Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  24 urtarrila 2019 16:26

Udaltzaingoak komunikazio eta kontzientziazio kanpaina bat jarri du gaur martxan Vitoria-Gasteizko bide segurtasuna hobetzeko. 2018-2023 aldirako Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Iraunkorraren lehen Udal Plan Estrategikoan sartuta dagoen ekintza hori otsailaren 9ra arte egongo da martxan eta 20.000 orri-markatzaile banatzea du oinarri. Orri-markatzaile horietan oinezkoentzat eta txirrindularientzat arriskutsuak diren egoerak saihesteko mezu eta aholkuak jaso dira.

Honako mezu hauek ageri dira, besteak beste: “Saihestu deskuiduak: mugikorra, entzungailuak, egunkariak…”, “Gurutzatu baino lehen, begiratu bi alboetara eta ziurtatu ikusi zaituztela”, “Zebra-bideak oinezkoentzat dira. Errespeta itzazu” eta “Erabili argiak, islatzaileak eta txirrina besteek ikus eta entzun zaitzaten”.

“Oinezkoek eta txirrindulariek bide publikoan duten jokabidearen inguruko hausnarketa egin dezaten nahi dugu.  Bai eta hirian zehar mugitzean arriskutsuak izan daitezkeen ohiturak kontuan har ditzaten ere”, adierazi du Hiritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok.

Orri-markatzaileek logotipo bat dakarte, aurrerantzean Bide Segurtasunaren Udal Planaren irudia izango dena. Plan hori joan den urrian aurkeztu zen eta bere helburu nagusia hiriguneko ezbehar-tasa murriztea da. Hainbat ardatz ditu planak eta hauek dira horien xedeak:

  • Hirigunean mugikortasun iraunkorra eta segurua sustatzea eta trafiko-istripuen ondoriozko biktimak gutxitzea.
  • Talde ahulenak babestea.
  • Jokabide ezegokiak zuzentzea.
  • Bizi-ziklo osoan zehar mugikortasun seguruaren inguruan ikasten jarraitzeko erraztasunak ematea.
  • Informazioaren kudeaketa eta istripuak aztertzeko prozesua hobetzea.

Informaziorako material horren banaketa lehenetarikoa izan da hemendik aurrera egingo diren komunikazio eta kontzientziazio ekintza askoren artean. Hain zuzen ere, laster iragarkiak jarriko dira TUVISA autobusetan eta ibilgailu motordunen gidariei, bizikletaz dabiltzanei eta beste erabiltzaile batzuei zuzendutako plan bat egingo da sareko baliabideen bidez.

Horrez gain, bizikletaz dabiltzan eskola-ikasleen artean bide segurtasuna sustatzeko ekintzak ere badira martxan, argiak eta txirrina era egokian eta arduratsuan erabil ditzaten bultzatzeko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:02

Elur-arriskua amaitutzat eman delarik, udalak desaktibatu egin du Elurteetarako Planaren larrialdi aurreko fasea.

Eguraldi iragarpenaren arabera, gaur, osteguna, elur kota 800-1.100 metro inguruan izango da. Egunaren bigarren zatian gorantz egingo du, eta gauean 1.300 eta 1.500 metroan izango da.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:01

Nazio Batuen hiribidean trafikoa kontrolatzeko neurriak areagotuko ditu Udalak, kale horretako bide-segurtasuna hobetzearren.

Trafiko Zerbitzuak sakagailua duen semaforoa jarriko du Bastida kalearekiko bidegurutzeko oinezkoentzako pasabidean, hau da, joan den astean adingabe bat harrapatu zuten lekuan, eta radar finko bat jarriko du aurretik dagoenaz gain, hiriaren erdialdera doazen ibilgailuen abiadura kontrolatzeko.

Era berean, Herritarren Segurtasunaren Sailak, Espazio Publikoaren Sailak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak inguru horretan eta Zabalganeko beste kale batzuetan neurri gehiago ezartzea aztertuko dute mugikortasunaren taldea teknikoaren hurrengo bileran.

Bestetik, udal gobernuak 300.000 euroko aurrekontu-partida bat aktibatuko du hiri osoan bide-segurtasuna hobetzeko neurriak hartzeko, bereziki oinezkoentzako pasabideetan.

Udalak lehendik abiarazitako neurriak ezartzen aurrera egitea ahalbidetuko du partida horrek, besteak beste, oinezkoentzako pasabideak argiztatzea, pasabideen ikusgarritasuna hobetzea ondoko aparkalekuak kenduz, eta trafikoa moteltzea.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:58

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak 1850eko Gasteizera birtualki bidaiatzeko aplikazio mugikor berria aurkeztu gaur Fiturren.

 

 

Aplikazioa doan deskargatu daiteke bai Google Play-n (Android) bai App Store-n (IOS), eta Andre Maria Zuriaren plazak edo Montehermoso jauregiak garai hartan zuten itxura zuzenean ikusteko bide ematen du.  Arkikus enpresak egin du aplikazioa, zeinak azken urteetan aitortza lortu baitu estatuko hainbat ekintzailtzetza-programatan.

Teknologia berriak baliatuz kulturarekin lotutako turismoa sustatzeko modu berritzailea da, galdutako arkitekturak birtualki berreraiki eta espazioak girotzen baititu. Horrek ondarearen zabalkundea sustatuko du, eta turismoa espazio horietara eta inguruetara erakarriko”, azaldu du Nerea Melgosak

Aplikazioa baliatuz berreraikitako irudiei esker, ikusleek denboran bidaiatu dezakete, eta hiriak Erdi Aroko itxura gordetzen zuen garai batera joan; izan ere, Andre Maria Zuriaren plazara ematen duten gremio-kaleek ateak zituzten artean.

Aplikazioak lokuzioak ditu, irudiak ikusten diren bitartean informazioa eta deskribapenak entzun ahal izateko, testuak irakurri beharrik gabe. Bai testuak bai lokuzioak 4 hizkuntzatan eskaintzen dira: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa.

Bi erabilera sistema ditu: ukimenezkoa, edukiak hatzez eskuratu eta maneiatzeko, eta VR, errealitate birtualeko betaurrekoak erabiltzeko egokitua, zeinak hobeto murgiltzeko aukera ematen baitu, eskuak erabili beharrik gabe. Batak zein besteak giroskopioa dute, gailu mugikorra mugitze hutsarekin irudia biratzea ahalbidetzen duena.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:43

 

 

 

 

 

 

PROIEKTUAK

Gaur goizean, ‘Gazte Sortzaileak’ bekaren bosgarren edizioan hautatutako lanak aurkeztu dira Oihaneder Euskararen Etxean. Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko lankidetzari esker sortu zen laguntza hori, euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko asmoz. Erakundeen ekimen horren bitartez, gazteek osatutako bost talde artistiko aritu dira beste horrenbeste proiektu garatzen.

“Gazteen euskarazko kultur sorkuntza sustatzea da gure helburua. Bereziki, ahozko transmisioa eta berrikuntza balioesten ditugu”, azaldu du Euskara zinegotzi Iñaki Prusillak. Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Igone Martínez de Lunak, berriz, honakoa adierazi du: “bateren batek galdetuko du programa honen inguruan, ea zergatik antolatu behar den, ea Araban ez dagoen dagoeneko eskaintza hau, gazteei zuzendutako euskaraz sortutako kultur sorkuntza, eta erantzuna da dagoena ez dela nahikoa.
Eta beste batek galde dezake ea hartzailerik ba ote dagoen Araban…
Eta erantzuna da bai, badagoela hartzaile ugari, anitza eta gaztea, gainera, euskarazko kultur eskaintza eskatzen datorrena”
.

2018an lan hauek aukeratu ziren: Beñat Goitia eta Montauk-en diskoa, abenduaren 23an Oihanederren estreinatu zena; Urko Saenz de Buruagaren ‘Oskola’ (martxoaren 22an aurkeztuko da), Eñaut Gorbearen ‘Inkuren itzala’ (apirilaren 11n estreinatuko da, Aldaben), Eguzki Donnellan eta Haizea Berueteren ‘Tripak: huts bete hots’ (apirilaren 4an aurkeztuko da, Aldaben), eta Miren Narbaiza eta Joseba Baleztenaren ‘Zer hartu ontzitik itsasoa harri bihurtzen bada’ (maiatzaren 18an estreinatuko da, Aldaben).

Beka horietakoren bat lortu nahi duten 16 eta 35 urte bitarteko gazteek beste aukera bat izango dute 2019an. Martxoan egingo da deialdia. Artistek ideia bat aurkeztu behar dute —ez da beharrezkoa oso proiektu garatua izatea—; ondoren, 6-7 hilabete emango dira aukeratutako ideiak garatzeko, Udalaren eta Aldundiaren laguntza ekonomikoaren bitartez, zeina 4.000 eurorainokoa izan baitaiteke. Gainera, profesionalen laguntza izango dute ekimenak garatzeko.

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:22

Atzo auto batek emakume bat harrapatu zuen Extremadura eta Galizia kaleen arteko bidegurutzean eta argiketa-talde bat harrapaketa horren nondik norakoak ikertzen ari da. 76 urteko emakumea zaurituta geratu zen eta larrialdi-zerbitzuek, arreta eskaini ondoren, Santiago Ospitalera eraman zuten.

Atzo gauean istripu bat gertatu zen auto baten eta motozikleta baten artean, Zabalgana hiribidearen eta Mediterraneo hiribidearen arteko lotura antolatzen duen biribilgunean. 23 urteko moto-gidariak galga zanpatu zuen, pasatzen utzi zioen seinalearen aurrean bere aurretik zihoan ibilgailua gelditu zenean. Euriaren ondorioz eta galtzada bustita zegoenez, motozikletaren kontrola galdu zuen eta lurrera erori zen, eta hala, irristan joan zen autoaren aurka jo arte. Talkaren ondorioz zaurituta geratu zen eta anbulantzian eraman zuten Txagorritxu Ospitalera.

Udaltzainek zauriturik gabeko beste 16 trafiko-istriputan esku hartu zuten, eta 46 urteko ziklomotor-gidari bat ikertzen ari dira, bide-segurtasunaren aurkako delitua egin izanagatik, edari alkoholdunen eraginpean gidatzen ari baitzen.

Gizon horrek istripua izan zuen Wellington Dukearen kalean bere ziklomotorretik erorita. Nahitaezko alkoholemia-probak eginarazi zizkioten eta legez onartutako maila hirukoizten zuten tasak eman zituen, eta gainera, positibo eman zuen kokainan nahiz THCn. Emaitza horiek ikusita, izapide batzuk abiarazi zitzaizkion, Guardiako Epaitegian bideratu zitezen.

Udaltzainek atzo 15 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialak 7 jarduera egin zituen.

Istripu anizkoitza A-1ean

Hiru ibilgailuren artean gertatu eta pertsona bat zaurituta utzi zuen trafiko-istripu batean esku hartu zuten atzo suhiltzaileek, A-1ean. Istripuaren lekura iritsi zirenean, zaurituari arreta egin eta istripuaren ondorioz errepidean geratutako erregai-hondarrak garbitu zituzten.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:22

EHUrekin batera proiektu artistikoak zabaltzeko egiten den deialdian hautatutako lau lanetako bigarrena aurkeztu da

20190124 KATAALOGOA IZARO

Gaur aurkeztu da prentsaurrekoan Izaro Ieregiren “Feroz eta Kabala” lana, Montehermoso kulturuneak proiektu artistikoak zabaltzeko egiten duen deialdian hautatutako lau lanetako bigarrena. Kultura eta Kirol Arloko zinegotzia, Estíbaliz Canto; komisarioa, Cristina Arrázola-Oñate; EHUko ordezkaria, Edurne González Ibáñez, eta artista bera izan dira aurkezpenean.

Bihar, urtarrilak 25, zabalduko da erakusketa, eta otsailaren 24ra arte ikusi ahalko da. Gorputza, indarkeria eta performance-a dira gai nagusiak.  Zenbait hilabetez, artistak ekintza ezberdinak egin ditu gorputzaren, generoaren eta indarkeriaren kontzeptuen gainean, lehenengo bere estudioan, eta gero Tabakaleran egindako egonaldi artistiko batean. Ekintzak bideoz erregistratu zituen; hain zuzen ere, horietako azkenean erabilitako egiturek eta egindako bideoek osatzen dute erakusketa.

Izaro Ieregi (1987) EHUko Arte Ederretako fakultateko lizentziaduna da (2010).  2013an OKELA espazioa sortu zuen, Bilbon, beste bi kiderekin batera. Bakarkako erakusketak egin ditu leku hauetan: Arizko Dorretxea, Basauri (2017); C.C. San Martin, Buenos Aires (2017), eta Chinese European Art Centre, Xiamen (2017). Honako leku hauetan ere erakutsi du bere lana: Guggenheim museoa, Bilbo (2017); NY Space, Manchester (2016); Getxoarte, Getxo (2016). Egonaldiak egin ditu Bilbaoarte Fundazioan (Bilbo, 2016) eta Tabakaleran (Donostia, 2018). 2018an ERTIBILen bigarren saria lortu zuen, eta horri esker egonaldia egin zuen Studio Kura egoitzan (Japonia).

Montehermoso eta EHUren arteko proiektu artistikoak

Programa hau Arte Ederretako ikasleen proiektuak ezagutarazteko asmoz Montehermoso Kulturuneak eta EHUko Arte Ederren Fakultateak eratu duten lankidetza-hitzarmenaren baitan kokatzen da. Deialdiak prestaketa-aldian dauden artisten proiektuak ikusarazi eta ezagutaraztea da, bai eta ekoizpen- eta prestaketa-eremuen artean eztabaida eta trukerako gune bat sortzea ere, hartara artistei eremu profesionalarekin eta testuinguru lokalarekin harreman zuzena osatzen laguntzeko.

Harreman horri esker, eta orain artekoan, lehen urratsak eman ahal izan dituzte 31 artista gaztek, beren lanak jendaurrean erakusteko bide nekezean.

Aurten bi berrikuntza ditu deialdiak: batetik, lan bakoitzak katalogo propioa izango du; bestetik, eta garrantzitsuena, erakusketak banakakoak izango dira, eta ez kolektiboa, orain arte bezala.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:08

Gasteizek herritarrei laguntzeko bulegoen sare osoa baliatuko du kanpainan informazioa eta aholkularitza emateko; urtarrilaren 28an (astelehena) hasiko da kanpaina, eta otsailaren 7ra arte iraungo du

 Gerora matrikulazioa udal bulegoetan bertan egin ahal izatea da asmoa

 

Alkate Gorka Urtaranek, Hezkuntzako zinegotzi Estíbaliz Cantok eta Arabako Hezkuntzako ordezkari Blanca Guerrerok lankidetzarako ildo berri bat aurkeztu dute gaur, eskoletako matrikulazio-kanpainan familiei laguntzeko.

Horren bitartez, Gasteizek herritarrei laguntzeko bulegoen sare osoa eskainiko du matrikulazio-kanpainan informazio eta aholkularitza emateko; urtarrilaren 28an (astelehena) hasiko da kanpaina, eta otsailaren 7ra arte iraungo du. Hartara, informazioa eta aholkularitza guneen eskaintzari beste 12 leku gehituko zaizkio hirian barrena, hiru eskola-eremu bakoitzeko.

Familiei beharrezko informazioa eta orientabideak ematen laguntzea da helburua, eskolaratze orekatua lortze aldera. Lankidetza horri esker, arreta emateko ordutegia zabalagoa izango da, eta gertuko zerbitzua eskainiko, gizarte etxeetan kokatutako bulegoen bitartez.

Matrikulazio-epea bukatu ondoren, esperientzia pilotua ebaluatuko da, behar diren doikuntzak egin eta lankidetza egonkor bihurtu dadin; gerora matrikulazioa udal bulegoetan bertan egin ahal izatea da asmoa.

 “Hain zuzen ere, gizarteari eta hezkuntzari dagokionez Gasteiz modernizatzea zen agintaldirako gure konpromisoetako bat, azken helburutzat pertsona ororen berdintasuna bermatzea hartuta, giza eskubideak oinarri direla”, azaldu du alkateak.

Udalak eskumen mugatu eta partekatua du hezkuntzaren alorrean; alabaina, “ez da hori gertatzen berdintasunaren alorrarekin, giza eta funtsezko eskubideen markoan, eta konpromiso horretatik aurkezten dugu gaur hezkuntza-ekitatearen alorrean autonomia erkidegoko administrazio orokorrarekin lankidetzan aritzeko programa hau”, erantsi du Gorka Urtaranek.

Izan ere, gaur aurkeztu den ekimena Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekiko lankidetza-esparru zabalago baten barruan sartzen da, zeinak Gasteizko udalerrian hezkuntza-ekitatea sustatzeko interes komuneko jarduerak definitu eta koordinatzeko helburua baitu —laster aurkeztuko da hori—.

Hezkuntzako zinegotziak, berriz, “hezkuntza-politiketan beste batzuekin batera aritzeko konpromiso sendoa” berretsi du. “Gobernu honek berriro jarri zuen martxan Udaleko Eskola Kontseilua, eta kudeaketa-lan handia egin dugu: segregazioaren kontrako mahaia sortu genuen, zeina fruitu ematen ari baita pixkanaka eta zarata handirik egin gabe, eta ematen jarraituko baitu gerora ere. Gasteiz erreferentzia da estatuan hiri hezitzaileen alorrean, eta udalaren haur-eskolen kudeaketan ere ahalegina egin dugu —Eusko Jaurlaritzarekiko lankidetzaren beste adibide bat—, hainbat programarekin, hala nola Haur Antzerkia, Artea  eta Jolasa, Gurasoen Eskola eta aiten erantzunkidetasunerako proiektuak”, nabarmendu du Estíbaliz Cantok.

 

 

 

 

 

 

 

 

Share