Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  31 urtarrila 2019 17:00

Sociedad Vasca de Hipertensión Arterial (SOVASHTA) elkartearen XXI. Bilera

Parte hartzaileak. Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munain

Eguna. Ostirala, otsailak 1

Ordua. 9:10

Lugar. Europa Biltzar Jauregia, Francisco de Vitoria aretoa

————————————-

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, otsailak 1

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:34

 

 

 

 

 

 

  • Biltzarra 2019ko apirilaren 11tik 13ra egingo da, “Ondo lo egin, luzaro bizi, hobeto bizi” lelopean.
  • Programatutako jarduerak ez dira soilik Europa biltzar-jauregian eta Goiuri jauregian egingo, hiriko beste hainbat txokotara ere helduko dira.
  • Ikeak lau logela eraikiko ditu, eta Loaren Espainiako Elkarteak ezarritako oinarri zientifikoei jarraituko die koltxoia, hezetasuna, tenperatura eta argiztapena zehazteko garaian.
  • Aurreikusitako partaidetzak Europa mailan egiten diren biltzar askoren zifrak gainditzen ditu; izan ere, 4.500 pertsona baino gehiago urreratuko direla uste da.

 

Loaren Espainiako Elkarteak (LEE) Gasteizen egingo du bere Urteroko XXVII. Biltzarra, apirilaren 11tik 13ra bitartean, eta bere biziko garrantzia izango du, bere izaera irekia dela medio, biltzar zientifikoen artean mugarri bihurtuko baita. Izan ere, Gasteiz ‘loaren hiri’ bihurtuko duen ekitaldi horren xedea jarduerak hiri osora zabaltzea da (eta ez, ohi bezala, areto bakar batean geratzea), hala, ezaguera zientifikoa esperientzia partekatu bihurtzeko.

“Hiru egunez arreta handia erakarriko dugu osasun politiken barruan guztiz funtsezkoa den gai honen inguruan. Bizi-kalitatearekin lotutako hainbat alderditan Gasteiz erreferentea dela badakigunez, eta hizlari, biltzarkide eta bisitari andana etorriko dela aprobetxatuz, gure helburuetako bat pertsona horiei hiriaren ahalik eta irudirik onena helaraztea da. Beste helburu bat loaren medikuntzaren eta Gasteizentzat estrategikoak diren alorren (kirola eta iraunkortasuna, besteak beste) arteko sinergiak eratzea da, hala, areagotu egingo baita biltzar honek hiriari egingo dion ekarpen soziala”, azpimarratu du Gorka Urtaran alkateak.

“Hiritarrei zuzendutako biltzarra dugu hau; ez da hiritarrei irekitako biltzar bat, baizik eta Loaren Espainiako Elkartearen bidez zientzialariak eta hiritarrak hibridatuko dituen ekimen bat, zientzialarien etorkizuna eta ezaguerak sustatuko dituena, baina baita hiritarrenak ere. Uste dugu loa ez dela medikuek eta zientzialariek soilik landu beharreko gaia, biztanleria osoari eragiten baitio”, dio Loaren Espainiako Elkarteko zuzendari den Alejandro Iranzo doktoreak.

LEEren, hiritarren eta esparru horretako enpresen arteko aliantza sortzeko asmoz sinatutako “Gasteizko Ituna”  akordioaren parte da ekimen hau.  Itun horren xedea bikoitza da: alde batetik, hiritarren artean loaren inguruko ezaguera sustatzea, eta, bestetik, loaren medikuntzan dabiltzan profesionalek egiten dituzten ahalegin zientifikoak eta laguntzakoak pazienteei soilik ez ailegatzea, hiritar guztiei baizik.

 

Hiritarrei zuzenduriko programa

Komunitate zientifikoak duen parte hartze bera izango dute herritarrek beren osasuna eta etorkizuna sustatzea eta ezagutzak handitzea asmo duten jarduera horietan. Hau da, biltzarrerako ezarritako helburu zientifikoak herritarrengana ere eramango dira”,  azaldu du biltzarraren batzorde antolatzaileko zuzendari Carlos Egeak.

Horretarako, hitzaldi eta jarduera zientifikoz jositako programa bat diseinatu da, bizitzaren hasierako, erdiko eta bukaerako etapetan dauden pertsonentzako jarduerak batzen dituena, ezagutza eta etorkizuna bizitzako aldi guztietan bultzatzea baita asmoa.  Hitzaldietan, gehienezko pertsona-kopurua 400 eta 850 bitartekoa izango da eta, esan beharra dago, interes handia pizten ari direla, kasu batzuetan, baita haien nondik norakoak iragarri baino lehen ere. Horren adibide dira DBHko eta unibertsitateko ikasleentzat programatutako saioak: urtea bukatu baino lehen, eta oraindik promozioa egin gabe zegoelarik, gutxi falta zen “txartel guztiak salduta” kartela esekitzeko. Hori ikusita, antolakuntzakoek erabaki dute saio horiek streaming bidez ematea.

Hitzaldiez gain, hiritarrentzako programa osatzeko, beste eragile batzuen parte hartzea baliatuko da, besteak beste, euskal kirol talde nagusiena. Eragile horiek loa eta kirola lotzen dituen kongresuan egingo dute beren ekarpena: Athletic Club, Real Sociedad, Deportivo Alavés, Eibar eta Baskonia taldeek eta Euskal Herriko Itzuliak bat egin dute LEErekin loaren eta kirolaren arteko dualtasuna ikertzeko eta sustatzeko. Klub horiek beren zuzendari medikoak eta lehen taldeetako kirolari batzuk jarri ditu biltzarraren esku, eta hori gutxi balitz, Joseba Beloki, Silvia Trigueros eta Luis Arconadaren mailako kirolariak ere egongo dira tartean. Gainera, ekitaldi horretan herritarrei irekita egongo den debate bat antolatu da, honako helburu honekin: ahalik eta errendimendu handiena lortzeko loa eta ariketa fisikoa nola baliatu behar diren jakitea eta identifikatzea”, adierazi du Egeak. 

 

Ikeak lotarako hobezina den gela bat eraikiko du 

Herritarrei zuzenduriko programaren azken atala Ezagutzaren Feria izenekoa da. Loaren medikuntzaren alorrean paper garrantzitsua duten enpresa eta erakundeen arteko topalekua izango da eta, bertan, lantegiak eta jarduerak antolatu eta produktuak erakutsiko dira. “Gure asmoa da enpresa-balioa gehitzea loaren ezagutzari. Oinarri zientifikoa duten produktuak bilatzen ari gara ferian sartzeko”, adierazi du Egeak.

Horrez gain, Ezagutzaren Ferian LEE-Ikea gunea ere instalatuko da.  Horretan, altzarien multinazional suediarrak bere diseinuko lau logela berreraikiko ditu eta Loaren Espainiako Elkarteak ezarritako oinarri zientifikoei jarraituko die koltxoia, hezetasuna, tenperatura eta argiztapena hautatzeko garaian. “Lehen aldia da logela bat diseinatzean loaren medikuntzan adituak direnek ezarritako irizpideei jarraitzen zaiena”. Asmoa da logela horietan lo-zikloak gehienez bi minutu irautea, hala, bisitariek in situ ikusi ahal izateko, besteak beste, nolako argia behar den lokartzean eta esnatzean”, azaldu du Batzorde antolatzaileko lehendakariak.

Azkenik, eta hiritarrek biltzarrean izango duten papera indartzeko, 1992ko Bartzelona joko olinpikoetan baliatu zenaren tankerako boluntario-programa bat jarriko da martxan, hiritarrak 4.500 bisitari baino gehiago jasoko dituen biltzarraren kudeaketan sar daitezen; izan ere, partaidetza-aurreikuspen horrek Europa mailako kongresu askoren zifrak gainditzen ditu.

 

Programa zientifikoa 

Biltzarraren aurre-programa zientifikoa nahikoa landuta dago eta iragartzen digu, loaren gaia baliatuz, osasunari lotutako mota guztietako alderdiak landuko direla: apnearen tratamendua, ordutegi-aldaketaren eragina, narkolepsiaren aldaerak, loaren kalitateari lotutako narriadura kognitiboa, hanka urdurien sindromea haurretan, loari lotutako terapia miofuntzionala, etab.

Horretarako, alor guztietako puntako profesionalek sortutako talde bat ekarriko da eta, horien artean, beren alorrean erreferente diren Eduardo Anitua eta Eduard Estivill doktoreak egongo dira.

Saioez, biltzarrez eta satelite motako sinposioez gain, bada beste atal bat programa zientifikoan: ahozko aurkezpenei dagokiena, alegia. Horien bidez, parte hartzeko interesa duten aditu eta ikertzaileei haien ekarpena egiteko aukera luzatu nahi zaie. Batzorde batek jasotako proposamenen artean hautaketa egingo du eta, bukaeran, bi sari emango zaizkie aurkezpen txukunenei.

“Talde, adin eta zientzialari bakoitzak bere neurriko jarduerak aurkitu ahalko ditu. Esan liteke biltzar pertsonalizatua izango dela etorkizuna eta ezagutza sustatzeko konpromiso sendoa duen hiri honetan egingo dena”, diote Loaren Espainiako Elkartekoek.

 

Gasteiz, hiri berezia 

Gasteiz biltzar hau egiteko hiri egokia dela iruditu zaigu, oso hiri erakargarria eta berezia delako. Ahalegin handia egiten du bizi-kalitatea hobetzeko eta, ondorioz, loarekin zerikusia duten arazoen eta horien aniztasunaren zabalkundean ere aitzindari da. Horren erakusgarri da hirian loaren medikuntzak duen tradizioa, besteak beste, Joaquín Durán eta Carlos Egea doktoreak buru dituena”, azpimarratu du Loaren Espainiako Elkarteko zuzendariak.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eskertu egin ditu laudorioak eta nabarmendu du apirilean egingo den ekimen hori mugarria izango dela hiriko biltzar-jarduerari dagokionean. Aipatzekoa da Gasteizko Udala loaren biltzarraren antolakuntzan sartuta dagoela, hiru betebehar nagusirekin: jarduerak egiteko espazioak lagatzea (jarduera zientifikoak zein publiko orokorrari irekiak izan), hiritarrentzako jardueren batzordean parte hartzea, eta partaidetza sustatzearekin, boluntarioekin eta instituzioarteko koordinazioarekin zerikusia duten kontuetan laguntzea.

Informazio gehiago: http://www.congreso-ses.com/

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:19

Udalak elurte planaren larrialdi aurreko fasea aktibatu du, asteburuan elurra egin dezakeela ohartarazi baitu Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak.

Euskalmeten iragarpenen arabera, larunbat goizaldean elur kota 400-600 metrora jaitsiko da, eta egun osoan horrela jarraituko du.

Arabako zenbait lekutan izozte arinak izango dira, eta izozte arin eta moderatuak mendialdean.

Larrialdi aurreko fasean, Udalak baliabide propioak aktibatzen ditu, suhiltzaileen eta FCCren makinak baliatuz.

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:43

Udaltzaingoaren Agenteek 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, Arriaga parkean labana batez zenbait pertsonari mehatxu egiteagatik.

Arratsaldeko seiak baino minutu batzuk gertatu zen, atxilotuak Arriagako parkeko baselizaren ondoan piztutako sua itzaltzeko suhiltzaileek esku hartu ondoren.  Gizon horrek irainak jaurti zizkien suhiltzaileei eta, gero, oso urduri eta aztoraturik, labana bat hartu eta inguru horretatik zebiltzan oinezko batzuei mehatxu egin zien, eta horren ondorioz, Udaltzainek esku hartu behar izan zuten.

Udaltzainek gizona lasaitzea eta labana uztea lortu zuten, eta hori egin ondoren, atxilotu egin zuten. Gaur goizean epailearen esku geratu da.

Genero-indarkeria

Udaltzaingoaren Agenteek 46 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, bere bikotekidearen aurkako genero-indarkeriako delituaren usteko egile gisa.

15:20ean eskatu zioten patruilari Santa Luzia auzoko etxebizitza batera joan zedin, antza denez eraso bat izan baitzen bertan. Udaltzainek geletan ezkutatuta topatu zuten emakume bat. Haren adierazpenak eta zeuzkan arrastoak ikusita, udaltzainek ustezko erasotzailea atxilotzeari ekin zioten. Gaur goizean epailearen esku geratu da.

Emakume txirrindulari bat zauritu da

Atzo Koldo Mitxelena kalean auto baten eta bizikleta baten artean gertatutako istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. 17 urteko neska txirrindularia zaurituta geratu zen, eta anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuen.

Udaltzainek beste 16 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen inor zauritu eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik. Horrez gain, 18 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 5 jarduera egin zituzten.

Tximinia bat erori da teilatu batera

Suhiltzaileek gaur goizeko 8etan esku hartu behar izan dute, tximinia bat erori delako Kanpokale Berriko etxebizitza-eraikin baten estalki gainera.

Ingurua sokaz inguratu ondoren, egiaztatu dute ez dela kalterik izan eraikinaren barrualdean eta okupatu gabeko ganbara baten gainera erori dela tximinia, eta beraz, ez du berehalako arriskurik sortzen bertan bizi diren pertsonentzat

Share
Kategoriak: Talde politikoen adierazpena  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:16

Joan den asteburuan hil zen Oier Gómez Mielgo preso ohi gasteiztarra, urtetan gaixo egon ondoren. Izan ere, 2012an, espetxean zegoela, Hodgkin-en linfoma bat diagnostikatu zioten, zeinaren ondorioa gaixotasun larri eta sendaezina izan baitzen.

2017ko udaberrian onetsitako mozio batean, Gasteizko Udalak erabaki zuen eskumena zuten Frantziako agintariei eskatzea presoaren egoera kontuan har zezaten, hau da, gaixotasun larri eta sendaezina zuela. 2017ko apirilean zigorra etetea erabaki zuen Parisko epaitegiak, eta geroztik Lapurdin artatu dute, azken egunetara arte.

Gasteizko Udalak elkartasuna eta babesa adierazten die Oier Gómezen senide eta gertukoei.

Gaixotasun larriak dituzten presoek beharrezko diren tratamendua eta zainketak jaso behar dituzte. Beste edonork bezala, gaixotasunari ahalik eta baldintza onenetan aurre egiteko eskubidea dute, gainditu ahal izateko. Espetxetik ateratzeko eskubidea gaixotasuna sendaezina izan arte ukatzea heriotza-zigorraren baliokidea da presoarentzat. Oierri ukatu egin zitzaion beharrezko diren tratamendua eta zainketak jasotzeko aukera, eta espetxean egoteak zaintza eta arreta egokiak garaiz jasotzea eragotzi zion, senide eta lagunen hurbiltasuna eta laguntza izatea eta konfiantzazko medikuek artatu ahal izatea.

Gasteizko Udalak aktiboki lan egingo du Oier Gómezenaren antzeko kasurik berriro gerta ez dadin. Gaur egun 21 euskal preso daude espetxean askatu aurretik Oier Gómezek jasan zituenen antzeko baldintzetan. Egoera horiek azter ditzaten eskatzen die Gasteizko Udalak agintari judizialei, eta behar diren neurriak har ditzaten haien narriadura fisiko edo psikikoa eragozteko, espetxetik ateratzea, besteak beste.

 

 

 

Share