Prentsa Oharren banner

Birgaikuntza energetikoa egiteko lanak hasi dituzte hirigune historikoko eraikin batean

 ·        Proiektu hori ENERPAT-SUDOE ekimenaren barnean kokatzen da eta Cahors eta Porto hiriekin uztartuta egingo da 

·        Proiektu horren berritasuna da jendea bizi den etxebizitzetan egiten direla lanak, eta, hortaz, esku-hartzearen aurretik eta ondoren segimendua egingo dutela eraikinaren energia-kontsumoa eta jokabide higrotermikoa ebaluatzeko 

·        21 Zabagunea sozietateko lehendakaria ere baden Gorka Urtaran alkatea Hedegile kaleko 119.ean egiten ari diren ekobirgaikuntzarako eta birgaikuntza energetikorako obrak ikustera joan da gaur goizean   

Gorka Urtaran alkatea, 21 Zabalgunea sozietateko arduraduna eta ekobirgaikuntza-proiektuaren arduraduna den Edgar Briz Bulet arkitektoa Hedegile kaleko 119.ean egiten ari diren ekobirgaikuntzarako eta birgaikuntza energetikorako lanak ikustera joan dira gaur goizean. Esku-hartze hori Europako hego-mendebaldeko hirigune historikoetan energia-eraginkortasuna bultzatzeko politikak hobetzeko ENERPAT-SUDOE (gaztelerazko: “ENergía, Eco-Rehabilitación en el PATrimonio”) ekimenaren parte da.

Alkateak auzokoei eskerrak eman dizkie beren laguntzagatik, eta adierazi du, ondarea eraberritzeko garaian, energia-eraginkortasuna kontuan hartzen duten esku-hartze arduratsuen aldeko apustua egingo dutela; izan ere, “horrek ezaugarritzen ditu hiri modernoak, eta ondo erakusten du guztiz engaiatuta gaudela energia-eraginkortasuna eta biztanleen konforta bermatzeaz gain, hirigune historikoko ondarea babesten duen hiri-eredu bat lortzearekin”.

Proiektu hau Cahors eta Porto hirietan ere ari da gertatzen Gasteizen (21 Zabalgunearen bidez) lantzen ari den aldi berean, eta bere ardatza da, ekoberrikuntzako teknologiei loturiko esperimentazio komuna landuz, hirigune historikoetan eraikitako etxebizitza-ondareari bideratutako energia-eraginkortasuneko politikak hobetzea. Horretarako, hiri bakoitzean “LivingLab” bat egingo da, zeinean balio-kateko zenbait agentek hartuko baitute parte: agente publikoak, eraikuntzaren sektorea, biztanleak eta ikerketa eta berrikuntzaren alorreko agenteak.

Hiri bakoitzean, LivingLab laborategia erakusle baten bidez artikulatuko da. Gasteizen kasuan Hedegile kaleko 119.eko eraikin biztanleduna da erakuslea; gaur bisitatu dutena, alegia. Erakusle horietatik sortuko dira energia-eraginkortasuna hobetzeko irtenbideak, Europa hego-mendebaldeko hirigune historikoetako eraikinetara zabaldu daitezkeenak.

Proiekturako aurkeztu den inbertsio-aurrekontu osotik —414.748 €—, Gasteizek % 74,84ko dirulaguntza jasoko du Europar Batasunetik. ENERPAT proiektua gauzatzeko epea 36 hilabetekoa da, eta 2019an du amaiera-data.

Gasteizek bazkide nagusi hauek ditu proiektu honetan: Euskal Herriko Unibertsitateko ENEDI (Energetika Eraikuntzan) taldea, Santa Maria Katedrala Fundazioa eta ERAIKUNE (Euskadiko Eraikuntzaren Klusterra).

Erakusle horretan biztanledun zenbait etxebizitza daude –horietako bi 21 Zabalgunearen jabegokoak–, eta, horren ondorioz, inguratzaileen birgaikuntza-prozesua oso hurbil dago eko-berriztapenaren adibideetatik. Gasteizko Hirigune Historikoa Kultur Ondasun aitortzen duen eta Monumentu multzo kategoria ematen dion Abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuan xedatutakoekin bat, eraikin horren babes-maila oinarrizkoa da. Hori dela eta, biztanleek proiektua onartu behar izan dute, eta, haien oniritzia eman, haien etxebizitzetan esku-hartzea egin aurretik eta ondoren monitorizazioa egin ahal izateko. Sentsore adimentsuak instalatuko dira eraikinean, eta horiek eraikinaren jokabide higrotermikoa eta energia-kontsumoa ebaluatuko dute.

Lanak UTE Indenort PV S.L. eta Provisor Ibércia S.L. enpresei adjudikatu zitzaizkien, 261.150 €-ko zuzkidurarekin. Horrez gain, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren finantzazioa ere izan du obrak; 221.023 €-koa, hain zuzen. Birgaikuntza 2019ko martxoaren 21ean hasi zen 4 hilabete iraungo du.

Hedegile kaleko 119.ean dago eraikina, Harategi kantoiarekiko izkinan, Gasteizko hirigune historikoan, eta honako neurri hauetan datza ekobirgaikuntza eta birgaikuntza energetikoa:

  • Hobekuntza energetikoa (pasibo eta aktiboa) eta eraikin historikoaren balioa nabarmentzea; batez ere, harlanduzko zein harlangaitzezko osagaiena.
  • Geopanelezko isolamendu termiko naturala, barrutik trasdosatua, beheko solairuan eta erdisotoan.
  • Goiko solairuetan, kortxozko isolamendu termikoa kanpotik, kare hidrauliko naturalez bukatua.
  • Estalkian, egur-zuntzez egindako panel isolatzailea.
  • Aireztapen mekanikozko sistemak, beroa berreskuratzekoa eta aerotermia dutenak, zoru irradiatzailea, eta tenperatura baxuko erradiadoreak.
  • Zurezko arotzeria eta beira hirukoitza, argoi gasez betea.

 

 

Share