Prentsa Oharren banner

Addams familiak Gasteiz bisitatuko du uztailaren 25etik 28ra bitartean

Principal antzokiak Broadwayko komedia musikala aurkeztu du udako programazioaren aurrerapen gisa; gaur jarriko dira salgai ikuskizun dibertigarria ikusteko sarrerak

Madrilgo estreinaldian eta biran izan duen arrakasta erabatekoaren ondoren, uztailean Gasteizera helduko da ADDAMS FAMILIA, Broadwayko komedia musikala. Esteve Ferrer-ek zuzendu eta LETSGOk ekoitzitako ikuskizuna Gasteizko Principal Antzokian antzeztuko da uztailaren 25etik 28ra bitartean. Sarrerak gaur jarriko dira salgai 18:30etik aurrera.

Musikala osatzen duten 28 artistek (abeslariak, aktoreak, dantzariak, akrobatak eta musikariak) antzokiko oholtzara ekarriko dituzte Charles Addams ilustratzaileak sorturiko pertsonaiak. Aktore protagonistak Carmen Conesa (Morticia), Xavi Mira (Gómez), Lydia Fairén (Miércoles), Frank Capdet (Tío Fétido), Alejandro Meda (Pugsley) Meritxell Duró (Abuela) eta Javier Canales (Lurch) dira.

Musikaleko istorioa Brickmann eta Elice-n libretoan oinarrituta dago eta Andrew Lippa-ren musika du lagun. Chicagoko Ford Center for the Performing Arts Oriental Theatre-en hasi zuen ibilbidea obrak 2009an, eta 2010ean Broadwayko Lunt-Fontanne Theatre-ko eszenatokira ailegatu zen. Arrakasta itzela izan zuen ikusleen artean.

Antzerkira heldu baino askoz lehenago egin ziren ospetsu Addams familiako pertsonaiak, 1964an beren istorioak telesail izateko egokitu zituztenean, hain zuzen. 1991an zazpigarren artera jauzi egin zuten, eta, ordutik, egokitzapen zinematografiko ugari sortu dira.

Espainian LETSGO da –Dirty Dancing eta The Hole sagaren ekoizle bera komedia musikal zirraragarri honen aldeko apustua egin duen enpresa.

Obraren sinopsia:

Addams Familiaren mundu ero eta liluragarrian goibel egotea zoriontsu izatea da, zentzugabetasuna da zentzuzkoena, mina sentitzeak dakar alaitasuna, zuhurrena zuhurtziagabea izatea da, eta ametsak heriotzaz eta sufrimenduz eginda daude.

Hala ere, oreka fin eta landu horretan bizitzea lortu duten arren, familia bitxi honek ere aurre egin beharko dio planetako guraso guztientzat amesgaiztorik izugarriena den horri: Addams haurrak koxkortzen ari dira.

Ehunka urtez, Morticia eta Gómezek –klaneko matriarka eta patriarka– gogor ahalegindu dira Addamstarren egiazko balio berezi zein bakarrei eusteko, eta armonia horretan jarraitzeko asmoa dute mendeak joan mendeak etorri. Ordea, ezusteko bat heltzear da: hainbeste maite duten alaba ilun, makabro eta makurra, Miércoles, hamazortzi urteko gazte xarmant bihurtu da, eta prest dago emantzipatzeko. Neska gaztea Lucas Beineke izeneko mutil ezti, maitekor, begirunetsu eta azkarrarekin maitemindu da, zeina Ohioko familia “normal” eta errespetagarri batetik datorren.

Mutil hori al da egokiena Addams familiako kide berria izateko? Inor ere ez dago oso konbentzituta bikotearekin, eta hori gutxi balitz, Miércolesek afaltzera gonbidatu ditu Beinekestarrak. Addamstarrenean igaroko dugun gau ilun, zorigaiztoko eta irrigarri horretan sekreturik ezkutuenak azaleratuko dira, eta harremanak, amodio-istorioak eta adiskidetasunak aztertuko. Addams Familia osoak batera (arbasoak barne), aurre egin beharko diote belaunaldiz belaunaldi ekidin ahal izan duten gauza bakar eta beldurgarri horri: aldaketari.

Share