Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  20 martxoa 2019 18:21

Kirolarekin edo udal-jarduerarekin lotura duten unibertsitate-, teknika- edo politika-arloetako 600 pertsona eztabaidatzen ari dira Bartzelonan gaiari dagokionez hiri handiek duten etorkizunari buruz

1992ko Bartzelonako Joko Olinpikoen instalazioak, Kataluniako gaur egungo Soin Hezkuntzako Institutu Nazionala, hain zuzen ere, “Kirola Hiri Handietan” nazioarteko lehen biltzarraren egoitza dira. Gaur hasiera-ekitaldia izan da, eta Gasteiz protagonista izango den hitzaldien lehenengo eguna.

Biltzarra foro bat da.Bertan, kirolarekin edo udal-jarduerarekin lotura duten zenbait arlotako (unibertsitate-, teknika- edo politika-arloetako) hainbat aditu eztabaidatzen eta aztertzen ari dira, gaurdanik, kirolak zer etorkizun duen hiri handietan; halaber, ildo politiko handiak ezartzen saiatuko dira, hiri handietan kirola, jarduera fisikoa eta bizimodu osasungarriaren sustapenean aldaketa positiboak eragiteko, esperientzien arteko sinergiaren, prestakuntzaren eta parte-hartzearen bidez.

Hasiera-ekitaldian Greg Clark-ek hitzaldia eman du: nazioarteko aditua da hirietan inbertitzeko eta hiriak garatzeko estrategien arloan, aholkulari globala, idazlea eta akademikoa.

Gasteizen ordezkaritza bat bertaratu da, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto buru duela, biltzarrak berak gonbidatuta, beste esperientzia batzuen berri izateko eta haiengandik ikasteko, baina, orobat, Gasteizek kirolari dagokionez duen arrakasta-eredua ezagutarazteko: “jarduera fisikoaren eta kirolaren bidezko giza harremanen eredu osasungarria, kanpora esportatzeko modukoa eta harro sentiarazten gaituena”, Cantok adierazi duenez.

Gaur izango da lehenengo parte-hartzea. Udalaren Kirol Zerbitzuko buru Mikel Hoyosek “Hiri aktiboei” buruzko eztabaida-mahaian parte hartuko du; horretan, Gasteizen hainbat urtez aplikatu diren praktika onak adibide jarrita, saiatuko da ezagutarazten nolako garrantzia duen bizitza aktiborako sarbiderako aukerak sortzeak hiri hobea eraikitzeko.

Cantoren arabera, “saiatuko gara Gasteizko kasua (arrakastatsua bera) jartzen kirol-politika orok duen helbururako, hau da, herritar guztiek bizitza fisikoki aktiboa edukitzeko aukera izateko, ustiatzeko adibide gisa. Aukera sortzeko politikak egin, haiei jarraipena egin eta horiekin jarraitu ondoren, bere kasa iristen da ereduaren arrakasta”.

Ildo horretan, “Gasteiz hiri aktiboaren eredua da, dituen osoko politika, ikuspegi estrategiko globala eta eredua garatzeko duen konpromisoa direla eta: kirol-instalazioetako 95.000 abonatu, biztanleko instalazio-ratioa, gizarte-etxeen sarea, federatu eta klub kopurua, Green hiri osasungarriko bere idiosinkrasia… horrek guztiak herritarrei jarduera fisiko eta osasungarria egiteko aukerak eskaintzen dien hiri aktiboaren adibide ona bihurtzen dute”, esan du amaitzeko.

Kirol-ekipamenduei, kirolaren gobernantzari eta espazio publikoari buruzko eztabaidarekin jarraituko du egitarauak. Bihar izango da bigarren parte-hartzea: Kiroleko zinegotziak hizlari jardungo du “Ekitaldi Handiak” mahaian.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

– Kirol medikuntzari eta traumatologiari buruzko nazioarteko I.  biltzarra  irekitzea – Sports Medicine SUMMIT

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran alkatea, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia,  Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Baskonia taldeko Erakunde eta Nazioarteko Harremanetarako zuzendaria eta biltzarreko batzorde antolatzaileko kideak.

Eguna: Martxoak 21, osteguna.

Ordua: 9.00.

Lekua: Europa biltzar jauregia – Francisco de Vitoria entzunaretoa.

————————————————————

– Markeliñeren ‘Julietas, Romeo Circo’ ikuskizunaren aurkezpena.

Parte-hartzailea: Jon Kepa Zumalde, konpainiako kidea.

Eguna: Martxoak 21, osteguna.

Ordua: 10:30

Lekua: Principal antzokia.

————————————————————-

– Uraren Mundu eguna dela eta, sentsibilizazio-kanpainaren aurkezpena.

Parte-hartzaileak: Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta AMVISAren kudeatzaile Angel Llamazares.

Eguna: Martxoak 21, osteguna.

Ordua: 11.30.

Lekua: Florida parkea (Uraren Ezkutuko Lorategiko sarreraren ondoan).

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:12

 

Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI) edukiz betetako programa landu du aurtengo udaberrirako. Ehun jarduera baino gehiago biltzen dituen egitaraua datozen hilabeteetan garatuko da, ekainera arte. Zehazki, 103 jarduera antolatuko dira Atarian, Olarizuko etxaldean, Urarteko baratzeetan eta Arabako hiriburuko beste gune natural batzuetan. Eskaintzak hainbat jarduera barne hartzen ditu: erakusketak Ataria interpretazio zentroan, biodibertsitatearen kulturarekin lotutako lantegiak eta ikastaroak, natura ibilbideak, eta familientzako askotariko jarduerak udalaren zenbait baliabidetan. Ohi bezala, ingurumenarekin lotutako adierazpen artistikoei ere egingo zaie leku.  Oraingo honetan, IGIK ahalegin handia egin du botanikari loturiko jardueretan arreta jartzeko eta, ondorioz, arlo horretako jarduerek egitarauaren % 40 inguru hartzen dute.

Udalaren webgunean, Atarian, 010 telefonoan eta gizarte etxeetan eman daiteke izena, martxoaren 26tik aurrera. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak nabarmendu egin du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak egiten duen “zabalkunde lana” eta “programazioaren bidez herritar guztiengan iristeko ahalegina”, eta adierazi du programazio hau ere adin guztietako gasteiztarren interesekoa izatea espero dutela.

Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentroko erakusketei dagokienez, dagoeneko inauguratu da Avis Produkzioak taldearen ‘Klima aldaketari aurre egitea’ erakusketa, eta maiatzaren 5era arte egongo da ikusgai. Gero, maiatzaren 14tik ekainaren 23ra, “Natura ilustratua” bildumaren txanda izango da, Gasteizko Arte eta lanbide Eskolakoen eskutik.

Horietaz gain, hainbat gairi buruzko hitzaldiak, lantegiak, natur ibilbideak (oinez edo bizikletaz) eta familientzako jarduerak izango dira. Bestalde, azpimarratzekoak dira erleen munduan sartzeko lantegia; maiatzaren 26an Olarizuko Etxaldean antolatuko den ‘Aspaldiko haur jolasak landareak baliatuz’ ekimena, eta Atarian ekainaren 2an egingo den Ingurumenaren Jaia. Programa osatzeko, besteak beste, ‘Gustukoen dudan pieza’ haurrentzako marrazki lehiaketa eta Eraztun Berdeko XIII. Bira (ekainak 23) egingo dira.

Gainerakoak ikusteko jo IGIren webgunera: www.vitoria-gasteiz.org/CEA

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:27

Abetxukoko Ezki kaleko etxebizitza batean tximinia batean izandako sutea itzaltzen esku hartu zuten atzo suhiltzaileek. SPEISeko langileek eskala batez lagunduta jardun zuten. Burgos kaleko paper-edukiontzi batean izandako sua itzaltzen ere esku hartu zuten.

Astelehenean Estibaliz hiribidean ibilgailu batek jo eta ibilgailuaren azpian harrapatuta geratutako oinezko bati laguntzera ere joan ziren.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak, Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:25

Udaltzaingoaren Agenteek atzo arratsaldean 38 urteko gizonezko bat atxilotu zuten bere bikotekide ohiarekiko urruntze-agindu bat urratu eta hari lesioak eragin eta jo izanaren delituen ustezko egile gisa.

Gertaera horiek 14:15ak aldera izan ziren; Koordinazio Zentralak patruila bati eskatu zion Voluntaria Entrega kalera joan zedila, herritar batek egindako deiaren arabera gizonezko batek emakume bat jo egin zuelako eztabaida batean, nahiz eta, horren ondoren, bertatik alde egin zuen Arriaga Parkerantz.

Udaltzain batzuk lekuko batzuekin eta biktimarekin elkarrizketatzen ziren bitartean, beste patruila batek ustezko erasotzailea han inguruan topatu zuen, eskainitako deskribapenari esker. Hura identifikatzean, egiaztatu zuten gizon horrek urruntze-agindu bat zuela biktimarekiko, eta beraz, atxilotu egin zuten. Gaur goizean epailearen esku geratu da.

Udaltzainen aurkako atentatua eta erresistentzia larria

Udaltzaingoaren Agenteek 39 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo goizean, udaltzainen aurkako atentatu eta erresistentzia larriaren delituen ustezko egile gisa.

Gertaera horiek 06:30ak aldera izan ziren, zaintza-lanak egiten ari zen patruila batek bi gizon borrokan ikusi zituenean. Udaltzainak haiek identifikatzen ari ziren bitartean, gizonetako batek udaltzain baten aurka eraso egin zuen eta erresistentzia larria egin zuen atxilotu zutenean. Agirrelandako bulegoetan beharrezko izapideak egin ondoren, aske utzi zuten.

Osasun publikoaren aurkako delitua

Udaltzaingoaren Agenteek atzo arratsaldeko azkeneko orduan 20 eta 22 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten, osasun publikoaren aurkako delitu baten ustezko egile gisa.

Gertaera horiek Pepe Ubis plazako lokal baten zaintza-lanak egiten ari ziren bitartean izan ziren, lokal horretan kokaina saltzen ari zirela jakin baitzuten. Egun batzuetan kontrol-lan horiek egiten aritu ondoren, ikusi zuten bezero batzuk tabernaren barrualdera sartu eta berehala irteten zirela, eta drogaren ustezko hornitzailea zein zen jakin ondoren, udaltzainek hura eta lokaleko zerbitzaria atxilotu zituzten, eta hauts gisako substantzia zuri bat zuten hiru zorrotxo atzeman zituzten. 500 euro inguruko diru-kopuru bat ere topatu zuten. Atxilotuak gaur goizean epailearen esku geratu dira.

Istripuak

Joan den martxoaren 15az geroztik –ostirala– 26 trafiko-istripu erregistratu dira, eta horietan 7 pertsona zauritu dira.

Ostiral eguerdian istripu bakun bat gertatu zen Arriagako Atea eta Pozoa kaleen arteko elkargunean, bizikleta gainean zihoan 34 urteko emakume batek bere bizikletaren kontrola galdu eta lurrera erori zenean. Bertara joandako anbulantzia bateko osasun-langileek artatu zuten emakumea, eta gero Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Egun horretan bertan, 15:15ak aldera, Valladolid kalean izandako auto-harrapaketa baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Ibilgailu bat eta patin batean zihoan oinezko bat nahastu ziren istripu horretan. Patin gainean zihoan 14 urteko gaztea zaurituta geratu zen eta anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zuen.

Bi ordu geroago 17 urteko txirrindulari bat zaurituta geratu zen Elorriagako Atea kalean auto batek jota istripua izan ondoren. Anbulantzia batek eraman zuen gaztea Txagorritxu Ospitalera.

Arratsalde horretan bertan beste auto-harrapaketa bat gertatu zen Wellington Dukea kalean. Oinezkoen pasabide batetik aulki gurpildunean zihoan oinezko bat jo zuen auto batek, nahiz eta aulkia ez zen irauli eta ez zuen osasun-laguntzarik behar izan gertaerak izan ziren unean.

Ostiralean, 19:30ean, Arriagako Atea kalearen 12 zenbakiaren parean gertatutako beste auto-harrapaketa baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Bizikleta bat nahastuta egon zen istripu horretan, 6 urteko haur baten oina zapaldu baitzuen. Adingabea anbulantzian eraman zuten Txagorritxu Ospitalera.

42 urteko emakume bat zauritu zen larunbat goizean bere bizikletan zihoala erori ondoren, Antso Jakitunaren kalean tranbiaren trenbidea gurutzatzen ari zenean. Txirrindulariak pibote baten aurka talka egin zuen eta lesioak izan zituen esku batean, eta horren ondorioz, larrialdi-zerbitzuek artatu eta Santiago Ospitalera eraman behar izan zuten.

Geroxeago beste istripu bat gertatu zen, Iturritxu kalean bi ibilgailuk, hots, motozikleta batek eta ziklomotor batek elkarren artean talka egin ondoren. Talka horren ondorioz, ziklomotorrean zihoan 45 urteko gidaria zaurituta geratu zen eta anbulantzia batek artatu eta Santiago Ospitalera eraman zuen.

Alkoholemiak

Asteburuan Udaltzaingoak alkoholemiako sei prebentzio-kontrol egin ditu hirian, eta horietan, 120 gidarik baino gehixeagok egin behar izan dituzte arauzko probak. Horietatik bik emaitza positiboa eman zuten eta salaketa jarri zaie administrazio-bidetik.

Ohiko kontrol hauek alde batera utzita, Udaltzaingoak argiketak abiarazi dizkie beste 7 pertsonari, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik. Horiek guztiak ezohiko moduan gidatzen ari zirela harrapatu zituzten.

Kasu horietako batean, salatutako 55 urteko pertsona batek trafiko-istripua izan zuen Zadorra hiribidean, errepidetik irten eta erdibitzaile lorategidun batean amaitu baitzuen, zuhaixkei eta soropilari zenbait kalte eraginez, baita ibilgailuari berari ere. Alkoholemia-proban izandako emaitzetan 1.17-1.21 miligramo alkohol eman zuen arnastutako aire-litro bakoitzeko.

Udaltzainek asteburuan, guztira, 51 salaketa izapidetu dituzte eta polizia judizialaren 38 jarduera egin dituzte.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:13

Vitoria-Gasteizko Udalak gaitzespen irmoa agertu nahi du aste honetan Utrecht hirian eman zen erasoaren aurrean. Era berean, Gasteizko Udalak dolumina eta elkartasuna helarazi nahi dizkie biktimen senideei, eta espero du zauritutako pertsona guztiak ahalik eta lasterren sendatzea.

Gasteizko Udaletik besarkada solidario bat eta hurbiltasun sentimendurik zintzoena bidali nahi diegu Utrechteko hiriari eta Herbehereetako herritarrei, une latz hauetan.

 

Share