Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  1 martxoa 2019 17:00

Prentsaurrekoa. SmartEkin zerbitzu berria aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez; eta SEA Empresas Alavesas elkarteko presidente Pascal Gómez

Eguna. Astelehena, martxoak 4

Ordua. 10:00

Tokia. Foru jauregiko prentsa aretoa

————————————-

Martxoaren 8ko, Nazioarteko Emakumeen Eguna, kartel eta jarduerak aurkeztea

Parte hartzaileak. Berdintasun zinegotzi Jaione Agirre; eta Berdintasun zerbitzuko buru Mireia Espiau

Eguna. Astelehena, martxoak 4

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————-

Prentsaurrekoa. Adinekoentzako zerbitzu eta  baliabideen gida aurkeztea

Parte hartzaileak. Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munain

Eguna. Astelehena, martxoak 4

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————–

Prentsaurrekoa. Udal aurrekontuei buruzko datu irekien atari berria aurkeztea

Part hartzaileak. Ogasun zinegotzi Itziar Gonzalo; Edukien eta Gardentasun Unitateko buru Ana Vallejo; Diruzaintza, Finantza Kudeaketa eta Aurrekontuen Zerbitzuko arduradun Moises Guridi

Eguna. Astelehena, martxoak 4

Ordua. 12:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————————-

Miniature Pintxos Congress – Best Pintxos Gala

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Astelehena, martxoak 4

Ordua. 19:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:51

Alkate Gorka Urtaranek, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren diputatu Cristina Gonzálezek, Kultura, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok eta beste zenbait udal ordezkarik harrera egin diete gaur Erreginaren Kopan parte hartzen duten federazio eta klubei, udaletxean; atzo hasi zen jokatzen txapelketa Gasteizen.

Espainiako Saskibaloi Federazioko lehendakari Jorge Garbajosa eta Euskadiko Federazioko zein Arabako Federazioko lehendakari Germán Monge eta Luis Miguel Corrés izan dira bertan, baita talde hauetako lehendakariak edo ordezkariak ere: Nissan Al-Qáceres (Cáceres), Spar Citylift (Girona), Valencia Basket (Valentzia), Cadí la Seu (Seu de Urgel), Perfumerías Avenida (Salamanca), Lointek Gernika (Gernika), IDK Gipuzkoa (Donostia) eta Araski (anfitrioia). Orobat, Baxi Ferrol (Ferrol) eta Mann Filter (Zaragoza) taldeetako ordezkariak izan dira, lehiaketan parte hartu ez arren bisitan etorri baitira.

Urtaranen esanetan, “Gasteiz kirolaren sinonimoa da, saskibaloiarena, baita berdintasunarena eta emakumeen kirolaren sostenguarena, bertako emakume kirolariek laguntza, babes eta aukera berak izan ditzaten. Filosofia horrekin hartu dugu gure gain Kopa Gasteizen antolatzeko lana, eta ziur gaude inoizko Koparik onena izango dela”.

Espainiako saskibaloiaren agintari nagusi Jorge Garbajosak, berriz, eskerrak eman nahi izan dizkie erakundeei zein Euskadiko eta Arabako federazioei, “emakumezkoen saskibaloiari hazten lagunduko dion kopa bat antolatzeagatik”, eta “Gasteiz saskibaloi hiria” dela gogoratu du. FEBren lehendakariak federazioak kirol horren eta DIA Ligaren zein taldeen alde egin duen apustua berretsi du: “zuekin hazi nahi dugu, babesle eta erakundeekin, emakumezkoen saskibaloirako lortu nahi dugun goraldian beste jauzi bat emateko”.

Foru diputatuak, bestalde, adierazi du “Araba aukeren lurraldea” dela: “ziur nago egun hauetan anfitrioi bikainak izango garela zaleek, klubek eta federazioek partiden artean dituzten tarteetan, gure kultur eta gastronomia aberastasuna ezagut dezaten, uste osoa baitugu bisitari orok lasaiago itzultzeko gogoz geratuko direla, lurraldea hobeto ezagutzeko“.  

Gaur arratsaldean jarraituko du txapelketak, final-laurdeneko bi azken partidak jokatuko baitira.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:30

Ostirala, martxoak 1

  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Saskibaloiko Erreginaren Kopako partidak ikusten izango da 17:00etan, Mendizorrotzeko kiroldegian.

Larunbata, martxoak 2

  • Garapen Ekonomiko Iraunkorraren eta Enpleguaren zinegotzi Nerea Melgosak, eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok parte hartuko dute Saskibaloiko Erreginaren Kopa dela-eta, 11:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan egingo den kalejiran.
  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Saskibaloiko Erreginaren Kopako final aurreko partidak ikusten izango da 13:00etan, 17:00etan, Mendizorrotzeko kiroldegian.

Igandea, martxoak 3

  • Alkate Gorka Urtaran, eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Saskibaloiko Erreginaren Kopako finaleko partida ikusten izango dira 13:00etan, Mendizorrotzeko kiroldegian.
Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:44

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek iragarri du taxi elektrikoak erosteko laguntzen bigarren edizioa deituko duela Udalak laster. 2018an atera zuen Gasteizko Udalak helburu horretako lehen laguntza-sorta. Oso harrera ona izan zuen taxilari gasteiztarren artean, eta sei taxi erosteko finantzaketa banatu zen, 10.000 euro ibilgailu bakoitzeko. Sei taxi elektrikoak hirian zehar dabiltza dagoeneko. Aurtengo deialdiari dagokionez, Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du laguntza horien ebazpena.

Udalak ibilgailu elektrikoei bultzada emateko antolatu duen ekitaldi batean iragarri du alkateak laguntza horren bigarren edizioa egingo dela. Ekitaldian, Gasteizko udalburuak Udalak gaur egun dituen sei ibilgailu elektrikoak eta aipatu berri dugun laguntzari esker erositako sei taxi elektrikoak zituen inguruan. Gaur egun, TUVISAk Renault Zoe bat eta Renault Twizy bat ditu; IGIk bi Peugeot Partner elektriko, eta Atezaintza Zerbitzukoek Nissan E-NV200 modeloko bi furgoneta eskuratu dituzte berriki. Asociación Alavesa del Taxi (ALATAX) elkarteak ere bere ibilgailuak aurkeztu ditu: bost Hyundai Ioniq EV eta Nissan Leaf bat.

Gorka Urtaranek azpimarratu duenez, “Gasteiz apustu handia ari da egiten garraiobideak elektriko bihurtzeko. Horretarako, garrantzitsua da tranbia luzatzea eta autobus elektriko adimentsuak ezartzea, baina baita gure flotan zero emisioko ibilgailu elektrikoak sartzea eta garraio publikoan ezinbesteko papera duten taxilariei beren autoak modernizatzen laguntzea ere”.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:11

Urtaranen gobernuak Irizar E-Mobility, Yarritu eta LKS Buildingenia enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu dio autobus elektriko adimentsuaren sistema ezartzeko kontratua. Proiektuak ia 35 milioi euroko inbertsioa izango du azkenean, eta “benetako iraultza ekarriko du hiriko mugikortasunean”, Gorka Urtaran alkatearen hitzetan. 13 ibilgailu elektriko eta abangoardista izango dira, 18 eta 12 metroko luzerakoak; orotara 10 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta 24 geltoki jarriko dira noranzko bakoitzean. “Puntako teknologiako ekipoak izango dira, berritzaileak, zalantzarik gabe Gasteizi aurrera egiten eta modernoagoa izaten lagunduko diotenak, hau da, XXI. mendeko hiria, mugikortasun iraunkorraren politiketan eta garraio publikoaren elektrifikazioan erreferente”, nabarmendu du Gorka Urtaranek. TUVISA arduratuko da zerbitzua emateaz. Autobusen maiztasuna 8 minutukoa izango da, eta ibilbidearen zati handi batean errei esklusiboetatik joango dira, hiriko leku garrantzitsuenetan zerbitzu emateko (Txagorritxu ospitalea, Eusko Jaurlaritza eta Mendizorrotzeko futbol-zelaia) eta 14 auzo lotzeko.

Hiru erakundek lagunduko dute proiektua gauzatzen: Udalak (finantzaketaren % 17,5 jarriko du), Arabako Foru Aldundiak (beste % 17,5) eta Eusko Jaurlaritzak (% 65). Unitate txikiek gutxienez 65 pertsona (21 eserita) hartzeko lekua izango dute, eta artikulatuek, berriz, gutxienez 100 pertsona (30 eserita). Gurpil aulkietarako hiru espazio ere eduki beharko dute, eta artikulatuek, haur-kotxeentzako aparteko lekua. Irisgarriagoak izan daitezen, autobus artikulatuek lau ate edukiko dituzte: bi aurrealdeko zatian, eta beste bi atzealdean. Ateak labainkorrak izango dira, eta barrutik zein kanpotik irekitzeko botoia izango dute, tranbiak bezala. Denek balioko dute sartu zein irteteko, txartelak markesinetan balidatuko baitira.

Orobat, hiru led pantaila eramango dute, erabiltzaileek ibilbideei, aldaketei, itxarote-denborei, geltokiei eta abarri buruzko informazioa izan dezaten. USB kargagailuak ere jarriko dira erabiltzaileentzat, eta artikulatuek maletentzako kaiola ere izango dute. Gidarien kontsolak, berriz, ibilbideei buruzko informazioa denbora errealean emango dute, baita autobusaren alderdi teknikoei edo gerta daitezkeen gorabeherei buruzkoa ere, eta autobusaren kontrola erosoagoa izango da. Gidariari laguntzeko sistemaz hornitutako joango dira, gidatze automatikoz eta geltokira hurbiltzeko asistentziaz, zintarriaren eta ibilgailuaren distantzia txikiena izan dadin. Atzerako ispiluen ordez, kamerak izango dituzte.

Geltokiei dagokionez, markesinak tranbiak dituenen antzekoak izango dira, estetika modernokoak; txartelak erosteko eta balidatzeko makinez gain, informazio multimedia eta denbora errealean eskainiko da. Autobus elektriko adimentsua ezartzearekin batera, hainbat esku-hartze egin beharko dira espazio publikoan. Autobusek errei erreserbatuta batetik zirkulatuko dute, zeina 3,5 metro zabal izango baita, zatirik handienean, oraingo 2. linea periferikoa doan bidetik. Batzuetan, biribilguneak zeharkatuko dituzte, orain lorategi itxura duten lekuetatik. Esku-hartze handiagoak ere aurreikusi dira, esate baterako, Esmaltazioen inguruan, bi biribilgune batu eta biribilgune handi bat sortuko baita.

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:37

Udaltzaingoaren Agenteek 18 urteko gazte bat atxilotu zuten atzo, ama jotzeagatik etxe-indarkeriako delitu bat egin izanaren usteko egile gisa.

Patruila bat Lakua-Arriaga auzoko etxebizitza batera joan zen, polizia etor zedila eskatu baitzuten bertatik, eztabaida gogorrean zebiltzalako. Hara iritsi ondoren, patruilak elkarrizketa egin zien emakume bati, haren semeari eta azken honen neska-lagunari. Minutu batzuk lehenago familiako eztabaida bat gertatu zen, eta eztabaida horretan, mutilak, oso asaldatuta, zenbait objektu kolpatu eta ama ere jo zuen.

Biktimak egindako adierazpenak eta zeuzkan lesioak ikusita, Udaltzaingoak atxilotu egin zuen ustezko erasotzailea, eta gaur goizean epailearen esku geratu da.

Udaltzainek beste 12 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen inor zauritu eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik; 21 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 16 jarduera burutu zituzten.

Abiadura kontrolatzeko kanpaina

Udaltzaingoak, martxoaren 4tik 10era bitartean, trafiko-kanpaina berezi bat egingo du Gasteizko herri-bideetan abiadura kontrolatzeko helburuarekin.

Bide-segurtasuna bermatzeko eta, horrekin batera, ezbeharren kopurua eta lesioen larritasuna murrizteko funtsezko helburuarekin, datorren astean abiadura-kontrolak egingo dira hiriko kaleetan. Gehiegizko abiadura eramateak dagozkion arau-hauste administratiboak eragingo ditu, eta 115 km/h gainditzen duten kasuetan, arau-urratzailea epailearen esku jarriko da.

Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Iraunkorrerako 2018-2023 Udal Plan Estrategikoaren barruan 2019an egiten den era honetako lehen kanpaina da.

Mikrouhin-labe batek su hartu du

Suhiltzaileek dei bat jaso zuten, Mariturri Bulebarra kaleko etxebizitza batean sute bat zegoela jakinaraziz. Suhiltzaileen taldea bertara iritsi zenerako, sua itzalita zegoen. Su hartu zuen mikrouhin-labe bat izan zen.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:12

Vitoria-Gasteizko Udalak arazketa-instalazio bat jarriko du Gardelegiko hondakindegian, lindanoak kaltetutako lixibiatua tratatzeko eta substantzia hori Zadorra ibaira iristea saihesteko asmoz. Horretarako, 192.571 euro inbertituko ditu Urtaranen Udal gobernuak. Gaur Gobernu Batzarrak kontratua esleitu du. Yarritu enpresak egingo ditu lanak.

Udako garai zehatz batzuetan, HCHren kontzentrazioak hauteman dira hondakindegitik hondakin-uren sare bateratura iristen diren hondakin-uren fluxuan. Egoera konpontze aldera, instalazio horren (araztegiaren) eraikuntza lizitaziora ateratzea erabaki du Gorka Urtaranen taldeak. Araztegiari esker, ikatz aktibozko tratamendu baten eta hareazko iragazki batzuen bidez, lixibiatuak tratatu ahalko dira. Halaber, mintzagai dugun lixibiatua neurtzeko, ponpatzeko eta araztegiraino bideratzeko behar diren azpiegiturak jarriko ditu udalak hondakindegian, lurpean. Araztegian, 84 egunetan egingo dira lanak, eta, ponpaketan, 45 egunetan.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:08

Gasteizko Udalak 100.000 euro jarriko ditu aurten Arabako Foru Aldundiarekin Gasteizko udalerriko nekazaritza eremuko bideak mantendu eta hobetzeko sinatutako hitzarmenaren barruan; 2012az geroztik urtero sinatzen da hori. Ekitaldi honetan egin beharreko lanak zehazteko bilera egingo dute Udalak, Aldundiak eta Kontzejuen Elkarteak. Berrostegieta, Aretxabaleta, Mendiola ta Otazun. Menpeko toki erakunde bakoitzak lanen % 20 ordainduko dute. “Gasteiz 63 herrik osatutako udalerria da, eta gure betebeharra eta helburua da bertako herritarren bizi-kalitatea hobetzea. Azken lau urteotan 22 kilometro bide hobetu ditugu lankidetza honi esker”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:03

Legegintzaldi honetan sortu zen kultura-dirulaguntzen lerroa, 100.000 eurorekin, eta pixkanaka handitzen joan da, legegintzaldi honetan 192.000 eurora iritsi arte

Gaur, Estíbaliz Cantok zuzentzen duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak proposatuta, Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi ditu 2019ko kirol-dirulaguntzetarako deialdi orokorrak, bai eta aurtengo kultura-proiektuei eta finkatutako ekitaldi eta jaialdiei laguntzeko deialdia ere.

2019an egitekoak diren kultura-proiektuei eta finkatutako ekitaldi eta jaialdiei diruz laguntzeko deialdiak 192.000 euroko zuzkidura izango du aurten.

Kontuan hartu behar da 2016an sortu zela partida, 100.000 eurorekin, eta geroago handitzen joan dela: 150.000 euro, 2017an; 175.000 euro, 2018an; eta, azkenik, 192.000 euro, aurten. Cantok adierazi duenez, “apustu argia egin dugu gure herritarrei zuzenduriko izaera irekiko ekimenen laguntzarako, udal-jardueraren osagarria den kultura-sustapen, -sorkuntza, -prestakuntza eta -hedapena baitakarte”. Ildo horretan, ziurtatu duenez, “kultura-eragileekiko gure konpromisoetako bat izan da udal-laguntzaren apustu bat egitea, esperientzia berrietarako zein funtzionatzen duten esperientzietarako; horrexegatik egin dira pixkanakako igoerak, eta horiek, gainera, Kulturako Plan Estrategikoaren filosofiari eta helburuekin batera doaz”.

Iaz, 36 proiektuk jaso zituzten dirulaguntza horiek.

Kirol-dirulaguntza

Bestetik, Kirol Zerbitzuak proposatuta, Batzarrak onetsi ditu 2019rako kirol-dirulaguntzetarako oinarri espezifikoak eta deialdia, 352.000 euro zenbatekoarekin (azken urteotan egonkor iraun du zenbatekoak).

Udalak udalerriko irabazi-asmorik gabeko erakundeei kirol-jarduerak antolatzen lagundu ohi die, batez ere aisialdiarekin eta herritarren partaidetzarekin lotutakoak, bi helbururekin: batetik, talde pribatuek Gasteizko herritarrentzako kirol-eskaintza hobetu dezaten sustatzea; bestetik, kirol-erakundeei beren jarduera gauzatzen laguntzea, elkarteetan oinarritutako egitura horiek jarraitzea, egonkortzea eta haztea bermatzeko ahal den neurrian, udalerriaren interesekoak direlakoan, bai planteamenduagatik beragatik bai haien ekintza eta helburuengatik.

Ildo horretan, iaz, 169 dirulaguntza eman zitzaizkien 73 elkarteri, eta “eragin positiboa izan zuten hirian eta herritarrengan”, esan du Cantok amaitzeko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:48

Udal gobernuak beste 39 udaltzain lanpostu betetzeko LEPerako deialdia onetsi du gaur, agintaldian enplegu publikoa sustatzeko abiarazitako planaren barruan, horretarako hainbat enplegu-eskaintza publikotara deitu baitu. Agintaldian Udaltzaingoa indartzeko egiten den hirugarren LEP da.

Gobernu zentralak onetsitako dekretu berriari esker, oraingoz 28 udaltzainek eskatu dute aldez aurreko erretiroa hartzea. Aurten orotara 30 izatea espero da. Hain zuzen ere, lanpostu horiek eta hutsik dauden beste 11 betetzeko deitu da LEP berria.

Ondoren, hautaketa-prozesua eta prestakuntza egingo dira Ertzaintzaren Akademian, lanpostu horiek deialdi bateratuan sartuko baitira, Udalak egindako azkena bezala.

Udal gobernutik Udaltzaingoan hutsik dauden lanpostuak betetzeko beharrari erantzun nahi diogu, eta horretan ari gara, aurreko agintaldian ez baitzen LEPik egin behar horri erantzuteko. Herritarren segurtasunerako zerbitzuak hobetu nahi ditugu, eta udaltzainen beren beharrei erantzun, egitura sendotuz eta adinaren batez bestekoa jaitsiz. Horixe egiten ari gara udalaren funtzio publikoan ere, dagoeneko martxan jarri baititugu hainbat kategoriatan 482 lanpostu betetzeko deialdiak“, nabarmendu du Gorka Urtaran, alkateak. 

 

Suhiltzaileak indartzea 

Era berean, udal gobernuak beste deialdi bat onetsi du gaur Prebentzio eta Su Itzaltze Zerbitzua indartzeko, zehazki, 2 ofizialorde lanpostu eta 7 kabo lanpostu betetzeko barne-sustapena. 

 

Soldata igoera 

Bestetik, udal langileen soldata igotzea onetsi du udal gobernuak, Estatuko aurrekontu orokorretan 2019rako baimendutakoaren arabera, hots, % 2,25eko igoera 2018ko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean. Igoera hori 2019ko martxoko nominan aplikatzea aurreikusi da, eta urtarrileko atzera eragina izango du.

 

Udal plantilla arrazionalizatzeko plana 

Orobat, 2018-2019 aldian Gasteizko Udalean Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko Programa onestea erabaki du gaur udal gobernuak, helburu hauek lortzearren, besteak beste: aldibatekotasun-tasa murriztea, ehuneko 8aren azpira; enpleguan segurtasun handiagoa eta langileen artean baldintza homogeneoak izatea, Gasteizko Udaleko langile eta sailentzat egonkortasuna lortzea, udal funtzio publikoan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egitea, eta udaleko egitura teknikoa eta aginte egitura osatzen amaitzea.

 

 

Share

Aurrekoak »