Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  15 martxoa 2019 17:00

“Jainkoen olinpoa” obrari buruzko Udal Musika Bandaren kontzertuaren aurkezpena

Parte-hartzaileak: Iker Olazabal, bandaren zuzendari ondokoa, eta bandako musikariak

Eguna: Martxoak 18, astelehena.

Ordua: 11.00

Lekua: Musiketxea (San Antonio kalea, 14).

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:50

Udaltzaingoaren Agenteek 36 urteko gizonezko bat atxilotu dute bart gauean, bere bikotekide ohiaren gainean zeukan babes-agindu bat urratzeagatik genero-indarkeriako delitu batez ustezko egile gisa.

Udaltzaingoaren patruila batek bart gaueko 3ak baino lehentxeago ikusi du Errege Ateko lokal batetik irteten ari zela, urruntze-agindu bat ezarria zioten emakumearen ondotik. Gaur goizean epailearen esku geratu da.

Beraren gainean errekisitoria judizial bat zuen 20 urteko gazte bat atxilotu zuten atzo Udaltzaingoaren agenteek, beste gazte batekin batera Olarizu hiribideko supermerkatu batetik salgai batzuk lapurtzen ahalegindu ondoren. Bi gazteek lapurtu nahi zituzten salgaiak hartu gabe alde egin zuten establezimendutik, dendako langileek zelatan zeudela sentitu zutelako.

Patruila batek geroxeago topatu zituen eta, dokumentaziorik aurkeztu ez zutenez, polizia-etxera eraman zituzten eta bertan egiaztatu zuten haietako baten gainean Bilboko Epaitegi batek bilatzeko eta atxilotzeko errekisitoria bat indarrean zuela, eta beraz, agindu hori betearazi zuten. Atxilotua gaur goizean epailearen esku geratu da.

Hiru pertsona zauritu dira istripuetan

82 urteko emakume bat zauritu zen Behe Nafarroa kalean ibilgailu batek harrapatu ondoren. Emakumea errepidea gurutzatzen ari zela gertatu zen; une horretan, norabide-aldaketa bat egiteko asmoz atzeraka zihoan ibilgailu batek harrapatu zuen emakumea. Bertaraino joandako larrialdi-zerbitzuek artatu zuten oinez zihoan emakumea, eta gero, Santiago Ospitalera eraman zuten.

Zaramaga kalean gertatutako beste istripu baten nondik norakoak ere ikertzen ari dira; istripu horretan, ibilgailu bat eta motozikleta bat nahastuta egon ziren. Talkaren ondorioz, 45 urteko moto-gidaria eta ibilgailuan zihoan 68 urteko emakume bat zaurituta geratu ziren. Lehena anbulantzia batean eraman zuten Txagorritxu Ospitalera eta emakumea toki horretan bertan artatu zuten, ez baitzen beharrezkoa izan inolako medikuntza-zentrotara eramatea.

Udaltzainek, horrez gain, beste 11 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen inor zauritu eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik; 11 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 10 jarduera burutu zituzten.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:32

Tokiko Gobernu Batzarrak Udalaren jabetzako hirugarren sektoreko partzela bat besterentzeko kontratua adjudikatu du; partzela Lakuako 1. sektorean dago, Loreto Arriola kalearen, Martin Sarazibar kalearen eta Euskal Herria bulebarraren artean. ENBU HORECA SL enpresak eskuratu du hirugarren sektoreko lursaila, 2.094.848,56 euroko (BEZa kenduta) eskaintzari esker. Erosketaren izapideak gauzatu ondoren, 6 hilabeteko epea izango du obrak hasteko.

Gaur adjudikatu den partzelak 2.907 metro koadroko gehieneko eraikigarritasuna du, eta proiektatuta dago bertan hotel bat egitea, beheko solairua gehi bost solairu izango dituen eraikin batean, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ezarritakoari jarraituz. Hotelak 112 gela eta erabilera erkideko zenbait areto izango ditu. Horietaz gain, sotoko bi solairu izango ditu, bertan 72 ibilgailu aparkatzeko tokiarekin.

“Gasteiz erakargarria da berriro hiriko hotel plazak handitzeko inbertsioak egiteko. Gero eta ekitaldi gehiago hartzen ditu hiriak, bai kongresuzkoak, bai kirolekoak edota kulturalak. Gero eta hotel-eskari handiagoa dago, sektorea horretaz jabetzen da eta horrek posible egingo du proiektu berri hau martxan jartzea”, azpimarratu du Gorka Urtaran alkateak.

Partzela saltzean lortutako diru-sarrerak injekzio ekonomiko garrantzitsua izango da Udalarentzat, eta, horri esker, urteko lehenengo hiruhilekoa amaitu baino lehen bete ahal izango dira lurra, eraikinak eta bestelako eraikuntzak besterentzeari buruz aurrekontu-luzapenak ezartzen duen aurreikuspenaren bi heren.

Gaur adjudikatutako partzela lizitatzeko prozedura 2018ko urtarrilean hasi zen, eta urte horretako maiatzean adjudikazioa hutsik deklaratu zen, proposamenik aurkeztu ez zen eta. Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak ezartzen du horrelako besterentze bat adjudikatu gabe geratzen denean urtebeteko epea zabaltzen dela baldintza-agirian ezarritakoari lotutako eskaintzak egin daitezen zuzeneko adjudikazioaren formulan sartzeko, eta hala gertatu da kasu honetan.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:30

 

Sabururako tranbia Joan Karlos I.aren hiribidearen bihotz-bihotzeraino helduko da –inguru horretako auzo-elkarteak eskatzen zuen bezala–, bidaiari gehiagori zerbitzua eman ahal izateko. Hala baieztatu du Euskal Trenbide Sareak (ETS) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian egindako argitalpenaren bidez. Horretan, tren arina ekialdeko auzora luzatzeko planaren informazio-azterlanean xedapen-aldaketa egin dela adierazi dute, eta, horrenbestez, Udalak eskatu bezala, behin-betiko ibilbidea Aerodromoko ibilbidean zehar Joan Karlos I.aren hiribidera arte luzatuko da.

Tranbia Salburura eramateko planak 32.222.431,86 euroko aurrekontua du, ETSren azken kalkuluen arabera, eta bost geltoki izango ditu: Santa Luzia, Salburuko gizarte-etxea, Nicosia, Salburu eta Joan Karlos I.aren hiribidea. Udalak 4.345.000 euroko inbertsioa egingo du. Adar horren luzera 2,5 kilometrokoa izango da gutxi gorabehera, eta Florida kalean hasiko da. Jacinto Benavente kalearekiko bidegurutzea igarota, Iliada ibilbidean zehar egingo du aurrera eta iparralderantz biratuko du, 90º, Europar Batasunaren plazara heltzeko. Biribilgunea mendebaldetik inguratu eta, Brusela hiribidea gurutzatuta, Salburu bulebarrean aurrera egingo du, eta, hortik, Aerodromoko hiribidera igaroko da. Azkenik, Erroma hiribidea gurutzatu eta Joan Karlos I.aren hiribidean barneratuko da.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gogorarazi du eraikuntza-proiektua laster onetsiko dela eta orduan lizitatu ahalko dela kontratua. Tren arina Salburura luzatzeko proiektua duela urte asko hasi zen lantzen. 2015eko azaroan tranbia hegoalderantz luzatzeari buruzko informazio-azterlana idatzi zen, eta horretan jada aztertzen ziren etorkizunean tren-zerbitzua Salburu eta Zabalgane auzoetara eramateko aukerak. Gero, 2017an, ‘Vitoria-Gasteizko tranbia Salburu auzora luzatzeari buruzko (2. fasea) informazio-azterlana’ argitaratu zen eta auzoko gizarte-etxean egin zen aurkezpena. 2018ko ekainean alegazioei buruzko informazio-bilera bat egin zen auzokoekin Salburuko gizarte-etxean bertan. Herritarrek egindako alegazio horietako batzuk onartu egin dira eta gaur egun  lantzen ari den proiektuan sartuta daude; esaterako, Salburuko bulebarrean tranbia eta espaloiaren artean bidegorri bat jarriko da, konboiak eraikinen fatxadetatik aldentzeko.

PLANO TRANVIA SALBURUA

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:15

Koroatzearen auzoan fatxadetan edo barruko patioetan grapatuta dagoen sare elektrikoa kenduko du Udalak, Iberdrolarekin betera. Gasteizko zona hori eraberritzeko SmartEnCity proiektuaren barruan dago jarduketa, eta berekin ekarriko du “disctrict heating” hiriko berokuntza-sarea egikaritzea eta proiektuari atxikitako erkidegoen eraikinak birgaitzea. Proiektua 742 atxikimendurekin itxi zen. Udalak 208.601,25 euro inbertituko ditu sare elektriko hori espaloietako zangetan sartzeko.

“Azken urteotan, Gasteizko beste zona batzuetan kendu dira fatxadetako kableak. Orain, logikoa dirudi birgaitze-proiektu batean sartutako auzo batean ere egiteak. Udalak egingo du obra zibila, eta Iberdrolak, berriz, kableen deskonexioak, konexioak, desmuntaketak eta muntaketak”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Zehazki, honako puntu hauetan jardungo du Udalak: Aldabe kaleko 5, 7, 10, 12 eta 16an; Koroatze kaleko 6an; Manuel Diaz de Arcaya kaleko 12an; Badaia kaleko 8an eta Eulogio Serdan pasabidean. Lanek hiru asteko egikaritze-epea izango dute, eta fasetan egingo dira. Fase bakoitzean, ez da zanga bat baino gehiago irekiko, eragozpen gutxiago egiteko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:11

Gaur goizean, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek jakinarazi du Udalak kontzertu guztiak onetsiko dituela edukierari, soinu-isolamenduari eta ordutegiei buruzko arauak betetzen dituzten tabernetan. Ostalaritza-establezimenduetako arduradunek, dena den, aldez aurretik jakinarazi beharko dituzte jarduera horiek hasi baino lehen. “Dekretua zerbitzu juridikoekin batera aztertu ondoren, ondorioztatu dugu interpretazio egin dezakegula mota horretako establezimenduei eragin ez diezaien urtean egin daitezkeen ekitaldien kopuruaren muga. Gainera, uste dugu gure interpretazioaren bidez lortzen dela erregulazioaren asmoa betetzea: aldi berean bermatzea hiriko bizitza kulturala eta bizilagunek atsedenerako duten eskubidea”.

Alkateak jarraibide bat sinatuko du interpretazio-irizpide hori ezartzeko EAEn ikuskizun publikoak eta jolas-jarduerak egitea arautzen duen Eusko Jaurlaritzaren dekretuari dagokionez. Gasteizko Udalaren interpretazioaren helburua da “beharrik gabeko kalterik ez eragitea hiriko bizitza kultural eta sozialari eta musika- eta antzerki-ikuskizunak egiteari, eta, aldi berean, hiriko bizilagunek atsedenerako duten eskubidea bermatzea”, Gorka Urtaranek azaldu duenez.

Dekretua aztertu ondoren, Udalak uste du 10/15 Legearen 25.4 artikuluak aipatzen dituen establezimenduen jarduera nagusiaren jarduera osagarriak direla antzerkiko edo arte eszenikoko ikuskizunak eta musika-ikuskizunak. Legeak ezartzen duenez, “establezimenduaren gaikuntza-tituluak orobat gaitzen du jarduera nagusiaren lagungarri edo osagarri diren beste kultura- edo gizarte-jarduera batzuk edo antzerki- edo musika-ikuskizun batzuk antolatzeko; betiere, gaikuntza-tituluan aurreikusitako gainerako baldintzarik aldatu behar ez bada hura garatzeko, eta, bereziki, edukiera, ordutegiak, instalazioak edo lokalaren konfigurazioa aldatu behar ez badira, edo autobabeserako planari eragiten ez badio plan hori beharrezkoa denean”.

Udalak uste du jarduera nagusiaren jarduera osagarriak direla antzerkiko edo arte eszenikoko ikuskizunak eta musika-ikuskizunak, eta horrenbestez ez diela eragiten Eusko Jaurlaritzaren 17/2019 Dekretuaren 106.1.b) artikuluak ezarritako urtean egin daitezkeen ekitaldien kopuruaren mugak.

Musika- eta antzerki-ikuskizunak aldez aurretik jakinarazi beharko zaizkio Udalari; ezin izango dituzte aldatu, ez establezimenduaren gehieneko edukiera, ez aretoaren autobabeserako plana ere (horrelakorik edukiz gero); ezin izango dute establezimenduaren ordutegia aldatu, eta ezin izango dituzte aldatu lokalaren instalazioak edo konfigurazioa. Halaber, zaratei buruzko udal-araudian ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:49

Gaur, Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailaren eta Gurutze Gorriaren arteko hitzarmen bat sinatzea, adineko pertsonei lagun egiteko “Gertutik lagun egiten” izeneko programa gauzatzeko.

Programa duela zenbait urte hasi zen, beren eguneroko jarduerak egiten laguntzeko bakarrik bizi diren eta familiaren laguntarik edo bestelako laguntzarik ez duten eta autonomia mugatua daukatenez laguntzaren beharra duten 75 urtetik gorako pertsonei.

Proiektuaren bitartez, adineko pertsona horiek laguntza izango dute gestio administratiboak egiteko, medikuarenera joateko eta abarretarako. Halaber, bakartze soziala ekiditeko, egoera puntualetan lagun egingo zaie beren etxeetan, eta telefono-jarraipena ere egingo zaie.

Gizarte Politiken Saila bakardade-arazoak dituzten adinekoak antzemateko eta haien egoerari erantzun sozial hobea emateko egiten eta bultzatzen ari den ekintza ugarietako bat da “Gertutik lagun egiten” programa. Bakardadean dauden adineko pertsonei dei egiten zaie gizarte-baliabideekin kontaktuan jartzera.

 “Autonomia mugatua izanez gero, aukera ematen zaie eskatzeko Gurutze Gorriko boluntario bat beren etxera joan eta lagundu diezaien Oinarrizko Gizarte Zerbitzuarekiko elkarrizketa batera, hala jakin dezaten edozein egoeratan eta unetan beren esku dituztela profesional-taldeak beraiei entzuteko eta hobeto egon daitezen laguntzeko”, azaldu du Peio López de Munain zinegotziak.

“Gertutik lagun egiten” programa 2019an egiteko, 77.500 euro emango dizkio Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak Gurutze Gorriari.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:45

 

Ekimen hori aitzindaria izan zen Estatu mailan eta nazioarteko oihartzuna izan zuen.

 Gasteizko Elkartze Zibilen Udal Erregistroak 25 urte bete ditu gaur. José Angel Cuerda alkateak sortu zuen 1994an, eta 1994ko martxoaren 15ean egin zen lehen inskripzioa.

Bikoteek –sexu berekoak edo desberdinetakoak–, erregistroan izena emate hutsarekin ezkontzazkoak ez ziren elkartzeak lortzen zituzten, eta, hala, Udal administrazioaren aurren bederen, bikote ezkonduek zituzten eskubide juridiko eta administratibo berak eskuratzen zituzten. Ondorio praktikoak mugatuak ziren arren, domino efektuak beste instituzio askok ere bide hori hartzea ekarri zuen eta, ondorioz, araudiak aldatu ziren. Araudi-aldaketa horien xedea Kode zibilean ezkondu gabeko bikoteei zegozkienak aldatzea zen.

Udaleko erregistroa 2003ra arte izan zen martxan, izatezko bikoteak erregulatzeko legea indarrean sartu zen arte, alegia. Urte horretan Eusko Jaurlaritzan zentralizatu ziren udal erregistroak.

“Ekimen hori aitzindaria, are urratzailea, izan zen Estatu mailan eta nazioarteko oihartzuna ere izan zuen. Jose Angel Cuerdak integrazioa eta aniztasuna ardatz dituen hiri-eredua defendatu eta bultzatu zuen eta Udal honek ildo horretan sakontzen jarraitzeko asmoa du. Egun hartan pauso garrantzitsu bat eman zen berdintasunaren alde eta gaur egun ere helburu horretarantz urratsak egiten dihardugu”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:40

Gorka Urtaran: “Nahi dugu Gasteizko haur guztiek ikasteko eta beren etorkizuna lantzeko aukera berberak izan ditzaten. Gure helburua da ahalik eta pertsona gehien prestatzea eta gaitzea, ahalik eta etorkizun onena izateko haiek zein hiriak”

 

Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Gasteizen hezkuntza-ekitatea eta bizikidetza hobetzeko plan bat landuko dute elkarrekin, Gorka Urtaran alkateak iragarri duenez. Izan ere, Tokiko Gobernu Batzarrak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekiko intentzio-protokolo bat onetsi du gaur, Gasteizko udalerrian hezkuntza-ekitatea sustatzeko interes komuneko zenbait ekintzaren garapena zehazteko eta koordinatzeko.

“Nahi dugu Gasteizko haur guztiek ikasteko eta beren etorkizuna lantzeko aukera berberak izan ditzaten. Gure helburua da ahalik eta pertsona gehien prestatzea eta gaitzea, ahalik eta etorkizun onena izateko haiek zein hiriak. Horretarako, hezkuntza-berdintasun handiagoaren alde jarduten jarraitu behar dugu, eta horixe da protokolo honen helburua”, azaldu du alkateak.

Protokoloa 4 ildotan oinarrituta dago, eta egiteko diren elkarrekiko ekimenak jasoko dituen lankidetza-hitzarmen baten bidez garatuko dira; bi erakundeek elkarrekin landu dute hitzarmena, eta izapidetze-fasean dago orain.

Honako hauek dira lau ildoak: aukera-berdintasunean hezkuntzarako sarbidea bermatzea; eskolatze orekatua eta Gasteizen eskola-sistemak kohesio handiagoa izatea sustatzea; hezkuntza inklusibo eta kulturartekoa sustatzea, hiri hezitzailea den aldetik Gasteizen bizikidetza eta gizarte-kohesioa bultzatzeko; eta bultzatzea era koordinatuan jardun dezaten Gasteizko gizarte- eta hezkuntza-arloko eragile eta erakunde publikoek ahultasun-egoeran dauden kolektiboen gizarte-inklusioa eta hezkuntza-arrakasta sustatzeko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:25

Aurreratu dute Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioa Eusko Jaurlaritzari transferitzeko urratsak egingo direla

Legealdi honetan Luis Aranburu Musika Eskolako irakasleen lanaldiak pixkanaka luzatu izanak 246 pertsona gehiago matrikulatzea ekarri du

 

Udal gobernu batzarrak bi hitzarmen onetsi ditu gaur musika eta dantza eskoletako plantillak indartzeko eta, hala, irakasleen lan-egoera hobetu eta hezkuntza eskaintza osatzeko.

Zehazki, udal gobernuak Luis Aranburu Musika Eskolako plantillari 6 lanpostu gehitzea onetsi du –bi funtzionario eta lau lan-kontratudun–. Plantilla indartzeko pauso horrekin, aurrera egin da irakasleen lanaldiak pixkanaka luzatzeko planean, zeinaren helburua musika eskolak hiritarrengandik jasotzen duen eskaera handiari erantzuna ematea baita. % 50etik beherako lanaldia zuten langileen lanaldiak luzatu dira urte hauetan eta 147.480 euroan handitu da langileen kapituluko aurrekontua. Hobekuntza horrek ikastegiko matrikuletan 246 ikasleko gorakada gertatzea ekarri du: lehen 955 pertsona zeuden matrikulatuta; orain, ordea, 1.241.

Bestalde, José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioa Eusko Jaurlaritzari transferitzeko hitzarmenaren zirriborroa amaitzen ari da Udala, Kontserbatorioa Hezkuntza Sailaren ikastegi-sarearen parte izatera igaro dadin.  Hitzarmen horren izapidetzeari hasiera ematea datorren asteko osoko bilkuran bozkatuko da.

 Orain sortze-prozesuan den hitzarmen horren arabera, Gasteizko Udalak (ikastegiaren egungo titularra) EAEko administrazioari Kontserbatorioa transferitu ahal izateko beharrezkoak diren izapideak egiteko konpromisoa hartzen du. Eskualdatze hori doan eta inolako kargarik gabe egingo da, eta ondasun higiezinak eta ikastegian dauden altzariak hartuko ditu barne.

Hezkuntza Sailak, berriz, titulartasuna hartu eta Gasteizko instalazioetan bertan hezkuntza eskaintza mantentzeko zein hobetzeko konpromisoa hartu du.

EAEko administrazioak bere gain hartuko ditu langileak –irakasleak zein irakasle ez direnak–, beti ere transferentzia egiten den unean lan-harremana indarrean badago. Irakasleak “Irakasleen eta lan-kontratupeko langileen hitzarmen kolektiboan” sartuta egongo dira, eta ordainsari-baldintzak mantenduko zaizkie.

Ildo horretan, gobernu batzarrak beste urrats bat egin du gaur, dantza kontserbatorioan programako lanpostuetan zeuden bi langile bitarteko funtzionario izatera igaro baitira.

Share

Aurrekoak »