Prentsa Oharren banner

Gizonezko bat atxilotu dute denda batean lapurtzeagatik

Udaltzaingoaren Agenteek 59 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, indarkeria erabiliz lapurreta-delitu baten ustezko egile gisa.

Koordinazio Zentralak patruila bati eskatu zion Alava Jeneralaren kaleko merkataritza-establezimendu batera joan zedin, bertan pertsona bat atxikita baitzeukaten ordaindu gabeko zenbait salgai bere arropen artean ezkutaturik eramaten ahalegintzeagatik. Kutxan salgai horiek ateratzeko eskatu ziotenean, erresistentzia jarri zuen eta langile bati eraso egiten saiatu zen. Udaltzainek erasotzailea atxilotu eta Agirrelandako polizia-etxera eraman zuten, eta han aske utzi zuten, Gasteizko Guardiako Epaitegian aurkezteko hitzordua jarri ondoren.

Beste alde batetik, Zabalgana auzoko zenbait garaje komunitariotan ibilgailuen barrualdean egindako lapurretak ikertzen ari da Udaltzaingoa, hain zuzen ere, Giza Eskubideen hiribidean, Oion kalean, Ilustrazioaren hiribidean, Bastida kalean eta Sofia Erreginaren hiribidean.

Udaltzainek, horrez gain, beste 12 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen zauriturik izan eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik; 15 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 19 jarduera burutu zituzten.

Gas-ihesa

Suhiltzaileek Aranzabal kaleko eraikin bateko trastelekuetan esku hartu zuten atzo, lehen soto-solairuan, gas-usaina sumatu zutelako eta esplosimetroaz egindako neurketek emaitza positiboak eman zituztelako.

Jatorriaren bila ibili ondoren, suhiltzaileek ihes txiki bat topatu zuten etxebizitza bateko solairuaren gas-hartunean, eta gas-horniduraren mantentze-lanaz arduratzen den enpresak bere gain hartu zuen matxura hori.

Share