Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  25 martxoa 2019 17:36

Ipar Arriaga eta “Batalla de Vitoria 1813” elkarteak apirilaren 5etik 7ra Gasteizen egingo den Napoleonen Garaiko Merkatuaren bederatzigarren edizioa martxan jartzeko azken ukituak atontzen ari dira. Artisautza, gastronomia eta bertoko produktuak saltzeko 120 postu inguru jarriko dituzte Arriaga parkean. Jende guztiarengan pentsatuta antolatutako azoka horretan, gure historiako garai garrantzitsu hori hobeto ezagutzeko aukera izango da ekitaldi, antzerki, kalejira, jolasgune eta frantziar okupazioaren garaiko pertsonaiei esker.

 

Merkatua apirilaren 5ean (ostirala) 17:30ean irekiko da kanpamentu napoleonikoaren irekiera eta inaugurazio-ekitaldiarekin batera, eta horretan jaurtiko dira lehen artilleria-salbak lau liberako kanoia baliatuz. Arratsalde horretarako musika tradizionala, giroa bizitzeko ikuskizunak eta sable-dueluak programatu dira. 21:30 arte “Batalla de Vitoria 1813” eta CYC Calatrava elkarteek eraikitako kanpamentuetan sartzeko aukera egongo da. Espezialistez osaturiko talde horiek berreraikitze historiko bat egingo dute; hau da, kanpamentu napoleoniko bat muntatuko dute lau denda eta attrezzo ugarirekin, eta jarduera ugari prestatuko dituzte egun bakoitzerako. Umeentzako gune eta atrakzioek ere ordutegi bera izango dute.

 

Larunbateko programazioari 11:00etan emango zaio hasiera, kanpamentuak zabaldu, artilleria-salbak egin eta bisita antzeztuak abian jartzean. Ordubete geroagorako soldaduen erronda antolatu da, bai eta haurrentzako jarduerak eta XIX. mendeko instrukzio militarraren erakustaldia ere. Goiza biribiltzeko, musika, txotxongiloak, dueluak, intsigniak banatzeko ekitaldia eta erronda militarra egongo dira, 13:00ean. Arratsaldean, giroa pizteko jarduerez gain, Napoleonen garaiko guda baten antzezpenaz gozatuko dute bisitariek. Kanpamentuak eta umeen gunea 11:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 21:30era egongo dira zabalik.

 

Igandean ere –apirilaren 7an– jarduera horren ordutegia berbera izango da. Familientzako lantegiak dira merkatuaren muinetako bat eta 12:00etan jarriko dira martxan. Gainera, ordu horretan bertan eta 18:00etan soldaduen errondak egingo dira.

 

Musika, Napoleon Garaiko Merkatuaren osagarri garrantzitsuenetakoa izanik, egun osoan zehar egongo da entzungai Espalladoiro konpainiakoen eskutik. Arte Galego Gazte Elkarteek ere lagunduko dute merkatuko giroa alaitzen musika tradizionalaren bitartez. Antzerkiari dagozkionak, berriz, Tira Ta Floja konpainiaren kargu egongo dira; hain zuzen ere, horiek emango diete bizia apirilaren 6an eta 7an ikusgai egongo diren txotxongiloei. Jarduera hori euskaraz egingo da. Jolasen gunean 20 elementu baino gehiago muntatuko dituzte, baina, agian, aipagarrienak egurrezko itsasontzia eta ohe elastikoak izango dira. Begirale elebidun batek zainduko du gunea.

 

Artisautza-gaiak eta elikagaiak saltzeko postuei dagokienean, aniztasuna izango da nagusi. Egurrezko bitxietatik hasi eta garagardo artisaura bitarte, jarriko diren 120 postu inguru horietan denetarik aurkitu ahalko da: produktu kosmetikoak, bitxiak, apaingarriak, gozogintzako gaiak, osagarriak, lurrinak…

 

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak azpimarratu du Napoleonen Garaiko Azoka ekitaldi garrantzitsua dela eta bi motatako onurak ekartzen dizkiola hiriari: “Ekimen honen antolakuntzan aritu diren elkarteei beren ahalegina bereziki eskertu eta herritar guztiei agendan erabat sendotuta dagoen hitzordu horretara hurreratzeko gonbita luzatu nahi diegu”, adierazi du.

 

Ángel Lamelas Ipar Arriagako elkarteko lehendakariak, berriz, Napoleonen Garaiko Azoka hiriko eta estatuko kultura egutegian sendotuta dagoela nabarmendu du. ” Bada gertaera historikoekin lotutako turismoa oso errotuta duten eta ahalmen handia duten hiriek osatzen duten produktu turistiko bat. Honelako ekitaldiei esker, produktu horren komertzializazioan parte hartzen du Gasteizek. Izan ere, Gasteiz Hiri Napoleonikoen Europar Sarearen kide den Espainiako lehen hiria bihurtzea lortu dugu. Ahaztu gabe auzoko saltokiei eta hiriari dakarkien onura ekonomikoa, jakina”, esan du Lamelas-ek.

 

+INFO: Napoleonen garaiko azoka

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Prentsaurrekoa. ‘Liburu Egunak’ jarduera programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto

Eguna. Asteartea, martxoak 26

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————–

Prentsaurrekoa. Kirol Park kanpaina aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Asteartea, martxoak 26

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————————

Prentsaurrekoa. Arabako Bertsolari Txapelketako finala aurkeztea

Parte hartzaileak. Lierni Altuna, finaleko txapela emailea; Arabako Bertsozale Elkarteko sustapen arduradun Oier Suárez; eta Bertsolari Txapelketako finalistak: Xabi Igoa, Manex Agirre, Iñaki Viñaspre, Peru Abarrategui, Oihane Perea eta Aroa Arrizubieta

Eguna. Asteartea, martxoak 26

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

———————————

Harrera ekitaldia. ‘Oso Ondo’ agiriak banatzea

Vitoria-Gasteizko Udalak Oso Ondo agiria banatuko die hiriko hainbat enpresa eta erakunderi; ura egoki erabiltzeagatik banatzen da agiri hori.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteartea, martxoak 26

Ordua. 13:30

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:16

Udaltzaingoaren Agenteek 39 urteko emakume bat atxilotu zuten larunbat arratsaldean, etxeko indarkeriaren delitu baten ustezko egile gisa, bere seme-alabetako bat jotzeagatik, eta polizia-agenteen aurkako atentatuaren beste delitu baten ustezko egile gisa, intzidente horretan esku hartu zuten udaltzainetako baten aurka eraso egiteagatik.

16:00etan, Zaramaga auzoko etxebizitza batean emakume batek bere seme-alabetako bat jo zuela jakinarazten zuen dei bat jaso zuen patruila batek. Hara iritsi ondoren, eskailera-buruan udaltzainak erasotzailea identifikatzen saiatzen ari ziren bitartean, udaltzainetako baten aurka egin zuen emakumeak, eta horren ondorioz, atxilotu egin zuten.

Etxebizitzaren barruan, Udaltzainek egiaztatu zuten bi adingabe eta haien anaia zaharrena zeudela. Adingabeetako bat jo egin zutenez, emakumea epailearen esku geratu zen.

Udaltzaingoaren Agenteek 19 urteko gizonezko gazte bat atxilotu zuten larunbat gauean, bilatzeko eta atxilotzeko agindu bat zeukalako beraren gainean. Assako Gazteluaren kalean aurkitu zuten (Ariznabarran), borroka batean parte hartu eta handik pixka batera. Identifikatu zutenean, gazteak datu faltsuak eman eta ihes egin zuen, nahiz eta handik pixka batera berriro topatu zuten, eta une horretan jo zuen udaltzainetako bat.

Zazpi pertsona zauritu dira hiru istriputan

Gaur goizeko bostak aldera, Jose Atxotegi kalean erregistratutako istripu bakun baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat; istripu horretan, ibilgailu batek talka egin du farola baten aurka, pibote batzuen aurka eta espaloiaren eta etxebizitza-eremu baten artean dagoen hormatxoaren aurka. Gidatzen ari zen 33 urteko gizonezkoa bakarrik zihoan eta zaurituta geratu da; hori dela eta, anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman du.

Larunbatean Antonio Machado kalean izandako talka-istripu baten nondik norakoak ere ikertzen ari dira; bertan bost pertsona zauritu ziren, talka jasan zuen ibilgailuan zihoazen 73 eta 48 urteko bi emakume, eta beste ibilgailuan zihoazen 70 eta 38 urteko bi gizonezko eta 12 urteko adingabe bat. Talka horren ondorioz, aurretik zihoan ibilgailua zenbait metro harantzago mugitu eta lorategi-eremu baten gainera igota geratu zen. Bi emakumeak anbulantzian eraman zituzten Santiago Ospitalera eta gizonezkoak Txagorritxu Ospitalera.

Bizikleta gainean zihoan 69 urteko gizonezko bat zaurituta geratu zen bere bizikletaren kontrola galdu eta lurrera erori ondoren, Mendoza Taldearen eta Zaramaga kaleen arteko elkargunean. Anbulantzia bateko osasun-langileek artatu zuten, eta gero Santiago Ospitalera eraman zuten.

Udaltzainek beste 28 trafiko-istriputan esku hartu dute asteburuan, nahiz eta ez den zauriturik izan, eta 2 gidari ikertzen ari dira bide-segurtasunaren aurkako delituengatik: 36 urteko emakume bat, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik, eta 43 urteko gizonezko bat, nahitaezko bigarren alkoholemia-proba egiteari uko egiteagatik.

Asteburuan alkoholemiako 7 prebentzio-kontrol egin dira eta 160 gidarik baino gehiagok egin dituzte proba horiek; horietatik 3k emaitza positiboa eman dute, eta administrazio-bidetik salaketa jarri diete.

Udaltzainek 42 salaketa izapidetu dituzte asteburuan eta polizia judizialaren 17 jarduera egin dituzte.

Suhiltzaileen esku-hartzeak

Igande gauean, Dalai Lama kalean aparkatuta zegoen ibilgailu batean piztutako sutea itzaltzeko esku hartu dute su-hiltzaileek. Sutea ibilgailuaren gurpiletako batean piztu zen.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:44

 

Landaketaren arduraduna atxilotu dute, eta epailearen aurrera eraman

 

 

 

Udaltzaingoak kalamu landaketa bat deuseztatu du Bitorialanda kaleko pabilioi batean, Ehari-Gobeuko industrialdean; larunbat arratsaldean 196 landare eta haiek hazteko materiala aurkitu zituen bertan.

18:30 aldera, ohiko erronda egiten ari zirela, patruila batek lonjaren atea irekita ikusi zuen, eta ez zegoela inor barruan. Aretoa ikuskatu zuten, lapurretarik gertatu izana baztertzeko, eta arreta eman zien barruko azalera bat ez etortzeak pabilioiaren kanpoaldeko neurriekin. Berriro ikuskatu zutenean, pladurrezko horma faltsua topatu zuten, eta haren atzean ezkutatuta, landaketa.

Zehazki, 196 kalamu landare, 82 gramo kukulu, eta droga hazteko lanabesak eta materialak topatu zituzten: erauzgailuak, luminariak, iragazkiak, etab.

Horretan ari zirela, 42 urteko gizon bat iritsi zen, eta lokalaren zein landaketaren arduraduna zela aitortu zuenez, atxilotu egin zuten. Igandean eraman zuten egilearen aurrera, osasun publikoaren kontrako delitu baten egilea izateagatik.

Udaltzaingoak denbora gutxian droga trafikoari ematen dion bigarren kolpea da. Izan ere, duela hilabete baino gutxiago, udaltzainek 6 pertsona atxilotu zituzten hiriko hainbat lekutan drogaren aurka egindako operazio batean. El Túnel tabernan (Zaramaga) salmenta gune nagusia zuen gaizkile taldea osatzen zuten. Besteak beste, 40 kilo haxix, 52 gramo kokaina eta 19.500 euro atzeman zituen Udaltzaingoak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:50

Gazteentzako 2.329 plaza izango dira, eta 381, publiko orokorrarentzat. Jarduerak ekainaren 24tik abuztuaren 30era bitartean izango dira, eta izena emateko epea apirilaren 14ra artekoa izango da.

 

Gasteizko Udalaren 2019rako opor-jarduerek 2.329 plaza eskainiko dituzte 4 urtetik 20 urtera bitarteko haur eta gazteentzat, eta beste 381 plaza, publiko orokorrarentzat, guraso-elkarteek antolatuko dituztenez gain.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok prentsaurrekoan aurkeztu ditu jarduerak; hark azaldu duenez, programaren helburuak “Hiri Hezitzaileen Gutunetik ateratako balioekin zuzenean lotuta daude, eta hiriko hezkuntza-proiekturekiko konpromisoa mamitzen dute: bizi-kalitatea, gizalegea, sormena, bakearen kultura, ekitatea, prestakuntza, identitatea, berdintasuna, inklusioa, berrikuntza, parte-hartzea, erantzukizuna, elkartasuna eta jasangarritasuna”.

Zehazki, programa eta plaza kopuru hauek aurkeztu dituzte:

  • Jolas-txokoak: 380
  • Udako ludotekak: 460
  • “múSIka, bai!” musika-udalekuak: 480
  • Udaleku irekiak: 310
  • Ingurumen-udalekuak: 120
  • “Green Summer Camp”: 100
  • Abentura-udalekua: 90
  • Udako txokokluba: 150
  • Jarduera nautikoen campusa: 184
  • Kanpamentua hondartzan: 100
  • “Udaband!” udako musika-campusa: 35
  • Jarduera nautikoetako hastapen-ikastaroak: 381

 

Orotara, hamaika programa dira, 4 eta 20 urte bitarteko haur eta gazteei zuzendutakoak; horietaz gain, guraso-elkarteek beren opor-programak antolatzeko baliabideak dituzte.

Udako jarduerek 2019eko ekainaren 24tik abuztuaren 30era arteko epea hartzen dute barne, hau da, 10 aste guztira.

Izena emateko epe bakarra ezarri da jarduera guztietarako, Jarduera nautikoetako hastapen-ikastaroetarako izan ezik:

  • Eskabidea: apirilaren 1etik 14ra bitartean.
  • Zozketa: maiatzaren 6a.
  • Formalizatzea: maiatzaren 6tik 14ra bitartean.
  • Hutsik dauden plazak jakinaraztea: maiatzaren 17a.
  • Leku hutsetarako izena ematea: maiatzaren 22tik ekainaren 7ra arte.

Jarduera nautikoetako hastapen-ikastaroei dagokionez, “zuzenean” emango da izena, maiatzaren 30etik aurrera, eskaintzen diren plaza guztiak bete arte.

Opor-plazetarako eskabideak aurkezteko zein formalizatzeko, bide hauek erabil daitezke:

Udalaren webgunean aurki daitezke gaiari buruzko argibide gehiago.

 

Share