiegiturak modernizatu eta bultzatzea planteatzen da. Arco Sur elkartearen gisako enpresari-elkarteen eskutik eman behar diogu bultzada hori, bertatik bertara bizi baitute bertako egoera, era sustapenean laguntzen duten lehenak baitira”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak, udalerriko industria-ehunarekin sarean lan egitearen garrantzia azpimarratzeaz batera. “Adi-adi gaude, Jundizko enpresen premia eta proposamenak entzuteko, gogotik inplikatuta baitaude industrialde horren sustapenean”, gehitu du.

Udalaren ekarpen ekonomikoaren erdia  www.jundiz.es webgunearen bitartez informazio-kanpaina bat egiteko baliatuko da; industrialdeko enpresei buruzko berriak argitaratuko dira bertan, eta laguntza eta diru-laguntzei buruzko informazio praktikoa eskainiko. Beste 2500 euro Jundizko industrialdeko kaleen planoaren 5000 ale argitaratzeko izango dira, eta horiek zabaltzeko. Azkenik, industrialdeko enpresa guztientzat zabalik egongo diren networking jardunaldiak eta Foro Jundiz izeneko jardunaldiak antolatzeko ere baliatuko da Udalaren diru-laguntza.

Share

Sidalava elkarteari Pintore kaleko lokal bat uztea onetsi du udalak

Sidalava – Hiesaren Aurkako Arabako Herritarren Batzordeari Pintore kaleko 94.eko lokal bat uztea onartu du Urtaranen gobernuak, elkarteak bere lan esparruan –osasunaren sustapena zein gizarte ahuldade egoeran dauden pertsonak eta taldeak gizarteratzen laguntzeko zerbitzuak– egiten dituen jarduera anitzak burutu ditzaten.

Sidalavak Erdi Aroko hiriguneko lanbide zentroa egon zen eraikinean izango du egoitza berria. Eraikina oso handia da eta bi mailatan banatuta dagonez, hiru lokal-multzo hartu ahalko ditu: Horietako bat hartuko du Sidalavak. Gainerakoak, lanbide zentroa zenari lotuagoak, beste zenbait arlotako elkarteak hartzeko prestatzen ari dira: ekoizpen digitalaren eremua, kode irekiko programazio-lengoaiak, lainoan fabrikatzea, 3D inpresioa, material berrien ikerketa eta berrikuntzarekin lotutako beste zenbait eremutako elkarteak.

Sidalavak, egun, Zapatari kaleko 91.ean du behin-behineko egoitza, Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsi duen lokala hartu eta egokitu arte. Elkarteak pertsona askori laguntzen die eta egoitza berriak arreta egokia ematen lagunduko du. Era berean, hiriaren erdialdean kokatuko denez, gertu izango ditu elkarteak kudeatzen dituen baliabideak, eta jendeari bertaratzea erraztuko zaio.

Share

Babesgabetasun-egoeran dauden adingabeei laguntzen dieten Frantzisko Xabier Landaburu eta Zabalganeko gizarte- eta heziketa-zentroak esleitu ditu Gizarte Politiken Sailak

Frantzisko Xabier Landaburu eta Zabalganeko gizarte- eta heziketa-zentroak kudeatzeko kontratua esleitu dio gaur Tokiko Gobernu Batzarrak IRSE-Arabako Bergizarteratze Institutua enpresari. Babesgabetasun-egoera moderatuan dauden hogei bat adingaberi eta horien familiei laguntza soziala ematen die Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak bi zentro horietan. 618.455 euro bideratuko dira horretara hurrengo bi urteetan.

Hauek dira hiriko hainbat zonatan banatuta dauden Udalaren horrelako bost zentroen helburuak:

  • Familia-unitateari eustea, eta haurra edo nerabea familia-girotik aldendu dadila ekiditea.
  • Babesgabetasun-egoera gainditu edo arintzea, eta berriro ager dadin saihesteko baldintzak ezartzea.
  • Guraso edo tutoreak guraso-zereginak egoki burutzeko gaitzea.
  • Haur eta nerabeei inguru suspergarri eta normalizatua eskaintzea.
  • Babes-gabeziak utzitako ondoreak osatzea.
  • Adingabeen garapen pertsonala eta heziketa integrala sustatzea.
  • Seme-alaben hazkuntzan eta heziketan sortzen diren arazo eta zailtasunei eraginkortasunez aurre egiteko eta estres-egoerak kudeatzeko familien gaitasuna indartzea.

Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek azaldu duenez, helburu horiek lortzeko, “zentroetan, egunez, adingabeek hezitzaile-talde baten laguntza izaten dute. Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuko profesionalek eskaintzen duten laguntza sozial eta psikologikoarekin osatzen dugu esku-hartze hori, baita familiei berei eskaintzen diegun aholkularitza, laguntza eta esku-hartze psikosozialarekin ere, hartara dagozkien zereginak beren gain hartzeko gain izan daitezen.”

 

 

Share