Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  26 martxoa 2019 17:00

Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Biltzarraren hasiera-ekitaldia.

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea; Iñigo Urkullu, lehendakaria; Ramiro González, Arabako diputatu nagusia; Olivier Bianchi, Clermont-Ferrandeko alkatea.

Eguna: martxoak 27, asteazkena.

Ordua: 10.00.

Lekua: Maria de Maeztu auditoriuma. Europa biltzar jauregia.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:39

 

Aurten ere, Gasteiz gehitu zaie hilaren 22an izan zen Uraren Mundu Egunari loturiko ekitaldiei, zenbait ekimenen bidez. Gaur goizean, Udaletxeko Harrera Aretoan uraren kudeaketa onaren “Oso ondo” sariak banatu ditu AMVISAk.  Gorka Urtaran alkatea buru izan duen ekitaldiak balio izan du “txorrotako urari balioa emateko, kontsumitzen dugun ura arduraz erabiltzeaz kontzientziatzeko eta nabarmentzeko udalerrian ur-hornidura eta hondakin-urak behar bezala tratatzea bermatzen Uren Udal Agentziak egiten duen lana”.

Ildo horretan, gaur goizean hiriko hamaika instalaziori saria eman zaie, jardunbide egokien eredu baitira. Udalak honako instalazio hauek egin duten lana aitortu du: Zabalganeko osasun-zentroa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia (Arkauti), Arakako Base Militarra, Centro Vitoria hotela, Udalaren San Martingo bulego teknikoak, Aranbizkarrako Adinekoentzako Zentro Soziokulturala, Sansomendiko Adinekoentzako Zentro Soziokulturala, Fitness Gasteiz Los Herrán, Astronomoen kaleko futbol-zelaia, Olaranbe Kirolgunea eta Landazuri Kiroldegia.

Futura Planean parte hartu duten eraikinek eskuratu dituzte diplomak. 2005az geroztik, hiriko jarduera guztietako 183 zentrori diagnostikoak egin zaizkie ekimen horren barruan. “Uste dut eskertu behar dizkiegula uraren kudeaketa efizientearekin eta jasangarritasunarekin hartu duten konpromisoa eta egin duten ahalegina. Zuen ahaleginari esker, jarrai dezakegu Ingurumena errespetatzen duten jardunbide jasangarrien eredu izaten”, zoriondu ditu Gorka Urtaranek. Ekitaldian, AMVISAko lehendakari Jaione Agirrek, AMVISAko kudeatzaile Angel Llamazaresek eta enpresaren zenbait teknikarik ere parte hartu dute.

Programa horren bidez, hiriaren ur-kontsumoa erabileren arabera sailkatzen da; kontsumo efizienterako aldaketa teknologikoak sartzea bultzatzen da, eta kontsumo efizienteak identifikatzen dira, jardunbide egokiak aintzatesteko eta zabaltzeko. Hori guztia egiteko prozesuaren barruan, instalazioetarako bisitak egiten dira; erabileren araberako kontsumoa aztertzen da, eta efizientzia-maila ebaluatzeko irizpide teknikoetan oinarritutako azken txosten bat egin eta aurkezten da, zeinak hobetzeko gomendioak ematen baititu. Zentro jakin batzuekin, gainera, aurrerago ere, lankidetza mantentzen da erakundeen artean, hobekuntzak ezartzeko, haien eraginkortasuna aztertzeko eta ur-kontsumoko jokabideen bilakaeraren urteko jarraipena egiteko prozesuan.

Diagnostiko horiekin batera, aholkularitza teknikoa eta etxeko aholkularitza (konplexutasun txikiagoko ebaluazioak) ere egin dira, eta, guztira, 270 instalazio eta etxebizitza inguru aztertu dira orain arte. “Oso ondo” diploma gaur lortu duten 11 jardunbide egoki berri horiek, azken bi urteotako diagnostiko-programan parte hartu dute. AMVISA aintzatetsi du haiek uraren kudeaketa efizientearekin duten konpromisoa eta helburu horretarako hobekuntzak ezartzeko egin duten ahalegina.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:37

Udaltzaingoaren Agenteek 25 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, bere bikotekide ohia iraindu, jo eta dokumentazioa lapurtzeagatik, harekiko indarrean zeukan babes-agindua urratu ondoren.

Gertaera horiek Pio XII. kalean izan ziren, eta gero, gizonezkoak alde egin zuen bertatik. Hala eta guztiz ere, udaltzaingoaren agenteek hurbileko etxebizitza batean aurkitu zuten eta, inplikatutako guztien adierazpenak entzun ondoren, atxilotu egin zuten. Gaur epailearen esku geratuko da.

Bizikleta batek gizonezko bat harrapatu du

Oinez zihoan 44 urteko gizonezko bat harrapatu zuen atzo bizikleta batek, Santiago hiribidearen eta José Mardones kalearen arteko espaloian. Txirrindulari adingabeak alde egin zuen bertatik, presa zeukala argudiatuta. Oinezkoa anbulantzian eraman behar izan zuten Santiago Ospitalera.

Udaltzainek beste 12 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen zauriturik egon, eta 2 gidari ikertzen ari dira bide-segurtasunaren aurkako delituengatik: lehena, 24 urtekoa, gida-baimenik gabe gidatzeagatik, eta bigarrena, 47 urtekoa, alkoholaren eraginpean egiteagatik, Arriagako Atea kalean.

Udaltzainek 22 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 8 jarduera egin zituzten.

Ibilgailu batek su hartu du

Suhiltzaileek ibilgailu batean piztutako sua itzali zuten atzo, Ilustrazioaren hiribidean. Autoaren barrualdetik ke ugari irteten ari zela jakinarazi zuen herritar baten deia jaso ondoren esku hartu zuten.

Geroxeago, SPEISeko langileak Santiago hiribidera joan ziren, sutan zegoen edukiontzi bat itzaltzera.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:04

Kaleko kirola sustatzeko kanpaina hori aurkezteko, erakustaldi handi bat egingo da Foru plazan apirilaren 7an

Kirol Park kanpainaren helburua kirolaren eta ariketa fisikoaren praktika bultzatzea da, kaleko kirolaren bitartez autonomia, harreman sozialak eta aisialdia modu osasungarrian betetzea sustatzeko, bai eta hiritarrak hiriko espazio publiko eta berdeguneak erabiltzera animatzeko ere. Lehen edizio honek “UDA” izena izango du, eta maiatzetik uztailera bitartean garatuko da.

Gaur goizeko prentsaurrekoan aurkeztu da kanpaina, eta apirilaren 7tik aurrera Kirol Parkek sustatu nahi dituen balioak promozionatu eta ikustarazteko ekintzak egingo dira. Apirilaren 7an Foru plazan egingo den inaugurazio-festan, adibidez, hautatuko kirol batzuen erakustaldiak egingo dira 12:00etatik 14:30era.

Kanpainaren beste xede bat horren ezagunak ez diren kirolak ezagutaraztea da, bai eta kirola era espontaneo eta informalean praktikatzeko topaguneak sortzea ere. Formatuari dagokionean, urteko bi alditan banatuko da kanpaina, lehen fasea maiatza-uztaila aldian egingo da –hori da orain aurkeztu dena–, eta bigarrena, uda ostean (UDAZKENA).

Bestalde, bai udako faseak bai udazkenekoak bi ildo izango dituzte.

Alde batetik, hiri-kirolari loturiko programa bat, non hiriko zenbait elkarte Kirol Zerbitzuarekin elkarlanean arituko diren, indarrak batuz, haien jarduera ikustarazi eta hiri-inguruetako kirol praktikak indartzeko egutegi bat sortzeko. Udako fasean 14 jarduera egingo dira maiatzetik uztailera bitartean, eta horien datak, lekuak eta elkarte antolatzaileak txostenean erantsita ageri dira. Udazkeneko fasea aurrerago aurkeztuko da.

Bestetik, parkeetako ariketa sustatzeko jardunaldi bat antolatuko da. Salburun egingo da, parkeak familian zein lagunartean aisialdiaz gozatzeko jolasgune apartak direla nabarmentzeko. Ariketa fisikoa jardunaldiaren oinarria izango denez, hainbat joko eta kirol praktikatzeko aukera egongo da; hori bai, azpiegitura handirik baliatu gabe, asmoa hiritarrek gerora ariketa horiek lantzen jarraitzea baita. Aurreikuspenen arabera, ekainaren 23an egingo da jardunaldi hori, udako fasearen barruan, baina esleipen-kontuak direla eta, ez da data oraindik zehaztu.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:49

 

  • Ekitaldia 18:30ean hasiko da; hainbat kategoriatan (ideiak, merkataritza eta turismoa, nekazaritzako elikagaiak, iraunkortasuna, industria eta zerbitzuak) aukeratutako 3 proiektu onenak jendaurrean eta epaimahaiaren aurrean aurkeztuko dira, eta azken horrek irabazleak hautatuko ditu
  • Kategoria bakoitzeko sariez gain Metxak babestutako sari berezia —leku bat haren Bootcamp-ean— emango da, baita RPK-k babestutako beste sari bat ere, enpresen eraldaketa soziala aitortzeko
  • Bertaratuek Publikoaren Sari Berezia nori eman aukeratuko dute zuzenean
  • Sariak Ekin Day izenekoan ezagutarazi eta banatuko dira, apirilaren 3an, Europa jauregian

Gaur arratsaldean, 18:30ean hasita, “Zure ideiak balio du” XIV. lehiaketaren proiektu finalistak aurkeztuko dira Goiuri jauregian. 2019ko edizioan 55 proiektu aurkeztu dira guztira lehiaketara, inoizko kopururik handiena. Epaimahaiak 3 proiektu onenak aukeratu ditu kategoria bakoitzean, zeinak gaur arratsaldean aurkeztuko baitira. Hauek osatzen dute epaimahaia: Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia, BIC Araba, Vital Fundazioa, Secot-Alava, Ajebask, Arabako Ganbera, Hetel, Ikaslan, SEA, Bultz-Lan, Emprendiza, Michelin Fundazioa, ASLE, Hazi, Deustuko Unibertsitatea, Gasteiz On, Alegría Activity, RPK, On4u Global Services,  Metxa,  Amurrio Bidean, Laudioko Garapen Agentzia, EHU, Eroski eta Aclima.

Babesleek osatutako epaimahaiak aurkezten diren proiektuei buruzko oharrak hartuko ditu ekitaldian, kategoria bakoitzeko irabazlea hautatzearren. Horretaz gain, Metxa eta RPK-ren arduradunek Metxa sari berezia eta enpresen eraldaketa sozialerako RPK sari berezia aukeratuko dituzte proiektu irabazleen artean. Bertaratuek Publikoaren Sari Berezia nori eman aukeratuko dute zuzenean. Sariak  jardunaldi nagusian, Ekin Day izenekoan, ezagutarazi eta banatuko dira, apirilaren 3an, Europa jauregiko Green aretoan.

Hona hemen kategoriak, babesleak eta finalistak:

-Ideiak: oraindik garatu ez diren baina duten originaltasunagatik edo etorkizunerako proiekzioagatik aitortza merezi duten ideiak balioetsiko dira. Saria 500 euro izango da, On4u Global Services enpresaren babesarekin. 

  • T-SAFE (Iván Palomino/ Sergio Hospital/ Iker Torrecilla): Software/hardware tresna, trenbideetan pertsonen presentzia ezegokiak edo erorketek sortzen duten segurtasun-arazoari irtenbide ekonomikoa emateko.
  • WASP (Lander Larrimbe, Mikel Leibar, Adrián Zurrón eta Mikel Rodrigo): liztor asiarren habiak detektatu, jarraitu eta kentzeko nanodronen eraikuntza eta konfigurazioa, ingurumena eta erleak babestearren.
  • BEGIA (Patricia Bedoya): ikusmen urria duten pertsonei eta itsuei zuzendutako aplikazioa, teknologia ezberdinak baliatzen dituena haiek supermerkatuen eta merkataritza espazioen barruan gidatzeko eta nahi dituzten produktuak aurkitzen laguntzeko.

-Iraunkortasuna: garapen iraunkorraren balioak ondoen islatzen dituen proiektua sarituko da. 500 euroko saria, Aclima Euskadiko ingurumen arloko industrien klusterraren babesari esker emango dena. 

  • BCARE MINDING BATTERIES (Javier Olarte eta Marco Bianchi): energia gordetzeko sistemak (bateriak eta kondentsadoreak) optimizatzea da helburua, zerbitzu tekniko, komertzial eta finantzarioak integratuz.
  • GOYTI, SOLUCIONES DE MOVILIDAD ELÉCTRICAS (Iván Platas): beharren arabera konfiguratu daitezkeen ibilgailu elektrikoak (hirian ibiltzeko, salgaien garraiorako edo mantentze lanetarako).
  • COROWAI (Jorge Fernández de Mendiola): eskuz muntatu daitezkeen zurezko etxolen 3 eredu; 5 m2-ko azalera dute. Artisauak, bertakoak, % 100 naturalak eta ekologikoak.

Merkataritza eta turismoa: alor horretan garatzen diren proiektu guztiak balioetsiko dira. 1.000 euroko saria emango da, Gasteiz ON-ek babesturik. 

  • GUIARTU (Arturo Martínez): turismo iraunkorreko enpresa, ingurune natural batean jarduera jasangarriak egitean oinarritutako turismo esperientzia eskaintzen duena. Oinez eta bizikletaz egin daitezkeen ibilbideen antolaketa, diseinua eta praktika.
  • CONFECCIÓN Y CREACIÓN DE MODA SOSTENIBLE (Garbiñe Etxeandia): zerbait berria sortzeko erabil daitekeen ehun, jantzi edo material oro berrerabiltzeko lantegiak. Ehun ekologikoen eta josteko materialen salmenta.
  • LA MEMORIA PERDIDA DE NUESTROS PUEBLOS (Sergio Martínez de Rituerto): familia eraikin bat nekazaritza turismorako eta erlezaintzarako berreskuratzea, galtzeko zorian dauden tradizioak gorde eta adinekoen ezagutzak partekatzeko.

-Nekazaritzako elikagaiak: alorrean sustatzen diren ekimenak sarituko dira. 1.000 euro. Eroskik babestua. 

  • THINK & PICK (Sara Irazu eta Borja Marugan): intralogistika 4.0-ko azpiegitura sortzea, stockaren kontrol adimentsua eta egindako erosketetatik ateratako datuen ustiaketaren kudeaketa adimentsua izango dituena.
  • SATIBASQUE (Olatz Berasategi/Guillermo Moreno): bitter aromatikoak nazioarteko merkaturako, lau aroma ezberdinekin (laranja, limoia, jengibrea, apioa). Bereizgarria izango da gentziana sustraiaren ordez kalamu sustraia erabiliko dela.
  • MARIUCA (Gabriel Muzás eta María Antuña): Diziplina anitzeko espazioa, ardatz nagusia sukaldaritza hartuta. Alor tradizionala eta modernoa elkartzen diren lokala izango da, sukaldaritzarekin lotutako hainbat jarduera eskaintzeko.

Industria: industriaren arloan aurkeztutako proiekturik onenak 1.000 euroko saria eskuratuko du, Michelin Fundazioak babesturik. 

  • EGASOLUTIONS (Iñaki Garmendia): segurtasun eta eraginkortasun alorreko neurrirako industria-irtenbideak —balio erantsi handikoak— eskaintzeko ingeniaritza.
  • COLÁGENO NATURAL BY LYCOLAB (Beatriz Uralde): Araban ekoitzitako kolageno natural eta liofilizatua, Araban hazitako barraskiloak baliatuz egina, kosmetika naturalaren alorreko industriari barraskilo-lirdinga gisa saltzeko.
  • SOPORTE DE ESTACIONAMIENTOS DE BICICLETAS Y PATINES (Juanjo Alcón): ez da bizikletarentzako euskarri hutsa. egonkortasuna eta era seguruagoan blokeatzeko aukera gehitzen ditu, motorraren balazta diskoduneko giltzarrapoa baliatuz.

-Zerbitzuak: merkataritza eta turismoaren alorretik at pertsonen beharrak betetzeko ekimen onena sarituko da. Alegría Activityk 1.000 euroko saria emango du. 

  • CLÍNICA DE NEUROREHABILITACIÓN (Begoña Belarinaga eta Saioa Jiménez): Neuroerrehabilitazio klinika bat sortzea, hartutako kalte zerebrala duten pertsonei tratamendu integral eta diziplina anitzekoa emateko.
  • IKUSTEC (Leticia López de Luzuriaga): eskaneatzeko eta 3D-ko dimentsio-kontrolerako softwarea, neurketa automatizatukoa, edozein solidotarako. Metrologia tresna berritzailea, kalitate-kontrol eta ikuskaritzarako.
  • 3ERRESWEB (Joseba Mikel Iturrieta): ekonomia zirkularreko proiektua, IKTak konpondu, berrerabili, birziklatu, saldu eta doan emateko, on line. Irtenbide berritzaileak enpresa eta partikularrentzat.

Publikoaren sari berezia: ideia finalisten azken aurkezpenera doazenek aukeratuko dute. 300 euro.

Metxa sari berezia: izen bereko azeleratzaileak emango dio proiektu berritzaileena denari eta hazteko ahalmen handiena duenari. Saria hurrengo Metxa Bootcamp-erako leku bat da, 4.000 euroan balioetsia.

RPK sari berezia, enpresen eraldaketa sozialari: aurkeztutako proiektu guztien artean, kategoria edozein delarik, RPK enpresak eragin sozial handieneko proiektua hautatuko du, industriaren eta eraldaketa sozialaren arteko lerrokadura lortze aldera. Saria 1.000 euro izango da.

Arabako ekintzaile berriak ezagutu nahi duen oro sar daiteke saiora.

Informazio gehiago: www.alavaemprende.com

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:59

Liburutegien sareak, Liburuaren Eguna aitzakia hartuta, hamar jarduera programatu ditu apirilaren 2tik maiatzaren 9ra bitartean

 

 

Liburu Egunak programa

Udalaren Liburutegien Sareak gaur aurkeztu du “Liburu Egunak” ekimenaren aurtengo edizioa, Liburuaren Egunaren (apirilaren 23a) inguruan irakurzaletasuna sustatzeko antolatzen den jarduera-sorta, alegia. 10 jarduera egingo dira apirilaren 2tik maiatzaren 9ra bitartean.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok aurkeztu du gaur egitaraua eta, Cantok berak adierazi duenez, horren helburua “kulturaren eta herritarren arteko topaguneak sortzea da, irakurketaren, liburuen, musikaren eta dantzaren bidez. Bai eta kulturguneen sorrera sustatzea ere, kultura eta irakurtzeko zaletasuna zabal dezaten”.

Hona hemen jarduera aipagarrienak:

  • Toti Martínez de Lezea, “La magia de Nur”. Emakumezko pertsonaia bat haur literaturan. Apirilaren 2an Goiuri jauregian. Jende ororentzat da.
  • Mamen Moreu. “Los límites del humor que nos imponen o nos autoimponemos por el hecho de ser mujer”. Ilustratzaile eta komikigile honek umore handiz kontatuko dizkigu bere esperientziak. Apirilaren 3an, 18:30ean. Salburuko liburutegian.
  • Manuel Vilas idazleak bere azken eleberria aurkeztuko du: Ordesa. Ordesa literatur fenomeno itzela izan da Espainian 2018an: 14 edizio izan ditu urtebete baino gutxiagoan eta 100.000 ale saldu dira. Apirilaren 8an Goiuri jauregian.
  • Arantxa Urretabizkaia, Idazleekin Solasean kanpainaren barruan. “Kontraesanaren kontaera”. Euskal literaturaren historian onarpen handienetakoa izan duten ahots eta idazleen artean dago Arantxa, eta, oraingo honetan, Patxi Zubizarretarekin solastuko da bere Bidean ikasia saiakera-liburuaren inguruan. Apirilaren 10ean Pilarreko liburutegian. Euskaraz.
  • Bernardo Atxaga eta Jose Kruz Gurrutxaga. “Martuteneko kartzelan”. Irakurketa dramatizatua, euskaraz. Duela zenbait urte, euskal literatura zaharrari buruzko hitzaldia eman zuen idazleak Martuteneko kartzelan. Ekitaldi hura gogoan duela prestatu du irakurketa hau, orduan izandako bizipenak kontuan hartuz. Jose Kruz Gurrutxaga aktorea izango du lagun. Euskaltzaindiaren mendeurrenean estreinatu zen. Apirilaren 15ean Goiuri jauregian.
  • Yolanda Mosquera. “La pequeña Roque” (Guy de Maupassant). 2018ko Euskadi Saria jaso zuen ilustrazioen kategorian. Sormen-prozesu baten aurkezpena. Apirilaren 23an Goiuri jauregian.
  • Álvaro Arbina. “De arquitecto a escritor”. Istorio kontalari baten ibilbidea. Maiatzaren 6an Judimendiko liburutegian.
  • Olatz Salvador. “Saio linbikoak”. Musika, literatura eta emozioak uztartzen dituen ikuskizuna. Euskaraz. Maiatzaren 7an Goiuri jauregian.
  • Javier Alcázar. El Principito eleberriaren egokitzapena egin du irakurketa errazera. Javier Alcázar-ek urteak daramatza APDEMA elkartearekin batera irakurketa errazaren arloa lantzen. Hitzaldi hau elkarlan horren emaitza da. Maiatzaren 9an Goiuri jauregian.

Jarduera guztiak 19:00etan hasiko dira (apirilaren 3an Salburun egingo dena ezik, hori 18:30ean hasiko da) eta sarrera librea izango da lekuak bete arte.

Gainera, apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Egunean, “Liburu batekin hitzordu itsua” ekimena antolatuko da sareko liburutegi guztietan.

Jarduera horrek mailegu berezia proposatzen digu Liburuaren Eguna ospatzeko. Liburuak paperez bilduko dira eta liburutegira hurbiltzen direnei horietako bat aukeratzeko gonbita luzatuko zaie, gero, etxera eraman, bilgarria kendu eta ustekabeko irakurgai horretaz goza dezaten.

Horrez gain, komeni da bi kontu hauek ere gogoan hartzea:

12 eta 30 urte bitarteko gazteek martxoaren 31era arteko epea dutela GAZTEENTZAKO V. NANOIPUIN LEHIAKETAN parte hartzeko. Oraingo honetan nanoipuinek “sare” hitza izan beharko dute (edozein dela atxikitzen zaion kasu marka edo zentzua).

Bigarrenik, maiatzaren 31ra arte martxan dagoela IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU kanpaina.

Informazio osoa:

 

Share