Prentsa Oharren banner

Udalak 400.000 eurotik gorako laguntza emango du sektoreko elkarteek tokiko merkataritza dinamizatzeko bultzatutako ekintzetarako

 

Tokiko Gobernu Batzarrak zenbait elkarterekin (Gasteiz On, AEnkomer, FEDASOC eta Gorbeia kaleko Merkataritza eta Zerbitzuen Elkartea) lankidetza-hitzarmenak sinatzea onetsi du, horiek urtean zehar  tokiko merkataritza dinamizatzeko antolatzen dituzten ekintzak gara ditzaten. Udalak orotara 409.900 euro jarriko ditu, 35 proiektu garatzeko. Gorka Urtaran alkateak Gasteiz On eta AEnkomer elkarteei dagozkien hitzarmenak sinatu ditu, haietako lehendakari Marta Bengochea eta Jon Andoni Aspururekin. Era berean, ekitaldian parte hartu du Gorbeia kaleko Merkataritza eta Zerbitzuen Elkartearen idazkariak, Jose María Alonso.

“Tokiko eta gertuko merkataritza gure ekonomiaren funtsezko zatia da. Gasteizen txikizkako salmentako ia 2.900 establezimendu dago, eta 9.000 pertsona inguruk egiten du lan horietan; sektore horretako elkarteek funtsezko zeregina betetzen dute profesionalizatzen laguntzeko, sostengu teknikoa emateko eta haien irudia sustatzeko garaian. Elkarte horien eskutik, hainbat dinamizatzeko ekitaldi eta jarduera bultzatzen ari gara, tokiko merkataritzaren eskaintza ezagutarazi, erosketa esperientzia hobetu eta beste hiri batzuetako kontsumitzaileak erakartzeari begira irudi propioa sendotzeko”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

 

Gasteiz On elkartearekiko hitzarmena

Gasteiz Onekin sinatutako hitzarmenari 250.800 euroko udal ekarpena dagokio, eta horri esker hamabost programa garatu ahalko dira; hauek dira nabarmengarrienak: Ardo Araba, bi moda-desfile, Eguberrietako kanpaina eta Egile Mokaduak —Aste Santuko kanpainan eskaintzen ari dira horiek—. Beherapenen Feria, Kafearen Astea eta Gida Izarra ere barne hartzen ditu hitzarmenak.

Sendotutako jarduerez gain, Gasteiz On elkartearekiko aurtengo hitzarmenak ekimen berritzaileak dakartza: merkataritza-promozioa sare sozialak baliatuz, eta erosteko erraztasunak eskaintzea.

 

AEnkomer elkartearekiko hitzarmena

AEnkomer-Arabako Merkataritza eta Zerbitzu Enpresaburuen elkartearekin sinatutako hitzarmenak sei dinamizazio programa egitea ahalbidetuko du, eta Udalak 45.100 euro jarriko du horretarako. Kopuru horren erdia ia kontsumoa areagotzeko Bonodenda kanpainarako baliatuko da, zeina atzo aurkeztu baitzen.

Gainerakoa jarduera hauei laguntzeko erabiliko da: “Hobeki Saltokiak” programa, merkatarien komunikazio trebetasunak hobetzeko; altzarien eta etxerako hornikuntzaren sektoreak dinamizatzeko kanpaina; pertsonentzako ekipamenduaren sektorean merkataritza ibilbideak antolatzea, euskararen erabilera sustatzea, eta “Udaberriko agenda” kanpaina.

 

FEDASOC eta Gorbeia kaleko Merkatari Elkartearekiko hitzarmenak

Gaur sinatutako beste bi hitzarmenak FEDASOC Erdi Aroko Hiriguneko Merkataritza eta Zerbitzu Elkarteen Federazioari eta Gorbeia kaleko Merkataritza eta Zerbitzuen Elkarteari dagozkie, zeinek 98.000 euro eta 16.000 euro jasoko baitituzte hurrenez hurren.

FEDASOCek zazpi programa garatuko ditu; garrantzitsuena Almendrako Azoka da, hileko lehenengo larunbatean egin ohi dena Erdi Aroko hirigunean. Horretaz gain, Kandelen Gaua, berariazko kale-izendegiaren argitalpena, eta Zinema-txokoak zein Altxorraren bila lehiaketak aurreikusi dira.

Gorbeia kaleko Merkataritza eta Zerbitzuen Elkartearekiko lankidetzaren bitartez, azkenik, beste zazpi programa bideratuko dira, horien artean, sasoikako beherapenen  feriak, Eguberrietako kanpaina eta Gorbeia pasaportea.

Share