Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  18 urtarrila 2019 17:00

Prentsaurrekoa. 2019ko ‘Araba Ekinean’ ekimena aurkeztea

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa; Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren diputatu Pilar Garcia de Salazar; Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza zuzendari Aitor Urzelai; eta Vital Fundazioko zuzendari Josune Albizu

Eguna. Astelehena, urtarrilak 21

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:34

 

Gaur goizean, Gorka Urtaran alkateak, Peio López de Munain alkateordeak eta Udalbatzako beste kide batzuek harrera egin diete 2017ko azarotik 2018ko abendura bitartean erretiratu diren udal langileei.

Harrera aretoan egin da ekitaldia, eta eskualdeko enplegu programako gazteek landu duten bideo bat ere proiektatu da.

 

 

Udaletxean tradiziozkoa den ekitaldi horren bidez, Udalak “esker ona eta aitorpena adierazi nahi die zuen guztion dedikazioari, zuengatik funtzionatzen baitu benetan erakundeak”, esan du alkateak.

Aipatutako epean erretirora iritsi diren langileak 100 izan dira guztira.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:41

 

 

 

 

 

 

Vitoria-Gasteizko Udalak arazketa-instalazio bat jarriko du Gardelegiko hondakindegian, lindanoak kaltetutako lixibiatua tratatzeko eta substantzia hori Zadorra ibaira iristea saihesteko asmoz. Horretarako, 192.571 euro inbertituko ditu Urtaranen Udal gobernuak. Gaur Gobernu Batzarrak lehiaketara aurkeztutako enpresen artean eskaintza onena hautatu du. Yarritu enpresak egin duena.

Udako garai zehatz batzuetan, HCHren kontzentrazioak hauteman dira hondakindegitik hondakin-uren sare bateratura iristen diren hondakin-uren fluxuan. Egoera konpontze aldera, instalazio horren (araztegiaren) eraikuntza lizitaziora ateratzea erabaki du Gorka Urtaranen taldeak. Araztegiari esker, ikatz aktibozko tratamendu baten eta hareazko iragazki batzuen bidez, lixibiatuak tratatu ahalko dira. Halaber, mintzagai dugun lixibiatua neurtzeko, ponpatzeko eta araztegiraino bideratzeko behar diren azpiegiturak jarriko ditu udalak hondakindegian, lurpean. Araztegian, 84 egunetan egingo dira lanak, eta, ponpaketan, 45 egunetan.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:03

Euskadiko Orkestraren eta Udal Antzoki Sarearen arteko lankidetzari esker egiten da Musika Gela programa, familiei eta haurrei musika klasikoa gerturatzeko; edizio berri honetan hiru ikuskizun eskainiko ditu.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusi Oriol Rochek, Euskadiko Orkestrako hezkuntza atalaren koordinatzaile Mikel Cañadak, Dantzerti arte dramatikoko eta dantzako eskolako zuzendari  Josu Etxaburuk eta  Uauatxua laneko musikari Enara Susanok aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan.

 

Hauek dira ikuskizunak:

  • Otsailaren 17an hasiko da zikloa, Federico García Lorca antzokian: Uauatxua lana eskainiko da, bizitzako lehen urteetako melodiez osatua eta 1 eta 3 urte bitarteko umeei zuzendua.

Beste bi emanaldiak Principal antzokian izango dira:

  • Martxoaren 22an, PIANISSIMO kontzertuak orkestra sinfonikoari lotutako emakume-ahotsaren nolakotasunak arakatzea proposatzen digu, orkestra, aurkezlea eta soprano bat lagun.
  • Apirilaren 14an Isiltasunaren Haitzuloa ipuin musikatua eskainiko dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariek osatutako haize-boskote batek eta Dantzertiko artista-talde batek, musika-lengoaiaren misterioak azaltzeko asmoz.

Ohi bezala, sentsibilizazio lantegia egingo da bi emanaldien aurretik.

Sarreren salmenta

Abonamenduak Principal antzokiko bi kontzertuak —Lakuakoa abonamendutik kanpo dago, lekuak mugatuta daudelako— eta Udal Bandaren bi kontzertu barne hartzen ditu; 24, 25, 26 eta 27an jarriko da salgai, ohiko lekuetan, 17 euroan. Sarrera solteak urtarrilaren 31tik aurrera salduko dira.

Dossier Musika Familian 2019

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:20

 

Feria horretan Arabako Pastelgile Elkarteak txokolatez egindako saskibaloiko baloiak banatuko dira, orotara 10 kilo

Udalak Gasteizera hurbilduko du FITUR, urtarrilaren azken asteburuan jarduerak antolatuta

Gasteizek iragan historikoa, Euskadiko lehen helmuga iraunkor gisa lortu duen ezagutza eta 2019ko ekitaldi-agenda osoa erakutsiko ditu 2019ko FITUR azokan, hiriko hainbat sektorerekin batera landu duen eskaintzaren bidez.

Alkate Gorka Urtaranek, Arabako Pastelgile eta Gozogileen Elkarteko lehendakari Luis López de Sosoagak eta ARKIKUS enpresa gasteiztarreko CEO Arantxa Satrústeguik aurkeztu dituzte Gasteizek Estatuko turismo-azoka garrantzitsuenera eramango dituen plater nagusiak;, hirian ere izango du oihartzunik azokak, hainbat jarduera antolatu baitira urtarrilaren azken asteburuan.

1850eko Gasteizera bidaiatzeko aplikazioa

Udalak 1850eko Gasteizera bidaiatzeko gonbita egingo du, irudikapen birtualeko aplikazio mugikor baten bidez, horrek aukera ematen baitu hiriko leku batzuek 1850ean zuten itxura eta egungoa alderatzeko. Aplikazioa doan deskargatu daiteke bai Google Play-n (Android) bai App Store-n (IOS), eta denboran bidaiatzeko eta Andre Maria Zuriaren plazak edo Montehermoso jauregiak garai hartan zuten itxura zuzenean ikusteko bide ematen du.

Teknologia berriak baliatuz kulturarekin lotutako turismoa sustatzeko modu berritzailea da, galdutako arkitekturak birtualki berreraiki eta espazioak girotzen baititu. Horrek ondarearen zabalkundea sustatuko du, eta turismoa espazio horietara eta inguruetara erakarriko”, nabarmendu du alkateak; orobat, zorionak eman dizkio hori garatu duen enpresa gasteiztarrari, zeinak azken urteetan aitortza lortu baitu estatuko hainbat ekintzailtzetza-programatan.

Aplikazioa baliatuz berreraikitako irudiei esker, ikusleek denboran bidaiatu dezakete, eta hiriak Erdi Aroko itxura gordetzen zuen garai batera joan; izan ere, Andre Maria Zuriaren plazara ematen duten gremio-kaleek ateak zituzten artean.

Aplikazioak lokuzioak ditu, irudiak ikusten diren bitartean informazioa eta deskribapenak entzun ahal izateko, testuak irakurri beharrik gabe. Bai testuak bai lokuzioak 4 hizkuntzatan eskaintzen dira: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa.

Bi erabilera sistema ditu: ukimenezkoa, edukiak hatzez eskuratu eta maneiatzeko, eta VR, errealitate birtualeko betaurrekoak erabiltzeko egokitua, zeinak hobeto murgiltzeko aukera ematen baitu, eskuak erabili beharrik gabe. Batak zein besteak giroskopioa dute, gailu mugikorra mugitze hutsarekin irudia biratzea ahalbidetzen duena.

Saskibaloia, Gasteizko txokolatezko bonboietan

Horretaz gain, Gasteizek bere DNAren parte diren bi ezaugarri elkartuko ditu: gozogintza tradizioa eta saskibaloiarekiko zaletasuna. Arabako Pastelgile eta Gozogileen Elkartearen laguntzarekin, saskibaloi baloien itxura duten txokolatezko 10 kilo bonboi banatuko ditu Udalak Fiturren, bi zaporetan: laranja, eta Arabako oliba-olioa eta Añanako gatza.

Izan ere, Arabako Gozogileen Elkarteak hainbat hamarkada daramatza hiriko ospakizun bereziekin bat egiten. Gainera, urtarrileko azken asteburutik aurrera, elkarteko gozotegi guztiek eskainiko dituzte beren erakusleihoetan datozen hilabeteeko Gasteizko agendan nagusitzen diren lehen mailako saskibaloi txapelketarako (Erreginaren Kopa eta Lauko Finala) berariaz sortutako gozoak.

Gasteiz, iraunkortasun erreferentzia eta aitorpen berria

Biosphere Destinations Community-ren standean ere hartuko du parte Udalak: bere esperientzia eta arrakasta-eredu bihurtzeko egindako lana azalduko ditu azokaren bigarren egunean hiri iraunkorrek egingo duten topaketa batean.

Bestetik, hiriak beste aitorpen bat jasoko du Fiturren, alkateak iragarri duenez. Hain zuzen ere,  SICTEDen 2018ko helmuga oneraren kategorian 1. finalista hautatu dute hiria, sektoreko enpresen lehiakortasunaren alde erakutsi duen konpromisoa dela eta. SICTED-Espainiako turismo kalitatearen destinoko sistema integralaren sustapenaren aitorpen hori 2018-2020 aldirako Turismoko Gida Planarekin uztartzen da, haren helburua baita prestakuntza eta enpresen hobekuntza sustatzea, baita enpresa ekimen berriak garatzeko berrikuntza ere. Hori guztia gakoa da helmugaren pertzepzioa eta bisitariaren esperientzia hobetzeko. Horrexegatik, Gasteizek lanean jarraituko du sektorearen kalitatea eta lehiakortasuna hobetzearren, Gasteizko Udalak zein beste erakunde batzuek (Basquetour-Turismoaren Euskal Agentzia, Arabako Foru Aldundia eta Arabako Merkataritza Ganbera) eskaintzen dituzten prestakuntza programen bitartez.https://blogs.vitoria-gasteiz.org/medios/files/2018/04/DOSSIER.pdf

Orobat, Udalak hainbat bilera eta topaketa tekniko itxi ditu, turismoaren sektorerako aliantza estrategikoak indartzen jarraitzearren.

Asteburuko jarduerak Madrilen… eta Gasteizen

Nazioarteko turismo feriaren amaiera gisa, Gasteizek jende orori zuzendutako ekintza ugariren bidez erakutsiko ditu bere erakargarriak, eta 2019an hiria bisitatzeko aitzakia izango den ekitaldi-agenda ezagutaraziko.

Arabako Foru Aldundiaren, Basquetourren eta ekitaldien antolatzaileen laguntzarekin, Nazioarteko Enoturismo Biltzarra, Lauko Finala eta Magialdia aurkeztuko dira, besteak beste. Aurten hiria promozionatzeko landu den bideoa ere proiektatuko da.

Gasteizen bertan, berritasunak dakartzaten planak proposatuko dira Fiturren astebururako, besteak beste, Basmoon Shiners vodka arabarraren dastatzeak, eta bisitak eta dastatzeak Mamia okidegiko lantegian.

Ibilbide Gozoa ere antolatu da. Hiriko gozotegietako erakusleihoetan erakutsiko dute sortutako gozo berria. Parte hartzen duten gozotegiak: Confituras Goya, Sosiega, Los Artesanos, Pastelería Txistu, Pastelería La Peña Dulce, Confitería Nalda, La Fábula de Olga.

Gainera, Arabako patataz egindako vodka artisauaren dastatzeak, ardo-dastatze itsuak, Azoka plazako bisitak eta bisita gidatuak eskainiko dira.

+Info

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:49

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak Sidalava (Hiesaren aurkako Herritarren Batzordea), IRSE eta Clara Campoamor elkarteekin udal zerbitzu eta programak emateko sei hitzarmen sinatzea onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak. Guztira 1.881.136 euro egiten dute horiek.

Udalak lau hitzarmen sinatuko ditu Hiesaren aurkako Herritarren Batzordearekin (1.532.339 €), Aterpe, Estrada eguneko zentroa, Etxe Irekia eta zainpeko etxebizitzak deritzen zerbitzuak emateko.

Aterpe gaueko harrera egiteko baliabidea da, gizarte eta etxebizitza esklusio-egoera larrian dauden pertsonentzat; egunero egoten da zabalik, urte osoan. Gizarteratzeko prozesuak faboratzen dira bertan, ekintza normalizatzaileen bidez eta laguntza-ekintzen bidez, pertsona horien gizarte-inklusioa lortzearren. Sidalavak 457.126 euro jasoko ditu zerbitzu hori emateko.

Estrada udal zentroaren hitzarmenak 453.516 euroko zuzkidura du. Zentro horretan egunez eskaintzen da harrera, gizarte eta etxebizitza esklusio-egoeran dauden pertsonen bizi-kalitatea hobetzearren.

Sidalavarekiko hirugarren hitzarmena Etxe Irekiari dagokio: dena delakoagatik gizarte eta etxebizitza esklusio-egoeran dauden pertsonentzako baliabidea da, egoera horren eraginak minimizatzeko laguntza profesional etengabea behar dutenean”, azaldu du Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek.

Udalak 331.526 euro jarriko ditu zerbitzu hori emateko.

Azkenik, Hiesaren aurkako Herritarren Batzordeak beste 290.171 euro jasoko ditu zainpeko etxebizitzen programa kudeatzeko; programak ostatua eta laguntza ematen die etxebizitzarik gabe dauden pertsona eta familiei, bizitza autonomorako bitarteko urrats gisa.

Bestetik, Gizarte Politiken Sailak Clara Campoamor elkartearekin hitzarmena sinatzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak hartzeko ostatuen zerbitzuak kudeatu ditzan 2019an. “Etxebizitza horietan aldi baterako eta doako ostatua eskaintzen dugu. Etxeko indarkeriaren biktima diren eta haien kargura dauden pertsonei errekuperatzen eta egoera gainditzen laguntzen diegu, babes neurririk behar ez denean” , adierazi du López de Munainek.

Clara Campoamor elkarteak 292.135 euro jasoko ditu zerbitzu hori emateko.

Zainpeko etxebizitzak

IRSE-Arabako Bergizarteratze Institutuak, azkenik, 56.662 euro jasoko ditu aurten zainpeko pisuetan gizarte eta hezkuntza arloetako esku-hartzeko programa kudeatzeko.

Gizarte desabantaila egoeran dauden pertsonen gizarte-inklusioa da IRSEren helburuetako bat; etxebizitzetan laguntza eta tutoretza emateko programa bat garatzen du, pertsona horiek gizarteratze ibilbidean aurrera egin dezaten eta gizartean guztiz sar daitezen.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:43

14 urteko neskato bat larriki zauritu da gaur goizean, ibilgailu batek harrapatu baitu Nazio Batuen Hiribidean. Istripua 8:10ak aldera gertatu da, Bastida kalera joateko bidegurutzearen ondoko oinezkoentzako pasabidean.

Zainketa Intentsiboetako Unitate mugikor batek Santiago Ospitalera eraman du neska adingabea. Gidariak, 36 urteko gizonezko batek, negatibo eman du alkoholemia-proban eta positibo eman du THC proban (Cannabis).

Beste istripu batzuk

27 urteko txirrindulari bat eta 46 urteko gidari bat zauritu ziren atzo trafiko-istripuetan.

Lehen istripua Zaramaga kaleko bidegorri batean gertatu zen, merkataritza-zentro bateko parkingetik irteten ari zen auto batek 27 urteko txirrindularia harrapatu eta lurrera bota baitzuen, hainbat lesio eraginez. Anbulantzia batek artatu eta Txagorritxu Ospitalera eraman zuen.

Argiketa-talde bat bigarren istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da; istripu horretan talka egin zuten bi autok Gamarrako Atean. Autoetako bateko gidaria, 46 urteko gizonezkoa, Santiago Ospitalera eraman zuten.

Udaltzainek beste 2 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen inor zauritu eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik. Horrez gain, 11 salaketa izapidetu eta polizia judizialak 8 jarduera egin zituen.

 

Share