Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 martxoa 2019 17:00

– Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Biltzarraren amaiera-ekitaldia

Parte-hartzailea: Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea

Eguna: martxoak 29, ostirala.

Ordua: 13.15.

Lekua: Francisco de Vitoria entzunaretoa. Europa biltzar jauregia.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:04

Ingurumen arloko gaien inguruan sentsibilizatzeko ihes-gelak Ecobox du izena, 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta Andre Maria Zuriaren plazan kokatu dute.

Iraunkortasunari loturiko ekimen horrek Gasteizko Udalaren IV. Gazte Planean du jatorria; izan ere, plan horren jarduera-ildoetako bat gazteak klima aldaketaren ondorioen inguruan kontzientziatzea eta hari lokalki zein globalki aurre egiteko eta egokitzeko metodoen berri ematea da.

Ihes-gelaren barruan gainditu beharreko proben eta asmakizunen xedea gazteek murrizteko, berrerabiltzeko, birziklatzeko eta era arduratsuan kontsumitzeko ohiturak ezagutzea eta haiei mugikortasun iraunkorra, energia-eraginkortasuna eta elikadura lokalaren eta ekologikoaren berri ematea dira, besteak beste.

Martxoaren 29tik apirilaren 4ra bitartean egongo da zabalik, 17:00etatik 20:00etara, eta larunbatean eta igandean, 11:00etatik 15:00etara ere bai.

Leku guztiak beteta daude, kanpainaren Instagram, Facebook eta Twitter-eko profiletan izena emateko epeak zabaldu bezain laster agortu egin baitziren. Hala ere, ekimen honi buruzko informazioa lortu nahi dutenek, sare sozial horietako batera jo eta ecoboxvitoria izeneko profilean aurkituko dute.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:01

 

 

 

 

 

 

 

 

Udalak Aretxabaletako Nuñez eraikina botatzeari ekin dio, Gasteizko auzo horretako bizilagunek denbora luzez egindako eraispen-eskariei erantzuteko.

Gorka Urtaran alkatea eraispen-lanak ikustera hurbildu da gaur goizean. Lázaro y Orizon enpresari adjudikatutako obrak 46.572 euroko (+ BEZa) aurrekontua eta bost asteko epea eman zaizkio.

Zenbait bloketako biztanleak etxe modernoagoetara joan dira bizitzera, askotan, ordezko bizitokia emateko programei esker, eta ondorioz, eraikin horiek guztiak hutsik geratu dira.

Alkateak auzokoei agindu zien zenbait jarduketa egingo zirela, eta horien artean zegoen eraikin hori eraistea, segurtasun eza sortzeaz gain, legez kanpoko okupen jomuga bihur baitzitzakeen.

Bere bisitaldian alkateak berriro aipatu du inguruko beste puntu batzuetan ere jardungo dutela eta okupazioen aurkako prebentzio neurriak hartuko dituztela. Horren ildotik gogorarazi du Bustaldeako blokeak Eusko Jaurlaritzari lagatzeko proiektu bat itundu zela hutsik zauden etxebizitza horiei erabilera emateko. Orobat, oroitarazi du hutsik dauden beste eraikin batzuetako jabeekin ere gestioak egingo direla, sarbideak zigilatu eta legez kanpoko okupazioak ekiditeko.  Horrez gain, Gorka Urtaranek berriro mahaigaineratu du Udala bere etxebizitzaren bat Kontseiluari lagatzeko prest legokeela, auzokoek kudea dezaten.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:25

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak gaur ohartarazi duenez, hirian iruzurrezko salmenta gertatzen ari da telelaguntza-zerbitzu publikoarekin lotuta.

Sailak jakin duenez, enpresa bat adinekoentzako telelaguntza-zerbitzu pribatua eskaintzen ari da telefonoz, euskal administrazioak emandako zerbitzu publikoa dela iradokiz, hala ez bada ere.

Erabiltzaileak lehenengo fakturak (40-50 € hilean) jasotzen dituenean antzematen da iruzurra.

Gizarte Politiken Sailak gogorarazten du telelaguntza-zerbitzu publikoa —betiON izenekoa— Eusko Jaurlaritzak kudeatuko baliabidea dela, eta hori tramitatzeko bide ofiziala ez dela telefono bidezkoa; interesdunek eskabidea aurkeztu behar dute Zuzenean zerbitzuko bulegoetan, Ramiro Maeztu kaleko 10.ean.

Beraz, horrelako eskaintzarik ez onartzeko gomendatzen du. Dagoeneko zerbitzua kontratatu duten pertsonei gogorarazten die 14 eguneko epea dutela atzera egiteko eskubideaz baliatzeko, kontratuak hori adierazten badu. Kontratuak eperik adierazten ez badu, berriz, urtebeteko epea izango dute atzera egin ahal izateko.

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:58

 

 

 

 

 

 

Gasteizko Udalak harrera egin die gaur Frantziako Saint-Martin lizeoko ikasle eta irakasleei, Gasteizko Korazonisten ikastetxearekin trukea egiten ari baitira Kultur Trukeen programaren barruan.

Hezkuntza, Kultura eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok eta udal korporazioko talde politikoen ordezkariek hartu dute parte topaketa horretan, udaletxeko harrera aretoan.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:19

Hiru pertsona –bi emakume eta gizonezko bat– zaurituta geratu ziren atzo trafiko-istripuetan.

Lehen istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat; istripu horretan, Herrandarren kalean izandako harrapaketa batean, furgoneta bat eta oinezko bat nahastuta egon dira. 86 urteko emakumea oinezkoentzako pasabide batetik gurutzatzen ari zen errepidea, eta une horretan atzeraka egiten ari zen furgoneta batek kolpe bat eman zion. Emakumea Santiago Ospitalera eraman zuten.

Gaztelako Atea kalean izandako beste istripu baten nondik norakoak ere ikertzen ari dira. 43 urteko emakume batek, TUVISA konpainiako herri barruko autobus batean bidaiari gisa zihoala, kolpe bat jasan zuen autobus-gidariak balazta bortizki zanpatu ondoren. Anbulantzian eraman zuten Txagorritxu Ospitalera.

Arratsaldeko lehen orduan beste istripu bat gertatu zen auto baten eta motozikleta baten arteko talkaren ondorioz, Lasarteko Atea eta Maite Zuñiga kaleen biribilgunean. Talka horren ondorioz, motoa gidatzen ari zen 52 urteko gizonezkoak autoaren haizetakoaren aurka jo eta errepidera erori zen. Ez zuen ospitalera anbulantzia batean joan nahi izan eta adierazi zuen bere kabuz joango zela oinez osasun-zentro batera.

Udaltzainek beste 11 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen inor zauritu eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik. Horrez gain, 21 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 8 jarduera egin zituzten.

Sutea sukalde batean

Nafarroako Errege-erreginen kaleko etxebizitza bateko sukaldean piztutako sutea itzaltzen esku hartu behar izan zuten atzo suhiltzaileek. SPEISeko lantaldeek itzali zuten sutea barrualdetik, sua etxebizitzaren gainerako geletara zabaldu zedila eragotziz. Gero, eskailera egurastu zuten, eta ez zen beharrezkoa izan eraikinetik jendea ateraraztea.

.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:50

Salburua auzoko zenbait banbu-parterreren lekuan soropila jarriko du Udalak, eta bideak egingo ditu beste batzuetan, garbiketa errazteko. Auzotarrek eskatutako esku-hartzea da. Espazio sarri horiek desagerraraztea da proiektuaren azken helburua, ingurune horretako mantentze-lanak errazago gerta daitezen. Izan ere, karraskari txikiak ikusi izan dira bertan. Gaur goizean bertan esleitu dio Enviser enpresari Tokiko Gobernu Batzarrak lan horiek egiteko kontratua, 188.288,48 euroko inbertsioarekin.

“Hogeita hiru lekutan jarriko da soropila banbuaren ordez. Beste hemeretzi lekutan, berriz, bide txikiak egingo dira parterreen barruan. Inguru hori hobetu egingo da, esku-hartze honi esker. Bizilagunek orain dela denbora asko eskatutako ekimena da. Orain behar bezalako erantzuna emango diegu”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Zehazki, Berlingo ibilbidean, Viena kalean, Atenas ibilbidean eta Estrasburgo ibilbidean egingo dira Hiri Paisaiaren Atalak diseinatutako lan horiek. Azken horretan, hogeita hiru parterre daude, eta belarra jarriko da haien ordez. Aurrekoetan, funtsean, zatitu egingo dira espazioak, eta 1,2 metro zabaleko bideak egingo, mantentze-lanak errazte aldera. Berlingo ibilbideko sei parterretan esku hartuko da, Viena kaleko bostetan eta Atenas ibilbideko zortzitan.

Estrasburgo ibilbideko lanak gauzatzeko epea bi hilabetekoa izango da. Gainerako lanak egiteko epea, berriz, hiru hilabetekoa.

DOSSIERRA

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   08:46

  • % 0,98 igo da azken urtean garraiatutako pertsonen kopurua
  • Inauguratu zenetik 10.900.562 erabilpen izan ditu

 

 

Gasteizko autobus geltokiak laugarren urteurrena bete zuen martxoaren 16an, eta oraingoan ere gora egin garraiatutako pertsona-kopuruak. Azken hamabi hilabeteetako emaitzei dagokienean, 2.828.637 bidaiari izan ditu, eta hirugarren jarduera-urtean baino 27.547 erabilpen gehiago; beraz, % 0,98ko igoera gertatu da. Garraiatutako pertsona-kopuruak gora egin duen era berean, ibilgailuen sarrera eta irteerek ere gorakada izan dute: 289.453 izan dira azken urtean, eta aurrekoan, aldiz, 185.901; ia %2ko igo dira, hortaz.

Xehetasunei erreparatuta, azken urtean 100 km baino gehiagoko bidaiak egiten dituzten autobusen mugimenduan gertatu den igoera da nabarmenena (% 3ko igoera bidaiarietan eta % 4koa autobusen bidaietan). Bestalde, azpimarratzekoa da aldiriko lineen berregituratzearen ondorioz 20 km baino gutxiagoko distantzietan egon den jaitsiera, bai erabiltzaileei bai autobusen bidaiei dagokienean. Aldaketa horrek 50 km-ra arteko ibilbideetan gorakada gertatzea ere ekarri du, nola autobusen bidaietan hala bidaiarietan.

Ibilbide turistikoetan gertatutako beheraka distortsionatua da; izan ere, Deportivo Alavés kopako finalera heldu izanak mugimendua nabarmen igo zuen hirugarren urtean. Edonola ere, garraio turistikoak joranzko joerari eutsiko diolako zantzuak daude, laugarren urteko kopuruek bigarrenekoak gainditzen baitituzte, bai bidaiariei bai autobusen bidaiei dagokienez.

Bidaiei hileka begiratuz gero, otsaila eta urria mugimendu handieneko hil gisa sendotu dira, eta otsaileko gorakada bereziki handia izan da (414.198 pertsona izan ziren lehen urtean, 452.963 laugarrenean). Asteko egunei erreparatuta, ostiralak bidaiari gehieneko egunaren postuari eutsi dio laugarren urte honetan, batez besteko 9.500 erabiltzailerekin.

Bada laugarren urtean gorakada izan duen beste zerbitzu bat: autobus geltokiko aparkalekua. Urteka aztertuta, 2017an 44.238 aldiz erabili zen eta 2018an 55.498 aldiz; hori bai, kopuru horiek barne hartzen dituzte Txagorritxu ospitaleko parkingeko lanak zirela eta geltokiko aparkalekua doakoa zenean egindako erabilpenak –2017ko apiriletik 2018ko ekainera arte iraun zuen aldi horrek–. Azpimarratzekoa da, doako alditik kanpo, 2019ko urtarrila eta otsaila izan direla azpiegitura hori martxan dagoenetik okupazio-maila handiena izan duten hilak.

Azkenik, kontsigna-zerbitzuaren erabilera egonkortu egin da: 2017an 3.317 erabilpen izan zituzten, eta 2018an, berriz, 3.255.

 

 

Share