Prentsa Oharren banner

Bonodenda 2019 kanpaina iritsi da, 2.000 deskontu-txartelekin, tokiko saltegietan erosketak egitea sustatzeko

Bonodenda kanpainaren bosgarren edizioak, guztira, 2.000 deskontu-txartel jarriko ditu herritarren esku —iaz baino 200 gehiago—, erosketak % 20ko deskontuarekin egin ahal izateko. Bihartik (apirilaren 26a) uztailaren 6ra arte, tokiko ehun saltegi baino gehiagok parte hartuko dute kontsumoa sustatzeko ekimen honetan, zeinean lankidetzan baitihardute Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta AEnkomer-ek (Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresariak).

Deskontu-txartelen kopuru errekor horrekin, iazko emaitza ona gainditu nahi dute; iaz, 140.351,58 euroko balioko salmentak eragin ziren hiriko saltegi espezializatuetan. “Honelako ekimenei esker kontsumitzaileak gerturatu daitezke tokiko saltegietara, eta haien eskaintza hurbila ezagutu, eta ematen duten kalitateko tratu profesionala ezagutu. Norbaitek gure saltegien abantailak ezagutzen dituenean, berriro etortzen da”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzi Nerea Melgosak.

“Arabako txikizkako saltegiak funtsezkoak dira gure herri eta hirietako enpleguan, aberastasunean eta gizarte-bizitzan. Saltegiek eta erakunde publikook lanean jarraitu behar dugu sektorea sendotzeko, modernizatzeko eta haren lehiakortasuna hobetzeko, Bonodenda eta antzeko ekimenekin, inbertsioa sustatzeko programekin eta kontsumitzaileak sentsibilizatzeko kanpainekin”, gehitu du Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko zuzendari Juan Felipe García Miravallesek.

Kanpainari atxikitako saltegi guztietan trukatu ahal izango dira deskontu-txartelak. Aurreko edizioetan bezala, txartel bakoitzaren salneurria 40 eurokoa izango da, eta horrekin 50 euroko erosketak egin ahal izango dira; % 20ko deskontua izango da, beraz. Horretaz gain, erosketak erakargarri egiteko, tiketaren batez besteko balio handiagoa duten saltegietan, bi txartel ere (gehienez) erabili ahal izango dira batera erosketa berean, 100 eurotik gorako erosketetan.

“Kontsumoa dinamizatzeko ekintzek, Bonodenda kasu, laguntzen dute enplegua mantentzen eta tokiko saltegiak iraunarazten, batez ere sektorea birmoldatze-fase garrantzitsu bat jasaten ari den une honetan”, azpimarratu du AEkomerreko zuzendari kudeatzaile Edurne Parrok.

Berriz ere, Bonodenda kanpaina Gorbeialdea eskualdera iritsiko da, eta eskualdean erabiltzekoak diren txartelen kopurua 2018an erabilitakoaren halako bi izango da. Halaber, inguru horretako eskaintzaren ezaugarrietara egokituko da kanpaina, askoz lotuagoa baitago gertuko merkataritzarekin eta elikadurarekin. Zehazki, 20 euroko bonoak erosi ahal izango dira, zeinek 25 euroko erosketak egiteko aukera emango baitute atxikitako saltegietan.

Aurreko edizioetan bezala, Bonodendako 2.000 txartelak honako leku hauetan erosi ahal izango dira: Gasteizen, Rural Kutxaren bulegoetan eta AEnkomerreko bulegoan (Aiztogile kalea, 61), eta Gorbeialdea eskualdeko zenbait saltegitan.

Kanpainan parte hartzen duten saltegi guztien zerrenda  AEnkomerren webgunean kontsultatu ahal izango da, bihartik aurrera: www.aenkomer.com. Gasteizen bertan, 100 saltegitik gora atxiki zaizkio kanpainari, eta kopuru hori handitzen joango da datozen egunotan; ez da beharrezkoa AEnkomerren barruan egotea kanpainan parte hartzeko. Aipatzekoa da parte hartuko duten sektoreen barietatea: elikadura, jantziak, oinetakoak eta jantzi-osagarriak, aisialdi- eta kultura-jarduerak, kirolak, bitxi-dendak, etxeko gauzak, lore-dendak, farmazia eta zerbitzuak, besteak beste.

Share