Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  26 apirila 2019 12:36

– Urtaranen gobernuak proiektuaren idazkuntza eta obra esleitzeko lehiaketa onetsi du; lanek 18 hilabete iraungo dute

– Alkateak euskaltzale taldeekiko lankidetza azpimarratu du, “hiriaren erdiguneko espazio hori euskararen alde ari garen guztion etxea” bihur dadin

– Areto nagusiak 660 pertsonarentzako lekua izango du, eta horretaz gain kultur sorkuntzarako eta lanerako espazio moldagarriak jarriko dira

 DOSSIER GASTEIZ ANTZOKIA

Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea errealitate izango dira. Izan ere, Urtaranen gobernuak horri dagokion kontratua esleitzeko lehiaketa onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrean, enpresa bera proiektua idazteaz eta obra gauzatzeaz arduratu dadin. Bi faseetarako gehieneko aurrekontua 2.945.853,90 euro da, BEZa barne; finantzaketa bermatuta dago, dagoeneko onetsi baitira horretarako konpromiso-kredituak. Ruiz de Bergaratarren jauregia eraberrituko da, eta bertan lau solairu egokituko dira, sarbideak Zapatari eta Errementari kaleetik, edukiera handiko areto nagusia, eta kultur sorkuntzarako eta lanerako espazio moldagarriak.

Azken asteetan, Udalak aurreproiektu oso landua zehaztu du, eraikinaren azken zaharberritzea egin zuen arkitektura estudioarekin, ekimena bultzatu duten euskaltzale taldeekin eta udal zerbitzu teknikoekin batera. Gorka Urtaran alkateak oso positibotzat jo du aurreikusitako esku-hartzea. “XVI. mendeko eraikin jatorriz errenazentista berreskuratu eta birgaituko dugu, Ruiz de Bergaratarren jauregia, aldaketa, handitze eta eraiste ugari jasan dituena. Topaketa, prestakuntza eta kultur sorkuntzarako gunea bihurtuko dugu, bizitzaz betea. Gasteizen euskara maite eta gozatzen duten ororen etxea izango da, eta gure hizkuntzaren arnasgunea hiriaren erdi-erdian”, azaldu du. Gasteizko alkateak hainbat alderdi azpimarratu ditu: “eraikinaren balio historikoa, kokapen apartekoa, eta planteatutako banaketa, ezin hobea baita horrelako proiektu baterako“; nabarmendu du, halaber, “prebentzio akustikoaren, intsonorizazioaren eta ebakuazioaren alorretan egindako lana, segurtasuna bermatzeko eta bizilagunei enbarazu ez egiteko asmoz“.

Aurreproiektuak Lazarraga Kultur Elkarteak definitu eta Euskara Elkarguneak landutako beharren programa jasotzen du. Horren arabera, Gasteiz Antzokiak eta Euskararen Etxeak 1.376 metro koadro eraiki izango dute guztira, lau solairutan banatuta. Espazio moldagarriak proposatu dira, tamaina txiki eta ertaineko kultur jarduerak egin ahal izateko: zutik entzuteko kontzertuak, antzerki emanaldiak edo bestelako ikuskizunak. Taberna bat ere aurreikusi da, Antzokiaren ‘agertokian’ mahaiak jartzeko aukerarekin.

Gaur goizean onetsitako baldintza-agirien arabera, enpresa esleipendunak lan hauetaz arduratu beharko du: behar diren aurretiazko azterlanak (3 asteko  epea), oinarrizko proiektua eta jarduera proiektua idaztea (8 aste), gauzatze proiektua idaztea (16 aste) eta lanak gauzatzea. Obra gauzatzeko epea 18 hilabetekoa izango da.

 

Sarbideak Zapatari eta Errementari kaleetatik

Higiezinaren konfigurazioa ulertzeko modurik onena Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea bereiztea da. Euskararen Etxeak Errementari kaletik izango du sarbide nagusia, eta beheko solairua, bigarrena eta hirugarrena hartuko ditu. Gasteiz Antzokiak, berriz, Zapatari kaletik izango du sarbidea eta lehen solairua hartuko du funtsean, bigarren solairuarekin ere lotuta egon arren.

Zapatari kaletik lehen solairura, Gasteiz Antzokira, sartzean, 75 metro koadroko taberna aurkituko dute erabiltzaileek, eta 11 metro koadroko sukaldea. Ondoren, Antzokiaren areto nagusia ikusiko dute: 166 metro koadroko espazioa, bi solairuren garaiera duena, konfigurazio ezberdinetako ikuskizunak hartzea ahalbidetuko duena.  Elkartzeko gunea izango da, eta gehienez 660 pertsona sartu ahalko dira zutik; ez du agertokirik izango. Antzerki emanaldietarako 150 pertsona esertzeko lekua egokitzea aurreikusi da, edo 90 pertsonarentzako lekua kontzertuetarako. Jantoki gisa erabiltzen denean 170 pertsonarentzako lekua izan ahalko du aretoak. Bigarren solairuko ‘balkoietatik’ ere ikusi ahalko da agertokia, zeinetan jatorrizko adreiluz egindako bi arku ikusgarri nabarmenduko baitira. Lehen solairuak 359 metro koadro izango ditu orotara. Solairu zabalena da.

Beheko solairua Euskararen Etxera sartzeko bide naturala izango da, Errementari kaletik; orotara 195 metro koadroko azalera erabilgarria hartuko du, eta 100 pertsonarentzako lekua izan lezake. Funtzio anitzeko areto bat egokituko da bertan, erakusketak, hitzaldiak edo proiekzioak egin ahal izateko.  Proiekzio eta itzulpen kabinak jartzea aurreikusi da, baita biltegiak, komunak eta aldagelak ere.  Bigarren eta hirugarren solairuetara igoko da bertatik, eskailera edo igogailua baliatuz.

Bigarren solairuak 256 metro koadroko azalera erabilgarria izango du; lantegiak, komunak eta lanerako beste espazio batzuk kokatuko dira han, 21 Zabalgunearen jabetzako etxebizitza batzuk dauden lekuan. Errementari kalera ematen duen zatian, bestalde, 103 metro koadroko erabilera askotarako gunea (erakusketak, ludoteka…)  geratuko da, zeina Gasteiz Antzokiaren areto nagusian egiten diren ikuskizunak ikusteko ‘balkoitzat’ erabili ahalko baita.

Hirugarren solairua da jauregiko leku argitsuena: 253 metro koadro ditu, eta Euskararen Etxerako erabiliko dira. Patio nagusia estaliko du, eta lanerako guneak hartzeko baliatuko da. Hiru bilera-gela kristaldun, lantegi bat eta instalazio-gela (klimatizazioa, exutorioak…) jarriko dira solairu horretan.

Gasteizko alkateak proiektuak orain arte egindako bidea laburtu du gaur goizean: 2017. urtearen hasieran ideia-lehiaketara deitu zen, Gasteiz Antzokia Eskoriatza-Eskibel jauregian jartzeko, eta ondoren akordio batera iritsi zen, pilotalekua bertan uzteko, adostasun sozial eta politikoa lortze aldera; geroago, ordea, fuel depositu bat agertu zen lorategian, eta hori kendu beharra zegoen, lurra deskutsatu eta ingurunearen alderdi arkeologikoak aztertu. Eskoriatza-Eskibelen inguruan beste bi depositu agertu dira azken urteetan: bata gasarena zen, eta 2014an atera zen; bestea Harategi kantoiaren eta Frai Zacarias Martinez kalearen arteko bidegurutzean agertu zen, eta aparrez inertizatu zen. Azaldutakoaren ondorioz, Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea jartzeko beste leku bat bilatu behar izan zen, eta Euskara Elkargunean Ruiz de Bergaratarren jauregira aldatzea erabaki zelarik bertan kokatuko dira azkenean.

Share