Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  8 urtarrila 2019 14:14

Gasteizen abenduan eta urtarrilaren hasieran lotuta antolatzen diren ekitaldiak eta programazioa gertakaririk gabe garatu dira. Kultura Zerbitzuak antolatzen ditu horietako gehienak, baita Gizarte Etxeen eta Kirolen Zerbitzuak ere: jaiotza monumentala, Olentzero eta Mari Domingiren etxea, kaleko musika, ikuskizunen erakustaldia, Butaka Txikia, antzerkia, izotz-pista eta egun horietako jarduera izarrak, alegia, Olentzero eta Mari Domingiren eta Ekialdeko Errege Magoen egunak.

Olentzero eta Mari Domingirekin lotutako ekitaldi guztiak gorabeherarik gabe burutu ziren, eta aurreikusitako programa osorik bete zen. Antizikloia, tenperatura ona eta zubi luze bateko arratsalde-gaua izatea lagun, milaka gasteiztar batu ziren ibilbide osoko espaloietan, eta Bake eta Olagibel kaleetako zatiak jendez gainezka egon ziren.

Goizean goizetik, familia ugari hurbildu ziren harrerara. Mari Domingiren protagonismoa Olentzeroren antzekoa da iaztik, eta zerbitzuak horren oso balorazio ona egin du. Umeek normaltasunez eta gogoz hartu dute berrikuntza. Orotara, 850 umek eman zieten gutuna bi pertsonaiei zuzenean, eta haiekin hitz egin zuten udaletxean, ian baino ehun gehiagok. Azken bi urteetan, ia % 30 hazi da ekitaldiaren asistentzia.

Desfilean 400 pertsona inguruk parte hartu zuten, eta jendetza bildu zuen. Ibilbidea aurreko urteetakoa izan zen: Iparralde gizarte etxea, Legutianoko atea, Frantzia kalea, Bake kalea, Olagibel kalea, Espainia plaza.

Azken urteetako berrikuntzaren ildotik, Mari Domingi ere atera zen desfilean, lehenengo karrozan, eta jendeak oso harrera ona egin zion. Egun zoragarriari bukaera emateko, biak agur egitera atera ziren Espainia plazara, lau iratxok eta 12 haurrek lagunduta; jendez gainezka zegoen plaza.

Ondoren, Txagorritxuko Ospitalean zeuden umeak bisitatzera joan ziren Olentzero eta Mari Domingi.

Erregeen egunean lau jarduera antolatu ziren: ADIFeko geltokira iristea, Espainia plazako agurra, Goiuri jauregiko harrera eta desfilea.

Ekitaldi guztiak (tren geltokira iristea, Dato kaleko ibilaldia eta udaletxeko balkoitik agurtzea) oso errotuta daude dagoeneko, eta nasak, espaloiak eta plazak jendez gainezka egon ohi dira. Espainia plaza, bestetik, oso zabala da eta jende gehiagok ikustea ahalbidetzen du. Familiek dena eman dute egun horretan Erregen alde, eta ekitaldi guztietan partaidetza izugarria izan da. Eguraldia hotza izan zen, baina lehorra, eta horri esker, arazo berezirik gabe burutu ahal izan zituzten Errege Magoek beren agendako ekitaldiak.

Errege Magoak 6 ordu izan ziren haurrekin Goiuri jauregian, Ekialdeko maiestateek duten erakargarritasunaren seinale. Guztira 950 ume igaro ziren jauregitik haiekin hitz egitera.

Hotz handiak ez zuen eragotzi desfilea ikuskizun handia izatea: 6 karroza, 4 antzerki-ikuskizun (laugarrenak ez zuen desfilatu azkenean) eta 300 parte hartzaile inguru.

Zalantzarik gabe urtean jendetza gehien biltzen duen ekitaldia inolako gorabeherarik gabe igaro zen, eta kritikak, oro har, onak izan dira.

Jaiotza monumentalean eta Olentzero eta Mari Domingiren etxean —Florida parkean eta Uraren Ezkutuko Lorategian, hurrenez hurren— normaltasuna izan da nagusi. Olentzero eta Mari Domingiren etxe berriak arrakasta handia izan du jendearen artean. Postontzian ehunka gutun jaso dira.

Gabonetako Haur Parkea eta izotz-pista

Jai egunetako beste jarduera nagusietako bat Gabonetako Haur Parkea da, berriro ere Udalak kudeatu duena; aurten Hegoalde gizarte etxean egin da berriro ere. Azken urteetan baino jende pixka bat gutxiago agertu da bertara, baina 15.000 pertsonako kopurua gainditu da, hain zuzen ere 15.731, horietatik 8.436 adingabeak, eta 7.295 helduak.

1.233 eta 2.613 pertsona bitartean joan ziren gizarte etxera egun bakoitzeko, urtarrilaren 3an bildu delarik jende gehien. Bestalde, abenduaren 31n, 633 pertsona soilik (kontuan hartu behar da egun horretan goizez bakarrik ireki zela).

Alabaina, izotz-pistaren erabilera nabarmen igo da aurtengo Gabonetan. 17.394 erabilera izan ditu, iazko 13.537en aurrean. Abenduaren 23a izan zen egunik erabiliena (1.287 erabilera), eta hile bereko 18koa txikienekoa, 86 erabilera. Gainera, txirrista izan da beste behin ere izar nagusia, 61.478 eranbilerarekin, iazko 43.550en aurrean. Abenduaren 22a izan zen okupazio handieneko eguna (4.812 erabilera), eta 18a gutxienekoa (658). Beraz, irekiera-aldi guztiko (23 egunekoa, abenduaren 15etik urtarrilaren 6ra bitartean) erdialdeko asteburuetan pilatu izan da jende gehien. baliteke eguraldiak zerikusia izatea hazkuntza horretan.

Antzerkia eta ikuskizunak

Joan den urtarrilaren 4an egin zen EGOren (Euskal Herriko Gazte Orkestra) ohiko kontzertua, zeinarekin amaiera eman baitzitzaion Udalaren Antzoki Sareak 2018-2019 Gabonetarako prestatutako programazioa; aurtengokoaren ezaugarri nagusia San Pridentzioa kaleko antzokiaren mendeurrena ospatzeko ekimenak izan dira.

Guztira 12 ikuskizun eskaini dira, 10 Principal antzokian (tartean mendeurrenaren inguruko ekintzen arteko 6), eta 2 gizarte etxeetako antzokietan. Garai honetan ohi bezala, pop musika, antzerkia, balleta eta familia osoarentzako proposamenak izan dira formatu nagusienak, eta balantzea, berriro ere, benetan positiboa izan da.

Principal antzokiaren kasuan, batez besteko asistentzia % 88koa izan da, eta 4 ikuskizunetan guztiz bene izan da: Los Escapes, Cienycientas, 5 horas con Mario, eta Rozalén en kontzertuan; lauetan ipini behar izan zen “sarrerarik ez” kartela. Betetzetik gertu ibili ziren Intxaur-hauskailua balleta (% 98) eta Eguberrietako kontzertua, Arké eta Gasteizko Ganbara Orkestrak emana (% 88). Guztira 7.865 ikusle bildu izan dira horietara.

 

Urteko garai honetan ohi den bezala, apalagoa izan zen Sareko antzokietako asistentzia, okupazioa % 49koa izan zelarik (% 47koa abenduaren 1ean Felix Petite antzokian taularatu zen La maldición de los hombres Malboro lanean; % 51ekoa abenduaren 13an, Jim Aktual zikloaren barruan Hegoaldee Parasite Kolektiboak eman zuen La balsa de la Medusa izenekoan). Guztira 254 ikusle bildu izan dira horietara.

Haur Ikuskizunen XV. Erakustaldia arrakastatsua izan da benetan, nola ikusle-kopuruagatik, hala lanen kalitateagatik. Guztira 4 ikuskizun antolatu dira, eta publikoaren gustukoak izan dira. 6.889 pertsona inguratu dira ikuskizun horietara, iazko Gabonetako datuen pare, eta duela bi urtekoen hiru halako.

Super Wings eta Play’N’Kids ikuskizunetako sarrera guztiak saldu ziren, eta gainerakoek erantzun ona izan zuten, bai eta parte-hartze benetan animatua ere.

IKUSKIZUNA JENDE KOPURUA
SUPER WINGS 2.500
PLAY’N’KIDS 2.311
FAR WEST 1.013
A TRAVÉS DEL ESPEJO 876
ASISTENTZIA GUZTIRA 6.889
   
BATEZ BESTEKO ASISTENTZIA IKUSKIZUNEKO 1.722

Familientzako Butaka Txikia antzezlan-programak zortzi ikuskizun programatu ditu (12 saiotan), hiriko gizarte etxeetako antzoki eta ekitaldi aretoetan banaturik. Zazpi saiotan sarrera guztiak saldu ziren (mugikortasun mugatukoak kontuan hartu gabe). 1.742 sarrera jarri izan dira salgai, eta 1.509 saldu dira, % 88,6.

Horrez gain, musika kalean Zortzi fanfarre aritu dira oinezkoentzako eremuan. Gainera, 25 abesbatzak beste horrenbeste emanaldi eskaini dituzte. Egunero bizpahiru abesbatza aritu izan da, eta bukatzeko elkarrekin aritu ziren Urrezko Zeledonen plazan; bildutako jendeak oso ontzat hartu zuen ekitaldia.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:56

Bihar, asteazkenez, Elurteetarako Udal Plana aktibatuko du Udalak eguerdiko 12:00etan, 21:00etatik aurrera elurra egin lezakeela iragarri baitute.

Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia Zuzendaritzak abisu horia ezarri du bihar gauerditik aurrera, ostegun goizeko 10:00ak arte.

Aldi horretan, elur pixka bat egin lezakeela diote eguraldi-iragarpenek, 200-400 metrora jaitsi daitekeela elurraren kota, eta 3 zentimetro arteko geruza era litekeela.

Larrialdi aurreko fase honetan, suhiltzaileen eta FCCren makinak eta ibilgailuak baliatuko ditu Udalak bide publikotik elurra kentzeko.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:04

82 urteko pertsona bati ordularia lapurtu zioten atzo, besarkadaren metodoa erabiliz. Gertaerak San Martin auzoan izan ziren, pertsona hori bizi den komunitatearen atarian, emakume bat hurbildu zitzaionean. Elkarrizketa labur bat izan ondoren, pertsona susmagarriak alde egin zuen bertatik. Biktima etxera iritsi zenean, ordularia lapurtu ziotela ohartu zen.

Udaltzaingoaren agenteek 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, atxilotzeko eta Gasteizko Epaitegian aurkezteko errekisitoria judizial bat baitzeukan gainean. Hura autobus-geltokian topatu ondoren, identifikatu egin zuten udaltzainek, eta ikusi zuten agindua oraindik indarrean zegoela eta, ondorioz, agindua betearazi zuten. Guardiako Epaitegian izapide egokiak bete ondoren, epailearen esku geratu zen atxilotua.

Auto batek oinezko bat harrapatu zuen

Atzo, 15:00ak baino lehentxeago, Iruña-Veleia etorbidean auto batek harrapatuta pertsona batek izandako istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Istripu horretan 33 urteko oinezko bat zaurituta geratu zen eta Txagorritxu Ospitalera eraman behar izan zuten.

Udaltzaingoak beste 10 trafiko-istriputan esku hartu zuen, nahiz ez zen inor zauritu eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik; 21 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialak 9 jarduera burutu zituen.

 

Share