Prentsa Oharren banner

Udalak Larrialdi Plana eguneratu du, eta hondamendia izanez gero kaltetutakoei arreta emateko behar den logistika diseinatu

Udalak Larrialdi Plana eguneratu du, zeinak Gasteizko udalerrian gerta daitekeen edozein larrialdi egoerari azkar eta eraginkortasunez erantzuteko behar diren jarduerak zehazten baititu.

Hemendik aurrera, planak jarduteko prozedura logistikoa ere izango du, orain ez baitzuen horrelakorik; Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak sustatu du hori lantzea. Ezohiko larrialdi egoera batean kaltetutakoei arreta emateko behar diren baliabideak ezarri eta koordinatzen ditu prozedura horrek: ostatua, hornigaiak, garraioa eta, batez ere, biktimentzako arreta psikosozial eta emozionala.

Udaleko hainbat sailek hartu dute parte lanketan: Herritarren Segurtasuna, Larrialdi Plana osatu eta eguneratzearen arduradun nagusia; Funtzio Publikoa, planean diharduten pertsonak prestatzearen arduraduna; Gizarte Etxeak, Kirolak, Udal Administrazioa eta abar, behar den logistika jartzen dutenak.

Azpiegitura logistikoa

 Zinegotzi Peio López de Munainek, Suhiltzaileen buru Rubén Báezek eta Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Saileko Gizarteratze eta Gizarte Berrikuntzako teknikari arduradun Joxean Agirrek aurkeztu dute gaur plan logistikoa, dagokion batzordean. Planak lau jarduera-ardatz ezartzen ditu, kaltetutako pertsonen oinarrizko beharrei erantzuteko:

  • Ebakuazioa eta garraioa. TUVISA eta udal sailak arduratuko dira larrialdian beharko diren garraiobideak jartzeaz, lekuan bertan hartzeko, lehen harrera emateko eta gero ostatu emateko lekuetara eramateko, esku-hartzeko taldeak larrialdia gertatu den lekura hurbiltzeko, etab.
  • Aterpea eta ostatua. Gizarte etxeak (Lakua, Iparralde, Hegoalde, Zabalgana), kirol instalazioak (P. Mendizorrotza) eta Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailaren egoitza baliabideak eskainiko zaizkie biktimei.
  • Janaria eta hornigaiak. Elikadura zein larrialdiari aurre egiteko oinarrizko hornigaiak (mantak, koltxonetak, etab.) bermatu ditzaketen merkataritza-guneen eta udal zerbitzuen inbentarioa egin da.
  • Harrera, arreta eta sostengu emozionala. Plan logistikoaren ardatz garrantzitsuenetako bat da. Atal honetan sartutako lanak: kaltetuen errolda osatzea, oinarrizko beharrei erantzutea (jan-edanak eta mantak banatzea, lotarako lekuak prestatzea…), eta sostengu emozionala ematea.

Bikoteka arituko dira langileak harrera egiten eta laguntza psikologikoa ematen, ahal dela psikologo batek eta gizarte langile batek osatutako bikoteetan.

Bestetik, larrialdietan komunikazioa ahalik eta azkarrena izan dadin, eta koordinazioa ahalik eta onena, aplikazio informatiko bat landu da, PC edo gailu mugikor batetik kontsultatu daitekeena. Bertan agertuko da zein baliabide erabil daitekeen, arduradunak nortzuk diren eta haien kontaktuak zeintzuk diren; ezarritako jardunbide operatiboen agiriak ere eskuratu ahalko dira.

Larrialdi egoerarik gertatuz gero, Herritarren Segurtasunaren Saileko langileez gain, beste 86 udal langileren borondatezko laguntza ere badu plan logistikoak. Funtzio Publikoaren Sailak behar den prestakuntza eman die pertsona horiei.

Share