Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  3 urtarrila 2019 11:53

Udaltzaingoa izapidetzen ari den argiketa batean 24 urteko gazte bat ikertzen ari dira, gida-baimenik gabe gidatzeagatik bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egin duelako.

Gertaera horiek urtarrilaren 1ean izan ziren, arratsaldez, Foru kalean barrena Ortiz de Zarate kalearekin gurutzatzen den tokian ziklomotor batean arduragabeki zihoala. Udaltzainek esku hartu zutenean eta beraren nortasun-agiria eta ibilgailuaren paperak eskatu zizkiotenean, egiaztatu zuten ez zuela gida-baimenik, puntu guztiak galdu izanaren ondorioz indargabeturik zeukalako. Guardiako Epaitegian izapideak egin ziren.

 

Hiru pertsona zauritu dira trafiko-istripuetan 

Azkeneko 24 orduetan hemeretzi trafiko-istripu erregistratu dira, eta horietan hiru pertsona zauritu dira.

14:30ak baino minutu batzuk geroago, talka baten ondorioz istripu bat gertatu zen auto baten eta bizikleta baten artean, Viena kalearen eta Paris Hiribidearen arteko bidegurutzean. Argiketako talde bat istripu horren nondik norakoak ikertzen ari da; bertan, 38 urteko txirrindulariak zauriak izan zituen buruan eta anbulantzian eraman zuten Santiago Ospitalera.

33 urteko moto-gidari bat ere bertara eraman zuten, Latinoamerika Plazan 17:30ak pasatuta izandako istripu batean zaurituta geratu ondoren. Horren nondik norakoak ere ikertzen ari dira.

20:00ak baino lehentxeago, auto batek oinezko bat harrapatu zuen Independentzia kalean. 43 urte dituen oinezko horrek zauri batzuk izan zituen eta Santiago Ospitalera eraman behar izan zuten bertara hurbildutako larrialdi-zerbitzuek.

Udaltzaingoak 17 salaketa erregistratu zituen atzo Agirrelandako bulegoetan.

 

Suhiltzaileek bi sute itzali dituzte

Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuak (SPEIS) 10:34ean esku-hartze bat egin zuen, Etxabarri Ibiñako etxebizitza baten tximinian sute bat gertatu izanaren mezua jaso ondoren; fatxadan lagin batzuk hartu ondoren, suhiltzaileek hoztu egin zuten suak eragindako eremua. Eta 10:42ean sute bat itzali zuten San Miguel Atxa kaleko pabiloi batean.

Gainera, 9:21ean esku-hartze bat egin zuten, San Anton Plazako etxebizitzan eroritako pertsona baten mezua jaso ondoren: etxebizitza horretara leiho batetik sartu ondoren, atea osasun-langileei zabaldu zieten eta haiek arduratu ziren erorita geratutako pertsona horretaz.

 

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   07:36

 

Udalak poliziaren jarduna babestu du, zauritutako udaltzainei elkartasuna adierazi die eta udaltzainek beren jardunean jasandako erantzun neurrigabea gaitzetsi du

Udaltzainek 20 eta 24 urte bitarteko bost gizonezko atxilotu zituzten atzo goizean, polizia-agenteen aurka egindako atentatu-delitu baten ustezko egile gisa, Gaztetxean egiten ari ziren zarata eteteko eskatzen ari ziren bitartean.

Gertaera horien larritasuna ikusirik, Peio López de Munain alkateordeak adierazpen batzuk egin ditu gaur, hilaren 31tik 1era doan gau osoan “gaztetxean bakar-bakarrik jasandako erantzun neurrigabearen aurrean” poliziek izandako jarduera “egokia” babestuz.

Udal arduradunak azaldu duenez, “31ko gaua eta 1eko goiza bitartean, poliziaren esku-hartzea eragin duten makina bat gertaera izan dira, eta horien artean, lau esku-hartze egin behar izan dituzte zaratagatik establezimenduetan”. Baimendutako kotiloia egiten ari ziren lokal batean, baimenik gabeko kotiloiak egiten ari ziren beste bi lokaletan, eta gaztetxean. Alde horretatik, Munainek gogorarazi duenez, gaztetxearen kasuan “goizeko 9etan oraindik ere irauten zuen festa baten ondorioz esku hartu zuten. Edonola ere, jarduera horiek guztiak normaltasunez burutu ziren, gaztetxea husteko orduan izan ezik, azken honetan Udaltzainek neurri gabeko erantzuna jasan baitzuten ixteko eskatu zietenean, eta hori zela eta, beharrezkoa izan zen askoz ere esku-hartze handiagoa, udaltzainak babestearren”.

Horren haritik, alkateordeak eskerrak eman nahi izan dizkie “Udaltzaingoari eta Ertzaintzari, gure segurtasuna babesten eta gure bizikidetza bermatzen egindako lanagatik”, eta halaber, “bere elkartasuna adierazi nahi izan die atzoko jarduera horretan zauritutako polizia-agenteei”, eta laster oneratu daitezela espero du. “Horrelako gertaerek ez dute inola ere Gasteizko hiria islatzen, jaiegunak alaitasunez bizi nahi baititu, baina betiere bizikidetza egokian. Gure poliziak hori horrela izatea bermatzen du, eta horrelaxe gertatu zen atzo; haatik, gure polizia-agenteen aurkako horrelako indarkeria-ekintzek ez lukete berriro gertatu behar, eta guri horiek gaitzestea dagokigu” esanez amaitu du.

 

Gertaeren kontakizuna

Gertaerak 06:30ak aldera hasi ziren; ordu horretan Alde Zaharreko zenbait bizilagunek 092 zenbakira deitu zuten Gaztetxetik zetorren zarata handiegiaren berri emanez, gau osoan lorik hartzea eragotzi baitzien, eta horrexegatik, zarata hori amaiarazi zezatela eskatzen zuten.

Kalez jantzitako patruila bat handik igaro eta egiaztatu ahal izan zuen kalean, lokal horren aurrean, 500 bat lagun zeudela edari alkoholdunak kontsumitzen, eta ikusi zuen Gaztetxeko ateak zabalik zeudela eta musika jotzen ari zirela.

Egoera hori ikusita, patruila, bere osasuna babestearren, une egokiago baten zain geratu zen lokalaren arduradunak identifikatu eta arau-urratze administratiboa jakinarazteko.

09:00ak aldera, patruila berriro igaro zen leku horretatik, eta ikusi zuen ez zegoela jenderik kanpoaldean, nahiz eta ateek zabalik jarraitzen zuten eta musika entzun zitekeen. Orduan barrualdera sartu ziren eta lokal horren arduradun omen zen pertsonarekin harremanetan jarri ziren, eta eskatu zioten itzali zezala musika hura, bizilagunei sortzen ari ziren eragozpenengatik.

Patruila kanpora irtetera zihoala, jende-multzo batek irteera moztu eta lokaleko ateak ixten hasi zirela ikusi zuten. Kanpoaldean babeserako zegoen patruila batek hori ikusi zuenean, beste batzuk ere etor zitezela eskatu zuen, haiek askatu ahal izateko. Hala, ateak zabaltzeari ekin zioten, harrapatuta geratutako patruila atera zuten eta lokaletik jendea kanporatzen hasi ziren.

Une horretan, zenbait lagun polizia-agenteei beirazko botilak jaurtitzen eta eraso egiten hasi ziren, eta horietako batzuk zaurituta eta kolpatuta geratu ziren. Udaltzain batek, gainera, osasun-zentro batera joan behar izan zuen, belaunean izandako lesioen ondorioz (punturen bat josi behar izan zioten) botila batek jo ondoren.

Jendeari eusteko polizia-lerro bat osatu zuten eta Ertzaintzari laguntza eskatu zioten, patruilei botilak jaurtitzen ikusi zituzten pertsonak identifikatu eta atxilotu zitzaten.

Bost lagun identifikatu eta atxilotu zituzten, eta polizia-agenteen aurkako atentatu-delitu bat eta erresistentzia larria leporatu zitzaien. Horietatik lau aske utzi zituzten geroago. Bosgarren pertsona, aldiz, Guardiako Epaitegiaren esku utzi zuten, polizia-agenteen aurkako beste atentatu batengatik atxilotzeko eta presondegian sartzeko Agindu Judizial bat zuelako.

 

Gainerako urtezahar gaua arazo handirik gabe

Abenduaren 31ko gauean, Udaltzaingoak ahalegin operatibo handia egin zuen, gure hirian kotiloi ugari egitekoak zirelako, eta urte berriaren etorrera ospatzeko jende-emaria handia izango zelako martxako inguruetan. Egun honetan ohikoa izaten den moduan, agente-multzo berezi bat arduratu zen kotiloien kontrolaz, eta gauean 30 ikuskaritza egin zituzten. Udaltzainek egiaztatu ahal izan zuten establezimendu guztiek betetzen zutela Alkatetzaren Bandoan segurtasun-neurriei eta edukierari buruz eskatutakoa. Ostalaritza-establezimendu bati bakarrik jarri zioten salaketa, establezimendu publikoen itxiera-ordua urratzeagatik.

Horrez gain, patruilek zazpi aldiz esku hartu zuten, petardoak eta bestelako gailu pirotekniko batzuk erabiltzeagatik izandako gizabidearen aurkako jokabidea zela eta. Azpimarratzekoa da adingabe batzuekin esku hartu behar izan zutela eraikinen fatxaden aurka petardoak jaurtitzen ari zirelako, eta postontzi bat lehertu zutelako, haren barruan petardo bat sartu ondoren.

Beste alde batetik, Udaltzaingoak hamasei aldiz esku hartu eta jardun behar izan zuen 04:00etatik goizeko 10:00etara doan ordu-tarte horretan izandako borroka eta eztabaida partikular batzuen ondorioz.

Azkenik, bide publikoan egiten ari ziren botiloiak kontrolatzen aritu ziren udaltzainak. Nabarmendu beharra dago bi adingabe eraman behar izan zituztela alkohol-kontsumo neurrigabearen ondorioz intoxikatuta.

 

Beste esku-hartze batzuk: genero-indarkeria

Udaltzainek 49 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo gauean, bere bikotekide ohiaren aurkako genero-indarkeriako delitu bategatik eta bien alabaren aurkako etxe-indarkeriako delitu bategatik.

Gertaera horiek 21:00ak aldera izan ziren; hain zuzen ere, Udaltzaingoaren patruila bat San Kristobal auzoko etxe batera etor zedila eskatu zuten, antza eztabaida bat gertatu zelako eta gizonezkoak 13 urteko bere alabari masaileko handi bat eman ziolako. Gizonezkoak bikotekide ohiarekin partekatzen du alabaren zaintza. Bikotekide ohia etxera itzuli eta alabak gertatutakoa kontatu zionean, amak gaitzetsi egin zion jokaera hura. Gizonezkoak, orduan, emakumea astindu eta larriki mehatxatu zuen hormaren aurka, eta horren ondorioz, senitarteko bat laguntzera etorri zen. Alde guztien adierazpenak kontuan izanik, udaltzainek gizonezkoa atxilotu egin zuten eta gaur goizean epailearen esku geratuko da.

 

Polizia-agenteen aurkako atentatua eta mehatxu larriak

Udaltzainek astelehen goizeko lehen orduetan 30 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, polizia-agenteen aurkako atentatu-delitu baten eta mehatxu larrien ustezko egile gisa. Gertaera horiek 07:15ak aldera izan ziren; patruila bat Fernández de Leceta kaleko ostalaritza-establezimendu batera joanak ziren, itxiera-ordua urratzen ari zelako. Han, arestian aipatutako gizonezko hori bide publikoan txiza egiten ikusi zuten, eta esku hartu zutenean, hark irainak, mehatxuak eta erasoak zuzendu zizkien udaltzainei, eta horren ondorioz, atxilotu egin zuten. Guardiako Epaitegian izapide egokiak egin ondoren, aske utzi zuten.

 

Hiru atxilotu izan dira ibilgailuetan lapurtzeagatik eta etxebizitza batean lapurtzeagatik

Udaltzainek atzo goizean hiru gizonezko atxilotu zituzten ibilgailuen barrualdean indarra erabiliz lapurreta-delitu baten ustezko egile gisa. Gertaera horiek 10:00ak aldera izan ziren; Mendizabala kalean minutu batzuk lehenago bere autoa aparkatuta utzi zuen herritar batek hiru gizonezko ikusi zituen autoaren barrualdean. Gelditzeko esan zienean, haiek ihesi irten ziren eta haien atzetik joan zen bere ibilgailuan. Haien atzetik zihoala, beste gizonezko batekin topo egin zuen; hark ere ikusi zituen une bat lehenago aparkatutako autoetan miatzen, baita inguru horretako urbanizazio bateko hesia eskalatzen ere, barrualdean zer zegoen jakiteko.

Lekuko horrek Udaltzaingoa ohartarazi zuen eta patruila batzuk berehala hurbildu ziren bertara. Han zeudela, beste dei bat jaso zuten 092 zenbakian, bi pertsona susmagarri “Monte de la Tortilla” delakoaren ondoko tutoretzapeko apartamentuetan sartu zirela ohartaraziz. Bi lekukoek emandako deskribapena guztiz bat zetorren, eta horrexegatik, haiek atxilotzeari ekin zioten.

Geroxeago, patruila batek hirugarren gizonezkoa Lasarteko Atea kalean topatu zuen eta hura era atxilotu egin zuten. Guardiako Epaitegian izapideak egin ondoren, aske utzi zituzten, eta horietako bat Polizia Nazionalaren Atzerritartasun Unitatera eraman zuten, ezohiko egoeran aurkitzen zelako.

 

Etxebizitza baten barruan indarkeriaz lapurtzea eta mehatxu egitea

Udaltzainek atzo gizonezko bat atxilotu zuten lesioak eragin zituen eraso-delitu baten ustezko egile gisa.

14:00ak baino lehentxeago, 092 zenbakira egindako dei batek Arkaiate ingurura polizia-agenteak etor zitezela eskatu zuen, emakume bat gizonezko baten atzetik zihoalako, oinezkoei laguntza eskatzen zien bitartean, gizonezko hori etxean sartu omen zitzaiolako. Patruila bat berehala joan zen bertara, eta gizonezko hori topatu zuen, Nikosia kalean jende gehiago atzetik jarraika zuela.

Udaltzainek arakatu egin zuten eta urrezko eraztun bat eta domina bat zintzilik zuen iduneko bat aurkitu zioten. Gainera, hatz erakuslean odol-jarioa zuela ikusi zuten; zauri hori emakumearen hozkada batek egin zion, gizona etxean topatu eta hark heldu zionean harengandik askatzen ahalegintzen ari zela. Udaltzainek, halaber, inguru horretan biktimarenak ziren mugikor bat eta ordulari bat topatu zituzten, ustezko lapurrak hari ostu eta ihesi zihoala bidean bota ondoren. Gaur goizean epailearen esku geratu da.

Gainera, Udaltzainek larunbat goizeko lehen orduan eta atzo arratsaldean bi gizonezko atxilotu zituzten, epailearen errekisitoria bana zutelako.

 

Bi pertsona zauritu dira trafiko-istripu banatan

Hogeita zazpi trafiko-istripu erregistratu dira eta horietan bi pertsona zaurituta geratu dira.

Abenduaren 31n, astelehena, 16:00ak aldera, Las Trianas kalean, 34 urteko gizonezko batek zauri larriak izan zituen bere ibilgailua galtzadatik irten ondoren berak bakarrik jasandako istripuaren ondorioz. Gidaria Santiago ospitalera eraman zuten.

Atzo, 2019ko urtarrilak 1, goizeko 06:00ak aldera, Agirrelanda 8 kalean, bi ibilgailuren artean talka gertatu zen. Istripu horren ondorioz, gidaria, 54 urteko gizonezko bat, zaurituta geratu zen, eta izandako lesio arinak osatzera Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Gainera, lau gidari ikertu dituzte beren ibilgailuak edari alkoholdunen eta/edo substantzia estupefazienteen eraginpean gidatzeagatik. Horiei guztiei argiketa judizialak ireki zaizkie, eta hiri honetako Guardiako Epaitegira igorri dira. Era berean, atzo, urtarrilak 1, alkoholemiaren prebentziorako lau kontrol egin zituzten hirian, eta guztira, 73 gidari inguruk egin zuten proba. Horietatik bik emaitza positiboa eman zuten eta salaketa jarri zaie administrazio-bidetik.

Gainera, 41 salaketa aurkeztu ziren, horietatik gehienak (6) diru-zorroak eta mugikorrak lapurtzeagatik, edota kalteak eragiteagatik (11).

 

Suhiltzaileek etxean eroritako pertsona bat erreskatatu dute

Atzo, asteartea, 18:09an Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak (SPEIS) esku-hartze bat egin zuen, Joan II. kalean pertsona bat bere etxean eroria zegoela zioen ohartarazpen bat jaso ondoren. Suhiltzaileak etxebizitzara sartu eta komunean sartzeko atea zabaldu zuten, eta horrez gain, egoeraz arduratu ziren.

 

Share