Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  22 urtarrila 2019 17:00

Prentsaurrekoa. ‘Seme-alaben hazieraz eta hezkuntzaz arduratzen den aitatasuna eraikiz’ lantegia aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Asteazkena, urtarrilak 23

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————

2019ko Fiturren inaugurazioa eta Vitoria-Gasteiz ezagutarazteko jarduerak aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa

Eguna. Asteazkena, urtarrilak 23

Ordua. 11:30

Tokia. IFEMA (Madril)

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:11

600 pertsonatik gora elkartuko dira Europa jauregian, kirol elektronikoarekin lotutako hainbat jardueraz gozatzeko. 

Urtarrilaren 26an, “New Age Generation” ekitaldia egingo da Europa jauregian. Horren barruan bideo-jokoekin eta kirol elektronikoarekin lotutako hainbat jarduera antolatu dira, eta nabarmengarrienen artean emakumea bideo-jokoetan barne hartzeari buruzko mahai-inguru bat eta “Overwatch” jokoaren estatuko finala ditugu; 24 jokalari profesionalek jokatuko dute titulua, Maria de Maeztu entzunaretoan.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok, New Age Generation-en CEO José García Leivak, eta Ovnis Club kirol elektronikoen alorreko aholkularitzaren fundatzaile eta CEO Alexander Robleñok aurkeztu dute gaur ekitaldia prentsaren aurrean; Kirol Zerbitzuak lagundu du hori antolatzen, eta Nerea Melgosa zinegotziak gidatzen duen Garapen Ekonomikoaren Sailak ere hartu du parte.

Cantoren hitzetan, “ekitaldiari lagundu beharra genuen, barne hartzen dituen lehiaketengatik ez ezik, gazte batzuen ekimena delako Gasteizen bideo-jokoen mundua ezagutarazteko, horiek normalizatzen laguntzeko eta teknologia berrietara gerturatzeko, kirolaren berezko balioak —kirol elektronikoak ere badituena— zabalduz”.

10:00etatik 20:00etara iraungo du ekitaldiak, eta orotara 600 pertsonak baino gehiagok parte hartzea aurreikusi da (publikoa, antolatzaileak, jokalari profesionalak, babesleak eta influencerrak). Informazio gehiago: www.newagegeneration.es.

 

Jarduerak:

  • Kirol elektronikoen lehiaketa, Clash Royale modalitatean (tokiko lehiaketa): 128 leku orotara. Munduko streaming plataformarik handienak (Twitch.tv) emango du lehiaketa.
  • Overwatch Andromeda-ren estatuko lehiaketa: modalitate horretako estatuko finaletan 24 jokalari profesionalek hartuko dute parte, Maria de Maeztu entzunaretoan.
  • Clash Royale (Energy Fruit)-en estatuko lehiaketa: 16 parte-hartzaile lehiatuko dira, Olarizuko aretoan jarritako 20×10 metroko espazio batean.
  • Mahai-ingurua: emakumeak bideo-jokoetan barne hartzea. Maria de Maeztu entzunaretoan egingo da.
  • Teknologia berriak: robotak eta robotikarekin lotutako jarduerak izango dira, baita errealitate birtuala ere.
  • Erakustaldi-partida: 12 influencerrek partida bat jokatuko dute entzunaretoan.
  • Babesleen standak. Olarizu aretoan, gainerako erakustokien ondoan.
  • Joko-eremua: hainbat bideo-joko probatzeko aukera izango da 9 PS4 eta 10 PC dituen eremuan.

 

Egitaraua:

  • 10:00 Ekitaldiaren hasiera – Akreditazioak
    • Zortzigarren Energy Fruit invitational-en hasiera.
  • 11:30
    • Tokiko lehiaketetarako izen-ematearen itxiera.
    • Andromeda-ren 1. finalerdien hasiera (entzunaretoa).
  • 12:00
    • Tokiko lehiaketen hasiera.

 

  • 13:00
    • Mahai-ingurua: emakumeak bideo-jokoetan barne hartzea (entzunaretoa).
    • Andromeda-ren 2. finalerdiak.
  • 14:30
    • Overwatch-en erakustaldi-partida.
  • 15:00
    • Tokiko lehiaketen finala.
  • 16:00
    • Andromeda-ren 3. eta 4. lekuak.
  • 17:30
    • Andromeda-ren finala.
    • Energy Fruit Invitational-en finala.
  • 19:30
    • Sari banaketa.
  • 20:00
    • Jardunaldiaren amaiera.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:00

Elurra egin dezakeela iragarri delarik, Udalak elurte planaren larrialdi aurreko fasea aktibatu du.

Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologiako Zuzendaritzaren arabera, gaur elur kota 500 eta 800 metroen artekoa izango da Araba ekialdean eta Gipuzkoako barnealdeko ibarretan; 600 metrora 0 eta 5 cm arteko lodiera izan dezake, eta bihar, asteazkena, handiagoa.

Larrialdi aurreko fasean, Udalak makina eta ibilgailu propioak ditu prest gerta daitekeenari aurre egiteko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:58

2018an, Udaltzaingoak erregistratutako delituen kopurua % 5 jaitsi zen 2017. urtekoen aldean. Zehazki, 6.351 salaketa tramitatu ziren Agirrelandan iaz; 2017an, berriz, 6.692 izan ziren.

Udaltzaingoak jasotako delinkuentzia-datuen lehen azterketa batean, gizarte alarma berezia sortzen duten delituak nabarmen murriztu direla ikus daiteke: sexu abusu eta erasoak (-% 54), merkataritza eta ostalaritza establezimenduetako lapurretak (-% 16), bizikleta ebasketak (-% 15), etxebizitzetako lapurretak (-% 12), eta genero eta etxeko indarkeria (-% 7).

“Datuak positiboak dira. Hiri segurua izaten jarraitzen dugula baieztatzen dute, eta delituen kontra gure agenteak zein poliziaburuak egiten ari diren lana ona dela berresten. Era berean, gobernuaren kudeaketaren isla dira, zerbitzuak indartu, zerbitzu berriak sortu eta agente gehiagoz hornitzeko apustua egin baitu, eta horren erakusgarri dira deitu ditugun bi LEPetatik sortutako 60 agente berriak”, azaldu du Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok.

Delitu motak

Delitu motaren arabera, sexu abusu eta erasoak % 54 jaitsi ziren 2018an: 16 kasu izan ziren, eta 2017an, 35.

Ondarearen kontrako delituen artean nabarmendu behar da % 16 jaitsi direla merkataritza eta ostalaritza establezimenduetako lapurretak. Izan  ere, 2018an 70 establezimendutan sartu ziren lapurrak, eta 2017an, aldiz, 83tan. Enpresetako lapurretei dagokienez, Udaltzaingoak 17 salaketa jaso zituen, 2017an baino 5 gutxiago.

Etxebizitzetan indarrez egindako lapurretak % 12 jaitsi ziren: 135 izan ziren guztira; 2017an, berriz, 153. Beste leku itxi batzuetan (trastelekuak, ganbarak, lonjak, etab.) egindako erasoei dagokienez, ordea, 13 salaketa gehiago jarri ziren, 171 guztira.

Ebasketa eta iruzur delituak ere % 6 jaitsi ziren 2018an (288 salaketa guztira), baita ibilgailu motordunen lapurretak ere (Udaltzaingoak 31 kasu zenbatu zituen). Ibilgailuen barruko lapurretak, ostera, 2017an (263) baino 64 gehiago izan ziren.

Bizikleten ebasketetan beheranzko joerak jarraitzen du: 883 kasu zenbatu ziren 2017ko 978 kasuen aldean, hau da, % 15 gutxiago.

Azkenik, 2018an genero-indarkeriarekin eta etxeko indarkeriarekin lotutako 297 salaketa izan ziren; 2017an 319 salaketa izan ziren, beraz, % 7 murriztu da kopurua. Zehazki, Udaltzaingoak genero-indarkeriako 216 kasu erregistratu zituen (2017an 234 izan ziren), eta etxeko indarkeriako 81 (2017an, 85).

Delitu horiei eta beste batzuei aurre egiteko Udaltzaingoak egindako ikerketen ondorioz 249 pertsona atxilotu zituzten, eta 1.408 ikertu.

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:02

Kultura Elkargunearekin lotutako saio irekia izango da, hiriak kulturaren alorrean etorkizunean izango dituen eskaerei erantzungo dieten neurriak zehazteko xedez.

Kultura Elkarguneak hurrengo lan-mahaian parte hartzera gonbidatu ditu interesdunak: “Gasteizko kultura ekipamendu publikoen erabilera, zerbitzu eta programen birplanteamendua”. Honako gai hau Kultura Plan Estrategikoan jasotako erronka nagusienetako bat da.

Gasteizko kultura eta sormen eragileek ekipamenduen inguruan dituzten beharrak zehaztea da saio honen helburua. Pauso honen ostean, diziplina eta lan-fase ezberdinetara (ikerketa, sormena, ekoizpena, erakusketa, bitartekaritza, e.a.) lotutako eskaerei erantzungo dieten neurri konkretuak diseinatzea da nahia.

Lan-mahaia urtarrilaren 29an izango da, asteartearekin, 18:30etatik 20:30etara Simone de Beauvoir-en. Saioak honako estruktura hau izango du:

  1. Helburua eta saioaren dinamika.
  2. Gasteizko kultura ekipamendu publikoen identifikazioa.
  3. Kultura eta sormen eragileek ekipamendu hauekiko dituzten beharren identifikazioa. Abiapuntuak:
    1. Espazio-baliabideak.
    2. Edukiak eta programak.
    3. Araudia.
  4. Ondorioak eta itxiera.

Bestetik, Kultura Elkargunearen hurrengo bilera otsailaren erdialdean izango da.

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:04

Udaltzainek hamaika trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen inor zauritu eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik. Horrez gain, 28 salaketa izapidetu eta polizia judizialak 10 jarduera egin zituen.

Suhiltzaileak

Suhiltzaileek atzo, gaueko bederatziak jota, Domingo Beltran kaleko etxebizitza bateko atea irekitzen esku hartu zuten, bi adingabe giltzapetuta geratu baitziren barruan. Erdi irekita zegoen leiho batetik sartu behar izan zuten barrura suhiltzaileek, gurasoei atea zabaldu ahal izateko.

Horrez gain, jakinarazpen bat jaso zuten, Errege Atea kaleko merkataritza-lokal baten barrualdean ustez gas-ihesaldi bat zegoela ohartaraziz. Merkataritza-lokal hori aztertu ondoren, neurketa batzuk egin zituzten esplosimetroa erabiliz, eta denek emaitza negatiboa eman zuten. Suhiltzaileek ikusi zuten gas butanoko bi estufa zeudela bertan; gas-harguneak itxi zituzten eta lokalaren jabeei adierazi zieten beharrezkoa zela horien berrikuspen bat egitea.

Share