Prentsa Oharren banner

Maiatzaren 12an egitekoa den EDP Vitoria-Gasteiz Maratón Martín Fiz lasterketaren XVII. edizioak hainbat berrikuntza ekarriko ditu, eta inoiz baino solidarioagoa izango da

Aurten, EDP Vitoria-Gasteiz Maratón Martín Fiz lasterketa oso berezia izango da Arabako hiriburuan bilduko diren milaka lasterkari eta patinatzaileentzat; egun paregabea izango da, kirol herrikoiaren benetako jaia, eta inoiz baino solidarioagoa.

Hauek arduratu dira ekitaldia prentsaren aurrean aurkezteaz:  Estíbaliz Canto, Hezkuntza, Kultura eta Kirol zinegotzia; Igone Martínez de Luna, Euskara, Kultura eta Kirol diputatua; José Luis Bastarrica, Kutxabank-eko Red Araba-ko zuzendaria; Aitor V. Morell eta Juanjo Fernández, EDP Vitoria-Gasteiz-ko zuzendaria eta salmenten burua, hurrenez hurren, eta Martín Fiz, EDP Vitoria-Gasteiz Maratoiaren zuzendari teknikoa.

Aurreko urteetan bezala, Txikien Maratoirako eta Txiki Rollerrerako izen-emateetan bildutako diru guztia kausa solidarioa batera joango da. Horretaz gain, Breakfast Run ekintzarako izen-emateetan bildutakoa ere solidarioa izango da, euro bateko inskripzio sinbolikoa eskatuko baita. Diru guztia Aspanafoa elkarteari emango zaio.

Zirkuituan egokitzapen ugari egin behar izan da, hirian egitekoa den beste kirol ekitaldi handi baten eraginez: saskibaloiko Final Four. Izan ere, ekitaldi hori hurrengo asteburuan bada ere, aurreko astetik egingo dira jarduera paraleloak. Hiriko azpiegiturak (tranbia eta autobus elektrikoa) hobetzeko lanak ere gehitu behar zaizkio horri. Horregatik guztiagatik, ezinezkoa gertatu da irteera eta helmuga hiriaren erdialdean jartzea, ohi bezala, eta hainbat tokiko eragilerekin batera antolaketa lan handia egin ondoren, irteera eta helmuga Mendizabalera aldatzea erabaki da; horrenbestez, 42 kilometro eta 197 metroko ibilbidea ere aldatu behar izan da.

Jai eta kirol jardunaldia goizeko 9:00etan hasiko da, oinezko lasterketekin: 42K (maratoia), 21K (maratoi erdia) eta 10K; Lasarteko atetik aterako dira horiek. 12:00etan Txikien Maratoiaren txanda izango da, eta 12:15ean Txiki- Roller lasterketa aterako da, Mendizorrotzeko kiroldegitik. 21K eta 42K distantzietako patinatzaileak 15:00etan abiatuko dira Lasarteko atetik, ziztu bizian hiriaz bereganatzeko.

 

Zirkuitu lau eta homologatuak

Edizio honetan egin behar izan diren behin-behineko aldaketak gorabehera, EDP Vitoria-Gasteiz Maratón Martín Fiz lasterketaren antolatzaileek zirkuitua homologatu nahi izan dute; aurtengo ibilbidearen ezaugarri nabarmengarriena laua izatea da. Hiri zirkuitua —oso  erakargarria parte-hartzaileentzat—Europako Hiriburu Berdeko kale nagusietatik igaroko da, eta auzo modernoetara ere hurbilduko da. Goizeko 9:00etan abiatuko da Lasarteko atetik (Mendizabala) eta helmuga leku berean izango da.

 

Milaka lasterkarik, patinatzailek, laguntzailek eta turistek esperientzia paregabea biziko dute kirol ekitaldien antolakuntzan gero eta gehiago nabarmentzen ari den hiri batean. Martín Fizek esan duenez, Green Capital izateaz gain kirolaren europar hiriburua izatea mereziko luke hiriak. Txikien maratoian kilometro bat egingo dute, eta txikien patinen gaineko maratoian, 2 km ( 2 bira).

 

Elkartasuna txikien eta Breakfast Run ekintzaren eskutik etorriko da. Zehazki, hilaren 11n (larunbata) egingo da Breakfast Run deritzonaren hirugarren edizioa, 10:00etan: entrenamendu arina Martin Fiz mundu txapeldunarekin, eta ondoren, gosari osasungarria. Igandeko txikien lasterketetan bildutako dirua, baita Breakfast Run-en bildutakoa ere, Aspanafoa-minbizia duten haurren gurasoen Arabako elkarteari emango zaio, zeinak minbizia duten haurren eta haien familien bizi-kalitatea hobetzea baitu helburutzat.

 

Ireki da izena emateko epea

 

Hitzorduan 5.000 atletak hartuko dutela parte espero da; orain arte Espainiako 45 probintziatako eta 20 nazionalitatetako atletek eman dute izena. Lasterketaren bezperara arte eman ahalko da izena, lasterkarien ferian.

Share