Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2017-10-25)

Prentsaurrekoa. ‘Hiriko zuhaitzak, Gasteizko hiri azpiegitura berdea osatzen’ erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Ingurumen zinegotzi eta IGIko presidente Iñaki Prusilla

Eguna. Asteazkena, urriak 25

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————–

Prentsaurrekoa. ‘Off Lokal’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Mikel Ayllón eta Pablo Ibarlucea (Piscifaktoría); Begoña Martín eta Raúl Camino (El mono habitado); Txubio Fernández de Jáuregui eta Esperanza López (Monstrenko); eta Udal Antzoki Sareko arduradun Marta Monfort

Eguna. Asteazkena, urriak 25

Ordua. 10:30

Tokia. Teatro Principal Antzokia

———————————-

Prentsaurrekoa. Z Infekzioaren jardueraren aurkezpena

Parte hartzaileak. Gazteria Zerbitzuko buru Oskar Fernández; Enaxi elkarteko ordezkari Ixone Ruiz de Gauna eta Jorge Mera; eta Gauekoak programako Odei Catalán

Eguna. Asteazkena, urriak 25

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————————

Vitoria-Gasteizko UNEDen 2017-2018 ikasturteari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteazkena, urriak 25

Ordua. 19:00

Tokia. UNEDeko areto nagusia (Pedro Asua, 2)

 

Share

Benito Lertxundik eta Gwennyn-ek abestuko dute Aitzina Folk jaialdiaren V. edizioan, zeina azaroaren 25etik abenduaren 29ra egingo baita

Jaialdiak “Emakumeak folkean” izeneko atala izango du, eta ostiralean, urriaren 27an, aperitiboa eskainiko dute Fantafolk sardiniarrek, Montehermoson

20171024 Dossier Aitzina EUS

 

Folk musikak eta elkartasunak berriro eskua emango diote elkarri Aitzina Folk jaialdiaren V. edizioan; Gasteizko hainbat lekutan eskainiko dira kontzertuak, azaroaren 25etik abenduaren 29ra arte, eta besteak beste, Benito Lertxundik eta Gwennyn abeslari bretoiak joko dute.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok, jaialdiaren zuzendari eta Jon Euskadin ataxia telangiektasiak eragindako ume bakarraren aitak, eta Korrontziko trikitilari Agus Barandiaranek aurkeztu dute gaur programa.

Aurten bi berritasun prestatu dituzte: batetik, jaialdiak aperitibo berezia izango du, urriaren 27an Fantafolk italiarrek kontzertua emango baitute Montehermoson, 21:00ean. Sardiniako birtuosoek bertako bi musika tresna (launeddas eta organetto izenekoak) erabiltzen dituzte, uharteko musika tradizionala oinarritzat hartuz. Sarrera doakoa izango da, gonbit-txartelaz.

Bestetik, “Emakumeak folkean” atal berezia sortu da, ekitaldian emakumeen presentzia handitzeko asmoz, folkean emakume musikari, abeslari eta dantzariek izan duten zeregina azpimarratuz. Horren barruan, Gwennyn abeslari bretoiaren emanaldia, eta lantegiak (Vanesa Muela, Nuala Irish Dancers eta Kukai Dantza) aipatu behar dira.

Aitzina Folk jaialdiaren aurreko edizioetan jatorri ezberdinetako 40 talde eta artista baino gehiagok hartu dute parte, eta 17.000 ikusletik gora bildu dira; guztira ia 60.000 euro jaso dituzte ataxia telangiektasia (AT) endekapenezko gaitz genetiko arraroa ikertzeko, zeina Espainian 30 pertsona inguruk baitute, gehienak umeak.

Aitzina Lan Taldeak antolatzen du Aitzina Folk jaialdia; 2010ean sortu zuten taldea, gaixoei eta haien familiei tokiko ikuspuntu batetik laguntzeko asmoz. Nazioarte eta kulturaniztasun bokazioa duen jaialdiak bi helburu nagusi ditu: AT gaitza ikertzeko dirua biltzea eta gaixotasuna ezagutaraztea, eta folk musika eta munduko hainbat lekutako musika tradizionalaren aberastasuna eta askotarikotasuna zabaltzen jarraitzea.

Gure hiriko kultur ekitaldien egutegian sendotu den jaialditik musika tradizionaleko taldeak igaroko dira, bai eta beren konposizioen oinarritzat musika edo tresna tradizionalak erabiltzen dituzten eta beste estilo edo eragin batzuetara ireki diren taldeak ere.

Gainera, Aitzina Folk jaialdiak tokiko kultura eta kaleko musika giroa sustatzearen aldeko apustua egin du beti. Hori dela eta, azaroaren 25ean (larunbata) kalejirak antolatu dituzte oinezkoen erdigunea eta Erdi Aroko hirigunea girotzeko.

Ataxia Telangiektasia

Ataxia telangiektasia (AT) gaixotasun genetiko neurodegeneratiboa da, sendaketarik ez duena eta bi urte bete aurretik agertu ohi dena. Hainbat organoren funtzioei eragiten die: mugimenduak koordinatzeko ezintasuna, mugikortasunaren galera progresiboa (9 urterako gurpil-aulkia behar izaten da), hitz egiteko zailtasunak, hazteari uztea, immunoeskasia, zahartze goiztiarra, jateko zailtasuna, arazoak azalean eta ikusmenean, pneumonia eta beste arazo batzuk (tumoreak agertzea, esaterako).

Gaixoak guztiz kontziente dira, ez baitie buru ahalmenei eragiten, eguneroko oinarrizko jarduerak beren kabuz egiterik ez badute ere. Ez dugu ahaztu behar pentsatu, sentitu eta maitatzeko zein zoriontsu izateko gaitasuna dutela. Espainian 30 pertsona inguruk jasaten dute, horien artean Euskadin eragindako bakarrak, Gasteizko Jonek.

 

 

Share

2018rako aurrekontu-proiektua 2017koa baino % 4,45 handiagoa da, mugikortasun iraunkorraren aldeko apustu garrantzitsua eginda

 

 

 

 

 

 

  • Tranbiaren luzapenak, autobus elektriko adimentsuak, autobus hibridoen erosketak eta bizikletentzako azpiegiturek batuta 6,3 milioi eurotik gora egiten dute
  • Iaz abiarazitako inbertsio ahalegin handiari eusten zaio, 28,2 milioi eurorekin
  • Ingurumenean eta Gizarte Politiketan haziko da gehien diru-zuzkidura

 

Gorka Urtaran alkatearen adirazpenak

Gorka Urtaran alkateak eta Peio López de Munain eta Itziar Gonzalo alkateordeek 2018rako udal aurrekontu-proiektua aurkeztu dute; orotara 377.421.372 euro da aurrekontua, aurtengoa baino % 4,45 handiagoa, eta Gasteizko Udalak gihar ekonomikoa berreskuratu duen seinale da. EAJ-PSE gobernu-taldeak landutako kontuek 2017an abiarazitako inbertsio-multzo zabala gauzatzea ahalbidetuko du, eta mugikortasun iraunkorraren alde aurrekaririk ez duen apustua egitea, tranbiaren luzapena, autobus elektriko adimentsua eta autobus hibridoen erosketa batuta.

Alkateak 2018ko aurrekontua nabarmen handitzea ekarri duten hiru faktore aipatu ditu: egoera ekonomikoa hobetu izana, aurreko gobernutik jasotako egoera kezkagarria gaindituta; udalaren diru-sarreren portaera hobea, bertako jarduera ekonomikoren eboluzio positiboari esker, eta Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin  hitzartutako funtsen ekarpena. Hain zuzen ere, datorren urterako kontu-proiektuak agintaldiaren hasieran antzemandako zulo ekonomikoa 68 milioi eurotik 27 milioi eurora murrizteko balioko duela iragarri du. “2016an Udalaren egoera zailari aurre egitea zen gure lehentasuna, eta aurten, inbertsio handiak bultzatzea; 2018ko aurrekontuek aurrera doan hiri baten irudi izatea nahi dugu. Ekonomiaren arloan erakargarriagoa den hiria eta hiritarren ongizate erosoa bermatzen duena”, esan du Gorka Urtaranek.

Peio López de Munainek azpimarratu du 2018rako aurrekontuaren ardatz nagusietako bat herritarren bizi-kalitatea izango dela. “Aurrekontu-proiektu ona da, Gasteizen gizarte eta ekonomia hazkundea bultzatzen duelako; kudeaketa publikoaren eraginkortasuna nagusi delako; hiria eraikitzen eta pertsona eta familientzako programa eta zerbitzuak indartzen dituelako, bereziki behar handiena dutenentzat. Gasteizko herritarrekin hartutako konpromisoa betetzen duen aurrekontua da: hiria aukeren lekua bihurtzeko konpromisoa; arreta ematekoa, une zailetan laguntzekoa”, nabarmendu du lehen alkateordeak.

2018, mugikortasun iraunkor eta osasungarriaren urtea

Mugikortasun iraunkorraren aldeko apustu handia da datorren urterako aurrekontu-proiektuaren ezaugarri behinenetako bat. “Tranbia hegoalderantz eta Salbururantz luzatzeak eta autobus elektriko adimentsua ezartzeak —tartean dauden hiru erakundeek 65.100.000 euroko inbertsio globala egingo dute  bi urtetan horretarako— aldaketa erabakigarria ekarriko dute Gasteizko joan-etorriei dagokienez. Udalak ez du inoiz hain apustu handia egin garraio publikoaren alde”, esan du Gorka Urtaranek.

Izan ere, 2018ko aurrekontuan 1.172.675 euroko udal ekarpena jaso da tranbia hegoalderantz luzatzeko obretarako, eta 2019an 1.092.000 euroraino iritsiko da konpromiso ekonomikoa. Autobus elektriko adimentsua ezartzeko 2.797.250 euroko gastua egingo du Udalak 2018an, eta 4.701.500 eurokoa 2019an.

Aldi berean, TUVISAk bost autobus hibrido erosiko ditu 2018an, eta horretarako 1.775.000 euro erreserbatu dira. Aurrekontu-proiektuak bizikletentzako azpiegituretarako erreserbatu dituen inbertsioak, berriz, 572.000 euro dira.

Enplegua eta ekonomiaren dinamizazioa

Aurten abian jarritako Industria Planak zehazten du Gasteizko industrialdeak hobetzeko inbertsioen erritmoa, eta aurten 400.000 euroko partida izango du jarduera berriei ekiteko.

Obra publikoaren kontratazioa da jarduera ekonomikoaren motor garrantzitsuenetako bat, eta 2018ko aurrekontuan, 2017koan bezala, inbertsio ahalegin handia egin da. Zehazki, 28.280.643 euro esleitu dira inbertsioetarako: 4.800.000 €, Santa Barbara plazako obretarako; 1.091.750 €, Espazio Publikoaren Gida Planerako; 1.261.740 €, aurreko aurrekontu parte-hartzailetik gauzatzeke dauden 8 proiektuak burutzeko (Konstituzio plazaren irisgarritasuna, Latinoamerika plaza lurperatzeko proiektua, parkour parkea, etab.), eta 1.500.000 €, aurtengo Gasteiz Hobetuz programan herritarrek berriki bozkatu dituzten ekimenak gauzatzeko.

Goya eraikineko turismo bulego berrirako 500.000 euroko zuzkidura egingo da, eta 300.000 € (gehi beste 2.300.000 € konpromiso-kredituetan) erreserbatuko dira Gasteiz Antzokia proiektatu eta egiteko. Kultura Eratzen proiektuak 350.000 euro izango ditu 2018an, eta beste horrenbeste 2019rako konpromiso-kredituetan.

 Gizarte kohesioa

 2017koaren aldean aurrekontua handitu duten gobernu-arloetako bat Gizarte Politiken eta Osasun Publikoarena da, orotara 40.803.610 euro izango baitu. “Gizarte Politiken aurrekontua 3,6 milioi euro handitu da aurtengoaren aldean. Hau da, % 9 gehiago. Adinekoak beren ingurunean irauten laguntzeko zerbitzuak indartzearen aldeko apustua sendotzen du horrek”, adierazi du Peio López de Munainek.

Berritasun bat nabarmendu beharra dago: 230.000 € Berpizkundearen plazan 1. graduko mendekotasuna duten adinekoentzako eguneko arreta zerbitzua  eraikitzeko. Baliabide berri hori beste proiektu batzuei gehitzen zaie, esate baterako, San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala, zeinetarako 350.000 euro esleitu baitira.

Orobat, hazkunde handia aurreikusi da Etxean Laguntzeko Zerbitzurako: 1,7 milioi euro. Gizarte laguntzak gizarte-kohesioarekin konpromisoa duen gobernu baten ezaugarria dira, eta 584.755 euro gehiago jarriko dira gizarte larrialdiko laguntzetarako, eta 1.151.426 euro udal laguntzetarako.

2018an usoen populazioa kontrolatzeko alternatibak aztertuko dira. Horrekin lotuta, 30.000 euro aurreikusi dira usategien esperientzia bati ekiteko.

 Gasteiz Green

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Arloa da 2018ko aurrekontuan gehien hazten dena, eta ahalegin ekonomiko hori hainbat proiektutan islatuko da, esaterako, Koroatzearen birgaikuntza energetikoa, zeinetara 980.000 € bideratuko baitira.

Bestetik, udal eraikinen energia-eraginkortasuna (150.000 €) eta argiteria publikoaren instalazioena (400.000 €) hobetuko dira. Kopuruari begiratuta, berdeguneak zaindu eta garatzeko partidak (4.386.116 € orotara) nabarmentzen dira; Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak, berriz, 2.536.960 euroko aurrekontu orokorra izango du.

Kirola eta Kultura

Gasteizek kirolaren aldeko apustua egin du, bizi-kalitatearen sinonimoa baita, eta horren isla da 6.059.778 euroko aurrekontu orokorra gizarte etxe eta kirol instalazioetako jarduera-programetarako. Instalazioetarako 2018ko inbertsioetan milioi bat euro aurreikusi da futbol-zelaietarako, eta 720.000 euro Adurtza, San Ignazio eta Beti Jai pilotalekuak berritzeko.

Halaber, partida bat sortu da Mendizorrotzeko zelaia birgaitu eta handitzeko erakundeen artean hitzarmena egiten bada ere;  zelaia Udalaren titularitatekoa da, eta Deportivo Alavesek erabiltzeko baimena du.

Kulturan, hitzartutako partida gehienak hobetzen dira, bereziki diru-laguntzei dagozkienak. Datorren urtean Principal antzokiaren urteurrena ospatuko da, eta horretarako 60.000 euroko partida esleitu da.

Hezkuntzari dagokionez, 90.000 euro aurreikusi dira integrazioaren alorreko neurriak ezartzeko; gobernu taldeak hilabeteak daramatza horiek lantzen.

Azkenik, langileen gastuak gora egin duela aipatu behar da. 2018rako aurreko urtean baino 6 milioi gehiago aurreikusi baitira arlo honetan. Gastu honen zati handi bat langileen ordainsarien %1,5eko gorakadari dagokio. Gainera, ordainsarien partidaren igoeran beste zenbait gauzek ere badute bere eragina: Zabalganeko gizartetxeko arreta langileen kontratazioa eta baita Udaltzaingoaren 32 agente berriak.

Info+DOSSIER PRESUPUESTO 2018

Share

Ikasturte honetan, 14.200 ikaslek baino gehiagok hartuko dute parte IGIk eta AMVISAk antolatzen dituzten ingurumen hezkuntzako jardueretan

 

 

 

 

 

 

Herritarren ingurumen hezkuntza eta prestakuntza nahitaezkoa da gizarte-eredu eraginkorragoa eta inguruarekiko arduratsuagoa lortzeko bidean aurrera egiteko. Lehen mailako tresna da ingurunearen ingurumen eta gizarte hobekuntzaren aldeko balioak, jarrerak eta konpromisoak sustatzeko. Horri dagokionez, Gasteiz zorionekoa da, ikasturte honetan 14.200 ikaslek baino gehiagok hartuko baitute parte Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta AMVISAk antolatzen dituzten ingurumen hezkuntzako jardueretan.

Udalak antolaturiko ingurumen hezkuntzako programak jarduera ugari eskaintzen ditu, eta askotariko gaiak lantzen: landare-ondarea eta naturaren babesa, baratzezaintza ekologikoa, hiri ekologia, elikadura osasungarria, energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarriak, eta uraren kudeaketa integrala. Adin guztietako ikasleei zuzentzen zaie eskaintza, haur hezkuntzatik hasita batxilergo eta prestakuntza zikloetaraino.

Jarduerak hiriko hainbat lekutan garatzen dira: lorategi botanikoa (Europako basoak), Olarizuko etxaldea, Erdi Aroko hiriguneko etxarteak, Zadorra ibaia, Ataria, ura tratatzeko Arakako eta Krispiñako udal instalazioak, udal baratzeak, eta Eraiken eraikuntzaren institutua.

Aurten bi lankidetza nabarmendu behar dira: batetik, Gaia fundazio ekologistarekin, “Etxarteak, hiri ekologiako irakaspena” jarduera egiteko; bestetik, Eraiken eraikuntzaren institutuarekin, “Energia eraginkortasuna: etxeetan 0 kontsumoa helburu” jarduerarako.

 

21 Eskola Agenda

Bestetik, 21 Eskola Agendaren barruan kontsumo arduratsu eta iraunkorra landuko da ikasturte honetan, ikasleen beren kontsumoaren ikuspuntutik; hiriko 21 ikastetxek eta ia 20.000 ikaslek hartuko dute parte.

 

Share

Leire Zugazua Urturi izango da Gasteizko herritarren defendatzaile berria, talde politikoek aho batez erabakita

Leire Zugazua Urturi —une honetan Sindikoaren Bulegoko goi-mailako teknikaria— izango da Gasteizko herritarren defendatzaile berria Martín Gartziandiaren agintaldia amaitzen denean. Horixe erabaki dute talde politikoek aho batez Eledunen Batzarrean.

Herritarren defendatzaile berriak prestakuntza eta lanbide ibilbide osoa du: Zuzenbidean lizentziaduna da, eta teknologia berrien alorreko goi mailako ikasketak ditu. Enpresa pribatuan aritu ondoren, Leire Zugazua 2007an sartu zen Gasteizko Udalaren plantillan, Udalbatzaren Idazkaritza Nagusiarekin lotutako zereginetan. 2013az geroztik, Sindikoaren ondokoa izan da.

Share