Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  21 martxoa 2019 17:00

– “Hiretu Hiria” gala – Gazteak hiria eraikiz

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran alkatea eta udal talde politikoen ordezkariak; parte hartu duten ikastetxe eta zentroetako ikasle, irakasle eta senitartekoak; elkarte eta erakunde laguntzaileen ordezkariak.

Eguna: martxoak 22, ostirala.

Ordua: 17.30.

Lekua: Goiuri jauregia.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:42

 

Gasteizko Udalak “diskriminaziorik gabeko gune” izendatu ditu 45 udal espazio, eta hori adierazteko xaflak jarri ditu, martxoaren 21a Arrazagatiko Diskriminazioa Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela baliatuz.

 

 

 

 

 

Xaflen testua Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 1. artikuluan oinarritzen da:

DISKRIMINAZIORIK GABEKO GUNE BATEAN ZAUDE

Pertsona guztiok aske jaiotzen gara, duintasun eta eskubide berberak ditugula, eta elkarren artean errespetuz jokatu beharra dugu. Hemen ez dugu onartzen diskriminaziozko komentario eta jarrerarik.

Bina xafla jarri dira: bat euskaraz eta gaztelaniaz, eta beste bat Braillez. Guztira 45 zentrotan jarri dira:

  • Udaletxea
  • Gizarte etxeak
  • Kiroldegiak
  • Herritarrei laguntzeko bulegoak
  • Haurtzaro Zerbitzuak: Jose Erbina eta Mateo Benigno Moraza kaleetako bulegoak
  • Gizarte Inklusioaren Zerbitzua
  • Gizarte Politiken Saila
  • Frai Zacarias Martinez kaleko eraikina
  • Goiuri jauregia
  • Europa jauregia
  • Turismo Bulegoa
  • Luis Aranburu Musika Eskola
  • Folklore Akademia
  • Jose Uruñuela Dantza Eskola
  • Montehermoso
  • Gazteen Argibideetarako Bulegoa
  • Principal antzokia
  • Autobus-geltokia

 Mezua TUVISAko autobusetan

Hiri autobusetan eta Gasteizko autobus-geltokian ere jarriko da mezua, hitzen esanahi zehatzari buruzko gogoeta eginarazteko, zuzen erabili eta praktikan jar ditzagun; orobat, gurea bezalako testuinguruetan —non betetzeko bermeak ezar baitaitezke— elkarri errespetua eta berdintasuna aitortzearen garrantziaz hausnartzera bultzatu nahi du, balio unibertsal gisa.

Udalaren web-orrian eskura daiteke irudia, Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuaren atalean.

NBEren Batzar Nagusiak 1966an sortu zuen Arrazagatiko Diskriminazioa Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna, nazioarteko komunitateari eskatzeko arrazagatiko diskriminazio oro desagerrarazteko ahaleginak biderka zitzaten, eguneroko fenomeno horrek milioika pertsonaren aurrerabidea eta bizikidetza positiboa eragozten baitu. Arrazakeriaren kontrako borroka, beraz, lehentasunezkoa da mundu osoan, baita Gasteizko Udalarentzat ere.

Udalak helburu horrekin zein kulturartekotasunarekin, aniztasunarekin eta giza eskubideekin lotutako beste batzuekin duen konpromisoa Gasteizko Bizikidetza eta Aniztasun Planean dago jasota, zeina 2018ko urtarrilaren 24an aurkeztu baitzen. Agiri hori plan bat baino gehiago da, bakearen, memoriaren eta bizikidetzaren kulturan oinarritutako eredu baterako estrategiak eta ekintzak proposatzen baititu, bertan bizitzeko eraiki nahi dugun gizarte ireki, inklusibo, baketsu, berdintasunezko, heterogeneo, kulturarteko, duin eta gizalegezkora eramango gaituena.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:12

Ibaiondo auzoan barneratutako orkatz bat erreskatatu du Udaltzaingoak gaur goizean. 092 zenbakira herritar batek egindako dei batek Inglares Ibaia kalean animalia horren presentziaren berri eman du, eta bertan, udaltzainek atxikita eduki dute Animalien Babeserako Zentroko langileak etorri arte, eta haiek, gero, Martiodako Suspertegira eraman dute. Orkatzak zauri bat zeukan hanketako batean.

 

Ukituak egiteagatik atxilotua

Udaltzaingoaren Agenteek 52 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, Zaramaga auzoan emakume bati ukituak egiteagatik sexu-abusuaren delitu baten ustezko egile gisa. Guardiako Epaitegian egoki diren izapideak bete ondoren, aske utzi zuten.

22 urteko beste gizonezko bat ere atxilotu zuten atzo, hura bilatzeko, atxilotzeko eta Kataluniako Epaitegi batean aurkezteko errekisitoria bat baitzeukan beraren gainean. Lantokian topatu zuten.

Udaltzainen aurkako atentatua

47 urteko emakume bat atxilotu zuten astelehenean, udaltzainen aurkako atentatu-delitu baten ustezko egile gisa.

Koordinazio Zentralak eskatuta, patruila bat Simon Anda kaleko merkataritza-establezimendu batera joan zen, lapurreta bat gertatu zelako bertan. Epaiketa azkarreko zitazio formala eman ondoren, emakumeak udaltzainetako baten aurka eraso egin zuen, eta horren ondorioz, atxilotu egin zuten. Agirrelandako polizia-etxean egoki diren izapideak bete ondoren aske utzi zuten.

Hiru auto-harrapaketa

Udaltzaingoak hiru harrapaketetan esku hartu du (bizikletek eragindakoak bi izan dira eta auto batek eragindakoa bestea) azken egun hauetan.

Astelehenean, 57 urteko txirrindulari batek 64 urteko oinezko bat harrapatu zuen Alava Jeneralaren eta Datu kalaren arteko bidegurutzean. Bi pertsonak zaurituta geratu ziren, eta ondorioz, anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zituen.

Estibalizko Andra Mariaren kalean handik pixka batera gertatutako beste harrapaketa baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Oinezkoen pasabidetik kanpo errepidea gurutzatzen ari zen gizonezko bat harrapatu zuen ibilgailu batek. Zaurituta geratutako 83 urteko gizonezkoa larrialdi-zerbitzuek artatu zuten, eta gero, Santiago Ospitalera eraman zuten.

Egun berean bi ibilgailuk elkarren aurka talka egin zuten Donostia kalean. Talka horren ondorioz, ibilgailu bateko gidaria, 50 urtekoa, zaurituta geratu zen, nahiz ez zen beharrezkoa izan osasun-zerbitzuek artatzea.

Atzo Olagibel kalean gertatutako harrapaketa baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat; istripu horretan bizikleta bat zegoen nahastuta. Bidegorrian behar bezala zihoan txirrindulari batek 85 urteko emakume bat harrapatu zuen, horretarako egokituta ez zegoen toki batetik gurutzatzen ari zela. Emakumea anbulantzian eraman zuten Santiago Ospitalera.

Moto-gidari bat zaurituta

40 urteko moto-gidari bat zauritu zen asteartean, Arriagako Atea kaletik zihoala bere ibilgailuaren kontrola galdu ondoren. Larrialdi-zerbitzuek Santiago Ospitalera eraman zuten.

Martxoaren 18az geroztik –astelehena– Udaltzainek beste 19 trafiko-istriputan esku hartu dute, nahiz ez den zauriturik izan, eta 4 pertsona ikertzen ari dira bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik.

Udaltzainek atzo 49 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 24 jarduera egin zituzten.

Suhiltzaileen esku-hartzeak

San Frantzisko aldapan zaborren bilketa-sistemako postontzi batetik irteten zen kearen ondorioz, suhiltzaileek esku-hartze bat egin behar izan zuten atzo goizean. Arratsaldean, Legutio herrira joan ziren, egurrezko sukalde batean piztutako sutea itzaltzera.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:19

 

AMVISAk antolatu du ekintza hori, Uraren Mundu Eguna dela eta, munduan 2.000 milioi pertsonak etxean edateko urik ez dutela gogorarazteko

 

 

 

Gasteizek bat egin du Uraren Mundu Egunarekin, AMVISA uraren udal agentziak antolatutako sentsibilizazio ekintza deigarri baten bitartez: 200 litroko 192 ur bidoi jarri dira Floridako ibilbidean, gasteiztar bakoitzaren urteko kontsumoa irudikatzeko. Herritarrek etxean erabiltzen duten ura da: dutxa, komuna, garbiketa, etxetresna elektrikoak… “2018ko kontsumoko datuen arabera, gasteiztar bakoitzak 105,5 litro kontsumitzen ditu egunean.  Hau da, 38.500 litro urtean. Bidoi bat bi eguneko, eta 192 bidoi urtean”, laburtu du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek. “Ekintza honen bidez, egunean erabiltzen dugun ur kopuruaz ohartarazi nahi dugu, txorrotaren erabilera arduratsua egiteko eskatu, eta planetako leku askotan ez dutela guk dugun zortea gogorarazi”, adierazi du alkateak.

Bihar, martxoak 22, ospatuko da Uraren Mundu Eguna, Nazio Batuek proposaturik. AMVISAk zenbait mezu azpimarratu nahi izan ditu aurten: batetik, mundu osoan ura eskuratzeko eskubidearen aldeko aldarrikapen unibertsala; bestetik, herritarrentzako deia, kontsumo arduratsuko ohiturak hartzen jarrai dezaten. Izan ere, munduan 2.000 milioi pertsonak ez dute etxean edateko urik, eta munduko biztanleriaren ia bi herenek ur eskasia handia izaten dute hilabetez urtero. Hori dela eta, aurtengo lema ofiziala “Ez utzi inor atzean” da.

“Urtean 192 bidoi kontsumitzen dugu, gure hornidura eta saneamendu zerbitzuak uraren kalitatea, etenik gabeko hornikuntza eta erabilitako uraren bilketa eta amaierako tratamendua bermatzen dizkigulako. Beste leku askotan, biztanleko kopuru txikiagoekin iraun behar dute, ziurtasunik gabeko iturrietatik hartu behar dute ura egunero, eta hondakin-urak tratatu gabe isurtzen dituzte, kalera edo erreka hurbilenera… Ura erantzukizunez erabiltzea lehen urratsa da inor atzean ez uzteko, gureak bezalako zerbitzuez gozatzerik ez dutenekin solidario izateko, eta ingurumenarekin eta klima-aldaketak dakartzan erronkekin konprometituta egoteko”, esan du Gasteizko alkateak. Bidoiez gain, AMVISAk informazio kartelak jarri ditu Gasteizko hainbat publizitate-euskarritan.

2018ko kontsumoaren datuak

AMVISAko kudeatzaile Angel Llamazaresek azaldu duenez, “2018. urtean, Arakako araztegitik hiriko banaketa-sarera sartutako uraren bolumena 18.170.960 m3 izan da, aurreko urtean baino % 1,1 gehiago. Dotazio orokorrari erreparatuz gero, aldea txikiagoa da, biztanleko eta eguneko 197,8 litro izatetik 198,1 litro izatera igaro baita, eta bigarren urtez jarraian 200 litrotik beherakoa izan da”. Sarearen errendimenduak % 91etik gorakoa izaten jarraitzen du, eta horrek esan nahi du sarera sartutako uraren % 95 baino gehiago iristen dela azken helmugara; horren ondorioz, estatuan benetako galera gutxien duten hirietako bat da Gasteiz (% 5etik beherakoak).

Erabilerari dagokionez, kontsumo horren zatirik handienak (% 57) etxeetakoak izaten jarraitzen du, eta batez besteko kontsumoa eguneko eta biztanleko 105,5 litro izan da (hirigunea bakarrik kontuan hartuz gero, 105,1 litro), hau da, aurreko urtean baino % 1,4 gutxiago. Gainera, hiriko 28 auzoetako 16tan —nekazaritza eremuak kenduta— kontsumoak batez bestekoaren azpikoak izan dira, eta seitan (Abetxuku, Arana, Arantzabela, Zaramaga, Salburua eta Zabalgana) ez dira biztanleko eta eguneko 100 litrora iritsi. “AEAS elkartearen azken datuen arabera, etxeetako kontsumoa pertsonako 132 litrokoa da estatuan (Europako txikienetako bat); beraz, Gasteizek ura eraginkortasun handiz erabiltzen jarraitzen du“, gogorarazten dute AMVISAtik. Gainerako erabilerei dagokienez, industria eta merkataritzako kontsumoa zertxobait jaitsi da, biztanleko eta eguneko 38,7 izan baita; erakundeen kontsumoa, ordea, handitu egin da, egun eta biztanle bakoitzeko 32,2 litrotik 34,1 litrora igaro baita.

 

 

Share