Prentsa Oharren banner

Beste urrats bat Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren eguneratzean

 

Idazten ari den taldeak aurrerapenaren lehen ondorioak aztertu ditu gaur goizean talde politikoekin batera, eta bihar batzorde txostengilea bilduko da, alderdi guztien ekarpenak biltzeko  

Urtaranen gobernuak hitz eman zuen HAPOaren berrikuspenaren buruan jarriko zela, tresna berri hori 2019rako prest edukitzeko  

Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorraren berrikuspenak aurrerapausoak ematen jarraitzen du, eguneratzeko aurreikusi zen egutegia betez; oraingo planak 13 urte daramatza indarrean. Gaur goizean, Udalak berrikuspena idazteko kontratatu zuen taldeak hiriaren eredu berria izango denaren ildo nagusiak aztertu ditu talde politikoekin batera.  Eta bihar, ostirala, batzorde txostengilea bilduko da, alderdi guztien ekarpenak biltzeko.

Urtaranen gobernuak agintaldiaren hasieran hitz eman zuen HAPOaren berrikuspenaren buruan jarriko zela, tresna berri hori 2019rako prest edukitzeko, “Etorkizuneko Gasteizen hirigintza-plangintzaren ildo nagusiak ezartzeko, eta tresna hori eguneratzeko, gaur-gaurkoz ez baitie erantzuten lortu nahi dugun giza eskalako hiri-ereduaren beharrizanei. Aurreko agintaldian mantso joan zen Plan Orokorra; oraingo gobernuak, berriz, prozesua azkartu nahi izan zuen, eta horretan gainerako udal taldeen laguntza ezinbestekoa izaten ari da, eta hala izaten jarraituko du aurrerantzean” nabarmendu du Hirigintzako zinegotzi Itziar Gonzalok.

HAPO berria idazteko lanak ez dira zerotik hasi. Izan ere, agintaldiaren hasieratik, Urtaranen gobernuak aurretik egin beharreko bi prozesu garatu ditu. Batetik, indarrean dagoen planeko alderdi zehatz batzuk berrikusi eta eguneratzea, Plan Orokorraren ponentzia politikoak aldian behin egindako bileretan; bestetik, zenbait alorretako adituekin egindako partaidetza-prozesua, “Gasteiz Berrasmatu” programaren bitartez. Herritarrek eta adituek egindako ekarpenak Plan Nagusia berrikusteko Ponentzia Politikoari helarazi zaizkio, landutako gaiekin harremanetan jarri dira, eta azkenik hainbat proposamen eta aukera landu.

Plan Orokorra udalerriak eta hiriak antolatzeko tresna da. Hiriaren ardatzak zein izango diren zehazten du, zein lursailetan jarriko diren erabilera nagusiak, hau da, non jarriko diren etxebizitzak, industriak, ekipamenduak eta azpiegiturak.

 

 

 

Share