Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 urtarrila 2019 18:59

Gaur ospatu da San Antonen jaia Gasteizen; jaiak oso sustrai sakonak ditu hirian, tradizionalki egun horretako zozketarekin —hiriko babes-etxerako funtsak lortzeko sortua— lotuta egon baita.

Txartelen salmentan babes-etxeko bizilagunek eta hiriko dendek zein partikularrek hartu dute parte historikoki. 2007az geroztik, Kultura Zerbitzuko Jaien Atala arduratzen da zozketa kudeatzeaz, tradizioa bizirik mantentzearren.

San Anton eguneko Jaiak bi zati ditu: zozketa, txerria eta gainerako animaliak bedeinkatu ondoren egiten dena, eta Espainia plazako jaia, San Pedro elizako bezperak bukatutakoan hasten dena.

Txartel bakoitzaren prezioa merkea izan da: 0,60 euro, eta prezio ezberdinetako hamar sari banatu dira; lehenengoak haragi-produktuen sorta bat izaten jarraitzen du, txerria zozketatzen zen garaia gogoratzeko.

SARIAK:

 

Hur. SARIAK PREMIOS
1 Ezkur txerri iberikoaren produktu sorta Lote de Productos de cerdo ibérico de bellota 15158
2 Bidaia Palma Mallorcakora, 7 gau, bi pertsonarentzat Viaje a Palma de Mallorca, 7 noches, para dos personas 03269
3 Zirkuitua Portugalen barrena, 6 gau, bi pertsonarentzat Circuito por Portugal, 6 noches, para dos personas 23869
4 Asteburua Hondarribiko Paradorean, bi pertsonarentzat. Fin de semana en Parador de Hondarribia para 2 personas 14206
5 Hiri-bizikleta Bicicleta urbana 24887
6 Principal Antzokirako denboraldi abonamendua, bi pertsonarentzat Abono de temporada Teatro Principal, para dos personas 02136
7 Tablet PC 10.1” Tablet PC 10.1” 26571
8 Liburu elektronikoen irakurgailua Lector de libros electrónicos 25939
9 Liburuak erosteko bonoa Bono para compra de libros 09775
10 Etxebizitza Plus Asegurua Laboral Kutxa (urtebete) Seguro Vivienda LABORAL Kutxa Plus (1 año) 28726

 

Jaiarekin lotutako ohiko egiturari jarraitu zaio. Hasteko, 17:15ean, segizioa irten da Espainia plazatik San Pedro parrokiara bezperetara joateko, eta txerria —Emilia deitzen da Apellanizen hazitako txerria, eta 280 kg inguru pisatzen du— zein beste animalia batzuk bedeinkatzeko; agintariekin batera Folklore Akademiako kideak eta Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren zati bat joan dira.

Segizioa plazara itzuli ostean, zozketa egin da udaletxean, eta plazan bildutako jendetza girotzeko zenbait jarduera izan da: Gargantua, gaztelu puzgarriak, txokolate banaketa eta “dantza plazan”.

Fernando Gauna (79 urte) eta Felixa Fernández de Luco (92 urte) — Esperanza Lópezen ordez, hura gaixo baitago— arduratu dira zozketako zenbakiak Francisco Javier de las Fuentes Abad notarioaren aurrean ateratzeaz.

San Anton Txikiren zozketa ere egin da agertokian. Txokolatezko bi txerri (60 kg ingurukoak) zozketatzen dira hiriko ikastetxeetako Haur eta Lehen hezkuntzako gelen artean, eta aurten ikastetxe hauei egokitu zaie: Zabalgana Ikastola (189)  eta Ibaiondo Ikastola. Bukatzeko zezensuzkoak atera dira.

 

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Prentsaurrekoa. Musika Gela, Familientzako kontzertu pedagogikoen zikloa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusi Oriol Roch; OESeko hezkuntza saileko koordinatzaile Mikel Cañada; Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolako zuzendari Josu Etxaburu; eta Uauatxua taldeko musikari Enara Susano

Eguna. Ostirala, urtarrilak 18

Ordua. 10:15

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————–

FITUR 2019rako prestatu duten turismo eskaintza aurkeztea eta alkatearen ohiko prentsaurrekoa ondoren

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Arabako Gozogileen Elkarteko presidente Luis López de Sosoaga; eta ARKIKUS Gasteizko startuparen CEO Arantxa Satrustegui

Eguna. Ostirala, urtarrilak 18

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

* Fitur 2019ko aurkezpena amaitu eta gero, alkateak Gobernu-batzordean hitz egindako gaien berri emango du.

————————————-

Harrera-ekitaldia erretiroa hartu duten udal langileei

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta udalbatzako ordezkariak

Eguna. Ostirala, urtarrilak 18

Ordua. 13:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:01

Udaltzaingoak 49 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo gauean, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egilea izateagatik.

Hiritar baten deiak ohartarazi zuen Aranbizkarra auzoko etxebizitza batean eztabaida bizia entzuten zela, eta emakume batek laguntza eskatzen zuela. Udaltzaingoak emakume bat eta gizon bat aurkitu zituen etxebizitzan; gizonak hainbat atzaparkada zituen aurpegian, eta odola. Bikoteak eztabaida bizia izan zuen. Gizonak bikotekideari eraso zion, eta emakumeak bere burua defendatu zuen. Udaltzainek gizona atxilotu zuten, eta emakumeari proposatu ospitalera eramatea, zauriak aztertzeko, baina laguntzari uko egin zion. Atxilotua epaitegiaren esku jarri dute gaur goizean.

Indarra erabiliz egindako lapurreta

Atzo, Udaltzaingoak 20 urteko gaztea atxilotu zuen, Arana kaleko denda batean pertsonen aurkako indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta.

Zenbait langilek geldiarazi zuten, arroparen azpian bi botila (alkoholdun edariak) ezkutatu zituela eta ordaindu gabe kutxatik igaro nahi zuela ikustean. Ondorioz, borroka txikia egon zen eta gazteak langile bati eraso zion.

Bi zauritu hainbat istriputan

64 urteko bizikletaria zauritu zen atzo, stop seinalea errespetatu ez zuen auto batek kolpatu ondoren. Istripuaren ondorioz, bizikletaria zauritu zen, eta Santiago ospitalera eraman zuten.

32 urteko gidari bat zauritu zen Arriagako Atea kalearen eta Kantauriko etorbidearen elkargunean, beste auto bat arraspatu ostean. Emakumea Txagorritxu ospitalera eraman zuten anbulantziaz. Bertaratu zen atestatu-taldeak alkohol-proba egin zion istripua eragin zuen gidariari. 0,82-0,81 miligramoko alkohol-tasa eman zuen botatako aire litro bakoitzeko, hortaz, Guardiako Epaitegian bideratzeko izapideak egin ziren.

Udaltzaingoak beste zazpi trafiko-istriputan hartu zuen esku atzo, non zaurituak izan ziren; horrez gain, beste bi gidari ikertzen ari da, bide-segurtasunaren kontra gidatzeagatik: alde batetik, 30 urtekoa, Nieves Cano eta Alberto Schommer kaleen elkargunean beste auto baten kontra talka egiteagatik; derrigorrezko alkohol-proba egin zitzaion eta 0,85-0,88 miligramoko alkohol-tasa eman zuen botatako aire litro bakoitzeko;

bestetik, 34 urteko gizona; modu berezian gidatzen zuela ikustean, alkohol- eta droga-proba egitea agindu zioten, eta berak uko egin zion.

Udaltzaingoak 14 salaketa izapidetu zituen atzo, eta 6 kasutan aritu zen polizia judizial.

Bi furgoneta sutan

Suhiltzaileek sua amatatu zuten atzo gauean, Arroiabeko lursail batean. Suak pabiloi baten ondoan aparkatuta zeuden bi furgoneta erre zituen. Pabiloiak, berriz, ez du kalterik izan.

Horrez gain, esku hartu dute bi autok A-1 errepideko 350. kilometroan talka egin ondoren, goizeko zortziak baino lehentxeago. Gidariak onik atera dira.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:11

 

Lur azpitik joango den tarteak 3.610 metroko luzapena izango du Pedro Asua kalearen eta Salburuako Bulebarraren artean, eta gainazalean 90.000 metro karratuko azalera utziko du libre hiri erabileretarako

Geltoki berria egungo eraikinaren moldaketa izango da; bolumen osagarria gehituko zaio eta lur azpiko bi solairu izango ditu

 Sustapen Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak osatzen duten “Vitoria-Gasteiz Abiadura Handia” sozietate publikoaren administrazio kontseiluak baieztatu duenez, abiadura handiaren Vitoria-Gasteizko sarbideak egungo Madril-Hendaia linea konbentzionalak hiritik pasatzean eratzen duen igarobidea baliatuko du, hirian zehar lur azpitik joateko, Pedro Asua kalearen eta Salburuako Bulebarraren artean. 3.610 metro luze den lur azpiko tarteak gainazalean 90.000 metro karratu utziko ditu libre, hiri erabileretarako.

José Luis Ábalos Sustapen Ministroak, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak, Ramiro González Arabako Diputatu Nagusiak eta Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkateak, Sustapen Ministerioaren (ADIF) eta Eusko Jaurlaritzaren (ETS) artean, trenbidea Arabako  hiriburuan integratzeko proiektuari buruz prestatu duten soluzioaren aurkezpen ekitaldian hartu dute parte gaur goizean. Administrazio horiek osatutako erakunde arteko batzordeak 2018ko irailaren 13an berretsitako soluzioa da.

Jarduketaren hasiera Jundizko zentro logistikoaren ondoan egongo da, eta amaiera Euskal Y-aren hasieran, Arrazua/Ubarrundia-Legutiano tartean, hain zuzen ere. Hori dela eta, 14,3 kilometroko luzera izango du. Horrez gain, azterlanaren barruan Iruñerako abiadura handiko linearekin Arkauten egingo den lotunea ere jasotzen da.

Abiadura handiaren Gasteizko sarbidea, zabalera estandarreko (UIC) bi trenbiderekin bidaiarientzat eta trenbide misto batekin (hiru harikoa) merkantzien trafikorako eta distantzia ertainerako, proiektatu da. Lehenengo 3 kilometroetan hiru trenbideak paraleloan joango dira, aire zabalean. Pedro Asua kalearen inguruan linea 1.126 metroko tunel faltsu batean sartuko da, geltokira heltzeko.

Epeen aurreikuspenaren arabera, aurten informazio azterlana onetsi eta jende aurrean aurkeztuko da, eraikuntza proiektuen idazketa lizitatzen den bitartean, 2020an amaitzeko. Obrak egiteko aurreikusten den epea 36 hilabete ingurukoa da. Jarduketaren aurrekontu osoa 724 milioi eurokoa da, BEZ barne. Horietatik 434 geltokiaren lur azpiko tarteari dagozkio, 206 Arkauteko lotuneari, 41 Burgos-Gasteiz linearekin egin behar den konexioari eta 42 proiektuen idazketari eta obren zuzendaritzari.

Eraikuntzaren ezaugarriak

Eraikiko den geltokia, lur azpian egongo den gainerako tartea bezala, pantailen babesean egindako hondeaketa bitartez egikarituko da (cut&cover izenez ezagutzen den eraikuntza sistemaren bitartez) eta 17 metro ingurura egongo da kaleko kotaren azpitik. Merkantzien trafikoak nasen gunetik fisikoki bereizita egongo dira.

Geltokia gainditu ondoren, trazatuak 1.460 metroko tunel faltsuan jarraituko du, Salburuako Bulebarraren azpitik igaro arte. Ondoren, trenbidea gainazalera irtengo da, gorako arrapalan, Errekaleor errekaren gainetik bide-zubi bitartez gurutzatu arte.

Obrak egiten ari diren bitartean trenbideko trafikoei eutsiko zaie, eta horrek garestitu egingo du operazioaren kostua. Hartutako soluzioaren barruan konexioa ezarriko da Jundizeko portu lehorrarekin eta etorkizunean eraikiko den trenbideko autopistarekin, eta, gainera, 750 metroko bazterbidea eraikiko da, zabalera estandarreko merkantzien trenentzat.

 

Geltoki berriaren xehetasunak

Geltoki berria Dato kaleko egungo eraikinaren moldaketa izango da. Kanpotik erabat kristalezkoa izango den bolumen berria gehituko zaio. Horrek 3.140 metro karratuko azalera gehituko du, eta lur azpiko bi solairu izango ditu.

Instalazioek bi sarbide izango dituzte, egungoa eta Unibertsitateko pasealekutik egongo den beste bat. Higiezinak hainbat zerbitzu jasoko ditu, itxaroteko gunea, sarbideen kontrola, salmentarako eta herritarren arretarako gunea eta baita komun publikoak eta merkataritza lokalak ere.

Minus bat solairura eskailera mekaniko, eskailera finko eta igogailu bitartez helduko da, eta bertan egongo dira abiadura handiko ontziratze aretoa eta aldirietarako sarbidea. Solairu horretan 400 plazako aparkalekua dago aurreikusita.

Minus bi mailan hiru nasa egongo dira (bi erdian eta bat alde batean) eta zabalera estandarreko bost trenbide abiadura handirako, eta baita beste nasa bat ere, aldirietarako trenbide batekin, zabalera mistoko (hiru hari) aldirietako trenbidetik bereizita.

Aukera gune berria

Trenbideak hartzen duen hiru kilometro eta erdi baino gehiagoko tartea lur azpian sartzeak hiri erabileretarako libre utziko ditu gainazaleko 90.000 metro karratu, horietatik 44.000 geltokiaren ingurunean. Horrela, gurpil gaineko trafikorako ahalmen handiko ekialde-mendebalde luzexkako beste bide bat eraikitzea planteatzen da, bi errailekin noranzko bakoitzean, Gaztelako Atetik abiatuta Carmelo Bernaola Pasealekuaren hegoaldera lurgainetik joango dena, egungo trenbide igarobidetik, 200 metrotan. Musikaren Pasealekuko glorietan bidea lur azpian sartuko da, eta San Kristobal kalearen azpitik igaro eta gero berriro ere azaleratu egingo da.

Gaur egun lur azpian edo trenbide gainean dauden zeharkako kaleak gainazalera irtengo dira (Senda pasealekua, San Antonio, Foruak, Errioxa eta San Kristobal), trenbidearen trintxera desagertu egingo da eta. Halaber, Unibertsitateko pasealekuan egokitzapen lanak egitean, tranbiaren geralekua egokitu ahal izango da geltokiko eraikin berriaren ondoan, eta horrek intermodalitatea erraztuko du.

GASTEIZKO ABIADURA HANDIKO TREN GELTOKI BERRIA

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:46

Udaltzaingoaren Agenteek 30 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo gauean, bere bikotekidea jotzeagatik genero-indarkeriako delitu bat egin izanaren usteko egilea delako.

092ra egindako dei batek ohartarazi zuen bikote bat borrokan zebilela Aranbizkarra auzoko etxebizitza batean. Leku horretara joan zen patruilak bebarruan topatu zuen gizonezkoa, eta atea itxi nahi izan zien, nahiz ez zuen lortu. Udaltzain batzuk harekin geratu ziren bitartean, beste batzuk biktima aurkitzen zen etxebizitzara igo ziren.

Emakumeak adierazi zien eztabaida bat eduki zuela bikotekidearekin. Eztabaida horretan jo egin zuen eta mugikorra apurtu zion. Adierazpen horiek ikusirik, udaltzainek atxilotu egin zuten gizonezkoa. Beste patruila batek ospitalera eraman zuen emakumea, jasandako lesioetatik artatzera. Atxilotua gaur goizean epailearen esku geratuko da.

Udaltzaingoaren Agenteek 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, lapurreta-delitu baten ustezko egile gisa. Herrandarren kaleko merkataritza-establezimendu batetik dei bat egin zuten 092ra, eta adierazi zuten 34 urteko gizonezko bat atxikita zeukatela, zenbait salgai lapurtzen harrapatu zutelako. Helbide ezagunik ez zuenez eta justiziaren jarduerari ihes egingo ote zion susmoengatik, lokal horretara joan ziren agenteek atxilotu egin zuten. Gaur goizean epailearen esku geratuko da.

Bi pertsona zauritu dira talka batean

Atzoko 22.00ak baino minutu batzuk lehenago, bi autok elkarren aurka talka egin eta istripu bat gertatu zen Luis Olariaga kalean. Bi auto horietatik lehena gelditu egin zen oinezkoen pasabide batean, eta atzetik zetorkion autoak talka egin zuen haren aurka. Talka horren ondorioz, larrialdi-zerbitzuek bi gidariak artatu behar izan zituzten, 56 urteko emakume bat eta 38 urteko gizonezko bat, eta gero Txagorritxu eta Santiago ospitaletara eraman zituzten, hurrenez hurren.

Udaltzainek beste 16 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen inor zauritu eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik. Horrez gain, 25 salaketa izapidetu eta polizia judizialak 11 jarduera egin zituen.

Istripua Burgelun

Suhiltzaileak goizeko seiak baino minutu batzuk lehenago A-1 errepidera (Burgelu) hurbildu dira, bazterbidean ibilgailu bat iraulita zegoelako. Iritsi direnerako, bidaiariak beren kabuz ibilgailutik kanpora atereak ziren. Aguraingo Parkeko suhiltzaileek bere gain hartu dute esku-hartze hori.

Share