Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  19 abendua 2018 12:21

Bihar, abenduak 20, baliabide ekonomiko eskaseko pentsiodunek ohiko etxebizitzan duten energia-gastua finantzatzeko beste laguntza-deialdi bat abiaraziko du Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak. 30.000 euroko aurrekontua bideratuko du horretara.

“Ahalegin handia egiten ari gara krisiaren eragin txarrenak jasaten jarraitzen duten eta ahultasun-egoeran dauden pertsonek oinarrizko eta funtsezko behar bat —argia eta berokuntza— betetzerik izan dezaten”, azaldu du Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek.

Gastu hauek lagundu daitezke diruz: 2018ko uztailaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra bitarteko elektrizitatearen, gasaren edo beste erregai batzuen kontsumoari dagozkionak, edo komunitate gastuak, horiek berokuntza barne hartzen badute.

Energia-gastuagatik justifikatutako zenbatekoaren araberakoa izango da onuradunek jasotzen duten laguntza. Pertsona bakoitzak 300 euro jaso ahalko du gehienez, eta kopuru horrek ezingo ditu egin diren gastuak gainditu.

Onuradunek gizarte larrialdiko laguntzarik (GLL) jaso badute ohiko etxebizitza edo alojamendua mantendu ahal izateko, seihilekoan egindako gastuari energia-gasturako jasotako GLLari dagokiona kenduko zaio diruz lagun daitekeen gehienezko gastua kalkulatzeko.

Energia gasturako laguntza bi zatitan ordainduko da: % 80, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo hilabetean; gainerako % 20a, berriz, gastuak justifikatu ondoren ordainduko da.

Eskabidea aurkezten den unean betekizun hauek betetzen dituzten pertsonak baliatu ahalko dira 2018ko bigarren deialdiaz:

  • Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzea pentsio-osagarri gisa.
  • Eskabidea aurkezten den uneari dagokionez, azken 10 urteetan gutxienez 5 urtez Gasteizen erroldatuta egon izana, eta gutxienez urtebetez, modu jarraikian, eskabidea egin aurretik.
  • Ohiko etxebizitzarako elektrizitatearen, gasaren edo beste erregai batzuen fakturak ordaintzea, zuzenean edo zeharka (etxejabeen erkidegoari, errentatzaileari…)
  • Bonu soziala eskatu izana.
  • Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrean aipatzen diren debeku-egoeretako batean ez egotea.

Eskabideak aurrez aurre tramitatu ahalko dira herritarrei laguntzeko bulegoetan, abenduaren 20tik otsailaren 20ra arte.

2018ko lehen seihilekoari zegokion laguntza-deialdian 120 laguntza eman zituen Udalak.

Energia-gastua finantzatzeko laguntza-eskabideak

 

 

 

Share