Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 martxoa 2019 17:00

– Musika Bandaren eta Ortzai antzerki konpainiaren ‘Pinotxo’ ikuskizunaren aurkezpena.

Parte-hartzaileak: Hilario Extremiana, bandaren zuzendaria, eta Iker Ortiz de Zárate, Ortzairen zuzendaria.

Eguna: martxoak 28, osteguna.

Ordua: 10.45.

Lekua: Principal antzokia.

——————————————————–

– Frantziako Saint-Martin lizeoko ikasle eta irakasleen harrera, Gasteizko Korazonisten ikastetxearekin trukea egiten ari baitira.

Parte-hartzailea: Estibaliz Canto, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia.

Eguna: martxoak 28, osteguna.

Ordua: 11.00.

Lekua: udaletxeko harrera-aretoa.

———————————————————

– Aretxabaletako ekintzak abian jartzea.

Parte-hartzailea: Gorka Urtaran, alkatea.

Eguna: martxoak 28, osteguna.

Ordua: 12.00.

Lekua: Aretxabaletako gizarte zentroko sarrera.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   16:14

Udaltzaingoak 36 urteko gizonezko bat atxilotu du bart, ustez lesio larrien delitua egitea egotzita.

04:30 inguruan, Koordinazio Zentralak patruila bat Aiala Kantzilerraren kalera joan zedin eskatu du, eraso bat gertatzen ari baitzen. Udaltzainek bi gizon zauritu topatu dituzte, bata lurrean etzanda eta bestea haren ondoan belauniko. Hirugarren gizon bat ere bazen, besteak banantzen saiatua zena.

Jasotako lekukotasunen arabera, 250 euroko zor baten ordainketari buruzko eztabaida izan da pizgarria; bi gizonezkoak borrokan hasi dira, batak metalezko giltza bat —gurpilak aldatzeko erabili ohi den horietakoa— armatzat zerabilelarik, eta besteak, labana bat; labana gertu topatu dute, odolez zikinduta.

Lurrean zetzan pertsonak zauriak zituen buruan; erasotzaileak, berriz, ebakia zuen aurpegian, ziur aski arma zuriaz egina, eta jantzien artean zuen ezkutaturik erasorako baliatutako tresna; atxilotu eta epailearen esku jarri dute.

Bi zaurituak anbulantziaz eraman dituzte ospitalera.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:25

 

 

 

 

 

 

 

  • Topaketak martxoaren 29ra arte (ostirala) iraungo du, eta 17 alkate eta 17 herrialdetako 150 parte-hartzaile baino gehiago bilduko dira bertan
  • Gasteizko alkate Gorka Urtaran, Clermont-Ferrandeko alkate eta sareko lehendakari Oliver Bianchi eta Arabako diputatu nagusi Ramiro González ere izan dira hasierako ekitaldian
  • Gizarte Zientzietako Asturiasko Printzea sariaren irabazle Saskia Sassen soziologo holandarrak eta Guillermo Peñalosak ireki dute hitzaldien txanda, ahulenekin atseginagoa eta iraunkorragoa den hiri-eredua irmo defendatuz

 Lehendakari Iñigo Urkulluk, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek,  Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek eta Clermont-Ferrandeko alkate Olivier Bianchik Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Biltzarra inauguratu dute; hain zuzen ere, Frantziako multinazionalak lantegiak dituen munduko hirien sarea da hori. Lau kontinentetako 17 herrialdetako 26 hirik eta 17 alkatek hiri jasangarriagoak eraikitzearen aldeko apustua partekatuko dute Euskadiko hiriburuan, martxoaren 29ra arte. Horixe da biltzarraren gai nagusia: nola eraiki ingurune naturalarekin errespetu handiagoa duten udalerriak, inklusiboagoak, osasungarriagoak eta bizi-kalitate hobekoak, NBEk 2015ean proposatutako garapen iraunkorreko helburuekin (GIH) bat datorren ekonomia molde berria sustatuz.

Lehendakariak euskal eredua nabarmendu nahi izan du, tradizioa eta industria berrikuntza ingurumenarekiko errespetuarekin batzen baititu, “ekosistema ekonomiko erakargarri eta iraunkor berria sortzeko“. Urkulluk ongi etorria eman die parte-hartzaileei, eta Gasteizek European Green Capital gisa duen egitekoa eta Eusko Jaurlaritzak giza eskalako garapenaren alde egindako apustua nabarmendu ditu. Horren haritik, Euskadi Basque Country 2030 ekimena azpimarratu du, GIHak euskal gizarte osoarekin batera sustatzeko xedea baitu.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek ere ongi etorria eman die hirira hainbat herrialdetatik etorritako pertsonei. Hasteko, Euskadiko hiriburuaren ezaugarri nagusiak azaldu ditu: kokapen estrategikoa, Lisboa-Madril-Paris ardatzean; industrian oinarritutako ekonomia, gure BPGd-aren % 30 baita; Green Capitalaren jasangarritasuna; bizi-kalitatearen eta zerbitzu publikoen maila handia, eta ekitaldi handiak erakartzen dituen eta harrotasuna sortzen duen hiria izatea.

Orobat, Gasteiz superhiria dela aipatu du Gorka Urtaranek; Europan tamaina ertaineko hiri ongi planifikatu eta kohesionatuak eta bizi-kalitate maila handia dutenak izendatzeko sortutako kontzeptua da hori. “Hirien zeregina gakoa da XXI. mendean, eta biltzar honetan elkarrekin aztertuko dugu zein erronkari egin behar diogun aurre planetaren garapenean laguntzeko“, adierazi du.

Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek, bestetik, lurraldea —Espainiako industrialena— topagunetzat aurkeztu du, non etorkizunerako erronka baita “hazten jarraitzeko eta gizarte eta lurralde kohesioari eusteko gauza izatea”. Ildo horretatik, hiriburuaren eta lurraldearen arteko konexio handiagoaren eta hobearen alde egin du.

Clermont-Ferrandeko alkate eta Michelin Hirien Nazioarteko Sareko lehendakari Olivier Bianchik, azkenik, sarea sortu zenetik eta ia duela bi urte bere hirian antolatutako lehen biltzarretik egindako lana laburtu du. Orobat nabarmendu du zein garrantzitsua den sarearentzat Gasteiz —Europako Hiriburu Berdea 2012an— eta Green Capital izendatutako beste hiri batzuen ereduak partekatzea eta haietatik ikastea; hain zuzen ere, bihar, martxoak 28, partekatuko dituzte hiri horiek beren esperientziak: Oslo (2019), Nijmegen (2018) eta Lisboa (2020).

Protokolozko hitzaldien ondoren, hiri iraunkorren eraikuntzaren alorreko nazioarteko aditu handienetako bi mintzatu dira: Saskia Sassen eta Guillermo Peñalosa. Sassen New York-eko Columbia Unibertsitateko Soziologia irakasle eta mundu osoan best-seller izandako “La Ciudad Global” lanaren egilea da, eta bere ustez hiriek klima aldaketaren aurkako borrokan duten berebiziko zeregina izan du hizpide, munduko biztanleriaren gehiengoa hirietan bizi baita. Zenbait fenomeno arriskutsuri aurre egiteko beharraz ere ohartarazi du, esaterako, etxebizitza multzo handiak gutxi batzuen eskuetan kontzentratzeari, ahulenak hiri handietatik egozten ari baitira.

8 80 Cities erakunde kanadarraren sortzaile eta lehendakari eta Hiri Parkeen Munduko Sarearen enbaxadore Guillermo Peñalosak, berriz, hiri atseginago eta irisgarriagoak aldeztu ditu: “hiriak jende guztiak 30 urte balitu eta atleta balitz bezala eraikitzeari utzi behar diogu”.

 Iraunkortasunaren izaera hirukoitza

Arratsaldean, hiru saio egingo dira, hiri iraunkor orok oinarrizko hiru alderdi hauetan kontuan hartu beharreko joera berriak eta jardunbide egokiak azaltzeko: ingurumena, gizartea eta ekonomia.

Sustainable Brands Madrid-eko zuzendari Sandra Pinak ingurumenaz eta hiriez duen ikuspegiaren berri emango du, eta mugikortasun zein hiri plangintza iraunkorrarekin eta airearen kalitatearekin lotutako bideoak proiektatuko dira. Besteak beste, hiri hauetako adibideak eskainiko dira: Gasteiz (Mugikortasun Iraunkorreko plana) Karlsruhe, Valladolid, Clermont-Ferrand, Rayong (Tailandia), Salford eta Shanghai.

Fernando López de Rego diplomatikoa arduratuko da gizartearekin lotutako ardatza gidatzeaz. Sarearen kide diren udalerri hauek egingo dituzte aurkezpenak: Guarulhos (Brasil), Querétaro (Mexiko) eta Anderson (AEB); Gasteizek, berriz, gizarte etxeen sarea aurkeztuko du.

Ecodes fundazioko zuzendari Victor Viñualesek, azkenik, ekonomiari buruzko ekarpenak egingo ditu, eta hiriek ekonomia berdeagoa nola eraiki dezaketen azalduko. Ardatz horretan, Braga (Portugal), Pirot (Serbia), Shanghai eta County of Kings (Kanada) hiriek aurkeztuko dituzte beren esperientziak. Gasteizko Udalak hiriko enpresen artean sustatutako Itun Berdea ere aipatuko da.

Amaitzeko, herritarrei irekitako topaketa egingo da Europa jauregiko Green Capital aretoan: Sandra Pina, Fernando López de Rego eta Victor Viñualesek publikoarekin hitz egingo dute herritarrek hiri iraunkorragoa eraikitzean duten zereginaz. Izena eman nahi duen oro joan daiteke.

Bitartean, biltzarkideei ongi etorria emateko koktela eskainiko zaie Goiuri jauregian, 20.30ean. Aurretik, ibilbide turistikoak egingo dituzte hirian barrena.

Informazio gehiago: Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Biltzarra

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:23

Hiru moto-gidari zaurituta geratu ziren atzo trafiko-istripuetan. Juan Angel Saez margolariaren kalean atzo goizeko lehen orduan izandako lehen istripua ikertzen ari da argiketa-talde bat; istripu horretan furgoneta bat ere nahastuta egon zen. Talkaren ondorioz, motoan zihoan 45 urteko gizonezkoak lesio batzuk izan zituen, eta hori dela eta, anbulantzian eraman zuten Txagorritxu Ospitalera.

Handik pixka batera beste istripu bat gertatu zen beste moto-gidari baten eta bizikleta baten artean, Arriagako Atea kalearen eta Barrenkalearen arteko bidegurutzean. Motozikletaren gidaria, 31 urteko gizonezkoa, toki horretan bertan artatu zuten osasun-langileek, eta anbulantzia batean eraman zuten gero San Jose Ospitalera. Txirrindulariak ez zuen sorospen medikoaren beharrik izan.

Halaber, motozikleta batek eta auto batek Gaztelako Atea eta Fontetxako Gaztelua kaleen arteko biribilgunean elkarri talka egin ondoren izandako istripua ikertzen ari da Udaltzaingoa. 39 urteko moto-gidaria zaurituta geratu zen eta anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zuen.

Bakea eta Olagibel kaleen arteko bidegurutzean bi autoren arteko talka baten ondorioz izandako istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Ibilgailu horietako batean gidatzen zihoan 47 urteko emakumea bere kabuz joan zen medikuntza-zentro batera.

Arratsaldeko hirurak aldera, auto batek gizonezko bat harrapatu zuen Legutioko Atea kaleko oinezkoentzako pasabide batean. Oinezkoa, 63 urtekoa, anbulantzian eraman zuten Santiago Ospitalera.

Udaltzaingoak beste 15 trafiko-istriputan esku hartu zuen, nahiz ez zen zauriturik izan, eta 41 urteko auto-gidari bat ikertzen ari dira alkoholemia-probak egitera ukatzeagatik. Udaltzainek Aldabe kalean bat-bateko azeleratzeak eta maniobra bitxiak egiten harrapatu dute bart gauean. Auto-gidariak, alkoholaren eraginpean aurkitzen zela egiaztatzen zuten zantzu nabarmenak zituela, udaltzainak iraindu eta alkoholemiaren nahitaezko probak egiteari behin eta berriz uko egin dio, eta horren ondorioz, egoki diren izapideak abiarazi dituzte Guardiako Epaitegian.

Udaltzainek atzo 22 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 19 jarduera egin zituzten.

Gaizki hesitutako putzua eta hondakinak Astegietan

Udaltzaingoak hala eskatuta, suhiltzaileak Astegietara joan ziren atzo, gaizki hesitutako ureztatze-putzu baten arriskua ebaluatzera eta herri horretako industrialde batean ikuskaritza bat egitera, hondakin kopuru handia pilatzen ari baita bertan.

Bi esku-hartze horietan errekerimendu egokiak egin zitzaizkien jabeei, lehenengoan segurtasuna hobetzeko, eta bigarrenean hondakin horiek lehenbailehen bertatik ateratzeko.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:12

 

 

 

 

 

 

 

Gasteizko Udalak A-3102 errepidean, udalerriaren hegoaldean, oinezkoentzako pasabide bat eraikitzeko lanei ekin die aste honetan. Pasabide horrek Armentiarako bideari eta Larragorri parkean egin asmo diren oinezkoentzako bideei jarraipena emango die, eta Eraztun Berdearekiko loturak hobetuko ditu hegoaldean; zehazki, Armentia, Lasarte, Gardelegi eta Aretxabaleta inguruetan. Gune hori asko erabiltzen dute herritarrek paseatzeko.

 

 

 

 

 

 

 

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatutako proiektu horrek galtzada eta bizikletentzako bidea estutzea proposatzen du, oinezkoentzako bi babesgune bikoitz jartzeko: bata bi noranzkoetako galtzaden artean, eta, bestea, iparrerako errailaren eta bidegorriaren artean. Seinaleztapen horizontalez eta balizez gain, oinezkoentzako gunea ere argituko duten bi eguzki-luminaria jarriko dira, segurtasuna handitzeko asmoz. Gainera, udalak galtzada zati horretako asfaltoa hobetzeko aprobetxatuko du aukera. Inbertsioa 41.189,73 €-koa izango da, BEZa barne, eta Promociones y Pavimentaciones Balgorza enpresak egingo du bi hilabeteko epean.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:30

Hiru egunez “Tokiko gobernantzan oinarritutako sendotze soziokomunitarioa”ren  inguruko hitzaldiak, mahai-inguruak eta lantegiak egingo dira, eta Gasteizek Herritartasunerako Eskola Irekia proiektuaren nondik norakoak azalduko ditu, Isabel Martínez zinegotzia buru duen ordezkaritzaren bidez

 

 

Gaur abiatu da, Kaleidos.red Fundazioak antolatuta, Hurbiltasunari, Parte Hartzeari eta Hiritartasunari buruzko III: Europar Biltzarra, Getafen. “Arriskuaren gizartea: tokiko gobernantzan oinarritutako sendotze soziokomunitarioa” gaia ardatz hartuta, hiru egunez, Estatuko eta nazioarteko 30 aditu baino gehiagok esperientziak partekatu, eztabaidatu, lantegiak eman, askotariko ikuspuntuak azaldu eta gogoetak proiektu zehatz bihurtzeko moduak landuko dituzte.

Partaidetza zinegotzi Isabel Martínezek, Sail horretako zuzendari Jose Luis Pérez Kotelok eta Saileko beste sei teknikarik osatutako ordezkaritzak Herritartasunerako Eskola Irekia proiektu garrantzitsu eta saritua aurkeztuko du.

Egun bizi dugun egoera erabakigarriak ekarri zuen biltzarra antolatzeko bulkada, administrazioek oro har eta tokikoek bereziki erantzun bat emateko eta modu irmo, koherente eta koordinatu batean ekiteko beharra baitago. Ekintza baztertzaileek markatutako garaiak dira, desberdintasuna –edonolakoa dela ere– mehatxutzat hartzen duten korronteak Europa astintzen ari baitira, eta gero eta indartsuago, gainera.  

Fundazioa Alacant, Bilbo, Burgos, Getafe, Logroño, Malaga, Sant Boi de Llobregat, Gasteiz eta Zaragozako udalek osatzen dute, besteak beste, eta antolatu duten biltzarrak elkarrizketa, analisia eta hausnarketa sustatzeko plataforma izatea du helburu, gero ekintzara igarotzeko. Horretarako, zenbait mahai-inguru, lantegi, hitzaldi, saretuta lan egiteko gune, solasaldi eta abar programatu dira, biltzar hau Europa mailako ekintza foro erreferente bihurtzeko asmoz.

Lehen egunean inaugurazioa eta hitzaldiak

Inaugurazioa Getafeko Merkatua espazioan egingo da honako hauen gidaritzapean: Sara Hernández Barroso (Getafeko Alkatea eta Kaleidos.red-eko Lehendakaria), José Antonio Benedicto Iruiñ (Lurralde Politika eta Funtzio Publikoaren Ministerioko Funtzio Publikoaren Estatu Idazkaria), Julio Andrade Ruiz (CIGAL Malaga-ko zuzendaria), Carlos Trias Pinto (Ekonomia eta Gizarte Batzorde Europarra) eta Carlos Daniel Casares Díaz (Espainiako Udalerri eta Probintzien Federazioko Idazkari Nagusia).

Lehen egunerako prestatutako egitarauan maila handiko parte hartzeak izango dira, esaterako, gizarte ekintzailetzan eta herritar-berrikuntzan aditua den Antonella Brogliarena. Horrez gain, kudeaketa lokalerako hiru Kaleidos gida aurkeztu dituzte Diego Isabel La Moneda (Foro NESI), Iván del Caz eta Gemma Pinyol (RECI), Encarna Hernández (NovaGob) adituek.

Getafen egiten ari den Hurbiltasunari, Parte Hartzeari eta Hiritartasunari buruzko III: Europar Biltzarraren jarduerek aste osoan zehar jarraituko dute, eta datorren ostiralean (martxoak 29) bukatuko da topagunea.

Informazio gehiago: coepcongress.com / www. kaleidosred.org comunicacion@kaleidosred.org

Share