Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 urtarrila 2019 17:00

AMAPASEk antolatutako “Komunikazio positiboa: gurasotasunean eta familia-erlazioetan duen eragina” jardunaldiaren inaugurazioa

Parte-hartzailea: Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munain.

Ostirala, urtarrilak 11.

Ordua: 9 horas.

Lekua: Montehermoso kulturunea, Ortuño aretoa.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:57

 

 

 

 

 

 

– Txirrindulariek eta oinezkoek Natura 2000 Sareko natura gune den Zadorra ibaiaren ertzetatik doan kilometro eta erdiko ibilbide hori egin dezakete hemendik aurrera. Esku hartze horri esker, gainera, lurrazal andeatu zaharrak itxuraberritu ahal izan dira ingurumen aldetik.

– Proiektuaren bukaeran, Zadorraren ibilbide berdeari esker Gasteiz eta Iruña Oka lotuko dira bizikletaz egiteko 16,2 kilometroko tartean

Ramiro González Arabako diputatu nagusiak eta Josean Galera Ingurumen Saileko foru diputatuak, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea lagun, gaur goizean inauguratu dute Arabako hiriburuko eraztun berdea eta Jundizko industrialdea eta Krispiña lotzen dituen Zadorraren ibilbide berdearen tarte berria.

Mugikortasun jasangarriko igarobide berri hori egokitzeko hainbat esku hartze egin da, hala nola zorua egokitu bizikletak, gurpildun aulkiak eta haurrentzako gurditxoak igaro daitezen; seinale berriak jarri, eta andeaturiko lurrazal zaharrak berreskuratu, zikin eta isurketekin egon baitira, eta orain natura gunean bertan txertatuak daude.

Txirrindularientzako eta oinezkoentzako ibilbidea da, hari esker herri guneak lotu ditzakegu, baita hobeto ezagutu ere gure natura balioak eta aurrerapausoa eman mugikortasun jasangarriaren alde esanez poztu da Ramiro González, eta dioenez ibilbide berde berri honek jarraitzaile asko izango ditu: ez bakarrik aisialdi osasuntsu baten alde oinez eta bizikletaz ibiltzera zaletuak direnak, ezpada beste aukera bat ere izango dute industrialdean lan egiten dutenek, bizikleta erabili ahalko baitute garraiobide beren lanetara joateko.

Bestalde, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak esku hartze hori kokatu du eraztun berdearen etengabeko hobekuntzan, hura ingurumen, gizarte eta turismoko lehen mailako baliabidea baita, zeinak 2018an 25. urteurrena bete baitu asmo askorekin eta erreferente berriekin; hain zuzen ere, Olarizuko parke botanikoa. Gasteizko alkateak gogorarazi duenez erakundeetan lan egiten ari gara hiri inguruetako parkeen sarea zabaldu, hobetu eta finkatzeko. Eta Zadorraren ibilbide berdearen tarte berri hori lankidetza horren ondorio da. Hiriko txirrindularientzako eta oinezkoentzako loturak hobetzeko modua ere bada, baita hirian eta lurraldean oinez eta bizikletaz ibiltzen laguntzeko modua ere azaldu du. Alkateak, era berean, esan du erakundeen arteko koordinazioa Gasteiz eta Araba hobetzeko tresna dela.

Izan ere, Gasteizko Udalak dozenaka jardun dauzka aurreikusiak eraztun berdea finkatzeko datozen urteetan. Hain zuzen ere, Larragorri parkea atontzea, Áncora irin lantegia zaharberritzea, Zadorra hidraulikoki egokitzea Gamarra eta Abetxuku artean, edo Armentiako basoa eta Zabalgana lotzea igarobide garai baten bidez.

Lotura jasangarria Krispiña, Margarita eta Lermandarako

Gaur goizean inauguratu den tartea proiektu handiago baten zati da, hari esker 16,2 kilometroko ibilbidea egin ahalko baita Gasteiz, Tresponde, Billoda eta Iruña Oka artean, eta Iruña Veleiako aztarnategira ere iritsi ahalko da. Gainera, ibilbideak –Zadorraren ur ibilgua du erreferentzia– berariazko bideak ditu Santa Katalinako lorategiraino eta Jundizko muinoraino; hau da, interes historiko eta ekologikoa duten toki horietaraino.

Ibilbide berde berriak jada irteera atsegina eta bizikletaz eta oinez ibiltzeko konexioa eskaintzen die Krispiñako herritarrei, eta ibilbide osoa amaitzen denean, Margarita eta Lermandakoei eskainiko die, zeinei Jundizko industrialdea hazteak eragin baitie; izan ere, Gasteiz eta Iruña Okarekin loturik egongo baitira Zadorraren ibilbide berdearen bidez.

Hain zuzen ere, ibilbidearen lehenengo zatia, Billoda eta Iruña Oka lotzen dituena, 2017ko uztailean jarri zen martxan, eta horretarako, 4,7 kilometro atondu ziren. Guztira, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak ia 300.000 euro inbertitu ditu ibilbide horretan, eta hartarako, guztira 850.000 euroko inbertsioa aurreikusten da. Esku hartze guztiak % 50ean finantzatuta daude Europako EGEF funtsekin.

Ibilbide berdeen 1.080 kilometroko sarea

Diputatu nagusiak garrantzia eman die Arabako ibilbide berdeei, eta gogorarazi duenez, gure ibilbide berdeak estatuan ondoen kontserbatuak daudenak dira, eta elkarri guztiz konektatuta dauden bakarrak; guztira, 1.000 kilometro baino gehiago dituzte. Irmoa da mugikortasun jasangarriaren eta ez motorizatuaren aldeko gure apustua. Gainera, ibilbide berdeen bidez, herriak elkarrekin lotzea lortzen dugu, bai eta gure lurraldearen oreka sendotzea ere, gure kultura eta historia balioak indartuz.

Horretarako, agintaldia bukatzen denean, foru gobernuak 3,8 milioi euro inbertitu izango ditu azpiegitura estrategikoetan, esaterako: Vasco-Navarroren ibilbide berdearen bidea, Antoñanara doana; Amurrio eta Nerbioiko parke lineala lotzea; ibilbide berriak, hala nola Zadorraren ibilbide berdea edo etorkizunean egingo den harriaren ibilbidea, zeinaren bidez Santa Maria katedrala eta Axarteko harrobiak (Trebiñu) lotuko baitira, eta proiektu horrek Erdi Aroko antzinako bidea, 14 kilometrokoa, berreskuratuko du.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:09

Ikuskizun batzuetarako sarreren salmenta urtarrilaren 15era aurreratuko da, 31n hastekoa den salmenta ez kolapsatzeko

Udalaren Kultura Sailaren mendeko Antzoki Sarearen negu-udaberrietako denboraldiak 73 ikuskizun eskainiko ditu guztira. Antzerkia, dantza, musika klasikoa, popa, flamenkoa, beste musika mota batzuk, umorea, zirkua eta familientzako proposamen ugari ikusi ahalko dira. Aurten, beti bezala, kalitatearen alde egin da, eta besteak beste, Juan Echanove, Alex Ubago, Carmen Maura, Aitana Sánchez Gijón, José Sacristán, Ismael Serrano, Café Quijano eta Sweet California izango ditugu San Prudentzio kaleko agertokian.

Gizarte etxeetako zikloetan 17 ikuskizun eskainiko dira, eta Principal antzokian, 55; Jesús Guridi kontserbatorioan ere eskainiko da saio bat .

Principal antzokia:

  • Helduentzako abonamenduak 12 proposamen biltzen ditu: “La vuelta de Nora”, Aitana Sánchez Gijónekin; “Voltaire/Rousseau, la disputa”, Josep María Flotatsena; “Ensayo”, Teatro Kamikazerena; “Si no te hubiera conocido”, Unax Ugalderekin; “Rojo”, Juan Echanoverena; “El precio”, Gonzalo de Castro eta Tristán Ulloarekin; “7 años”, Miguel Rellánekin; “Copenhague”, Emilio Gutierrez Cavarekin; “La golondrina”, Carmen Maurarekin; “Todas las mujeres”, oso artista ezagunekin;  “La culpa”, Pepón Nietorekin, eta “Señora de rojo sobre fondo gris”, José Sacristánekin.
  • Dantza abonamenduan lau lan sartu dira: “Sutra”, “Rêverie Romantique”, “Cenicienta” eta “James Brown Tribute”.
  • Euskarazko abonamenduak ere lau lan barne hartzen ditu: “Ghero” (Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko ekitaldien barruan), “Kalaportu”, “Beroki gorria” eta “Koskak”.
  • Familientzako antzerki abonamenduan bost ikuskizun eskainiko dira: “Ludo Circus Show”, “Gag Movie”, “Aita ogroa da”, “Julietas Romeo Circo” eta Sun Magoaren “Lilurako Laborategia”.
  • Familientzako musikaren programazioan bost kontzertu sartu dira: hiru, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Musika Gelaren laguntzarekin (“Pianissimo”, “Isiltasunaren haitzuloa” eta, abonamendutik kanpo, “Uauatxua”); bi, Udal Musika Bandarekin (“Pinotxo” eta “Sforzando”).
  • “Umore giroan” abonamendua: Faemino y Cansado eta Luis Piedrahita.
  • Kontzertu Handien abonamendua: “Orquesta Santa Cecilia”, “Malikian Simphonic”, “Soqquadro Italiano” eta “Ivo Pogorelich”.
  • Abonamendutik kanpo: “Madama Butterfly”, “Play Off” eta talde eta kantari ezagunen kontzertu ugari: Sweet California, Café Quijano, Ismael Serrano, Albert Plá, Goazen 5.0, Juan Perro eta “Mende berria Kantuz” (Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko ekitaldien amaiera).
  • Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren abonamenduko zazpi kontzertuek eta Udal Musika Bandaren asteazkeneko lau kontzertuek osatzen dute Principal antzokiko eskaintza: 55 ikuskizun orotara.

Gizarte etxeetako programazioa:

  • XXI. Mendeko Flamenkoa zikloa, Jesús Ibáñez de Matauco antzokian: Paco Cepero, La Macanita, Antonio Reyes eta Jesús Méndez, María Terremoto eta Paco del Pozo.
  • Ikuskizuna Ibaiondon zikloa, Felix Petite antzokian: “Contraescena”, “La Calderona, the remix, teatro clásico a ritmo de Hip hop”, “Jazz Bodas de Fígaro” eta “Las cosas extraordinarias”, Brays Eferena (Paquita Salasen protagonista ezaguna).
  • Jim Aktual abonamendua, Jesús Ibáñez de Mataucon: “Qué pasó con Michael Jackson”, “Galerna”, “Teníamos que haber empezado de otra manera” eta “Mundo Obrero”.
  • Dantza Sarean zikloan —bertako koreografoak ezagutarazteko eta dantza garaikidea gure programazioan normalizatzeko xedez iaz sortutakoa— hiru lan proposatuko dira Félix Petite antzokian: “Luz”, “The Big Game” eta  “Salüq”.
  • Gainera, AAVOZ  elkarteak Konpositore iberoamerikarren ganbera kantuak eskainiko ditu Jesús Guridi kontserbatorioan.

Abonamenduak urtarrilaren 24, 25, 26 eta 27an salduko dira. Hilaren 29 eta 30ean, abonamendu irekiak jarriko dira salgai, eta 31tik aurrera hasiko da salmenta arrunta. Bestetik, hilaren 31n salmenta kolapsatu ez dadin, ikuskizun hauetarako sarreren salmenta urtarrilaren 15eko 18:30era aurreratuko da: Ismael Serrano, Goazen 5.0, Sweet California, Café Quijano eta AAVOZen Konpositore iberoamerikarren ganbera kantuak.

Principal Antzokia. 2019 Urtarrila-Ekaina

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:43

Atzo Udaltzaingoak erregistratutako 22 trafiko-istripuetan bi pertsona zauritu ziren.

59 urteko auto-gidari bat zaurituta geratu zen Salburuako Bulebar kalean bi autoren artean talka egin eta istripua izan ondoren. Pertsona hori zihoan ibilgailuari beste batek eman zion atzetik, oinezkoentzako igarobide baten aurrean gelditu zenean. Talka horren ondorioz, lesio batzuk izan zituen eta Santiago Ospitalera eraman zuten.

Argiketa-talde bat Asparrena kalean gertatutako beste istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da, eta istripu horretan auto batek eta ziklomotor batek talka egin zuten. Motoa gidatzen zihoan 21 urteko emakumezkoa Santiago Ospitalera eraman behar izan zuten.

Udaltzainek, gainera, beste hogei trafiko-istriputan esku hartu zuten, nahiz ez zen inor zauritu eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik; hamabi salaketa izapidetu zituzten eta Polizia Judizialak zazpi jarduera burutu zituen.

 

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:49

– Erreginaren Kopa hiriari eta probintziari emateko ekitaldia

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea; Ramiro González, Arabako diputatu nagusia; Jon Urresti, Vital Fundazioaren presidentea; Germán Monge, Euskal Saskibaloi Federazioko presidentea

Eguna: Osteguna, urtarrilak 10

Ordua: 16:30

Lekua: Arabako Foru Aldundia

 

Share