Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  21 urtarrila 2019 17:58

Ugaztun horren gainpopulazioa gero eta handiago da, eta kalteak eragiten ditu hezeguneko faunan zein laboreetan, eta istripuak gertuko errepideetan

 

Lau arkulari arduratuko dira harrapatzeaz, suzko armen bidezko uxaldiak eragoztearren

 

Gasteizko Udalak Salburuko basurde-populazioa kontrolatzeko kanpaina bat abiaraziko du aste honen bukaeran edo datorren astearen hasieran. Izan  ere, ugaztun horren gainpopulazioak hainbat arazo sortzen ditu: eragin negatiboa hezeguneko faunan —bereziki anfibioentzat, narrastientzat eta habiak lurrean egiten dituzten hegaztientzat—, kalteak inguruko laboreetan, istripuen arriskua gertuko errepideetan —hainbat gertatu dira dagoeneko— eta osasun arriskua, animalien kontzentrazio handia eta parkeko oreinekiko kontaktua direla kausa.

Egoera horren aurrean, Udalak baimena lortu du bi hilabetez populazioa kontrolatzeko kanpaina egiteko. Arabako Arkularien Elkarteko lau kide esperientziadun arduratuko dira basurdeak hiltzeaz. Plataforma goratuak jarriko dira zuhaitz edo aldamioen gainean, eta jakiak ere erabiliko dira, eraginkortasun eta segurtasun handiagoa lortzearren. Ilunabarrean egingo dira zaintzak, astelehenetik ostiralera.

Basurdeak kontrolatzeko kanpainarekin batera, errondak egingo dira gauez, ibilgailuz, neurrien eraginkortasuna ebaluatu eta presio zinegetikoa arautzeko. Arkuak erabiltzeak suzko armak erabiltzeak baino arrisku txikiagoa du. Suzko armek, gainera, ihesaldiak eragingo lituzkete, eta basurdeak zein orkatzak hezegunetik kanpora trumilka aterako lirateke. Salburuko hezegunea leku babestua da, eta Gasteiz inguruan zedarritutako segurtasun-zonaren barruan sartzen da; beraz, debekatuta dago suzko armak erabiltzea, salbuespen egoeretan izan ezik.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

‘Bombas de calor: solución sostenible para la climatización’ jardunaldiari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusilla

Eguna. Asteartea, urtarrilak 22

Ordua. 9:00

Tokia. ERAIKEN CIFP Construcción LHII (Oto hiribidea, 33)

————————————

Prentsaurrekoa. Espainiako ‘Overwatch Andromeda’-ren finala eta e-sports ekimenaren ‘New Age Generation’ ekitaldia aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Josu García Leiva, CEO New Age Generation; eta Alexander Robleño, CEO eta Omnis Club-eko sortzailea

Eguna. Asteartea, urtarrilak 22

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:53

Udaltzaingoaren Agenteek 50 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean, droga-trafikoarekin loturiko delitu baten ustezko egile gisa.

Patruila batek ikusi zuen substantzia estupefazienteen legez kontrako salerosketa bat izan zitekeena egiten ari zirela bi gizon Arriagako Atea kalean. Udaltzainak ikusi zituztenean, haietako batek porro bat eta diru-zorro bat lorategi batera bota zituen, gainetik kendu nahirik.

Patruilak bi gizonak identifikatu eta axaletik miatu zituen, eta ustezko saltzaileari zenbait billete eta barruan kolore zuriko hauts moduko substantzia bat zuten zenbait plastikozko zorro aurkitu zizkioten. Zorro horiek aztertu ondoren, Narkotestak emaitza positiboa eman zuen speed eta kokainan, eta haxixa eta beste porro bat ere aurkitu zizkioten, beste gauza batzuen artean. Gertaera horien aurrean, eta drogak bakarkako zorrotan banatzen ari zela ikusirik, udaltzainek atxilotu egin zuten gizonezkoa.

Bai atxilotuari eta bai beste gizonari ere substantzia horiek kendu eta bidezko administrazio-espedientea ireki zizkieten, Herritarren Segurtasunerako Legeak dioenarekin bat etorriz. Guardiako Epaitegian izapide egokiak egin ondoren, atxilotua aske utzi zuten, baina laster Epailearen aurrean aurkeztu beharko du.

Zazpi pertsona zauritu dira lau istriputan

Zazpi pertsona zauritu dira asteburuan gertatu diren lau trafiko-istriputan.

Ostiralean, tranbiak bizikletaz zihoan adingabe bat harrapatu zuen, Gasteiz hiribidea eta Gurutze Zuriko kalearen arteko bidegurutzean. Argiketa-talde bat ikertzen ari da ea 16 urteko txirrindulari hori tranbiaren trenbide gaineko oinezkoen pasabide batetik gurutzatu ote zuen, semaforoa gorrian zegoela. Larrialdi-zerbitzuek arreta egin zioten, eta gero, Santiago Ospitalera eraman zuten.

20 urteko beste txirrindulari bat zauritu zen Gamarrako Atetik barrena zihoala, Zaramaga kaleko bizikleten pasabide batean autobus batek harrapatuta. Anbulantzia batek artatu zuen gaztea eta, gero, Santiago Ospitalera eraman zuen.

Argiketa-talde bat istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da, atzo 21:30ak pasata bi autok talka egin baitzuten Arriagako Atea eta Artapadura kaleen arteko bidegurutzean. Bi ibilgailuetan kalte nabarmenak eragin zituen talka horren ondorioz, haietako batean zihoan 14 urteko neska gazte bat harrapatuta geratu zen eta suhiltzaileen laguntza behar izan zuten handik atera ahal izateko. Gainera, bigarren ibilgailuan zihoazen 50 urteko gidariak, 49 urteko kopilotuak eta 24 urteko bidaiari batek zauriak izan zituzten. Santiago eta Txagorritxu ospitaletara eraman zituzten.

Auto batek 82 urteko oinezko bat harrapatu zuen atzo, Extremadura kaleko 1 zenbakiaren parean dagoen oinezkoentzako pasabide batean. Osasun-langileen talde batek leku horretan bertan artatu ondoren, Santiago Ospitalera eraman zuten oinezkoa.

Udaltzainek beste 26 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen inor zauritu eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik. 48 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialak 11 jarduera egin zituen.

Asteburuan alkoholemiako bost prebentzio-kontrol egin dira hirian, eta horietan, 60 gidarik egin behar izan dituzte probak. Horietatik bostek emaitza positiboa eman zuten eta salaketa jarri zaie administrazio-bidetik.

Deskuiduak kontrolatzeko kanpaina

Udaltzaingoak trafiko-kanpaina berezi bat egingo du, gaurtik hasi eta urtarrilaren 27a arte, zirkulazioan deskuiduak eta arreta galtzea eragiten duten tresna eta aparatuen erabilera kontrolatzeko helburuarekin. Gidatzen den bitartean, musika-entzungailuak erabiltzea, GPS gailuak arduragabeki erabiltzea eta, nagusiki, “esku libreak” ez diren telefonia mugikorreko gailuak erabiltzea zainduko du.

Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorrerako 2015-2020 Plan Estrategikoan aurreikusitako zaintza eta kontrol-jardueren barruan jasoa dago kanpaina hori, eta horren funtsezko helburua Euskadiko bide publikoetan Bide Segurtasuna bermatzea da, eta horrekin batera, ezbeharren ehunekoak eta horiekin loturiko lesio-arriskuak murriztea.

Edukiontziak sutan

Suhiltzaileek, larunbateko 03:14ean, Ayala Kantzilerraren kalean su hartu zuten lau edukiontzi itzaltzen esku hartu behar izan zuten. Sua ibilgailu batera zabaldu zen eta beste ibilgailu batek ere ia su hartu zuen. Beharrezkoa izan zen, halaber, ondoko eraikin bateko lehen solairua freskatzea.

Ordu laurden bat geroago, Jacinto Benavente kalean paper-edukiontzi batean piztutako beste su baten jakinarazpena jaso zuten, eta SPEISeko langile-talde batek uraz itzaltzea lortu zuen.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:32

Herritar orok erantzun dezakete,  otsailaren 3ra (ostirala) arte

Euskal administrazio publikoek, eta Gasteizko Udalak haien artean, herritarrek informazio publikoaren arloan zein behar duten ezagutzeko ekimen bateratua jarri dute abian. Gobernu Irekirako Aliantza (Open Governmetn Partnership) ekintzaren barruan, zeinean Euskadik ere parte hartzen baitu, inkesta anonimo bat jarri da interesdunen eskura, herritarrek zer informazio premia duten jakiteko, haien beharrak kontuan izanik euskal erakundeek eskaintzen dituzten datu publikoak hobetzearren.

Ondoren ematen diren esteken bidez erantzun dezakete inkesta herritar orok, otsailaren 3ra (ostirala) arte. Betetzeko bizpahiru minutu baino ez dira behar, eta guztiz konfidentziala da.

Inkesta

Herritar moduan eman dezakezu iritzia, esteka honen bitartez: http://use.encuesta.euskadi.net/index.php/458882/

Gizarte zibileko erakunde baten kide gisa iritzia emateko: http://use.encuesta.euskadi.net/index.php/527387/

OGP Euskadi ekimenak konpromiso zehatzak finkatu nahi ditu gardentasuna sustatzeko, herritarrak trebatzeko, ustelkeriaren aurka borrokatzeko eta teknologia berrien bidez gobernagarritasuna indartzeko. OGP Euskadin bai herritarrek bai erakunde publikoek hartzen dute parte (Eusko Jaurlaritza, hiru foru aldundiak eta Gasteizko, Donostiako eta Bilboko udalak, besteak beste).

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:02

 

  • “Zure ideiak balio du” lehiaketaren 15. edizioan zortzi kategoriatan emango dira sariak: ideiak, iraunkortasuna, merkataritza eta turismoa, nekazaritzako elikagaiak, industria, zerbitzuak, eta bi sari berezi (publikoaren saria eta Metxa azeleratzailearen Bootcamp-erako leku bat)
  • Lehenengo jarduera  Eskola Enpresen Feria izango da, urtarrilaren 30ean Andre Maria Zuriaren plazan egitekoa dena; jardunaldi zentrala, Ekin Day izenekoa, apirilaren 3an egingo da, Europa jauregian
  • Orobat, ekintzailetzarekin lotutako hainbat gairi buruzko Ekin Breakfast topaketen formatua sustatuko da urte osoan zehar, Gasteizen zein Arabako beste leku batzuetan

Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak —SPRI taldearen eta BIC Arabaren bitartez, zeinaren bazkide nagusia baita— Araba Ekinean programaren barruan 2019rako proposatutako jarduerak aurkeztu dituzte gaur prentsaurrekoan; horren xede nagusia lurralde osoan ekintzailetza sustatzea da, eta “Txipa aldatu” lema berriak teknologia berrietara eta munduko ekonomiaren paradigma aldaketetara bideratu nahi du arreta. Berrikuntza garrantzitsuenen artean aipatu beharra dago lau erakundeek ahalegin handia egin dutela jarduera kopurua handitzeko eta urte osora zabaltzeko, Araba osoko ekintzaileei lagundu eta zerbitzu ematearren. Esate baterako, 2018an sortutako ekintzailetzari buruzko Ekin Breakfast gaikako topaketen arrakasta ikusirik, lurralde osoan antolatuko dira, datorren abendura arte. Azken helburua da komunitatea sortzen jarraitzea eta Araban sortzen diren ekimenei laguntzea, bai  alavaemprende.com atariaren bidez bai zuzeneko ekitaldien bidez.

Nerea Melgosa, Gasteizko Udaleko Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzia; Pilar García de Salazar, Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusiordea; Aitor Urzelai, BIC Arabako lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza zuzendaria, eta Josune Albizu, Vital Fundazioaren zuzendaria, arduratu dira programa aletzeaz. Jardueren artean ideia-lehiaketa berritua ere gailentzen da, gaur hasten den hamabosgarren edizioan hazkunde nabarmena izan baitute sariek eta kategoriek, ekintzaile gehiago parte har dezaten. 2019ko “Zure ideiak balio du” lehiaketan bederatzi kategoriatan emango dira sariak:

  • Ideiak: oraindik garatu ez diren baina duten originaltasunagatik edo etorkizunerako proiekzioagatik aitortza merezi duten ideiak balioetsiko dira. Saria 500 euro izango da, On4u Global Services enpresaren babesarekin.
  • Iraunkortasuna: garapen iraunkorraren balioak ondoen islatzen dituen proiektua sarituko da. 500 euroko saria Aclima Euskadiko ingurumen arloko industrien klusterraren babesari esker emango da.
  • Merkataritza eta Turismoa: alor horretan garatzen diren proiektu guztiak balioetsiko dira. 1.000 euroko saria emango da, Gasteiz ON-ek babesturik.
  • Nekazaritzako elikagaiak: alorrean sustatzen diren ekimenak sarituko dira. 1.000 euro.
  • Industria: industriaren arloan aurkeztutako proiekturik onenak 1.000 euroko saria eskuratuko du, Michelin Fundazioak babesturik.
  • -Zerbitzuak: merkataritza eta turismoaren alorretik at pertsonen beharrak betetzeko ekimen onena sarituko da. 1.000 euro.
  • Publikoaren sari berezia: ideia finalisten azken aurkezpenera doazenek aukeratuko dute. 300 euro.
  • Metxa sari berezia: izen bereko azeleratzaileak emango dio proiektu berritzaileena denari eta hazteko ahalmen handiena duenari. Saria hurrengo Metxa Bootcamp-erako leku bat da, 4.000 euroan balioetsia.
  • RPK sari berezia, enpresen eraldaketa sozialari: aurkeztutako proiektu guztien artean, kategoria edozein delarik, RPK enpresak eragin sozial handieneko proiektua hautatuko du, industriaren eta eraldaketa sozialaren arteko lerrokadura lortze aldera. Saria 1.000 euro izango da.

Eskabideak aurkezteko epea gaur, urtarrilak 21, hasiko da, martxoaren 11ko 14.00ak arte. Oinarriak  alavaemprende.com webgunean kontsultatu daitezke. Lurraldean ekintzailetzarekin zerikusia duten zenbait agentek osatutako dute epaimahaia; martxoaren erdialdera aukeratuko dituzte finalistak, zeinek martxoaren 23an (asteartea) egitekoa den ekitaldian aurkeztuko baitituzte beren ideiak, Goiuri jauregian. Apirilaren 3an jakinaraziko da nortzuk diren irabazleak, Araba Ekinean-en Ekin Day jardunaldi zentralean.  

 

Ekin Breakfast, B2B topaketa eta Ekin Day

Iaz sortutako Ekin Breakfast formatuarekin jarduera gehiago egingo dira 2019ko Araba Ekinean programan. Erakunde laguntzaileekin batera ekintzailetzarekin lotutako hainbat gairi buruzko topaketak egingo dira Arabako zenbait lekutan. Lehena otsailaren 13an egingo da, Metxa azeleratzailearen laguntzarekin; proiektu berriak aurrera ateratzeko inbertsioak lortzeko gakoak izango ditu hizpide. Datozen egunetan argitaratuko dira Araba Ekinean-en webgunean beste gai batzuk lantzeko topaketak, hala nola zibersegurtasuna, merkataritza elektronikoa edo emakumeen ekintzailetza. Parte hartzea doakoa izango da, alavaemprende.com webgunean izena emanda. Gasteizen ez ezik, Laudion eta Amurrion egingo dira topaketak, oraingoz. Orobat, topaketa berezia egingo da EHUren Arabako campusaren laguntzarekin, ekintzailetza unibertsitateko ikasleen artean zabaltzearren.

Aurreko bi edizioetan lortutako arrakasta ikusirik,III. B2B topaketa egingo da Araba Ekinean-en barruan. Horren barruan, ekintzaileek banakako bilerak hitzartu ditzakete aholkularitza edo finantzaketa entitateekin zein azeleratzaileekin, baita beste ekintzaile batzuekin ere. Martxoaren 26an  egingo dira topaketak, Goiuri jauregian; parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute web-orrian. Aurreko bi deialdietan ehun bileratik gora egin ziren, eta lankidetza berriak sortu ziren horietatik.

Araba Ekinean-en jardunaldi zentrala, Ekin Day izenekoa, apirilaren 3an (asteazkena) egingo da; ideiak eta proiektuak sustatzeko hainbat oztopo gainditu behar izan dituzten pertsonek beren esperientzia inspiratzaileak azalduko dituzte. Hizlarietako batzuk dagoeneko baieztatu dira, esate baterako, Antonio Espinosa, Auara enpresaren fundatzailea —edateko ura ez dutenei eramaten die— eta Verónica Reyero, Antropología 2.0 ekimenaren fundatzaileetako bat —proiektu berriak abian jartzeko antopologia baliatzen du ekimen berritzaile horrek—. Dagoeneko sendotuta dauden ekintzaileen eta hasi berri direnen arteko elkarrizketa ere hartuko du Ekin Day jardunaldiak, eta Araba Ekinean zein ideia-lehiaketako sarien banaketa. Asistentzia doakoa da, webgunean aldez aurretik izena emanda.

 

Eskola Enpresen Feria

2019ko Araba Ekinean-en barruko lehen jarduera, Eskola Enpresen Feria, urtarrilaren 20an (asteazkena) egingo da, Andre Maria Zuriaren plazan instalatutako karpa batean, eta 10.00etatik 14.00etara iraungo du. Arabako LHko zenbait ikastetxetako ikasleek Ikasenpresa programaren barruan ikasturte honetan garatu dituzten enpresa-proiektu berrien erakusleihoa izatea da ekimenaren helburua. Standetan hogeitamar proiektu inguru aurkeztuko dira, eta ikasleek berek saldu eta erakutsiko dituzte beren produktu eta zerbitzuak.

Izan ere, Ikasenpresa hezkuntza-programaren barruan, erdi eta goi mailako ikasleek enpresa bat sortzeko aukera dute, proiektua lantzeko prestakuntza eta tutoretza jasoz. Hartara, enpresaren mundua ikasgeletara hurbildu nahi da, eskola-komunitateak ekiteko duen ahalmena sustatuz.

Bestetik, gazteenen artean ekintzaile gogoa sustatzen jarraitzeko, marka pertsonala garatzeko lantegiak egingo dira Arabako zenbait herritako ikasle eta ekintzaileentzat.

Orobat, urtarrilaren 28tik (astelehena) Araba Ekinean-en barruko jarduerei buruzko informazioa zabaltzeko kubo bat jarriko da Gasteiz, Amurrio eta Laudion, lurralde osoko biztanleengana iristearren. Gasteizko Arka plazan jarriko da lehenengo kuboa; ondoren, Amurrion eta Laudion instalatuko da eta, azkenik, Gasteizko Loma Jeneralaren plazan, apiril hasieran.

 

Startup Europe Week

Azkenik, Startup Europe Week-en ekitaldi bat (#SEW19) egingo da laugarren urtez jarraian, Europako Batzordearen eta Startup Europe-ren ekimenez; ekintzaileei beren negozio-ideia sustatu eta garatzen laguntzea da helburua. Martxoaren 11n egingo da, “startupak eta talentua” lematzat hartuta. Ekintzaileei laguntzeko tresnak eta startupak abiarazterakoan talentuak duen garrantzia izango dituzte hizpide jardunaldian, eta doakoa izango da.

Jarduera horiek guztiak alavaemprende.com atarian eta Twitter Facebook sare sozialetan kontsultatu ahalko dira, baita Arabako ekintzailetza ekosistemari buruzko informazio zabala ere: sektorean diharduten agenteak, ekiteko laguntzak eta ekitaldien agenda osoa. Horretaz gain, buletin bat argitaratzen da hilero, albiste garrantzitsuenen laburpenarekin.

 

 

 

Share