Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  14 urtarrila 2019 17:00

Saskibaloiko Erreginaren Kopa Vitoria-Gasteizko hiriari ematea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Espainiako Saskibaloi Federazioko presidente Jorge Garbajosa; Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Euskadiko Saskibaloi Federazioko presidente Germán Monge Muzas; Arabako Saskibaloi Federazioko presidente José Miguel Corres; eta Araski, nesken saskibaloi taldeko presidente Livia López

Eguna. Asteartea, urtarrilak 15

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

———————————

Gizarte bazterketa ikusarazten duen ‘Invisibilidad Revelada’ erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munain; eta proiektuaren egile eta erakusketako komisario Carlos Lalastra

Eguna. Asteartea, urtarrilak 15

Ordua. 11:00

Tokia. Montehermoso Kulturunea, Ur Andela

———————————-

Saskibaloiko Erreginaren Koparen zozketa

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza zuzendari Maider Etxebarria; Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Igone Martinez de Luna; Espainiako Saskibaloi Federazioko presidente Jorge Garbajosa; eta Euskadiko Saskibaloi Federazioko presidente Germán Monge Ganuzas

Eguna. Asteartea, urtarrilak 15

Ordua. 12:30

Tokia. Artium museoa

————————————

‘Invisibilidad Revelada’ erakusketa inauguratzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munain; eta proiektuaren egile eta erakusketako komisario Carlos Lalastra

Eguna. Asteartea, urtarrilak 15

Ordua. 19:30

Tokia. Montehermoso Kulturunea, Ur Andela

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:17

Udaltzain Agenteek atzo 35 urteko emakume bat eta 31 urteko gizonezko bat atxilotu zituzten etxe-indarkeriaren delituagatik eta gertakari horretan esku hartu zuen patruilaren aurkako atentatuagatik.

092ra egindako dei batek ohartarazi zuen gizon bat eta emakume bat eztabaida latzean zebiltzala San Kristobal auzoko etxebizitza batean. Lekuko batek toki horretara hurbildutako patruilari jakinarazi zion bikotekideak San Kristobal zubirantz abiatu zirela. Handik pixka batera, sastraka batzuen artean ezkutatuta topatu zituzten. Gizonezkoak erretilu bat zeraman, hauts zuri baten arrastoekin, eta odoletan zuen aurpegia. Emakumeak aitortu zuen gizonezkoari aulki bat burura bota eta eraso egin ziola, eta horren ondorioz, udaltzainek atxilotu egin zuten. Une horretan, gizonezkoak, eraso hori ukatzen eta emakumea errugabetzen saiatu ondoren, patruilaren aurka eraso egin zuen, eta hura ere atxilotu egin zuten, agintaritza-agenteen aurkako atentatuagatik. Bikotekideak Agirrelandako polizia-etxera eraman zituzten eta, gero, gizonezkoa ospitalera, jasandako lesio horietatik sendatzera. Gaur goizean epailearen esku geratuko dira.

Zakur baten erasoa

Udaltzaingoak izapide batzuk eginarazi ditu Guardiako Epaitegian lesio-delitu bat egon daitekeelako, emakume batek salatu egin baitu tamaina handiko zakur batek eraso egin ziola bere aitari, joan den abenduaren 21ean, Gamarra Nagusia herritik barrena paseoan zebilela.

Antza denez, muturrekorik gabe zihoan zakur bat etxetik irten eta kosk egin zion besoan. Eraso horren ondorioz, 82 urteko gizonezkoa desorekatu eta lurrera erori zen, bizkarrean kolpe bat hartuz. Zakurraren jabeek laguntza eman eta anbulantzia bati deitu zioten, Santiago Ospitalera eraman zezaten.

Zazpi pertsona zauritu dira istripuetan

Joan den ostiralean oinezko batek jasandako harrapaketaren nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat; 60 urteko emakumea behar bezala gurutzatzen ari zen galtzada Heraclio Fornier kalean, eta beste emakume bat gidatzen ari zen auto batek hura harrapatu eta alde egin zuen bertatik. Bertara hurbildutako larrialdi-zerbitzuek emakumea artatu eta anbulantzian eraman zuten Santiago Ospitalera.

Egun horretan bertan gertatutako beste harrapaketa baten nondik norakoak ere ikertzen ari dira. Auto batek 68 urteko oinezko emakume bat harrapatu zuen Herrandarren kaleko oinezkoen igarobide batean. Anbulantzian eraman zuten Santiago Ospitalera.

Ibilgailu barruan zihoan pertsona bat zaurituta geratu zen ostiralean, Jacinto Benavente kalean hiru autoren arteko talka-istripu baten ondorioz.  Istripua jasandako 20 urteko emakume hori anbulantzian eraman zuten Txagorritxu Ospitalera.

Larunbat gauerdian, 41 urteko moto-gidari bat zaurituta geratu zen, Micaela Portilla kalean bere ibilgailuaren kontrola galdu eta irristan joan ondoren. Anbulantzian eraman zuten Txagorritxu Ospitalera.

Arriagako Atea eta Luis Olariaga kaleen arteko biribilgunean bi ibilgailuren arteko istripu bat gertatu zen larunbatean. Autoetako batean zihoan 45 urteko emakumezko gidaria eta beste lau bidaiari artatu behar izan zituzten. Ez zen beharrezkoa izan ospitalera eramatea. Beste ibilgailu batean zihoan 41 urteko gidaria San Jose Ospitalera eraman zuten.

Ziklomotor batean zihoan 26 urteko gidaria zaurituta geratu zen larunbatean, Antonio Machado kalearen eta Oto Hiribidearen arteko biribilgunetik barrena zihoala lurrera erori ondoren.  Bertara hurbildutako larrialdi-zerbitzuek gazte hori artatu eta, gero, anbulantzian eraman zuten Txagorritxu Ospitalera.

Inor zauriturik geratu ez zen beste 35 trafiko-istriputan esku hartu zuten asteburuan Udaltzainek, eta 4 gidari –3 gizonezko eta emakumezko 1– ikertzen ari dira alkoholaren eraginpean gidatzeagatik. Lau pertsona horiei izapideak abiarazi zizkieten Guardiako Epaitegian, bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik.

Gainera, Udaltzainek alkoholemiaren prebentziorako zazpi kontrol egin zituzten asteburuan hiriburuan, eta horietan, 130 gidari baino gehiagori eginarazi zizkieten alkoholemia-probak. Horietatik bostek emaitza positiboa eman zuten eta salaketa jarri zaie administrazio-bidetik.

Ostiraletik igandera, Udaltzainek 45 salaketa izapidetu dituzte eta Polizia Judizialak 13 jarduera burutu ditu.

Zortzi edukiontzik su hartu dute

Larunbat gaueko 2:20 eta 3:36 bitartean hiru toki desberdinetan esku hartu zuten suhiltzaileek, suak hartutako zortzi edukiontzi itzaltzeko: Errementari kalean guztiz kiskalita geratu zen edukiontzi bat; Bustinzuri kalean ibilgailu baten ondoko beste edukiontzi bat erreta geratu zen, nahiz eta suhiltzaileek autoa babestea lortu zuten, eta suak lau edukiontziri eragin zien, suhiltzaileek ura erabiliz itzaltzea lortu bazuten ere; Ehari Ibaiaren zidorrean sua bi edukiontzitan hasi, eta gero beste batek ere su hartu zuen, baina suhiltzaileek hori ere itzaltzea lortu zuten.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:20

Hilaren 16an izango da, 19:00etan, Goiuri jauregian

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasle eta soziologo Oscar Rebollok “¿Asociaciones viejas en una nueva sociedad?” izenburuko hitzaldia emango  du urtarrilaren 16an, 19:00etan, Goiuri jauregian, Herritartasunerako Eskola Irekiaren barruan —Isabel Martínezek zuzentzen duen Partaidetza eta Gizarte Etxeen Sailak antolatzen du hori—.

Saio irekia da, aldez aurretik gonbit-txartela eskuratuta gizarte etxeetan zein kirol instalazioetan.  Elkarteek gaur eguneko aktibismo moldeetara egokitzeko duten gaitasuna izango da gai nagusia.

Oscar Rebollo Soziologiako irakaslea da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta ikerlaria Gobernu eta Politika Publikoen Institutuan (IGOP), unibertsitate berean. Zenbait udal gobernuren aholkulari izan da (Bartzelona, Girona, L’Hospitalet, Donostia, Rubí, Sabadell, Terrassa eta beste batzuk), eta hiri-eraldaketarako proiektuen koordinatzaile.

Informazio gehiago

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:06

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean iragarri duenez, Gasteiz Antzokiaren proiektua “abiatzear da” eta gauzatu egingo da, agintaldia amaitu baino lehen lizitatuko baita. Une honetan, Euskararen Etxea jartzekoa den Ruiz de Bergaratarren jauregiaren egoeraren azterlan teknikoa azkentzen ari da Udala, baita akustikari buruzko txostena ere. Bi agiri horiek bukatutakoan zehaztuko da aurreproiektua, proiektua eta obra lehiaketara atera ahal izateko.

Euskaltzale taldeekin batera taxututako beharren programaren zenbait xehetasun azaldu ditu Gasteizko alkateak. Adostutakoaren arabera, Gasteizko Kafe Antzokia 1.250 metro koadroko espazioa izango da, lau solairutan banatuta. Osagai hauek izango ditu: sarrera nagusia, Zapatari kaletik (jantzitegi eta sarrera-saltegia barne); erdiko espazioa, agertokiarekin (274 metro koadro); aldagelak; kontrol teknikorako kabina; ostalaritza espazioa (103 metro koadro); ekitaldi aretoa; erakusketa aretoa; lantegiak; lan egiteko espazioak (bulegoak, bilera gelak), eta bestelako espazioak (komunak, biltegiak…).

“Gasteiz Antzokia gero eta hurbilago dago, gainditu behar izan ditugun eragozpenak gorabehera. Agintaldi osoan egindako lanari eta Elkargunea osatzen duten euskaltzale taldeen konpromisoari esker, proiektua abiaratzear da”, azaldu du Gorka Urtaranek.

Gasteizko alkateak proiektuak orain arte egindako bidea laburtu du gaur goizean: 2017. urtearen hasieran ideia-lehiaketara deitu zen, Gasteiz Antzokia Eskoriatza-Eskibel jauregian jartzeko, eta ondoren akordio batera iritsi zen, pilotalekua bertan uzteko, adostasun sozial eta politikoa lortze aldera; geroago, ordea, fuel depositu bat agertu zen lorategian, eta hori kendu beharra zegoen, lurra deskutsatu eta ingurunearen alderdi arkeologikoak aztertu. Eskoriatza-Eskibelen inguruan beste bi depositu agertu dira azken urteetan: bata gasarena zen, eta 2014an atera zen; bestea Harategi kantoiaren eta Frai Zacarias Martinez kalearen arteko bidegurutzean agertu zen, eta aparrez inertizatu zen.

Azaldutakoaren ondorioz, Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea jartzeko beste leku bat bilatu behar izan zen, eta Euskara Elkargunean Ruiz de Bergaratarren jauregira aldatzea erabaki zelarik bertan kokatuko dira azkenean. Une honetan ez dago inolako erabilera zehatzik aurreikusita Eskoriatza-Eskibel jauregiarentzat, baina egitura sendotzeko eta estalkiak iragazgaizteko proiektu teknikoa kontratatu beharko da, baita dagokion lana gauzatu ere; horrek milioi euro inguruko kostua izango du.

Share

FICMA-Ingurumeneko Zinemaren Nazioarteko Jaialdiaren erakustaldia hartuko du berriro ere Gasteizek. Sei film proiektatuko dira, Artium museoan. Ingurumenarekin begirunez jokatuko duen aldaketa sozialaren inguruko hausnarketa bideratzea du xede jaialdiak, duela 25 urte sortu zenez geroztik, eta joan den azaroan izan zen azken edizioa, Bartzelonan. Hamabost aldiz ekarri du dagoeneko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak Kataluniako jaialdi horren erakustaldia Gasteizera. Bihartik aurrera, Artiumekin lankidetzan, sei dokumental proiektatuko dira.

Ingurumenaren arloko gaiak jorratzen dituen zinema-jaialdi aitzindaria da mundu osoan Ingurumeneko Zinemaren Nazioarteko Jaialdia. Izan ere, zaharrena da, 25. edizioa izan baita azkena, eta erreferente bihurtua da ingurumen-dokumentalen arloan, baita jaialdi berritzaile gisa ere. Zinema eta zinemaren industria lantzen ditu, eta ingurumenaren arloko edukia eta ingurumen-hezkuntza, hainbat jarduerarekin.

Bihartik —urtarrilak 15— eta hilaren 31ra bitartean izango da proiekzioak ikusteko aukera. Aurten, bigarren urtez, Artium museoan izango dira. Film hauek ikusi ahal izango dira: ‘The reclutant radical’ (urtarrilaren 15ean), ‘Hondar 2050’ (urtarrilaren 17an), ‘Rush tour’ (urtarrilaren 22an), ‘The uncertainly has settled’ (urtarrilaren 24an), ‘Unfractured’ (urtarrilaren 28an) eta ‘Chamán’ (urtarrilaren 31n). 19:30etan hasiko dira proiekzioak, jatorrizko bertsioan, azpitituluekin, eta doan izango dira.

Pinakotekak jaialdiarekin bat egin duelarik, sendotu egingo da ingurumen-zabalkundearen eta gizartearen arteko lotura, ingurumenaren eta artearen eta kulturaren artekoa. Gainera, Artiumeko funtseko artelanen bisita gidatuetan parte hartzeko aukera eskaintzen da, eta familia osoarentzako lantegi bat, arte plastikoen bitartez naturara hurbiltzeko. Errioxako Würth Museoari buruzko hitzaldi bat izango da urtarrilaren 16an, eta argazkiak hostoen gainean errebelatzen ikasteko lantegi bat, urtarrilaren 24an.

 “Gasteizen etorkizun iraunkorragoa lortze aldera bideratzen ari garen proiektuekin uztartzen dira dokumentaletan jorratzen diren gaiak. Energia-aurrezpena eta energia-eraginkortasunaren hobekuntza direla medio trantsizio energetikoa bultzatzeko konpromisoa hartua dugu, Koroatzeko proiektuaren eta Mugikortasun Planaren gisako proiektuen bitartez, Azpiegitura Berdearen Estrategiaren bitartez klima-aldaketara egokitzeko, elikagaien estrategiaren markoan lurraldeko janari-produkzioa lehenetsi eta jarduera horrek ingurumenean duen inpaktua gutxitzeko, ekonomia jasangarria bultzatu eta hondakinak murrizteko… Hori guztia, herritarren partaidetzarekin”, azaldu du Ingurumen zinegotzi eta IGIko lehendakari Iñaki Prusillak.

“Nire aldetik nabarmendu nahiko nuke Artium, gaur egungoaz arduratzen den Zentro-Museo gisa, gizarte garaikideari eragiten dioten eta interesatzen zaizkion gai guztiei adi dagoela. Eta ingurugiroa da horietako bat, agian gizadiaren etorkizunerako garrantzitsuena. Hori dela-eta, Jaialdiaren proiekzioen egoitza gisa parte hartzeaz gainera, aurten Artiumek, iaz ere egin zuen bezala, beste eduki batzuk ere eskainiko ditu, artea eta artistak ingurugiro gaietara nola hurbiltzen zaizkien ezagutzera emateko, edota nola eragin daitekeen artearen mundutik gai horri buruzko gogoeta eta kezka”, adierazi du, bere aldetik, Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Igone Martínez de Lunak.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:21

Lau saio izango dira: bi  hitzaldi irakasle eta gurasoentzat, eta bi lantegi umeentzat

 

 

 

Montehermoso kulturuneak —Estíbaliz Cantok zuzentzen duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailaren mendekoa— “Bideojokoak eta hezkuntza” jardunaldiak antolatu ditu; horien barruan, alorreko espezialistek hitzaldiak emango dituzte urtarrilaren 18an eta 25ean, irakasle, hezitzaile, guraso eta herritar orori zuzenduta, eta hilaren 19 eta 26an umeentzako lantegiak eskainiko dira.

Programaren helburua da —azaldu du Estíbaliz Canto zinegotziak— bideojokoak eta haien ahalmenak ezagutaraztea, baita erabiltzeko eta disfrutatzeko modu osasungarria ere”.

Bestetik, gaurtik hasita hilaren 18ra arte, hiriko hainbat ikastetxe publiko eta hitzartuek Montehermoson antolatutako zenbait saiotan hartuko dute parte, Hezkuntza Zerbitzuarekiko lankidetzaren bidez. Erabilera, abusua eta adikzioaren arteko ezberdintasuna ikasteaz gain, aisialdia kudeatzeko behar diren tresnak eskuratuko dituzte.

Egitaraua:

Urtarrilak 18, 19:00.

  • Hitzaldia eta mahai-ingurua: “Nola ikasi bideojokoekin jolasten?”.  Carlos González Tardón.
  • Animal Hero Universe-ren bidaia”. Down sindromea duten pertsonen gaitasun kognitiboak hobetzeko bideojoko terapeutikoa da hori. Yolanda Peregrín eta Silvia Quera.

Urtarrilak 19, 11:30-13-30.

  • Lantegia: “Zeure abentura sortu”, Yolanda Peregrín eta Silvia Queraren eskutik.
  • Animal Hero Universe-n agertzen diren pertsonaietan oinarrituta ipuin eta istorio dibertigarriak asmatuko dira.
  • 6 eta 11 urte bitarteko haurrentzat.
  • Aldez aurretik izena eman behar da. Plaza-kopuru mugatua. Informazioa eta izen-emateak: 945 161830 / info.montehermoso@vitoria.gasteiz.org

Urtarrilak 25, 19:00.

  • Hitzaldia eta mahai-ingurua: “Ikastea, hausnartzea eta dibertimendua bideojoko komertzialen bidez”. Rut Martínez Borda.
  • “De Fobos y Deimos”. Bideojokoen bitartez LGTBIfobiari aurre egitea. Alexander Rodríguez.

 Urtarrilak 26, 11:30-13-30.

  • Lantegia: “De Fobos y Deimos jokatzen”, Alexander Rodríguezen eskutik.
  • Parte-hartzaileek Jokin eta haren lagunak ezagutuko dituzte eta haien bi aurkarien kontra borrokatzen lagundu beharko diete: beldurra eta gorrotoa ezezaguna denari.
  • 11 eta 14 urte bitarteko haurrentzat.
  • Aldez aurretik izena eman behar da. Plaza-kopuru mugatua. Informazioa eta izen-emateak: 945 161830 333

Bideojokoen gunea Mediatekan

Azkenik, bideojokoak zabaldu eta ezagutzeko gune egonkorra eratzen ari dira Montehermosoko Mediatekan. Lau terminal eskainiko dira, aldizkari espezializatuak eta nobela grafikoak. People&VIDEOGAMESen fundatzaile Carlos González Tardón arduratu da bideojokoak hautatzeaz, baita proiekturako aholkularitzaz ere.

Bitartekari batek jokoaren ezaugarriei eta erabiltzeko adin gomendatuari buruzko informazioa emango die interesdunei; PEGI kodea (Jokoei buruzko Informazio Paneuroparra) erabiltzen da jokoak adinen arabera sailkatzeko.

 programa

Share