Prentsa Oharren banner

Onetsi egin dira arreta sozialaren eta arreta soziosanitarioaren esparruko elkarteei Udalaren sei lokal lagatzeko oinarriak

Tokiko Gobernu Batzarrak oniritzi eman die arreta sozialaren esparruan (egoera ahulagoan dauden kolektiboekiko esku-hartzea) eta arreta soziosanitarioaren esparruan (gaixotasunek jotako kolektiboen bizi-kalitatea hobetzea eta senideei laguntza eta arreta ematea) lan egiten duten elkarteei Udalaren sei lokal lagatzeko oinarriei. Lokalak 10 urteko eperako lagako dizkie, eta gehienez beste 5 urtez luzatu ahal izango dira, interes publikoko arrazoiak egiaztatuz gero.

Sei lokal horietako bost Zabalgana auzoan daude. Zehazki, hiru, Sofia Erreginaren hiribidean; bat, Martin Luther King kalean; eta, beste bat, Bastida kalean. Seigarren lokala, berriz, Viena kalean dago, Salburua auzoan. Lokalek 118 eta 191 metro koadroren arteko azalera dute, Sofia Erreginaren hiribideko batek izan ezik, horrek 441 metro koadro baititu.

Jarduera-eremuaz gain, beste zenbait eskakizun daude lokal horietako bat lagatzeko: irabazi-asmorik gabeko erakundea izatea, Gasteizen izatea egoitza, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistroan izena emanda egotea, eta ez izatea udalaren best lokal baten erabilera. Eskakizunak betez gero, azken bi ekitaldietako jardueren oroitidazkia eta aurtengo jarduera-egitaraua aurkeztu beharko ditu elkarte eskatzaileak, besteak beste.

Dokumentu horiek baliagarriak izango dira aurkeztutako eskabideak balioztatzeko 100 puntura arteko baremo baten bidez, lau kategoriatan banatuta:

  • Erakundeak udalerriko gizarte-sarearekin duen inplikazioa — 25 puntura arte lor ditzake, elkarteak lurraldeko edo sektoreko beste kolektibo batzuekin koordinatuta egiten dituen jardueren arabera.
  • Erakundearen ibilbidea — 25 puntura arte lor ditzake, azken bi urteotan egindako proiektu eta jardueren, emandako zerbitzuen eta arloko kontseiluen barruan egindako proiektu eta jardueren arabera.
  • Jardueraren eragina — 25 puntura arte lor ditzake, egiten dituen jardueren erabiltzaile edo onuradunen kopuruaren eta erakundearen bazkideen kopuruaren arabera.
  • Elkartea prest egotea lokalaren erabilera partekatzeko — alderdi honetan ere, 25 puntura arte lor ditzake elkarteak.

Lokala adjudikatzen zaion erakundeak honako betebehar hauek izango ditu, besteak beste: lokala behar bezala mantendu behar du, interes publikoko jarduerak egin behar ditu lokalean, eta lokalean egin dituen jardueren oroitidazkia aurkeztu beharko du bi urtean behin.

Lokalak lagatzeko eskabideak aurkezteko epea bi astekoa izango da, oinarriak ALHAOn argitaratzen direnetik.

“Komunitateari laguntzeko lanetan inplikatzen diren hainbat eta hainbat pertsonak eskuzabaltasunez egiten duten lan handiari esker ditu hainbesteko aberastasun eta indarra tokiko gizarte-sareak, batik bat gure bizi-kalitatearekin inplikaziorik handiena duten erakundeek. Udalak, behintzat, laguntza ekonomikoa eta azpiegiturak eman behar dizkie, elkarte horiek hobeto lan egin ahal izan dezaten”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

Share