Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  13 martxoa 2019 17:46

Gaur goizean Ogasun Batzordeak oniritzia eman dio Salburu-Zabalgane tranbia eraikitzeko obretarako konpromiso-kredituaren bidez 2019ko aurrekontu luzatua aldatzeko proposamenaren hasierako onespenari. Hala, 106.000 bideratuko dira horretara ekitaldi ekonomiko honetan, eta hauek dira udalak datozen urteetan tranbia ekialde-mendebalderantz luzatzeko egingo dituen ekarpenak:

 

  1. urtea 4.763.000,00 €
  2. urtea 5.929.000,00 €
  3. urtea 6.500.000,00 €
  4. urtea 5.800.000,00 €

 

Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok azpimarratu du gaur berretsi den akordioa onuragarria dela hiriarentzat, urrats sendoa baita Salburu eta Zabalgane auzoetan ahalmen handiko garraio-irtenbideak martxan jartzeko bidean. “Hasiera-hasieratik izan dugu argi gure mugikortasun ereduak ipar-hego eta ekialde-mendebalde ardatzak hartu behar dituela. Sobera ezaguna da tranbia dela ahalmen handiko garraiobide onena eta ardatz horien arabera eratutako mugikortasunari erantzun hoberena emateko gai dena. Gainera, guztiz bat dator Espazio Publikoaren Planaren aurrerapenean jasotakoekin”, nabarmendu du Batzordearen eztabaidan.

 

Gonzalok erosotasuna eta segurtasuna ere aipatu ditu eta azpimarratu du bi balio horiek garrantzia handia izan dutela herritarrek tranbia ahalmen handiko garraiobide gisa aukeratzeko garaian. “Salburuko eta Zabalganeko auzokideek ezin dute gehiago itxaron. Erantzun bat behar dute lehenbailehen, eta proiektu honen bidez, erantzun hori ematez gain egindako konpromisoa beteko dugu”, amaitu du ogasuneko zinegotziak.

 

Tranbia-sarea luzatzeko proiektuaren barruan, egun herri-lanak egiten ari dira Unibertsitatera helduko den zatian, eta Salburuko adarrari dagokionez, xedapen aldaketa bat egin berri zaio horren azterlan informatiboari. Aldaketaren helburua Juan Carlos I.a lineako amaierako geltokia Salburuko iparraldera lekuz aldatzea da, geltokiaren influentzia-eremua orekatuagoa izan dadin.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

– “Oporrak bakean” kanpainaren aurkezpena.

Parte-hartzaileak: Iñaki Gurtubai, Gasteizko Udaleko Alkatetzako koordinatzaile nagusia; Pilar García de Salazar, Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren diputatua; Irune Lujambio, AFANIS -Saharako umeak hartzen dituzten familien elkarteko lehendakariordea, eta Abdulah Arabi, Fronte Polisarioaren Euskadiko ordezkaria.

Eguna: martxoak 14, osteguna.

Ordua: 10:30.

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

————————————————————–

– “BLUE: Contact line: RED” proiektu artistikoaren aurkezpena.

Parte-hartzaileak: Estíbaliz Canto, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia, eta Irati Inoriza, egilea.

Eguna: martxoak 14, osteguna.

Ordua: 11.00.

Lekua: Montehermoso kulturunea, Ortuño aretoa.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:01

 

 

 

 

 

 

 

 

Agustin Ibarrola artistaren artelanik ospetsuenean ardaztutako argazki-erakusketa Montehermoso kulturunean izango da ikusgai apirilaren 7ra arte

Bihar, martxoak 14 (osteguna), 18:30ean 89 urteko Agustin Ibarrola handiaren Omako basoa erakusketa inauguratuko da Montehermoso kulturunean, eta apirilaren 7ra arte egongo da ikusgai.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok, Mario Onaindia Fundazioko idazkari Alberto Aguirrezabalek eta egilearen seme eta artista den Jose Ibarrolak aurkeztu dute gaur erakusketa prentsaurrekoan.

Mario Onaindia Fundazioaren eskutik eta Basquetourren babesarekin heldu da lan-bilduma Montehermoso Kulturunera.

Omako basoa, seguru asko, Ibarrolaren lanik enblematikoena eta ezagunena da, eta Euskadiko aire zabaleko artelanik garrantzitsuenetakoa. Kortezubin dago kokatuta, Urdaibai Biosferaren bihotzean, eta turismoa erakartzeko ere indar handia du, urtero 80.000 eta 100.000 bisitari bitartean izaten baititu. Margolariaren obrak kolorez, bizitzaz eta misterioz betetzen du ingurune naturala; baso magiko bihurtzen du.

Erakusketa Ibarrola familiak egindako eta egileak berak hautatutako argazki batzuek osatzen dute, eta, azken belaunaldiko materialean hezurmamitu dituztenez gero, edertasun handiko piezak dira.

Mario Onaindia Fundazioak basoa euskal hirietara ekarri nahi izan du erakusketa ibiltari honen bidez; Bilbotik igaro da jada, eta, Gasteizen egonaldia egin eta gero, beste euskal hiri batzuetan zehar egingo du bere bidea.

Erakusketa martxoaren 14tik apirilaren 7ra egongo da ikusgai honako ordutegi honetan: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara asteartetik larunbatera,  eta igandeetan, 11:00etatik 14:00etara.

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:56

Atzo Nazio Batuen hiribidean erregistratu eta lau ibilgailu nahastuta egon ziren istripu anizkoitz baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Talka horren ondorioz, ibilgailu batean zihoazen gidaria eta bidaiari bat, 40 eta 36 urtekoak hurrenez hurren, zaurituta geratu ziren, baita beste auto bateko 37 urteko gidaria ere. Lehenengo biak anbulantzia batean eraman zituzten Txagorritxu Ospitalera, eta azkena, aldiz, Santiago Ospitalera bideratu zuten.

78 urteko txirrindulari bat zaurituta geratu zen atzo istripu batean, Forondako Atea kaleko bidegorrian Voluntaria Entrega kalearen parean zihoala ibilgailu batek jo ondoren. Bertaraino joandako larrialdi-zerbitzuek artatu zuten gizona, eta gero, Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Udaltzainek zauriturik gabeko beste 10 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, eta 23 urteko gazte bat ikertzen ari dira, bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egiteagatik, droga-probak egiteari uko egin ziolako, Gasteizko Taldearen kalean arduragabeki zirkulatu ondoren.

Udaltzainek atzo 22 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 9 jarduera egin zituzten.

Hiru ibilgailuk su hartu dute

Suhiltzaileek gaur goizaldera –asteazkena– esku hartu behar izan dute, Oion kalean, Zabalganan, aparkatuta zeuden hiru ibilgailutan kalteak eragin dituen sute bat itzaltzeko. Sua ibilgailu horietako batean hasi zen eta, gero, beste bietara zabaldu zen. Gauerdia baino ordu erdi geroago jaso zuten deia parkean, eta bertara joan ziren suhiltzaileek aparra erabiliz itzali zituzten lamak; beren eginkizuna 1:17ak aldera amaitu zuten.

Andaluzia kaleko etxebizitza batean izandako sutea itzaltzera ere joan ziren. Su-lamek koltxoi batean, mantetan eta maindireetan kalteak eragin zituzten. Toki horretara iritsi zirenean, sua itzalia zegoen, baina kea zegoen eskaileran, eta horrenbestez, egurasteko lan batzuk egin behar izan zituzten.

Share