Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 urtarrila 2019 17:00

Prentsaurrekoa. Otsaila-maiatza hilabeteetarako udal liburutegien jarduera programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Asteartea, urtarrilak 29

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————–

Prentsaurrekoa. Eskuz binakako txapelketa profesionalaren jaialdia aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Arabako Pilota Federazioko presidente Iker Gereta; eta Aspe enpresako arduradun Inaxio Errandonea

Eguna. Asteartea, urtarrilak 29

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————–

Prentsaurrekoa. ‘Gure musikariak’ kontzertua aurkeztea

Parte hartzaileak. Udal Bandako zuzendari Hilario Extramiana; eta Jesús Guridi Musika Kontserbatorioko zuzendari Puy Asurmendi

Eguna. Asteartea, urtarrilak 20

Ordua. 11:00

Tokia. Jesus Guridi Musika Kontserbatorioa

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:16

Udaltzaingoaren Agenteek 26 urteko gizonezko bat atxilotu zuten ostegunean droga-trafikoaren delitua egin izanaren ustezko egile gisa, ihesari eman zioten pare bat eroslek bere etxebizitzan hura kolpatu ondoren.

Laguntzera joan ziren udaltzainek ikusi zuten etxean zenbait marihuana-kukulu zeudela, poltsatxo batzuen ondoan, baita bi baskula ere, eta horrexegatik atxilotuaren etxebizitza, trastelekua eta ibilgailua miatzeari ekin zioten. Pertsona horrek kilo bat marihuana eta haxix inguru zuen, baita zenbait substantzia anabolizatzaile, zehaztasuneko bi baskula, lanparak, argiak, iragazkiak eta makina bat ere –hori guztia marihuana egiteko–, eta halaber, 90 euro zenbait billetetan banatuak. Larunbatean epailearen esku geratu zen.

Koroatze auzoko etxebizitza batean borroka bortitz bat gertatzen ari zela zioen abisua 092 zenbakian jaso ondoren gertatu zen atxiloketa hori. Toki horretara iristean, udaltzainek elkarrizketa bat egin zioten aurpegia odolduta eta hainbat kolperekin markatuta zuen gazteari. Aitortu zuenez, bere etxera marihuana erostera etorritako bi pertsona berari lapurtzen saiatu zirenean hasi zen borroka hori. Erasotzaileek leku horretatik ihes egitea lortu zuten, baina Udaltzaingoak zabalik dauzka ikerketak, haiek non dabiltzan jakiteko.

Pertsona bat zauritu da eta zazpi ikertu dituzte

46 urteko auto-gidari bat zaurituta geratu zen Baiona kalean joan den ostiralean bi autoren artean talka egin eta istripua izan ondoren. Kolpearen ondorioz, larrialdi-zerbitzuek auto bateko gidaria artatu behar izan zuten, eta gero, Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Udaltzaingoak beste 35 trafiko-istriputan esku hartu zuen asteburuan, nahiz ez zen inor zauritu, eta 7 pertsona ikertzen ari da: 5 lagun alkoholaren eraginpean gidatzeagatik eta 2 lagun gida-baimenik gabe gidatzeagatik.

Ostiralean, 34 urteko auto-gidari bat geldiarazi zuten, baina ihesari eman zion, ibilgailu bat jo eta atzerako ispiluan kalte batzuk eragin ondoren. Lekuko batek eskainitako informazioari esker, Nazio Batuen hiribidearen eta Sofia Erregina hiribidearen arteko bidegurutzean topatu zuten

42 urteko beste auto-gidari batek kamioi baten aurka talka egin zuen Artapadura kalean, Haitz kalearekin duen topagunean. Istripuaren ondoren hark ere alde egin zuen bertatik, nahiz eta handik pixka batera patruila batek geldiarazi zuen.

Bi pertsona horiek positibo eman zuten alkoholean, baita udaltzainek asteburuan hiriko kale desberdinetatik barrena ez-ohiko moduan gidatzen topatu zituen 40, 21 eta 34 urteko beste hiru pertsonek ere.

Faltsifikatutako gida-baimena

Udaltzaingoa izapidetzen ari den argiketa batean 24 urteko gazte bat ikertzen ari dira, gida-baimenik gabe gidatzeagatik bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egin duelako. Gidari hori Jose Migel Barandiaran kalean gertatutako trafiko-istripu batean nahastuta egon zen, eta identifikatzean, ustez gida-baimen faltsua aurkeztu zuen, eta horrexegatik, izapide batzuk ireki zitzaizkion Guardiako Epaitegian, gida-baimenik gabe gidatzeagatik eta agiri ofizial bat faltsutzeagatik.

23 urteko gizonezko bat ere ikertzen ari dira, gida-baimenik gabe gidatu eta bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egiteagatik. Gertaera horiek Kapelamendi kalean izan ziren larunbatean.

Asteburuan alkoholemiako sei prebentzio-kontrol egin ditu Udaltzaingoak, eta horietan, ehun gidari baino gehixeagok egin behar izan dituzte arauzko probak. Horietatik hiruk emaitza positiboa eman zuten eta salaketa jarri zaie administrazio-bidetik.

Azkeneko egun hauetan, Udaltzaingoak 39 salaketa izapidetu ditu eta polizia judizialaren 29 jarduera burutu ditu.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:05

-Aurtengoa da ekimena martxan jarri zenetik Udalak proposatu duen eskaintza handiena.

-Beren etxebizitzek ingurumenean duten eraginaz kezkatuta dauden familiek bihartik martxoaren 3ra arte eman ahalko dute izena hezkuntza-programa horretan; otsailaren 6an aurkezpena egingo da Kordoi Etxean

-Vital fundazioarekiko lankidetzan eta Gasteizko Leroy Merlin saltokiaren laguntzarekin garatuko da jarduera

Gasteizko Udalak ‘Hogares Verdes-Etxe Berdeak’ programaren bosgarren edizioa aurkeztu du gaur goizean; Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatzen du programa, Vital fundazioarekiko lankidetzan eta Leroy Merlin enpresaren laguntzarekin. Beren eguneroko erabaki eta ohiturek ingurumenean eta gizartean duten eraginaz kezkatuta dauden familiei zuzendutako heziketa jarduera da, etxearen –eta ondorioz, hiriko ingurumenaren– kudeaketa arduratsuagora aldatzeko prozesuan laguntzeko xedez. “Etxeko ur eta energia kontsumoa kontrolatzen lagunduko dieten keinu txikiak beren egunerokotasunean sartzen laguntzen diegu, bai eta era etiko eta ekologikoagoan erosten ere”, azaldu du Ingurumen zinegotzi eta IGIko lehendakari Iñaki Prusillak.  “Honako honetan, 55era igo dugu plaza-kopurua, gero eta familia gehiagok baitute parte-hartzeko interesa”, azpimarratu du zinegotziak.

Iñaki Prusillak zehaztu duenez, 2019an 55 familiak parte hartu ahalko dute programan, azken edizioetan baino gehiago. ‘Hogares Verdes – Etxe Berdeak’ programa 2015ean sortu zen, eta urte hartan 25 familiak hartu zuten parte.

Parte hartuko duten familiei etxeko kontsumoak aztertzeko hasierako auditoretza egingo zaie, eta aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute urtebetez; gainera, gaikako lantegiak (energia, hondakinak, lorezaintza eta baratzezaintza, ura, mugikortasuna eta garraioa, eta kontsumo arduratsua) emango zaie. Aurreko urteetan parte hartu zuten familien jarraipena ere egingo da.

Parte hartu nahi duten herritarrek udalaren web-orrian eman dezakete izena; posta elektronikoz (cea@vitoria-gasteiz.org) edo baita telefonoz  (945 162696) ere. Otsailaren 6an, aurkezpen jardunaldi irekia egingo da, Kordoi Etxean. 18:00etan. Hilaren 7an eginen da zozketa interesa erakutsi duten familien artean.

Share