Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 martxoa 2019 17:00

Prentsaurrekoa. Gauekoak programaren uda-udaberriko denboraldia aurkeztea

Parte hartzaileak. Gazteria zinegotzi Iñaki Prusilla; Gazteria Zerbitzuaren buru Oskar Jaras; eta Gauekoak programaren koordinatzaile Odei Catalán

Eguna. Asteartea, martxoak 5

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————-

Prentsaurrekoa. Datozen hauteskunde orokorrak direla eta, hauteskunde-kolegioak antolatzeko informazioa aditzera ematea

Parte hartzaileak. Alkatetza Bulegoko koordinatzaile nagusi Iñaki Gurtubai

Eguna. Asteartea, martxoak 5

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:40

Udaltzaingoaren Agenteek 37 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo bikotekide ohiarekiko babes-agindua urratzearen delitu baten ustezko egile gisa; bikotekide ohi horrek eskatu zuen polizia etor zedila Betoñuko bere etxebizitzara, hara joan baitzen salatutako pertsona. Han zegoela, emakumeari eta haren familiari irainak eta mehatxuak jaurti zizkien. Salatzaileak jakinarazi zuen ordu batzuk lehenago berak lan egiten duen ostalaritza-establezimenduaren inguruetan ibili zela gizonezko hori, nahiz ez zen barrura sartu.

Gertaera horiek ikusita, udaltzainek atxilotu egin zuten gizonezkoa, inguru horietako lokal batean zegoela. Gaur epailearen esku geratu da.

Udaltzaingoaren agenteek, halaber, 51 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean, bilatzeko, atxilotzeko eta Zaragozako Epaitegian aurkezteko errekisitoria judizial bat baitzeukan gainean. Santa Luzia auzoan atxilotu zuten, bebarru batean bere bikotekidearekin eztabaida bat izan ondoren.

Bost pertsona zauritu dira istripuetan

Bost pertsona, bi txirrindulari eta auto barruan zihoazen hiru bidaiari, zaurituta geratu ziren Udaltzaingoak asteburuan erregistratu dituen 32 trafiko-istripuetatik 3tan.

Ostiralean istripu bat gertatu zen auto baten eta bizikleta baten arteko talkaren ondorioz Santa Maria Kantoiaren eta San Bizente Pauleko kalearen arteko elkargunean. Talka horren ondorioz, 14 urteko txirrindularia zaurituta geratu zen eta anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zuen.

Egun horretan bertan, Herrandarren kalean, istripu bat gertatu zen bi autoren arteko talkaren ondorioz. Talka hori jasan zuen autoko bi bidaiari zaurituta geratu ziren, baita ezbeharra eragin zuen ibilgailuan zihoan 24 urteko beste bidaiari bat ere. Horiek guztiak Santiago Ospitalera eraman zituzten.

65 urteko txirrindulari batek, Lermanda kalean barrena zihoala, aparkatze-lerrotik irteten zen erremolke baten aurka jo zuen eta, horren ondorioz, errepidera erori zen zaurituta. Argiketa-talde bat istripu horren nondik norakoak ikertzen ari da. Larrialdi-zerbitzuek artatu zuten, eta gero, Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Udaltzainek beste 29 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen inor zauritu, baina 5 gidari ikertzen ari dira bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik: 2 alkoholaren eraginpean gidatzeagatik, 1 gida-baimenik egiteagatik, beste 1 edari alkoholdunen eraginpean eta gida-baimenik gabe gidatzeagatik eta azkena, halaber, gida-baimenik gabe eta drogen eraginpean gidatzeagatik.

Asteburuan alkoholemiako 4 prebentzio-kontrol egin dituzte hirian, eta horietan, 70 gidarik egin behar izan dituzte arauzko probak. Horietatik bik emaitza positiboa eman zuten eta salaketa jarri zaie administrazio-bidetik.

Agirrelandan 52 salaketa izapidetu dira eta polizia judizialaren 31 jarduera egin dituzte.

Suhiltzaileak

Suhiltzaileek atzo, 14:10ak aldera, La Florida kalean jarduerarik gabeko lokal batean piztutako sutea itzaltzen esku hartu behar izan zuten. Suaren jatorria instalazio elektrikoa izan zen. SPEISeko langileek jardun behar zutenez gero, ordu erdi batez etenda egon zen kale horretatik igarotzekoa zen Inauterietako desfilea.

Larunbatean suhiltzaileek sute bat itzali zuten Landaberde kaleko etxebizitza bateko sukaldean, baina zorionez ez zegoen inor bertan. Sua itzali ondoren, etxebizitza egurastu zuten, neurketa batzuk egin zituzten esplosimetroarekin eta moztu egin zuten elektrizitatea, instalazioak zenbait kalte izan zituelako.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:35

 

Itziar Gonzalo Ogasun zinegotziak onlineko informazio-tresna berri bat aurkeztu du; horren bidez, herritarrek intuitiboki, erraz eta xehetasunez jakin ahal izango dute nola banatzen den udalaren aurrekontua, diru-sarrerei dagokienez zein gastuei dagokienez. Tresna prestatu dago, bai arlo horretan ezagutzarik edo esperientziarik ez duten eta udalaren aurrekontuen ideia orokorra izan nahi duten pertsonentzat, bai gehiago sakondu nahi eta aurrekontuaren elementu bakoitzaren xehetasunak jakin nahi dituztenentzat.

Plataformari esker beste urrats bat emango da gardentasunaren arloan, eskaintzen dituen atalei esker, udalaren ekonomiaren ikuspegi orokorra ematen dutenetatik hasita, zergadun bakoitzak zenbat diru jartzen duen eta hori zertarako erabiltzen den erakusten duen simulazioraino. Halaber, aukera emango du beste hiri batzuekin alderatzeko. Estatu osoko 30 udalek baino gehiagok eta zazpi autonomia-erkidegok daukate datu irekien antzeko sistema bat, eta guztira 17 milioi pertsonarengana heltzen da.

Udalaren gardentasun-atariaren bidez zein berariazko helbidean (https://noradoaznirezergak.vitoria-gasteiz.org) aukera egongo da plataformara sartzeko; horretan, informazioa emateko lau atal egongo dira, eta ekonomia-terminoen glosario bat. Honako hauek dira atalak:

  • Ikuspegi globala: aukera emango du Gasteizko Udalaren diru-sarreren eta gastuen ideia orokorra egiteko. Horretarako, datu horiek bi bloke grafiko handitan antolatzen ditu, eta denok ulertzeko moduan erakusten du, garrantziaren arabera ordenatuta, zein diren Udalaren diru-sarreren iturri nagusiak eta zer esparrutan inbertitzen diren. Ekonomiaren magnitude bakoitzean sartuta, jakin daiteke haren banaketa eta zer bilakaera izan duen 2012az geroztik. Atal hau osatzeko, zenbait adierazle ere eskaintzen dira, hala nola gastua biztanleko, sarrera fiskalak biztanleko, Udalaren zor bizia, ohiko aurrezpena…
  • Politika zehatzak: Grafiko proportzional baten bidez, lehenengo begiratuan ikus daiteke gastuaren zer proportzio duen udal-politika bakoitzak. Horretan, jendearen pertzepziotik gertuago dauden izenekin eta sailkapenarekin ageri dira zerbitzuak, udal-organigramakoarekin izan beharrean. Politika zehatzen sailkapenean, bi kontzeptu dira nagusi: “zerbitzu orokorrak” eta “gizarte-zerbitzuak eta gizarte-sustapena”. Politika bakoitzaren bilakaera historikoa ikus daiteke zerbitzu xehatuen grafiko batean. Dirua zertan erabiltzen den erakusteaz gain, aukera dago datuak gastu motaren arabera ikusteko (pertsonal-gastuak, soldatak, finantzarioak…).
  • Ordaiketak eta inbertsioak: Atal honetan, Udalak egiten dituen ordainketak kontsulta daitezke, zenbait irizpideren arabera: gastuaren kontzeptua, zer udal-sailak egin duen ordainketa, zenbatekoa edo zer pertsona edo erakunde den onuraduna. 2012-2019 aldi osorako zein urteka egin daiteke bilaketa, eta xehatuta erakusten ditu emaitzak.
  • Zure ekarpena: Atal honetan, bakoitzak kalkula dezake zenbateko ekarpena egiten dion udalari bere zergen bidez; horretarako formulario erraz bat bete baino ez du behar. Gero, bideratzen den arloen arabera xehatzen da kopuru hori.

Ekonomia-terminoen glosario batek eta bilatzaile aurreratu batek osatzen dute plataforma. Horrekin guztiarekin, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko Legea betetzeko tresnarik aurreratuenetako bat da.

Udalaren aurrekontua nola kudeatzen den xehetasunez jakiteko datu irekien plataforma berria sortzeko, bi urtez jardun da lanean informazio hori gero eta eskuragarriago eta gardenagoa egiteko. Gizarte Kontseiluak egindako eskaera bati erantzuten zaio, halaber, tresna honekin.

“Udalen abangoardian gaude gardentasunaren arloan, eta bide horretako beste urrats bat da plataforma. Horri esker, informazio ulergarriagoa, xeheagoa eta landuago eskuratu ahal izango dugu, ondo baloratu ahal izateko zenbateko ekarpena egiten diogun tokiko ogasunari eta zertan inbertitzen den Udalaren aurrekontuko euro bakoitza. Begiratu bakar batez ulertu ahal izango dugu zer inbertsio- eta zerbitzu-aukera zabala ematen duen Udalak, gure hiria bizi-kalitatearen arloko erreferente bihurtzen duten inbertsio eta zerbitzuak, hain zuzen ere. Gainera, ematen dugun informazioa baliagarria da herritarrentzat eta, bereziki, datu irekiekin lan egiten duten 4.0 industriaren arloko tokiko enpresentzat, eta aukera berriak irekitzen ditugu ekonomia-ekimen berrietarako”, nabarmendu du Itziar Gonzalo Ogasun zinegotziak.

Gonzalok eskertu du Udalaren webgunean jadanik eskuragarri zegoen informazioa gehiago irekitzeko egin den lan teknikoa. Herritarrentzako Arretaren eta Gardentasunaren Zerbitzuaren eta Ogasun Sailaren elkarlanaren emaitza da aurrekontuaren kudeaketari buruzko datu irekien plataforma berria; biek lankidetzan jardun dute datuak errazago egiteko eta balio handiko utilitateak eta grafikoak eskaintzeko (hala nola herritar bakoitzeko gastua jakiteko aukera ematen duen utilitatea).

Udalaren aurrekontuari buruzko datu irekien plataformaren diseinua moldagarria (hau da, ordenagailuan zein gailu mugikorretan kontsulta daiteke) eta irisgarria da. Ematen duen informazioa erraz zabal daiteke, posta elektronikoz eta sare sozialetan konpartitzeko prest dauden estekei esker.

Herritartasunerako Eskola Irekiaren barruan, aurreikusita dago datu irekien tresna hau erabiltzea, eta bertaratuei aurkeztea, honako jarduera hauetan:

Bi jardueretarako sarrera doakoa da, aldez aurretik izena emanda, bai webgunean, bai 010 telefonoan, bai herritarrei laguntzeko bulegoetan.

Informazio gehiago: https://noradoaznirezergak.vitoria-gasteiz.org/eu/

Gardentasuneko edukietara, datu irekien atarira eta kontu-ematearen gunera sartzeko:

https://www.vitoria-gasteiz.org/gardentasuna

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:54


 

  • Erakundeek bulego bat eta enpresa sektoreari laguntzeko web orri bat jarriko dute abian, industria lizentziak eta aholkularitza eskuratzeko.

 

 

Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, Arabako Enpresarien Elkartearekin (SEA) lankidetzan, abian jarriko dute SmartEkin, Arabara etorri nahi duten enpresei edo kokaturik egon arren negozioa garatu nahi duten enpresei izapideak egiten laguntzeko bulegoa. Mahai gainean denbora luzez dugun eskaera bat izan da izapide burokratikoak arintzea eta, batez ere, industria kokapenak Garate eta handitzeari buruz ari garenean. Baina eskaera horrek ez du indarrik galdu, alderantziz, izapideak gero eta konplexuagoak dira eta gero eta premiazkoagoa da arazo horri aurre egitea.

SmartEkin programaren bidez bulego bat jarriko da abian, industria enpresei laguntza emateko instalazio berrietarako lizentziak eskuratzeko izapideak egiten. Horren bidez, erakundeek hainbat helburu lortzeko asmoa dute: erantzuteko epeen kontrol zehatza eta dokumentatua egitea, enpresariei era eraginkorrean laguntzeko eskatzen zaizkien legezko eta zentzuzko epeak betetzen; identifikatzea zein arlotan, sailetan edo ataletan eskatzen den ahalegin berezia edo horietako zeinetan ikusten den lamen handiagoa prozedurak eta prozesuak hobetzeko; eta, horretarako guztirako, ezinbesteko baldintza izango da ziurtatzea enpresek baldintzak betetzen dituztela eta lizentzia proiektuak aurkezten dituztela baldintza tekniko arrazoizkoetan, legezkoa eskakizunak betez.

Erakundeek, kezka hau zuten beste erakunde pribatu batzuekin batera, arazo horren espediente adierazgarri batzuen bilakaera berrikusi dute. Lanaren ondorioak deigarriak dira. Kasu batzuetan, pare bat hilabetean ebatzita egon behar zuten prozedura batzuk luzatu egin dira eta bi urte gainditu dituzte. Batez beste, espedienteak osorik amaitutzat emateko, legez aurreikusitako epeen halako 2,5 behar izan dute.

“Uste dugu gure etorkizunaren zati handi bat dugula jokoan industriarako Araba lurralde erakargarria izateko ditugun gaitasunak garatzea lortzeko eginkizun horretan; izan ere, legealdi honetan etengabea izan da gure ekipoak izan duen kezka horrelako izapide burokratikoak arintzeko ahaleginak egiteari dagokionez. Horretarako, politikak eta prozedurak hobetzeko edo kasuan kasuko zerbitzuak baliabide gehiagoz hornitzeko ahalegin handiak egin dira antolamendu aldetik. Halaber, esku hartze zehatzak egin dira elkarguneak bilatzeko eta impasse egoeran zeuden espedienteak arintzea errazteko”, adierazi du Ramiro González diputatu nagusiak.

Bulego hori Araba Garapen Agentziak jarriko du abian, talde tekniko espezializatuekin lankidetzan. Arabako enpresak SEAra hurbiltzera animatu nahi ditugu, gure zerbitzu berriaren xehetasunak eman diezazkiegun eta horretarako gaitu den web orrian izena eman dezaten (www.smartekin.eus). Zuhurtzia eta eraginkortasunagatik, programa hau industria enpresetara bideratu da hasiera batean, eta duen bilakaeraren arabera, gainerako jarduera ekonomikoetara zabaldu ahal izango da.

“Neurri handi batean, Gasteizen etorkizuna industriaren menpe dago. Sektore gakoa da, eta Europako Hiriburu Berde bihurtu gaituen iraunkortasun integralaren ikuspuntutik izan dadin egiten dugu apustu, hau da, ingurumena, gizartea eta ekonomia kontuan hartuz. Hori oinarritzat dugula, ahalik eta industria-jarduera mota zabalena ezartzen lagundu nahi dugu, baina jarduera horiek gizartearen eta ingurumenaren ikuspuntutik jasangarriak izatea nahi dugu, alegia, ingurunea errespetatu dezaten eta arriskuen prebentzioaren alorrean jardunbide egokienak ezar ditzaten; enpresek eta administrazioek hobeto koordinatzea eskatzen du horrek”, erantsi du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek. “Badugu tresnarik horretarako, esate baterako, Industriaren Mahaia, non Gasteizko enpresa nagusiek beren proposamenak helarazten baitizkigute. Gainera, Hirigintza Sailaren eta Ingurumen Sailaren bitartez, ekimen berriak garatzen ari gara prozedurak hobetzeko eta antolakuntza konponbideak bilatzeko, prozesuak azkarragoak eta gardenagoak izan daitezen, administrazio-bidean sor daitezkeen buxadurak identifikatuz”.

“Gure iritziz, Araba eta Gasteiz industria garapenerako lurralde erakargarri eta lehiakor egin nahi baditugu, gaurkoa adibide ona da gauzak nola egin behar diren erakusteko: arazoei aurre eginez, errazak ez diren arren, eta denek bere gain hartuz asmo handiko programa berritzaile bat taxutzeak eta abian jartzeak dakarren arriskua, lankidetzan, talde lanean eta gardentasunez jardunez”, azaldu du Pascal Gómez SEAko lehendakariak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:18

 

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak “Gasteizko adinekoentzako baliabide eta zerbitzuen gida” izenekoa argitaratu du. Argitalpen horretan, adineko pertsonen beharrei erantzuteko Arabako hiriburuan eskura dauden baliabideei buruzko informazio osatu eta erabilgarria jaso da. “Oso lagungarria izango zaie bai adinekoei bai haien familiei” adierazi du gidaren aurkezpen-ekitaldian arlo horretako zinegotzi ordezkari den Peio Lopez de Munainek.

Gidak 20 orrialde ditu eta premia-egoeran dauden pertsonei nora jo erakusteko kontsulta-baliabidea da. López de Munáinen esanetan “adineko pertsona gehienek ez dute laguntzarik behar. Batzuek, ordea, arreta eta zerbitzuak behar dituzte merezi bezalako ongizateaz eta bizi-kalitate duinaz gozatzen jarraitu ahal izateko, eta, askotan, premia-egoera helduta, ez dugu jakiten nora jo edo nork lagun diezagukeen. Gida honek zalantza horiek argitzen lagunduko digu”.

 Argitalpen berria udalaren eraikinetan eta etxez etxe banatuko da, eta bost atal ditu:

Jarduera soziokulturalak eta kirol jarduerak: zahartze aktibo eta osasuntsua izateko gizarte-etxeek eta adinekoentzako zentro soziokulturalek zer programazio eta instalazio eskaintzen dizkieten azaltzen da atal honetan.

Orientabidea eta laguntza udalaren gizarte-zerbitzuetatik: atal honetan pertsona batek zailtasun ekonomikoak baditu, bakardade-egoeran badago, mendekotasun-arriskuan badago edo 1. graduko mendekotasun-gradua badu Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek zer laguntza eskain diezazkioketen azaltzen da.  Adinekoak Zaintzen Dituzten Familiei Laguntzeko Programaren eta Udalaren Gizarte Larrialdietarako Zerbitzuaren berri ere ematen da.

Mendekotasunaren balioespena: hirugarren atal honetan pertsona baten mendekotasun-balioespena lortzeko zer urrats eta tramite egin behar diren azaltzen da. “Jende askok ez daki balioespen hori Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak egiten duela eta, emaitzaren arabera, mendekotasuna duen pertsonak askotariko laguntzak jaso ditzakeela”, gogorarazi du Gizarte Politiken zinegotziak.

Mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako laguntzak: atal honetan Gasteizko Udalak, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak mendekotasun egoeran dauden adinekoentzat eskaintzen dituzten laguntzak ageri dira laburbilduta. Laguntza horiek pertsona bakoitzaren egoeraren araberakoak dira.

Adinekoa bere etxean bizi eta autonomoa bada edo autonomia-mugak izan arren ez badu mendekotasun-gradurik, honako laguntza hauek eskura ditzake: Etxez etxeko laguntza zerbitzua, bazkaria etxera eramateko zerbitzua, jantoki-zerbitzua, telelaguntza, etab.

Adinekoak mendekotasun-arriskua edo 1. graduko mendekotasuna badu, aipatu berri ditugun zerbitzuek gain, berariazko beste batzuk ere jaso ahalko ditu, egin zaion balioespenaren arabera eta bere etxean edo handik kanpo bizi den kontuan hartuta: eguneko arreta zerbitzua, zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa, eguneko zentroa, etxebizitza komunitarioak, zainpeko apartamentuak, egoitzak, etab.

Atal honetan, pertsona nagusiak zaintzen dituzten senideei laguntzeko baliabideak ere badaudela gogorarazten da: laguntza psikologikoa, prestakuntza, arnasaldi-zerbitzua, adinekoak familia ingurunean zaintzen jarraitzeko laguntzak, etab.

Intereseko helbideen eta telefonoen direktorioa: gidaren amaieran, laguntza eskaintzen duten instituzio, zerbitzu eta elkarteen telefonoak eta helbideak jasotzen dituen agenda bat ageri da.

“Gasteizko adinekoentzako baliabide eta zerbitzuen gida” eskuragarri dago jadanik Udalaren webgunean, eta gizarte-zerbitzu eta -baliabideetan banatzeaz gain, Arabako hiriburuko 80.000 etxe baino gehiagotako gutunontzietan ere utziko da.

“Adinekoek eta beren senideek eskura izan beharreko argitalpena da. Beharra agertzen denean, informazio egokia izatea oso baliagarria da egoerari aurre egiteko, eta, horregatik, hiritarrei jakinarazi nahi diegu Gasteizen gizarte-zerbitzu eta -baliabide apartak ditugula arazo horiei aurre egiteko. Gidank erakutsiko die hori hala dela”, esan du amaitzeko Peio López de Munainek.

Gasteizko adinekoentzako baliabide eta zerbitzuen gida

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:18

 

Udalak zenbait jarduera antolatu ditu BERRI_ÑANN eta SETEM Hego Haizea elkarteekin batera, “Aniztasunetik, elkarrekin bidea eginez” lemaren pean, eta herritar oro gonbidatzen ditu parte hartzera

 

Gasteizko Udalak Berri Ñann eta Setem Hego Haizea elkarteekin batera Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatu duen jarduera-programak borroka feministaren nazioarteko ikuspegia erakutsi nahi du, lantegi eta hitzaldien bidez.

“Martxoaren 8an, kontinente guztietako emakumeek, askotarikoek, ahaldunduek, nazio-mugen eta desberdintasun etniko, linguistiko, kultural, ekonomiko, politiko eta abarren ondorioz urrundutakoek, beren borrokak eta ahotsak batuko dituzte, maila berean, eskubideen erabilera ospatzeko, salatzeko eta aldarrikatzeko, nabarmendu du Berdintasuneko zinegotzi Jaione Aguirrek.

Aurten, martxoaren 8a dela eta, berdintasunerako politikekiko hurbiltze intersekzional eta internazionalista egin nahi izan du Udalak, “testuinguru anitzetako borroka feministak ikusgai eginez, eta patriarkatua beste diskriminazio-iturri batzuekin (arrazarekin, aniztasun funtzionalarekin, klasearekin, sexu-orientazioarekin eta genero-identitatearekin) nola elkarlotzen den eta horren ondorioz sortutako desberdinkeriazko egoerak eta pribilegio- eta opresio-bizipen anitzak nola sortzen diren aztertuz“, Berdintasun Zerbitzuko buru Mireia Espiauk azaldu duenez.

Gasteizko Udaleko Berdintasunerako Zerbitzuak hainbat jarduera antolatu ditu Bizikidetza eta Aniztasunerako Zerbitzuarekin eta Berri_Ñann eta Setem Hego Haizea elkarteekin batera, eta herritar oro gonbidatzen ditu parte hartzera. Sistema patriarkal, klasista, arrazista eta kolonialak zalantzan jartzen dituzten esperientzia zehatzak barne hartzen ditu proposamenak.

 

Jarduera-programa:

  • Hitzaldia: Haragia politizatzea. Gorputz-disidentziatik aurre egiteko estrategiak.
  • Lantegia: Gorputz disidenteen matxinada.
  • Lantegia: Hego Amerikako feminismoak.
  • Solasaldiak: “Elkarrekin arraza, generoa eta arrazakeria pentsatzea: premiazko zeregina”.
  • Lantegia: “Teatro de las oprimidas: feminismo en acción”. (Setem)
  • Hitzaldia: “El posicionamiento de la mujer boliviana: avances, dificultades y retos en el ámbito social, económico y político”. Kartela (pdf)

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:16

Aste honetan hasi dituzte obrak. Urtaranen gobernuak 539.512,57 euro inbertituko ditu berriztapenean eta lau hilabeteko epea ezarri da lanak gauzatzeko. Besteak beste, ingurua berriztatzeko eta espaloiak zabaltzeko egingo dira lanak, eta Balgorza enpresaren ardurapean egongo da esku-hartzea.

Salvador kalea (Pilar auzoan) zahartuta geratu da, eta hainbat arazo ditu, besteak beste, galtzada hondatuak, espaloi estuak eta egoera txarrean dauden zoladurak. Auzokoekin adostutako obrei esker, ordea, oinezkoentzako lekua zabaltzea eta ingurua modernizatzea lortuko da. Halaber, Udalaren Mugikortasun Iraunkorrerako Planak xedatzen duenari eta duela gutxi egindako beste jarduera batzuen ildoari jarraiki, bidegorri bat jarri eta zirkulazio-abiadura “lasaitu” egingo da, orain arte ibilgailuentzako zen erreietako bat kenduta. Horretaz gain, beste lan hauek egingo dira: zuhaitzak landatu, hiri-altzari berriak jarri eta argiteria-, saneamendu- eta drainatze-sareak hobetu. “Lan hauei esker kaleek hobera egingo dute, erakargarriago eta atseginagoa bihurtuko baitira. Berriz ere erakutsiko dugu herritarrekin eta auzoekin konplitzen dugula”, azaldu du Gorka Urtaran Alkateak.

Gobernu-taldeak bultzatutako berriztapen horrek jarduera-eremu ugari ditu. Ekialdean zabaldu egingo da espaloia —lau eserleku jartzeko tokia geratuko da— eta bateriako aparkamenduak ilarako aparkamendu bihurtuko dira. Mendebaldean ere zabaldu egingo da espaloia, eta bost eserleku jarri eta 17 zuhaitz landatuko dira. Alde horretako aparkamenduek bateriakoak izaten jarraituko dute, baina galtzadaren erdialdera aldatuko dira.

Zirkulazio erreietarako pentsatutako esku hartzeen ondorioz egin ahalko dira aipatutakoak. Desagertu egingo da orain arte hegoaren eta iparraren arteko lotura egiteko aukera ematen duena, eta horren ordez bidegorria margotuko da. Beste erreiak, iparretik hegora doanak, trafiko lasaitua izango du, “30 eremua” izatera pasata. Ohikoa denez, Udalak argiteria-, saneamendu- eta drainatze-sarea hobetzeko baliatuko ditu lanak.

Eraberritze lan hauek joan astean Peru kalean hasitakoei batu zaizkie. Lanek 580.000 euroko inbertsioa eskatuko dute, gutxi gorabehera

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:42

 

Gaur, Peio López de Munain Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotziak aurkeztu du Gasteizko Udalaren Gurasotasun Positiborako Programa. Programak 81 ekintza dakartza; Udalaren sail eta zerbitzuentzako erreferente bihurtu nahi du, eta horiek gidatu eta inplikarazi egingo ditu lau urtean, 2022ra arte.

“Programak seme-alabak haztean gurasotasun positiboa erabiltzea sustatzen du, eta osotasunean garatzearen alde egiten du, haiek zaintzeari eta haien gaitasunak garatzeari erreparatuz. Haurren ongizateaz ari gara, garapen osasungarriaz, arretaz, errespetuaz, maitasunaz…”, azaldu du López de Munainek, eta, horretaz gain, gogorarazi du “Espainia mailan, erreferentea gara gai honetan. Horrela aitortu du FEMPek (Espainiako udalerrien eta probintzien federazioak), eta horrela adierazten digu beste udal batzuetatik kontsulta ugari jasotzeak”.

Gasteizko Udalaren Gurasotasun Positiborako Programa 2018an onetsitako Haur eta Nerabeentzako II. Tokiko Planetik abiatu zen; 150 pertsonak baino gehiagok landu dute, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultatearekin batera, eta hiru maila edo lerro estrategiko ditu:

  • Udal-maila: Esparruan profesionalak prestatzeko, ikertzeko eta berrikuntzak egiteko jarduerak egingo dira.

Maila honetan, nabarmentzekoak dira Udalak dagoeneko egiten dituen gurasotasun positiboko programei buruz egingo diren ebaluazioak. Adibidez, duela zenbait urtetik hona, Guraso Eskola egiten ari da Hezkuntza Zerbitzuaren bidez.

Halaber, esparru horretan lan egiten duten profesionalei prestakuntza ematea proiektatu da.

  • Familia-maila: Gurasoak eta tutoreak gaitzeko sustapen- eta prebentzio-jarduerak egingo dira.

Lerro estrategiko honetan, gailentzen da haurra jaio aurretik gurasoekin lan egiten hasiko den eta haurrak urtebete eduki arte luzatuko den gurasoentzako gaikuntza-programa bat.

Haurrak zaintzen dituzten aitona-amonen gurasotasun-trebetasunak lantzeko jarduera bat ere egingo da.

  • Hiri-mailan: Herritarrak sentsibilizatzeko kanpainak egingo dira.

Maila honetan, nabarmentzekoa da haurrek pantailak (mugikorrak, tabletak eta abar) egokiro erabiltzeko hitzaldi-zikloa. Peio López de Munainek ohartarazi duenez, “gero eta ikerketa zientifiko gehiago uzten ari dira agerian zer ondorio kaltegarri dituen haur txikienengan pantailak gehiegi erabiltzeak. Alerta jotzen ari dira kalte egiten diola garapen kognitiboari”.

Zikloa osatzeko, gaiari buruzko bideo bat egin, eta hedatuko da.

Guztira, 81 ekintza gauzatuko ditu Udalak, hemendik 2022 urtera bitartean, 14 udal-zerbitzuren bitartez. Besteak beste, honako zerbitzu hauek hartuko dute parte: Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak (45 ekintza), Hezkuntzak (12), Kulturak (6), CEAk (6), Gizarte Etxeek (4) eta Gazteriak (3).

 

 

 

Share