Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 martxoa 2019 20:23

Paco de Lucía musikari eta konposatzailearen familiak “Jazz uhinak hirian barrena” programako ohorezko makila jaso du gaur gauean Gasteizko alkatearengandik. Mundu mailan erreferentea den gitarra jotzaile apartak jazzaren eta flamenkoaren arteko fusioari egindako ekarpena aintzatesteko asmoa du sariak.

 

Gasteizko Jesús Guridi kontserbatorioan egin den aintzatespen ekitaldian azpimarratu da duela bost urte zendu zen Paco de Lucía artista errepikaezina zela eta gure hiriak beso zabalik hartu zuela Jazzaldian parte hartu zuen bost aldietan –azken aldiz 2013an–.

 

Alkateak nabarmendu du Paco de Lucíak Gasteizekiko maiztasun handia erakutsi zuela beti eta eskerrak eman dizkio haren alargunari, Casilda Varela, eta semeari, Curro Sánchez. Omenaldian Iñaki Añúak eta Iñigo Záratek ere hartu dute parte, Gasteizko Jazzaldiko lehengo eta egungo zuzendariek.

 

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

– Prentsaurrekoa. Agustín Ibarrolaren “Omako basoa” erakusketa ibiltariaren aurkezpena.

Parte-hartzaileak: Estíbaliz Canto, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia; Alberto Aguirrezabal, Mario Onaindia Fundazioko idazkaria, eta José Ibarrola, artista.

Eguna: martxoak 13, asteazkena.

Ordua: 11.00.

Lekua: Montehermoso kulturunea, Ortuño aretoa.

—————————————————————-

– ‘Etxe Berdeak’ programaren aurkezpena.

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran, alkatea, eta Iñaki Prusilla, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzia.

Eguna: martxoak 13, asteazkena.

Ordua: 19.00.

Lekua: Goiuri jauregia, Martín de Salinas aretoa.

—————————————————-

– GRAVNI pilota txapelketan parte hartuko duen arabar selekzioaren aurkezpena.

Parte-hartzaileak: Estíbaliz Canto, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia; Joseba Koldo Pérez de Heredia, Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol zuzendaria, eta Josune Albizu, Vital Fundazioko zuzendaria.

Eguna: martxoak 13, asteazkena.

Ordua: 19.00.

Lekua: Ogeta pilotalekua.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:05

Koroatzearen auzoak adinekoentzako “ibilbide segurua” estreinatuko du ostegunean, martxoaren 14an. Adinekoei kalitateko gertuko arreta ematearekin konpromisoa duten eta haien bizi-kalitatea hobetzen jarduten duten zenbait baliabide eta erakunde lotzen ditu hiri-ibilbideak.

Gasteizko Adinekoentzako Zentro Soziokulturalen sareak abian jarri duen horrelako hirugarren ibilbide segurua da Koroatzearen auzokoa. Hura baino lehenago, Pilarrekoa eta Landazurikoa jarri ziren martxan.

Hirurak “Piztu zure auzoa” programaren barruan daude; 2016az geroztik abian da programa, eta helburua du “auzoen bizitza hobetzea adinekoei protagonismoa emanda; horretarako, auzo bakoitzeko gizarte-, hezkuntza-, osasun-, kultura- eta merkataritza-arloetako eragileen konpromisoa eta laguntza daukagu”.

Adinekoen parte-hartze aktiboaren bidez, haien intereseko jarduerak diseinatzen dira (hainbat gairi buruzko hitzaldiak, ibilbide seguruak, udako jarduerak…), eta beren premia eta interesetarako egokienak diren eta auzoan erabilgarri dauden baliabide, zerbitzu edo jarduerei buruzko informazioa ematen zaie, eta haietara laguntzen zaie.

Horrekin, beren etxeetan bizi diren adineko pertsona ahulenen beharrei erantzun nahi zaie, “eta sustatu auzoak erosoago eta irisgarriagoak izatea, adinekoek jarrai dezaten beren eguneroko bizitzako jarduerak egiten, auzoko kaleetan zehar paseatzen, saltegietara eta zerbitzuetara joaten, eta beste pertsona batzuekin harremana izaten”.

Jarduerak

 Koroatzearen auzoko ibilbide segurua ostegunean jarriko da abian, martxoaren 14an, 17:30ean, Santo Domingo plazatik (Koroatzeko Adinekoentzako Zentro Soziokulturalaren paretik) abiatuko den ibilaldi batekin. Auzoko kaleetan zeharreko ibilbidean, geldialdiak egingo dira adinekoekin “lagunkoi” izatearen ikurra lortu duten establezimendu eta erakundeetan.

Ibilbidea Santo Domingo plazan amaituko da, jai- eta musika-ekitaldi batekin. Halaber, informazio-gune bat jarriko da plazan bertan, “Piztu zure auzoa” programan sustatzen diren ekimenen berri emateko.

Inaugurazio horren aurretik, gaur, hilak 12, belaunaldiarteko jarduera bat egingo da Koroatzeko Adinekoentzako Zentro Soziokulturalean. 17:00etatik aurrera, Zirku Lantegiko 8 eta 9 urte arteko zenbait haurrek beren trebeziak erakutsiko dizkiete adinekoei, eta, ondoren, haiekin batera jardungo dute igel-toka txapelketan.

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:23

Bi pertsonak ‘besarkada metodoaren’ bidezko lapurretaren biktima izan direla salatu dute Udaltzaingoan.

Lehen kasua igande eguerdian gertatu zen; 88 urteko emakume batengana, Carmelo Bernaola pasealekuan barrena zihoala, beste emakume bat hurbildu zitzaion, ibilgailu batetik jaitsi ondoren, eliza bati buruzko galderak egiteko. Hari azalpen egokiak eman ondoren, lapurrak besarkada bat eman zion eskerrak eman nahian bezala, eta une hori urrezko eskumuturreko bat lapurtzeko aprobetxatu zuen.

Bigarren lapurreta atzo gertatu zen, Olarizu hiribidean; 79 urteko gizonezko batengana hurbildu zen emakume bat, limurtu nahian bezala, eta urrezko bi zintzilikario zituen kate bat lapurtu zion.

Bi lapurrek ibilgailuetan ihes egin zuten.

Patinete-gidari bat zauritu da

Atzo, Nieves Cano kalean gertatutako istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat; istripu horretan bizikleta bat eta patinete bat nahastu ziren, eta patinetearen gidaria, 26 urteko emakumea, zaurituta geratu zen. Larrialdi-zerbitzuek arreta egin ondoren, Santiago Ospitalera eraman zuten.

Udaltzainek zauriturik gabeko beste 11 trafiko-istriputan esku hartu zuten, eta 27 urteko gizonezko bat ikertzen ari dira, bide-segurtasunaren aurkako delitua egin izanagatik, edari alkoholdunen eta drogen eraginpean gidatzen ari zelako.

Pertsona hori Errekaleor kalean geldiarazi zuen Ertzaintzaren patruila batek, ezohiko moduan gidatzen ari zela ikusi zutenean. Ibilgailuan hauts zuriz betetako zorrotxo bat zeraman, pentsatzekoa denez speed. Alkoholemia-proban emaitza positiboa eman zuen, baita THCn ere listu-proban. Horren ondorioz, izapideak egin zituzten Guardiako Epaitegira bidera zezaten.

Udaltzainek atzo 19 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 7 jarduera egin zituzten.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:17

Gorka Urtaran audioa

 

Udal talde politiko guztiek oroitu dituzte gaur martxoaren 11ko biktimak, 193 pertsonaren biziak lapurtu zituzten eraso terroristen 15. urteurrenean. Hilaren 11 terrorismoaren biktimen aldeko europar eguna ere bada.

“Gasteiz biktima guztiekin dago. Hiriak biktima guztiei erakutsi izan die elkartasuna eta gaur ere argi eta ozen esan du guztiz bidegabea izan zela biktima haien guztien sufrimendua”, gogorarazi du Gorka Urtaran alkateak udaletxearen aurrean egin den kontzentrazioan.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:45

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Gaur eta bihar izango da Gasteizen eta Arabako Errioxan

– IWINETC 2019 Enoturismoren Nazioarteko Kongresuak gaurtik bilduko ditu Gasteizko Europa Jauregian mundu osoko 250 profesional baino gehiago: enoturismokoak eta ardoaren mundukoak, bidaia agentzietakoak, turoperadoreak eta bidaia agentzia espezializatuetakoak.

Arabako diputatu nagusi Ramiro González, Gasteizko alkate Gorka Urtaran, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendari Maider Etxebarria, eta Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideko presidente María Asun Saenz de Samaniego izan dira gaur goizean sektoreko elkarraldi garrantzitsuenetakoa den hau inauguratzen.

IWINETC 2019 gaurtik hasita ostegunera arte izango da ‒martxoaren 12tik martxoaren 14ra‒ eta bi ponentzia-egun hartuko ditu Gasteizko Europa Jauregian, baita workshop jardunaldi bat ere Arabako Errioxan. Prentsa espezializaturako eta turoperadoreentzako bidaiekin osatzen da programa, Arabako Errioxako, Arabako eta Euskadiko erakargarritasunak haiei erakustearren.

Jarduera osagarri horiek martxoaren 17ra arte luzatuko dira.

Berrikuntza, marketin eta marka-sorkuntza, garapen profesional eta sareen arloko aditu nazionalak eta nazioartekoak izango dira gaur eta bihar protagonista Europa Jauregiko 25 ponentziatan. Hogei bat herrialdetako (Australia, Alemania, Kanada, Britainia Handia, Israel, India, Italia, Japonia, Errusia, Uruguai, AEB, Hegoafrika…) sektoreko 250 profesional inguru izango dira hitzaldi horietan.

Aurreneko bi ponentziek, hain zuzen ere, Euskadiren eta Arabako Errioxaren garrantzia nabarmendu dute helmuga enoturistiko gisa.

Bi egun hauetan, gainera, Europa Kongresu Jauregiak produktu enoturistikoen hornitzaileen erakusketa-eremu zabal bat hartzen du barruan: elkarteak, turismo-bulegoak, museoak, hotelak eta upeltegiak.

Ostegunean, martxoaren 14an, Arabako Errioxan eta, zehazki, Laguardian, lan-jardunaldi bat —workshop– egingo da, eta bertan parte hartuko dute enoturismoan espezializatutako 45 bidaia-agentziak eta turoperadorek. Arabako Errioxako, Arabako eta Euskadiko upeltegiek, hotelek eta zerbitzu-enpresek beren zerbitzuak aurkeztuko dituzte elkarraldi profesional honetan, etorkizuneko lankidetzak lortze aldera.

Mundu osoko enoturismoko agentzia espezializatuak izango dira elkarraldian: Estatu Batuak, Frantzia, India, Hong Kong, Alemania, Mexiko, Filipinak….

Egun horretan bertan hasiko dira press trip edo bisitaldiak, non enoturismoan espezializatutako hamabi hedabidek parte hartuko duten; Estatu Batuak, Australia, India, Erresuma Batua, Norvegia, Hegoafrika eta Australiatik etorriak, sektore enoturistikoaren ikuspegi zabal bat eskainiko zaie, EAEko enoturismoko upeltegi, baliabide eta lokalizazio nagusietako batzuetara hurbilduko dituzten bidaien programa batean oinarrituta.

Ostiralean, martxoaren 15ean, Fam trip bat egingo da, workshopean parte hartu duten turoperadoreei zuzendua. Fam trip edo familiarizazio-bidaiak marketineko estrategia bat dira, turoperadoreek helmuga ezagutu dezaten eta ondoren haien bezeroei konfiantzaz eta segurtasunez eskaini diezaieten.

Turoperadoreentzat familiarizazio-bidaia hori, Euskadiko enoturismoari lotutako baliabide nagusiak ezagutzera emango dizkiena, produktuaren erakusleiho onena da, ondoren egonaldiak salduko dituen bidaia-agenteak zuzenetik bizi dezakeelako esperientzia, eta gero bere bezeroei transmititu.

Familiarizazio-bidaiaren xedea Euskadiko erreferentzia enoturistiko onenetako batzuen ikuspegi panoramiko bat eskaintzea da. Lehenengo egunean Arabako Errioxako baliabideak bisitatuko dituzte, besteren artean, Baigorri, Eguren Ugarte, Almazara Moredan (Araba), Villa Lucía Ardoaren Zentroa, Casa Primicia… Martxoaren 15ean Gipuzkoa erakutsiko zaie, Donostiara eta Getariako Gaita upeltegira egingo duten bisitaldi batean. Azkeneko egunean, turoperadoreek Bilboko leku adierazgarrienak ezagutuko dituzte eta Despensa del Etxanobe bisitatuko dute, Fernando Canales chefarena.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   07:16

Erakusketa maiatzaren 5era arte egongo da ikusgai.

Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentroak “Klima aldaketari aurre egitea” erakusketa jarriko du ikusgai, bihartik hasita maiatzaren 5era arte. Erakusketa AVIS Produkzioak enpresak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatu dute, eta euskarazko eta gaztelaniazko azpitituluak dituzten bideoklipak ditu ardatz. Horietan, Pirinioetan bizi diren bederatzi espezieren bizitzako zenbait aldi ikusiko ahalko dira.

XXI. mendeko gizakiak aurrean duen erronka handienetako bat da klima aldaketa. Berotegi-efektuko gasen gorakada, basogabetzea, itsas ekosistemak hondatzea eta biztanleriaren hazkundea berotze globalaren eragile nagusienetakoak dira, eta, hortaz, bai eta klima aldaketarenak ere. Hala, azken 150 urteetan, munduko tenperaturak 0,8 Cº egin du gora, gutxi gorabehera, eta horrek nekazaritzan, basogintzan, turismoan, energia-ekoizpenean eta beste hainbat esparrutan dituen ondorioak alboraezinak dira.

Testuinguru horretan, Europako hegoaldea eskualde zaurgarrienetako bat da, eta horrexegatik, 2015eko ekainean Eusko Jaurlaritzak “Klima aldaketarako Euskal Estrategia-KLIMA 2050” plana onartu zuen, Europar Batasunak ‘Parisko Hitzarmenean’ berotegi-efektuko gasak murrizteko ezarritako helburuei jarraituz. Gainera, eskualde horren barruan, Pirinioen eremuak arreta berezia eskatzen du, han aldaketa klimatikoaren eragina nabarmenagoa delako, eta espezieen oreka, etenerrazagoa. Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokiak egindako azken txostenak dioenez, aurreikusten da mendilerro pirenaikoan 1Cº eta 2,7Cº bitartean igoko direla tenperatura maximoak 2030a datorrenerako, eta 2Cº eta 4Cº bitartean, 2050 heltzen denerako.

Arazo horrekin kontzientziatuta daudenez, IGIk eta AVIS Produkzioak enpresak bihar Atarian inauguratuko den eta maiatzaren 5era arte ikusgai egongo den erakusketa prestatu dute. Horretan, Pirinioetako faunan giltzarri diren espezieetan klima aldaketak zer eragin duen azaltzen da, bideoak baliatuz. Izan ere, eremu hartan bereziki nabarmena da klima-aldaketa, eta han bizi diren espezieen oreka, etenerrazagoa. Bideoetan hainbat espezieri buruzko informazioa ematen da: basoilarra, Tengmalm hontza, eper zuria, ugatza, sarrioa, marmota…

Pirinioetako mundua biziki sentibera da gizakiak eragindako aldaketen aurrean eta, Ataria zentrokoen esanetan, “gertatzen ari diren aldaketak direla kausa, moldatzeko lasterketa bihurtu da hango espezieen biziraupena”.

Share