Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  3 apirila 2019 14:48

 

Lan horrek hiriko musika-kulturaren potentzial izugarria erakusten duela azpimarratu du alkateak

Vitoria-Gasteiz sinfoniak amaiera bikaina emango dio San Prudencio Lan Fundazioaren 50. urteurrenari; bihar, hilak 4, estreinatuko da, Principal antzokian. Entitate horren ordezkariek, partituraren egile Bingen Mendizabalek, orkestra-zuzendari Juanjo Menak, diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek eta alkateak hartu dute parte aurkezpenean. Lan horrek hiriko musika-kulturaren potentzial izugarria erakusten duela azpimarratu du Gorka Urtaranek.

Ilusio handia jarri da Sinfoniaren proiektuan. Fundazioa Juanjo Mena maisuarekin jarri zen harremanetan, eta ideia hau azaldu: L.W. Beethovenek 1813an Napoleonen soldaduen kontra borrokatutako Gasteizko Bataila —Independentzia Gerran erabakigarria— gogoratzeko konposatu zuen sinfoniaren kontrapuntua izango zen beste bat hiriari eskaintzea. Lan hura benetako poema sinfonikoa da, eta zazpigarren sinfoniaren kidea; garaiko bataila baten berezko soinuak tradizio ingeles eta frantziarreko melodiekin tartekatzen ditu.

Fundazioaren asmoa zen “bataila eta garaipena”, “ahalegina eta aurrerabidea” eta “borroka eta itxaropena” islatzen zituen poema sinfonikoa aurkeztea. Azken batean, “soinudun monumentu bat eraikitzea gure hiriaren ohoretan. Izan ere, hiriak  ez dira paisaiak eta eraikinak bakarrik, haien esentziarik puruena inspirazio iturria baita artistentzat milaka modutara begiratzen diotenean. Musika honen bidez sentimenduak mugiaraztea eta sentsazioak ernetzea da gure xedea”.

Proiektuaren sorkuntzak eta interpretazioak osorik arabarrak izan behar zuten. Hori dela eta, Bingen Mendizabali agindu zitzaion partituraren konposizioa. Ruper Ordorika poetak, berriz, abesbatzaren letra landu zuen, eta Kike Suárez-Albak, elektroakustikako elementuak. Juanjo Mena maisuaren zuzendaritzaren pean,“Camerata Gasteiz” taldea osatu da, zeinean 60 musikari arabarrek hartuko baitute parte, Jesús Guridi goi mailako musika kontserbatoriorekiko koordinazioan; kontserbatorioko haurren abesbatzak ere hartuko du parte, ahots teknika handikoa baita.

Aurkezpen-ekitaldian, alkateak San Prudencio Fundazioak hiriarekin duen lotura handia aipatu du, eta gizarte arloan, ingurumenean, osasunaren sustapenean eta jardunbide egokien arloan oro har egiten duen lan garrantzitsua azpimarratu. Era berean, berrogeita hamargarren urteurrena ospatzeko entitateak azken urtean antolatu dituen ekitaldiak goraipatu ditu Gorka Urtaranek. “Vitoria-Gasteiz sinfonia da gailurra, Euskadiko hiriburuko musika-kulturaren eta bertan jaiotako artisten potentzial izugarria ondo erakusten duen lana. Bingen Mendizabal eta Juanjo Mena nazioartean proiekzioa duen tokiko talentuaren adibide bikaina dira, eta oso harro gaude haietaz”, azpimarratu du Gorka Urtaranek.

 

Share