Prentsa Oharren banner

Araba Ekinean-ek txipa aldatu, pertsonak ekintzailetzaren erdigunean jarri eta begirada globalizatzeko gonbitea luzatuko du Ekin Day egunean

 

  • Jardunaldia bihar, apirilak 3, 17:00etan egingo da Europa jauregiko Green Aretoan, eta “Ekintzaile Handia 2019” eta “Araba Ekiten 2019” sariak banatzeaz gain, “Zure ideiak balio du” lehiaketaren irabazleen berri izango dugu.
  • Hizlarien artean nabarmentzekoak dira 2018ko Business Angel izendapena jaso duen Eneko Knörr arabarra, Auara enpresaren fundatzailea den eta Forbes 30 under 30 zerrendan sartuta dagoen Antonio Espinosa, eta Antropología 2.0 proiektuaren sortzailea den Verónica Reyero.

Araba Ekinean Gasteizko udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta SPRI taldeak antolatzen dute BIC Araba eta Vital Fundazioaren bidez, eta Ekin Day ekimen horren jardunaldi nagusia da. Aurtengo Ekin Day jardunaldia apirilaren 3an, bihar, egingo da eta txipa aldatu, pertsonak erdigunean jarri eta beren ikuspegia globaltasunera zabaldu duten ekintzaileen esperientziak aurkeztea izango du ardatz. Gainera, Arabako ekosistema ekintzailearen berri ere emango da, ibilbide luzeko ekintzaileak eta hasiberriagoak aurkeztuz. Asmoa Arabako ekintzaile guztiak ekitaldi batean elkartzea da; hala, networking-a sustatzeko eta gure lurraldean ekin duten, ekiten ari diren edo ekingo duten pertsonak inspiratzeko.

Jardunaldia 17:00etan hasiko da Europa biltzar-jauregiko Green aretoan eta txipa aldatzera adoretuko gaituzten esperientziak egongo dira entzungai, besteak beste, Verónica Reyero eta Antonio Espinosarenak. Verónica Reyero Antropología 2.0 proiektuaren sortzaileetako bat eta Gizarte Antropologoen Europako Elkartearen Antropologia Aplikatuko Sarearen koordinatzailea da, eta antropologiak ekintzaileei nola lagun diezaiekeen erakutsiko digu. Pilulatxo horiek gure ikuspegia zabaltzeko eta edozein motatako proiektuei bultzada emateko balioko digute. Antonio Espinosa, berriz, Auara enpresaren fundatzailea da eta eraginik handiena duten gazte ekintzaileen 30 under 30 Forbes-zerrendan dago. Espinosak asmo jakin batekin ekitera bultzatuko gaitu eta bere esperientzia partekatuko du gurekin: ur-botilak salduz edateko urik ez duten pertsonei ura eramateko startupa sortu izana. Gainera, aurtengo Ekin Day-n berriki “2018ko Espainiako Business Angel” izendatu duten Eneko Knörr ekintzaile arabarraren parte-hartzea ere izango da. Bere egitekoa jardunaldia ixtea izango da, “Mundu global eta aldakor batean ekitea” hitzaldiaren bidez.

Hori gutxi balitz, Araba Ekinean-en jardunaldi nagusian “Zure ideiak balio du 2019” lehiaketako sariak banatu eta “Araba Ekiten” eta “Ekintzaile handia” sarien irabazleen berri ere emango da. Amaitzeko, aipatzekoa da “Zure ideiak balio du” lehiaketaren aurtengo edizioak marka guztiak hautsi dituela, 55 proiektu aurkeztu baitira.

Share