Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 urtarrila 2019 17:00

Prentsaurrekoa. Gasteizen egingo den ‘Congreso del Sueño para la Ciudadanía’ biltzarra aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Sociedad Española del Sueño elkarteko presidente Alejandro Iranzo de Riquer; eta Arabako Unibertsitate Ospitaleko Lotarako Unitateko buru Carlos Ejea

Eguna. Osteguna, urtarrilak 31

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:54

 

  • Aurtengo lehiaketan bikoiztu egin da joan den urtean lortutako partaidetza errekora.
  • Feria Andre Maria Zuriaren plazan instalatutako karpa batean egin da, eta amaiera jarri dio Ikasenpresa hezkuntza-programari.

 

Gasteizko Udaleko Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak, Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusiorde Pilar García de Salazarrek, BIC Arabako zuzendari David Monterok eta Vital Fundazioko zuzendari Josune Albizuk inauguratu dute gaur Araba Ekinean-en Eskola Enpresen Feriaren beste edizio bat. Lanbide Heziketako ikasle arabarrek Ikasenpresa programaren barruan ikasturte honetan garatu dituzten enpresa-proiektu berrien erakusleiho izatea da ekimenaren helburua.

Feria Andre Maria Zuriaren plazan instalatutako karpa batean egin da, eta iaz lortutako partaidetza errekorra gainditu da, Arabako Lanbide Heziketako bost ikastetxetako ikasleek sortutako 66 proiektu eta negozio-ideia berri aurkeztuta. Hain zuzen ere, ia bikoiztu egin da 2018ko ekimen-kopurua. Aurkeztutako 66 proposamenak beste horrenbeste standetan egon dira ikusgai eta horietako batzuk erosteko aukera ere izan da. Honako ikastetxe hauetako ikasleek hartu dute parte: Gamarrako Ostalaritza Eskola, Mendizabala, Egibide-Nieves Cano, Egibide-Arriaga eta Egibide-Molinuevo. Askotarikoak izan dira aurkeztutako produktu eta zerbitzuak: pizza mozteko artaziak, eskuak desinfektatzeko gela, food truck baten bidez tokiko janaria garraiatzeko zerbitzua, kristal artifizialak sortzeko gai diren gatz inorganikoak oinarri hartuta sortutako bitxiak, birziklatutako materialez sortutako maskota-oheak, arrain-ontzia txertatuta dakarten altzari pertsonalizatuak, maskoten gorpuzki-zerrautsak baliatuz hazitako landareak, askotariko pastak eta gozoak, edo inklusioa bultzatzen duten aisialdiko eta denbora libreko jarduerak.

Izan ere, Ikasenpresa hezkuntza-programaren barruan, erdi eta goi mailako ikasleek enpresa bat sortzeko aukera dute, proiektua lantzeko prestakuntza eta tutoretza jasoz. Den-dena garatu behar dute ikasturtean zehar, logotipoetatik eta marketin planetik hasi eta estrategiaraino. Enpresaren mundua ikasgeletara hurbiltzea da helburua, ikasleek ekiteko duten ahalmena sustatzeko. Metodologia guztiz praktikoa da, eta hezkuntza testuinguru berritzailea sorrarazten du. Garatutako lana erakusteko bide ematen die ikasleei Enpresen Feriak, bai eta kontsumitzaileen aurrean ideia eta proiektuen egokitasuna probatzeko bide ere.

Enpresen Feria aurrenetariko jarduera izan da Araba Ekinean-en edizio honen baitan, baina ez lehena; izan ere, XV. edizio honi hasiera emateko, “Zure ideiak balio du” lehiaketa jarri zen martxan urtarrilaren 21ean, honako kategoria hauekin: Ideiak (On4you agentziak babestuta), Iraunkortasuna (Aclimak babestuta), Merkataritza eta Turismoa (Gasteiz ON elkarteak babestuta), Nekazaritzako Elikagaiak (Eroskik babestuta), Industriala (Michelin Fundazioak babestuta), Zerbitzuak, eta hiru sari berezi: lehena ikusleek aukeratuko dute, bigarrena irabazten duenak Metxa azeleratzailearen Bootcamp-ean leku bat lortuko du eta hirugarrena RPK enpresak emango dio inpaktu sozial handiena eta onena duen proiektuari, hala, industriaren eta eraldaketa sozialaren arteko mugak lausotzeko.

 

Edizio honen beste helburu bat Ekin Breakfast delakoak, ekintzailetzari buruzko topaketa telematikoak, sustatzea da, urte osoan zehar Gasteizen zein Arabako beste herri batzuetan formatu horretako ekimenak egin daitezen.  Hain zuzen ere, lehen Ekin Breakfast topaketa otsailaren 13an egingo da, eta honako gai hau izango du ardatz: “Nola bilatu inbertsioak proiektu ekintzaile berrietarako”. Interesdun orok irekita du dagoeneko izena emateko epea, web orri honetan: www.alavaemprende.com.  Web orri horretan gainerako jarduerei buruzko informazioa ere ageri da, hona hemen horietako batzuk: Ekin Day (edizioko egun garrantzitsuena); “Zure ideiak balio du” lehiaketako finalisten aurkezpena; eta pertsona ekintzaileen eta finantzaketa-, aholkularitza- eta azelerazio-erakundeen arteko B2B topaketak.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:25

Atzo zazpi pertsona zauritu ziren bi autoren arteko talkaren ondorioz izandako istripu batean, Zadorra hiribidearen eta Iruñea kalearen arteko biribilgunean. Talkaren ondorioz, 33 urteko bi gizon eta 31 urteko beste gizon bat Txagorritxu Ospitalera eraman zituzten, hirurak ere talka jasan zuen ibilgailuko bidaiariak, eta bigarren ibilgailuko hiru bidaiari, 18 urteko bi gazte eta 30 urteko beste bat, Txagorritxu eta Santiago Ospitaletara eraman zituzten.

Argiketa-talde bat Badaia kalean bizikleta batek jasandako beste istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da. Bizikleta-gidaria, 54 urteko emakumea, osasun-langileen talde batek artatu zuen, eta azkenean, Txagorritxu Ospitalera eraman zuten anbulantzian.

Atzo, Hezeguneen Ibilbidearen eta Deba Arroa kalearen arteko biribilgunean, auto batek beste baten saihetsean jo eta gertatutako istripuaren nondik norakoak ere ikertzen ari dira. Ibilgailuetako bat iraulita geratu zen talkaren ondorioz, eta zenbait lesio eragin zizkion 49 urteko gizonezko gidariari; Txagorritxu Ospitalera eraman zuten anbulantzian.

Udaltzainek beste 13 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen inor zauritu eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik. Horrez gain, 20 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 10 jarduera egin zituzten.

Esku-hartzeak haizeagatik

Suhiltzaileek zenbait jakinarazpen jaso zituzten atzo, haize-bolada bortitzek eragindako arazoengatik, hala nola, teilak solte zeudela, horma-zatiak erori zirela edo leiho batzuk erortzeko arriskuan zeudela.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:53

Lehenengo hamaikak otsailaren 10etik ekainaren 2ra bitarteko igandeetan estreinatuko dira

Auzo Eszena programa

Auzo Eszena programak Gasteizko arte eszenikoen alorreko konpainia ez-profesionalei beren proposamenak jendaurrean erakusteko aukera ematen die, eta 2019an 24 lan estreinatuko dira; zikloa bi denboralditan banatuta dago: otsaila-ekaina eta urria-abendua.

Kultura Hezkuntza eta Kirol Arloko zinegotzi Estíbaliz Cantok aurkeztu du gaur prentsaurrekoan, eta hauxe azpimarratu du: ”2018an baino lau proposamen gehiago dira, eta horrek adierazten digu zeinen bizi dagoen tokiko kultura ehuna”.

Zehazki, Auzo Eszenaren barruko 24 lanetako hamaika programatu dira otsailaren 10etik ekainaren 2ra bitarteko denboraldian; igandeetan izango dira emanaldiak, 19:00etan, Ariznabarra, Arana, Aldabe, Zabalgana eta Salburuko ekitaldi-aretoetan.

Konpainia eta artista hauek hartuko dute parte: Ciro Dido, Juanjo Monago, Latirili, Pánico Escénico, Mejorad@s, Mago Goyo, Pro-ismo 0, Zurrunka, Flor de tomillo, Aitor Vinagret eta Abstractoesfera.

Bihar jarriko dira sarrerak salgai, gizarte etxe eta kirol instalazio guztietan. Prezioak 3 € eta 5 € artekoak izango dira, taldeen arabera.

Kultura Zerbitzuak espazioak eta ekipamenduak jartzen ditu, eta sarrera-salmenta kudeatzeaz, zabalkundea egiteaz, argiztapen eta soinu teknikari baten gastuez eta leihatilan bildutako dirua ordaintzeaz ere arduratzen da.

 

2018ko datuak

2018an 20 ikuskizun estreinatu ziren, eta 2.365 ikusle izan ziren;  2017an, 17 ikuskizun eta 1.884 ikusle. “Funtzionatzen duen programa da eta, gainera, arrakasta kualitatiboa du, kuantitatiboa baino garrantzitsuagoa dena, konpainia amateurrei antzezteko aukera ematen baitie”, amaitu du Cantok.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:47

Udaltzaingoak legez kontrako 60 zabortegi baino gehiago hauteman zituen 2018an Gasteizko menpeko toki erakundeetan. Egindako ikerketei esker, udaltzainek 15 pertsona identifikatu dituzte hondakinak botatzearekin lotuta, eta Ingurumen Sailak dagokien dosier zigortzailea ireki die.

 

Zabortegi horietan mota guztietako hondakinak zeuden pilatuta: zaborra, komun-zatiak, etxetresna elektriko txikiak, altzariak, etab. Tokiei dagokionez, berriz, hondakindegiak Lasarten, Arangizen, Arinizen, Gamarra Nagusian, Uribarri Arratzun eta Zubigarain aurkitu dira, besteak beste, eta esan beharra dago Ingurumen Taldekoen eta Udaltzainen zaintza-lanei eta 092 zenbakiak jasotako herritarren deiei esker lortu dela horiek aurkitzea.

Zabortegien kokalekua zehaztu eta gero, Udaltzaingoak txostenak egin eta Nekazaritza Eremuaren Zerbitzuari bidali zizkion, zerbitzu horren ardura baita ukitutako guneak garbitzea eta berreskuratzea.

Kasu batzuetan, legez kanpoko zabortegi horiek lokalizatu ondoren, eginbide judizialak izapidetu behar izan dira. Hala gertatu zen Lasarte inguruan, Zapardiel errekatik hurbil, osagai kutsagarridun hainbat lanpara fluoreszente aurkitu ondoren, batzuk hautsita.

Udaltzaingoak lortu zuen hondakin horiek bota zituzten pertsonak aurkitzea.  Eraberritze-lanak egiten dituen enpresa bateko langileak dira eta hiriko merkataritza-establezimendu bateko argiteria aldatu berri zuten. Orain ikerketapean daude, ingurumenaren aurkako delitua egin izana leporatuta.

Zortzi txosten 2019an

Urtea hasi zenetik, Agirrelandako Ingurumen Taldeak 8 txosten izapidetu ditu eta zabortegi horietako baten erantzulea identifikatu du.

Udaltzaingoaren barruko talde horrek gizalegez jokatzeko deia egin du eta gogorarazi du Gardelegin eta Oto Hiribidean mota horretako hondakinak uzteko garbiguneak daudela.

Horrez gain, herritarrei eskatu die 092 zenbakira deitzeko mota horretako hondakindegirik aurkituz gero edo halako legez kontrako jardunbiderik hautemanez gero.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:47

Otsailaren 4an, esker oneko ekitaldia egingo da Judimendiko lorategietan, eta, lehenago, adituen mahai inguru bat egingo da Erdi Aroko euskal juduei buruz.

Euskadi-Israel Kultur Elkarteak zenbait ekitaldi antolatu ditu otsailaren 4rako, Vitoria-Gasteizko Udalari omenaldia egiteko, oroitzeko 526 urte betetzen direla hiriak promes egin zuela (HAVTAJÁ, hebreeraz) zainduko zuela 1492ko kanporaketaren aurretik lurperatu ziren juduen gorpuak zeudeneko hilerri zaharraren orubea, eta promesa bete zuela.

Omenaldiaren ekitaldia Judimendiko Lorategietan izango da, otsailaren 4an (larunbata), 18:00etan; bertan izango dira Gasteizko apezpiku Juan Carlos Elizalde, Madrilgo errabino nagusi Sr. Moshe Bendahan, zenbait alderdi politikoren ordezkari eta gizarteko eta kulturako zenbait pertsona ezagun.

Ekitaldi horren aurretik, Erdi Aroko euskal juduen Historiari buruzko I. Mahai-ingurua egingo da, Goiuri jauregian, 10:00etan; ezezagun den gai honetan adituak diren itzal handiko lau historialarik hartuko dute parte bertan.  

Euskadi-Israel Kultur Elkartean ezagutzera eman nahi dugu Euskal Autonomia Erkidego juduen Historiaren oparotasuna, eta, batik bat, Gasteizkoa, hiria izan baitzen euskal lurralde honetako juduen historiaren gune nagusia. Munduko komunitate judu guztiei eman nahi diegu horren berri, eta areagotu nahi ditugu komunitate juduen eta Israelgo Estatuaren arteko kultura-, turismo- eta merkataritza-loturak, bi alderdien onurarako. Beraren helburuetako bat da Historia euskal-juduaren museo bat eratzea”, nabarmendu du Euskadi-Israel Kultur Elkarteko lehendakari Laurence Franks.

Elkarteak arestian antolatu dituen ekitaldietako bat “Holokaustoaren 13 zutabeak” erakusketa izan da; lehenago Goiuri jauregian ikusgai egon zen, eta gero gizarte-etxeen sarean, eta Bilboko eta Donostiako zenbait ikastetxetan. Gaur egun, Unibertsitate Pabiloian dago ikusgai, 2019ko otsailaren 6ra arte.

Share