Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  23 urtarrila 2019 17:00

Prentsaurrekoa. Vitoria-Gasteizko eskola-matrikulazio kanpainari buruzko ekimena aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; eta Arabako Hezkuntza delegatu Blanca Guerrero

Eguna. Osteguna, urtarrilak 24

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————-

Prentsaurrekoa. Izaro Ieregiren ‘Feroz eta Kabala’ erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Izaro Ieregi, artista egilea; UPV-EHUko ordezkari Arantza Lauzirika; eta erakusketako komisario Cristina Arrázola-Oñate

Eguna. Osteguna, urtarrilak 24

Ordua. 11:30

Tokia. Montehermoso Kulturunea

——————————

Prentsaurrekoa. Gazte Sortzaileak beka lehiaketan aukeratutako kultur proiektuak aurkeztea

Parte hartzaileak. Euskara zinegotzi Iñaki Prusilla; Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatu Igone Martínez de Landa; eta Miren Narvaiza eta Haizea Beruete sortzaileak

Eguna. Osteguna, urtarrilak 24

Ordua. 12:15

Tokia. Oihaneder Euskararen Etxea

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:30

 

 

 

 

 

 

 

Gasteizko alkateak feria inauguratzeko jardunaldian hartu du parte: Gasteizek ekitaldi agenda erakutsiko du bertan, eta XIX. mendeko hiria ezagutzeko aplikazio berritzaile bat

Gasteizek turismo iraunkorrarekiko konpromisoa berritu du 2019ko FITUR azokaren lehen egunean. Alkate Gorka Urtaranek eta Biosphere Responsible Tourisme Institute-ko zuzendari Patricio Azcáratek bilera egin dute erakunde horren standean, bertan elkartuko baita Biosphere Destination Community delakoa, hau da, Biosphere Certified Destination zigilua lortu edo lortzekotan diren helmuga iraunkorren komunitatea.

Izan ere, beste hiri batzuekin batera Gasteiz gonbidatu dute Euskadin helmuga iraunkorraren ziurtagiria lortu duen lehen udalerria izatera iristeko eredu arrakastatsua azal dezan. Zehazki, Gasteizen bideratutako azken esperientzia azalduko dute, ekonomia zirkularraren aldeko apustua egiten duen proiektua: Udalak eta hiriko 38 turismo ostatuk landu dute hori, PET plastikozko ontzien kontsumoa murrizteko, erabiltzen direnak bildu eta birziklatzeko, eta bizi-zikloa bete duten ontziei bizitza berria emateko.

Gorka Urtaranek ziurtagiria ematen duen erakundeari jakinarazi nahi izan dio ostatu sektorearen inplikazioa eta konpromisoa Biosphere helmuga iraunkor gisa hiriak dituen estrategien barruko ekintza esanguratsu batekin. Gure ustez, ekonomia zirkularra haien negozioak hobetzeko tresna da, aurrezten eta ingurumen aztarna gutxitzen lagunduko baitie. Garrantzitsua da administrazioak eta sektoreak —hotelak, landa-turismoko etxeak, turismo gidariak, bidaiariak garraiatzeko enpresak, ostalaritza eta zerbitzuen hornitzaileak— indarrak batzea, helmuga iraunkor gisa. Gasteiz Euskadin Biosphere Responsible Tourism ziurtagiria lortu duen lehen udalerria da, eta horrek ikusgarritasun handiagoa ematen digu nazioarteko turismoaren merkatuan, eta galdu ezin ditugun aukera berriak zabaltzen“, gogorarazi du alkateak.

Bileran, Biosphere-ren ordezkariek Biosphere helmuga diren hirietan horren alde lan egiten duten enpresak, erakundeak eta agenteak identifikatzeko bereizgarri berriak aurkeztu dizkiote alkateari; horiek ekonomiaren, arlo soziokulturalaren eta ingurumenaren arteko oreka defendatzen duen helmuga dela bermatzearen alde lan egiten dute, aldi berean turisten eta harrera-eskualdeen beharrak asebetez, entitateari berari, gizarteari eta ingurumenari irabazi garrantzitsuak ekarriz, eta etorkizunerako aukerak hobetuz.

Gaurko jardunaldian, orobat, biltzarrak eta ekitaldiak antolatzeko duen ahalmena erakutsiko du Gasteizek, eta arratsaldeko azken orduan IWINETC 2019 Nazioarteko Enoturismo Biltzarra aurkeztuko dute erakundeek.

Gasteiz, ekitaldiz beteriko helmuga

Biosphere erakundeko arduradunekin biltzeaz gain, alkatea Euskadik FITUR azokan duen standaren inaugurazioan izan da, zeinean Gasteizek bere iragan historikoa eta 2019rako  ekitaldi agenda betea agerraraziko baititu, hiriko hainbat sektorerekin batera landu duen eskaintzaren bidez.

Gasteizek Estatuan egiten den nazioarteko turismo-azoka garrantzitsuenera eramango dituen plater nagusiakazaldu ditu  alkateak;gainera, hirian ere izango du oihartzunik azokak, hainbat jarduera antolatu baitira urtarrilaren azken astebururako.

Alkateak gogorarazi duenez, Fiturren beste aitorpen bat jasoko du hiriak. Hain zuzen ere, SICTEDen 2018ko helmuga oneraren kategorian 1. finalista hautatu dute hiria, sektoreko enpresen lehiakortasunaren alde erakutsi duen konpromisoa dela eta.

Orobat, Udalak hainbat bilera eta topaketa tekniko itxi ditu, turismoaren sektorerako aliantza estrategikoak indartzen jarraitzearren, esate baterako, Hiri Napoleonikoen Iberiar Sarea, RENFE, Movelia, Viajar con Hijos, Infotactile eta Sismotourrekin.

Asteburuan, Fiturren amaiera

 Nazioarteko turismo feriaren amaiera gisa, Gasteizek jende orori zuzendutako ekintza ugariren bidez erakutsiko ditu bere erakargarriak, eta 2019an hiria bisitatzeko aitzakia izango den ekitaldi-agenda ezagutaraziko.

Arabako Foru Aldundiaren, Basquetourren eta ekitaldien antolatzaileen laguntzarekin, Nazioarteko Enoturismo Biltzarra, Lauko Finala eta Magialdia aurkeztuko dira, besteak beste. Aurten hiria promozionatzeko landu den bideoa ere proiektatuko da.

Gasteizen bertan, berritasunak dakartzaten plan ezberdinak proposatuko dira Fiturren astebururako, besteak beste, Basmoon Shiners vodka arabarraren dastatzeak, eta bisitak eta dastatzeak Mamia okindegiko lantegian.

Ibilbide Gozoa ere antolatu da. Hiriko gozotegietako erakusleihoetan sortu duten gozo berria erakutsiko dute. Parte hartzen duten gozotegiak: Confituras Goya, Sosoaga, Los Artesanos, Pastelería Txistu, Pastelería La Peña Dulce, Confitería Nalda, La Fábula de Olga. Gainera, Arabako patataz egindako vodka artisauaren dastatzeak, ardo-dastatze itsuak, Azoka plazako bisitak eta bisita gidatuak eskainiko dira.

Informazio gehiago:

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:35

Udaltzaingoak 80 esku hartze egin zituen 2018an bide publikoan gertatutako txakur-hozken kasuak zirela eta; 50 kasutan pertsonei egin zieten horzka eta gainerakoetan beste txakur batzuei. Gehienetan, animaliak aske zeudelako gertatu zen. Egoera horietan –092an udaltzainak bertaratzeko eskaria jaso ondoren–,  esku-hartze protokoloa aktibatu zuten Agirrelandako Ingurumen taldeko patruilek.

Esku hartze horietan, udaltzainak eskatutako lekuetara joaten dira eta, aldeen datuak jaso ondoren, albaitari batek horzka egin duen txakurra aztertu behar duela adierazten duen jakinarazpena ematen dute, 101/2004 dekretuan xedatutakoaren haritik. Azterketa kliniko hori ahalik eta azkarren egin behar da, eta jabeak aukeratu egin dezake Animaliak Babesteko Zentrora eraman eta bertan egitea, edo etxean egitea, albaitari baten zerbitzuak baliatuta.

Udaltzainek erietxe batera joateko esaten diote erasoa jasan duen pertsonari, bertan sendatu dezaten, eta lesio-partea eman diezaioten. Datu horiekin guztiekin txostena idazten da, udalaren Osasun Publikoaren Zerbitzura bidaltzeko, eta txakurren jabeek egin ahal izan dituzten bestelako arau-hausteak ere adierazten dira bertan. 2018an mota honetako 45 dosier izapidetu ziren.

Txakurra sailkatzea

Informazio hori guztia jaso ondoren, txakurra sailkatzeko izapideak abiarazten dira, eta txakur hori edukitzeko baldintza berezi batzuk ezarriko dira, urtebetez: muturrekoa eta bi metrotik beherako kate luzaezina eraman beharko du, eta, horretaz gain, 120.000 euroko estaldura duen asegurua izan beharko du. Aldi horretan, jabeek txakurren sailkapena aldatzeko aukera izango dute; horretarako txakurraren hezitzaileak edo etologoak  txakurraren sailkapena positibotzat jo beharko du peritu-txostenean.

Txakurrak horzka egin ondoren herritarrak lesioen eta kalteen gaineko erreklamazioa egin nahi izanez gero, animaliaren jabearen aseguru-etxera bideratu beharko du. Kudeaketa hauek emaitzarik lortu ezean, bide zibilaren bitartez sala liteke. Horretaz gain bide penala ere badago; iaz lau argiketa izapidetu ziren Agirrelandan bide horretan (arduragabekeria larriek eragindako lesio larriagoen kasuetarako bide irekia da).

Txakur batek beste bati horzka eginez gero, patruila bertara joaten da, hala eskatuz  gero, eta datu guztiak jasotzen ditu, zauritutako animaliaren jabeak animalia albaitariarengana eraman aurretik  Aurreko kasuan bezala, dagokion txostena egiten da Osasun Publikora bidaltzeko, gertatu ahal izan diren administrazio arau-hausteak tramitatu eta bide judiziala abiarazi (kalte-ordainei dagokionez adostasunik ez badago).

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:01

16 urteko txirrindulari bat zaurituta geratu zen atzo, Ama Teresa Kalkutakoa kaleko 10 zenbakiaren parean gertatutako istripu batean, auto bat oinezkoentzako pasabide bat ustekabean zeharkatzen hasi eta mutila jota. Kolpearen ondorioz, adingabea errepidera erori zen eta lesio batzuk izan zituen; leku horretara hurbildutako larrialdi-zerbitzuek arreta egin zioten, eta gero, Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Ordu batzuk lehenago beste istripu bat gertatu zen Izarbenta eta Jacinto Benavente kaleen arteko bidegurutzean bi autok elkar ukitu ondoren. Talka horren ondorioz, kopilotu gisa zihoan 13 urteko neska adingabea zaurituta geratu zen, eta anbulantzian eraman zuten Santiago Ospitalera.

Udaltzaingoak, halaber, beste 14 trafiko-istriputan esku hartu zuen, nahiz ez zen inor zauritu eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik; 27 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialak 17 jarduera burutu zituen.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:44

 

 

 

 

 

 

Gaur goizean hasi ditu Udalak Andre Maria Zuriaren plazako eta Foru plazako argiztapena hobetzeko lanak. Zerbitzu Elektrikoek Andre Maria Zuriaren plazako 28 proiektagailu aldatuko dituzte guztira, hamar urtetik gora baitute, eta horien ordez led teknologiako berriagoak jarriko dituzte. Zehazki, 63, 55 eta 43 watt-eko ‘visio’ modeloa jarriko da. Foru plazan, berriz, 63 eta 55 watt-eko 15 luminaria jarriko dira.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak sustatutako hobekuntza horri esker, argiztapen- eta uniformetasun-maila handiagoa lortuko da bi plazetan. Luminaria berriak aurrekoak baino eraginkorragoak izango dira, energia-kontsumoa murriztuko baita, eta itsutzea eta argi-kutsadura sortzea eragotziko da aldi berean.  Mantentze kostua ere gutxituko da, horien bizitza baliagarria ohikoena baino luzeagoa baita. Lan horietaz gain, beste leku batzuetako argiteria publikoa areagotu du duela gutxi Udalak: Loma Jeneralaren plazan eta Dato kalean, Iradier, Florida, San Prudentzio, Araba Jenerala eta Posta kaleekiko bidegurutzeetan.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:33

ON:GIZ elkarteak antolatu du, eta aldez aurretik bi informazio-hitzaldi egingo dira urtarrilaren 30ean eta otsailaren 5ean, parte-hartzaileekin ordutegiak adosteko

20190123 liburuxka

Udalaren Hezkuntza Zerbitzuak —Estíbaliz Canto zinegotzia da buru— “Gure seme-alaben hazieraz eta hezkuntzaz arduratzen den aitatasuna eraikiz” lantegia antolatu du bigarren urtez, Udaleko haur-eskoletako zein Haurreskolak Partzuergoko 0 urtetik 3 urtera bitarteko haurren aitentzat.

Zinegotziak berak eta ON:GIZ elkarteko bi kideetako batek, Eduardo Portillak aurkeztu du gaur prentsaurrekoan; hain zuzen ere, elkarte horrek genero-berdintasunaren alde egiten du lan, gizonak bide horretan inplikatzeari bereziki erreparatuz.

“Denbora erabilerari buruzko inkestek berriro ere adierazten dute ugalketa-lana ez dela berdin banatzen gizon eta emakumeen artean, eta beraz, etxean eta zaintzan lan-zama eta erantzukizuna ez da parekidea. Hori galga handia da emakumeentzat, espazio publikoan ez ezik baita publikoan ere”, azaldu du Cantok, eta orobat adierazi du zen den ikastaroaren helburua: “aitek erantzukizun handiagoa hartzea umeen zaintzan eta hazieran, hausnarketaren eta prestakuntzaren bidez”.

Orotara 12 ordu iraungo du, eta otsailetik maiatzera bitartean egingo da, interesdunek zehazten dituzten egun-orduetan. Horretarako, aldez aurretik bi informazio-hitzaldi egingo dira:

  • Urtarrilaren 30ean, asteazkenez, 16:00etatik 17:00etara, Zaramagako haur-eskolan (Nafarroako Errege-Erreginen kalea, 16B)
  • Otsailaren 5ean, asteartez, 16:00etatik 17:00etara, Zabalganeko haur-eskolan (Ilustrazioaren hiribidea, 46).

“Ikastaroa eginez, interesdunek aita arduratsuak bihurtu ahalko dira, hori nahi badute, eta, batez ere, beren etxeak guztion artean eraikitzen ahalegintzen ari garen berdintasunezko gizartearen isla izango dira”, amaitu du Cantok. Orobat iragarri du ekimen hori ez dela bere sailak berdintasunaren alorrean prestatutako bakarra, 2018an hasitako proiektu pilotua errepikatuko baita otsailean, Zaramagako haur-eskolan, gizonek erantzukizun eta inplikazio handiago izan dezaten sustatzeko, eta Lourdes Lejarreta haur-eskolara zabalduko da.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:13

Joan den astetik, hiriko ehun urtetik gorako dendei eskainitako espazio bat du Gasteizko Udalak bere webgunean. 24 establezimenduren irudiak —janari-dendak, zapata-dendak, jantzi-dendak, gozotegiak, farmaziak eta ostalaritza-establezimenduak, besteak beste—, helbideak eta harremanetarako datuak ageri dira bertan.

 

Gasteizen 100 urte baino gehiago zabalik daramaten denden arduradunei Udalak joan den urtean egin zien omenaldiari gehitu zaio espazio berria. Europa jauregian —Urban Commerce jardunaldiaren barruan— egin zen ekitaldi hura bideo batean jasota dago, eta esteka baten bitartez ikus daiteke, ehun urtetik gorako denden espazio horretan.

Azkenik, ehun urtetik gorako dendetako bakoitzaren irudi historikoak biltzen dituen bideoa ere ikus daiteke hor. Negozioetako bakoitzak mende batetik gorako bere jardunean igaro dituen hainbat unetako zenbait argazki aski ezezagun ikus daiteke bideo horretan.

“Negozio horiek familia-tradizioarekin, bezeroekin eta Gasteizekin izan duten konpromisoak egin du posible ehun urtetik gora egitara iristea, hiriari bizitza ematen, enplegua sortzen eta kalitateko zerbitzua eskaintzen. Webguneko espazio horrekin, beste pausu bat eman nahi dugu, ehun urtetik gorako merkataritza lokalari gorazarre egiteko”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Informazio gehiago: Ehun urtetik gorako denden espazioa

Share