Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  1 abuztua 2019 17:00

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, abuztuak 2

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————

2019ko Andre Maria Zuriaren Jaietako txupinazorako Egibideko boluntarioak aurkeztea

Parte hartzaileak. Ingurumen Plangintzaren eta Kudeaketaren zinegotzi César Fernández de Landa; Vital Funazioko zuzendari nagusi Axier Urresti; Egibideko Ingurumen zuzendari Eduardo Ochoa de Aspuru; eta eta gibideko 42 boluntario

Eguna. Ostirala, abuztuak 2

Ordua. 12:45

Tokia. San Martingo udal bulegoen aurrekoko plaza

———————————————–

2019ko Andre Maria Zuriaren jaietako pregoia irakurtzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Kepa Sojo, pregoilaria; eta udalbatzako kideak

Eguna. Ostirala, abuztuak 2

Ordua. 21:30

Tokia. Plaza Berria

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:48

 

Alkate Gorka Urtaran eta Arabako diputatu nagusi Ramiro González Mariano eta Pablo Bayón arkitektoekin bildu dira gaur, Musikaren ibilbideko lursailean auditoriumaren proiektua garatzeko beharrizanak aztertzearren.

Udaletxean egin den bilkura horretan Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregi eta arduradun teknikoak izan dira halaber.

Ondoren, alkatea, diputatu nagusia eta arkitektoak Senda ibilbidetik gertu dagoen lursailera hurbildu dira, haren ezaugarriak bertatik bertara ezagutzeko.

Bileran, materialei eta oinarrizko alderdiei dagokienez proiektua eguneratzeko beharra jarri dute mahai gainean, baita beste kokaleku baterako diseinatu zen proiektua lursail horretara egokitzeko beharra ere; orobat, proiektuari berriz heltzeko finantzaketa izan dute hizpide.

Alkateak eta diputatu nagusiak duela hilabete batzuk iragarri zuten auditoriumaren proiektua berreskuratzearen aldeko apustua, Gasteizek “kultur ekitaldietarako espazio duin, moderno eta erakargarria izan dezan, eta erdialdea eta lurperatzeak libre utzitako eremua biziberritzeko“, nabarmendu dute.

Musikaren ibilbidean egitekoa den entzunaretoak ia 10.000 m2 eta 1.550 pertsonarentzako edukiera izatea aurreikusi da. Kontzertuak, opera jakin batzuk, biltzar handietako osoko bilkurak, akziodunen batzar orokorrak eta beste zenbait ekitaldi hartu ahalko ditu aretoak.

Bayón arkitektoek Euskaltzaindiaren plazarako diseinatu zuten BAI Centerreko areto sinfonikoaren proiektua —2011n bazter utzitakoa— berreskuratzea proposatzen da.

Aretoaren ezaugarri teknikoek batez ere musika ikuskizunak hartzea ahalbidetzea da asmoa: kontzertu sinfonikoak (baita abesbatzak lagunduta ere), ganbera kontzertuak, kantari handien emanaldiak, piano errezitaldiak, kantautoreak, popa edo rocka, dantza, kontzertu formatuko operak eta abar.  Efizientzia akustiko handia bermatzen duten baldintzak beteko lirateke horretarako. Orobat, biltzar handietako osoko bilkurak eta aurkezpen handiak ere hartuko lituzke, baita akziodunen batzar orokorrak eta formatu handiko proiekzioak ere.

BAI zentroaren proiektua egin zuten arkitektoek, Mariano eta Pablo Bayónek, proiektua guztiz bideragarria dela eta kokaleku berrira aldatzeko modukoa dela egiaztatu zuten duela hilabete gutxi.

Entzunaretoaz gain, atondoa, zerbitzuetarako guneak, harrera, jantzitegia, leihatilak, biltegiak, zamalanetarako eremua, denda, kafetegi-jatetxea, areto teknikoak, itzulpen kabinak eta abar barne hartuko lituzke eraikinak. Orotara 9.688 m2-ko azalera erabilgarri itxia izango luke, eta 11.431m2-ko azalera eraikia. Behar den aurrekontua 24.608.000 euro da, BEZa eta obrarako segurtasun eta osasun plana kenduta eta altzariak eta ikus-entzunezko ekipamendua barne hartuta.

Lehen bileraren ondoren, proiektua egokitzeko beharrak aztertzen jarraituko du Udalak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:40

Ana Oregik birpartzelatzeko behin betiko proiektua aurkeztu dio 21 Zabalgunearen kontseiluari, zeina laster onetsiko baitu udal gobernuak

Udal gobernuak behin betiko akordioa adostu du Salburuko eta Zabalganeko 13 sektoretako jabeekin bi eremu horien hirigintza berrantolakuntzarako, eta horrek eraikuntza biziberrituko du hiriko alderdi garrantzitsu horietan, irizpide argi batekin: “lurraren kontsumo  justifikatu gabea eragotzi, hiria barrurantz hazarazi, hiria trinkoago eta iraunkorrago bihurtu eta zerbitzu publikoen eraginkortasuna hobetu, populazioaren masa kritikoa handituko baita. Akordioak hiri bilbeari jarraitutasuna ematea ahalbidetuko du, giza eskalako hiria eginez“, nabarmendu du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi eta 21 Zabalgunearen lehendakari Ana Oregik.

Ana Oregik  atxikipen eta birpartzelazio behin betiko proiektua —Salburuko eta Zabalganeko birdentsifikazioaren ondorio dena— aurkeztu dio sozietarearen kontseiluari, zeina laster onetsiko baitu udal gobernuak.

Akordioa mugarria izango da Salburuko eta Zabalganeko hirigintza garapenerako, 2 milioi metro koadrotik gora desblokeatzea baitakar; 170 lursail eta 200 jabe daude inplikatuta.

Lizentziak aktibatzeaz gain, 21 Zabalguneak ia 6 milioi euro berreskuratu ahalko ditu izapide urbanistiko horri esker, sektoreen likidazioei dagozkienak.

2016ko udan eman zitzaion hasierako onespena proiektuari. Ondoren, jakinarazpen eta alegazio prozesua etorri zen, eta onartutako alegazioak kontuan hartuz egokitu zen dokumentu konplexu hori. Azkenik, Udalak eta jabeek ontzat eman dute agiria, zeina Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi beharko baitu behin betiko.

Onetsi eta argitaratutakoan, eragindako sektoreen batzarrek bildu beharko dute likidazio ekonomikoak tramitatzeko eta 13 batzarrak eremu bakarrean eta batzar bakarrean eratzeko; horrek hartuko ditu bere gain etxebizitzak egiten hasi aurretik egin behar diren urbanizazio obrak.

Birpartzelatzeko proiektua onesten delarik, bestetik, Udal Idazkaritzak aprobetxamenduen ziurtagiriak sinatu ahalko ditu, jabeek erregistroan inskribatzerik izan ditzaten, eta horietaz baliatzerik izan dezaten.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:15

Tomas de Zumarraga Dohatsuaren kalean, auto batek bi emakume zihoazen motozikleta baten aurka jo zuen, eta gero ihesi joan zen. Motoan zihoazen gidari eta bidaiaria, 35 eta 12 urtekoak, hurrenez hurren, zaurituta geratu ziren eta larrialdi-zerbitzuek Txagorritxu Ospitalera eraman zituzten.

Euskal Herria Bulebarrean beste istripu bat gertatu zen auto baten eta ziklomotor baten artean; ziklomotor horretan, gidariaz gain, bidaiari bat zihoan, 26 urteko emakumea, eta zauriak jasan zituenez Santiago Ospitalera eraman zuten gero.

43 urteko beste moto-gidari batek bere motozikletaren kontrola galdu zuen Nafarroako Errege-Erreginak kalean eta errepidera erori zen. Larrialdi-zerbitzuek artatu zuten eta gero Santiago Ospitalera eraman zuten.

Errege-Erregina Katolikoak eta Arriagako Atea kaleen arteko bidegurutzean talka baten ondorioz izandako istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Istripu horretan herri barruko autobus bat eta bizikleta bat zeuden nahastuta; bizikletaren gidaria, 79 urteko gizonezkoa, zaurituta geratu zen eta Santiago Ospitalera eraman zuten anbulantzia batean.

Unibertsitateen pasealekuan izandako harrapaketa baten nondik norakoak ere ikertzen ari dira, eta bertan, oinez zihoan 82 urteko emakume bat harrapatu zuen auto batek. Txagorritxu Ospitalera eraman zuten anbulantzia batean.

Udaltzaingoak zauriturik gabeko beste 8 trafiko-istriputan esku hartu du eta 2 pertsona ikertzen ari da alkoholaren eraginpean zirkulatzeagatik: Independentzia kaletik barrena zihoan 37 urteko moto-gidari bat eta bart gauerdian Euskal Herria Bulebarrean istripua izan duen 46 urteko emakume bat. Emakume hau espaloiko zintarriaren gainera igo eta gidatzen ari zen autoaren gurpil bat lehertu zuen.

Udaltzaingoak 19 salaketa izapidetu ditu eta polizia judizialaren 12 jarduera egin ditu.

 

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:01

Urtero bezala, Udaleko Osasun Publikoaren Zerbitzuak higiene eta osasun baldintzak ikuskatu eta zaintzeko lanak egingo ditu Andre Maria Zuriaren jaietan, taberna, jatetxe eta establezimendu ibiltarietako instalazioak eta bertan saltzen diren janariak higiene eta osasun egoera onean daudela bermatzeko. Izan ere, kontsumitzaileak babestea funtsezkoa da Andre Maria Zuriaren jaiak normaltasunez ospatu daitezen.

Horrekin lotuta, Gasteizko Udalak ikuskapen bereziak egingo ditu leku hauetan: txosnak, feria-lekuko janari establezimenduak eta ohiko establezimenduak (taberna eta jatetxeak); kalean egiten diren jarduera gastronomikoak eta saltoki ibiltariak ere ikuskatuko dira.

Uztailaren 30ean hasi ziren ikuskapenak egiten arrisku handiena izan dezaketen janarien laginak hartzen (izozki, txurro, betegarri eta saltsak). Osasun Publikoaren Zerbitzuak horien analisi mikrobiologikoak egin ohi ditu, patogenorik dagoen antzemateko. Eta behar bada, egoera egokia bermatzeko ekimenak jartzen ditu martxan.

 

Alkoholaren eta bestelako substantzien kontsumoa

Horretaz gain, beste neurri batzuk hartuko dira alkoholaren eta bestelako substantzien kontsumoak dakarren arriskua gutxitzeko.

Esaterako, testak egiteko bi gune jarriko dira Ai Laket elkartearekiko lankidetzan: abuztuaren 4tik 5era bitarteko gauean, Etxauri plazan (Gaztetxearen ondoko saskibaloi kantxa), 00.00etatik 03.00etara, eta abuztuaren 6tik 7ra bitarteko gauean, txosnetan, 00.00etatik 03.00etara.

Orobat, abuztuaren 4tik 7ra bitartean, 00.00etatik 03.30era, alkoholari buruzko informazioa emango zaie herritar orori, Loma Jeneralaren plazaren eta Posta kalearen arteko kantoian jarritako karpan. Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du jarduera hori, eta Udalaren babesa du.

Gainera, abuztuaren 4an, 20.00etatik 01.00etara, ustez alkohola kontsumitzen ari diren gazteekin jardungo da. Bitartekariek gatazka-egoeretan esku hartuko dute, alkoholaren kontsumoak dituen arriskuez informatuko eta prebentzio-materiala banatuko.

 

 

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:43

Abuztuaren 4ko jaitsieran eramango dituen osagarriak eman dizkio alkateak Gorka Ortiz de Urbinari, eta errespetua eskatu du, “hala Zeledonekin nola pertsona guztiekin eta ingurumenarekin

Gorka Ortiz de Urbinak, zeinak beste urte batez Zeledon irudikatuko baitu, eta Gorka Urtaran alkateak osagarriak —euritakoa eta zahatoa— emateko ekitaldi tradizionalean hartu dute parte gaur goizean, igandean Andre Maria Zuriaren jaiei hasiera emango dien txupinazoaren protagonistak eraman ditzan.

Andre Maria Zuriaren plazan bertan izan da ekitaldia, Vitoria-Gasteiz hitzak dituen landarezko eskulturaren ondoan. Zeledonek herritarrei dei egiteko baliatu du egokiera:   “Jendeari eskatuko nioke gu laguntzeko, bai ni eta baita nirekin datozenak laguntzeko. Eta txapela eta aterkia pakean uzteko”, esan du Gorka Ortiz de Urbinak.

 

Alkateak, berriz, jaietan “daukagun onena” ematera animatu ditu gasteiztarrak. “Betiere errespetuz, hiru alderdi hauek kontuan hartuta: Zeledonekin, jaitsieran; pertsona ororekin, bereizketarik gabe, eta ingurumenarekin”. Horrekin lotuta, eta suziriaren jaurtiketan plazara beira sartzea debekatuta dagoelarik, Gorka Urtaranek hau gogorarazi du: “aurten ahalegin berezia egingo dugu latak sartzea eragozteko eta behin bakarrik erabiltzeko plastikoaren kontsumoa murrizteko; aldi berean, lanean ari gara  jaietan sortutako hondakinak murriztu eta birziklatzea handitzeko“. Hori dela eta, Gasteizko alkateak gure ingurunea errespetatzeko eskatu die gasteiztarrei. “Ingurumen iraunkortasunaren alorrean europar erreferentea izaten jarraitu behar du Gasteizek“, adierazi du Gorka Urtaranek.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:40

Berriro ere, Udaltzaingoak zainduko du segurtasuna Andre Maria Zuriaren jaien hasieran, Zeledonen jaitsieran, Ertzaintzarekin batera.

Abuztuaren 4an, Andre Maria Zuriaren plazara eta inguruko kaleetara sartu nahi duenak 10 sarbide-kontroletako batetik igaro beharko du, non bi polizia kidegoek zainduko baitute jai eremura ez dela beirazko botila eta ontzirik sartzen, ezta latarik edo arriskutsu izan daitekeen objekturik ere (objektu zorrotzak, makilak, makuluak..); udal bandoan zehazten da zeintzuk diren.

Egibideko garbiketa monitoreak ere egongo dira kontroletan. Zehazki, leku hauetan jarriko dira:

  • San Frantzisko aldapa.
  • Olagibel kalea.
  • Urrezko Zeledonen plaza.
  • Dato kalearen eta Alaba Jeneralaren kalearen arteko bidegurutzea.
  • Loma Jeneralaren plaza.
  • Prado kalea.
  • San Roke kantoiaren eta Diputazio, Errementari, Zapatari eta Hedegile kaleen arteko bidegurutzeak.

Udaltzaingoak lehenago joateko gomendatzen du, kontroletan ilararik sortu  ez dadin eta jendea pilatu ez dadin; orobat, ezarritako debekuak betetzeko eskatzen die gasteiztarrei eta bisitariei. “Jaitsierara doazenen segurtasuna hobetzeko neurriak dira. Duela bi urte jarri genituen martxan, eta emaitzak oso onak dira. Nahikoa da esatea iaz ez zela inor ere artatu behar izan beira-ebakiak zirela eta; lehen, ordea, ehun inguru izaten ziren”, azaldu du Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Marian Gutiérrezek.

Kontrolen eragina indartzeko, eta beirarik erabili ez dadin, txupinazoaren eremutik hurbil dauden taberna, kafetegi eta establezimendu publikoek ezingo dituzte edariak zerbitzatu kanpora atera daitezkeen beirazko botila, edalontzi edo ontzietan zein latetan, abuztuaren 4ko 15:00etatik udal segizioa bezperetara joaten bukatu arte, eta abuztuaren 9ko 23:00etatik Zeledonen igoera amaitu arte.

 Osasun antolaketa

Segurtasun neurri horietaz gain, osasun antolaketa zabala izango da. Jaitsieran, hiru sorosle-talde izango dira Andre Maria Zuriaren plazan, desfibriladorez hornituta, larrialdirik gertatzen bada ere. Espainia plazan, berriz, kanpaina-ospitalea instalatuko da, eta osasun arreta emateko gune bana jarriko dira Mateo Moraza kalean, Eusko Legebiltzarrean eta Katedral Berrian, anbulantzia eta osasun langileez hornituta.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:58

Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldiak, Kaldeartek, promozio bideo bat argitaratu berri du.

XIV. edizioko une nabarmengarrienak jaso dituzte ia 7 minutu irauten duen bideoan; ekainean egin zen erakustaldia, eta 35 konpainia etorri ziren Arabako hiriburura, horietako 7 atzerritik.

Kaldeartek formatu txiki, ertain eta handiko 70 emanaldi eskaini zituen, eta asteburu hartan milaka ikusle bildu zituen hiriko kale eta plazetan.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:00

Prado kaleko bizikleta-aparkalekua ere utzi da, sistema berezi batez babestua, jendetza biltzen denean istripurik gerta ez dadin

Mugikortasun eta Espazio Publikoaren Sailak bizikletak aparkatzeko 400 leku egokituko ditu Olagibel kalean eta txosnen esparruan, Andre Maria Zuriaren jaietarako.

Zehazki, Udalak 8 lekuko 25 modulu jarri ditu Olagibel kalean, eta 8 lekuko 25 modulu unibertsitateen inguruan, egun hauetan bai erdialdean bai txosnen esparruan izan daitekeen eskariari erantzuteko.

Prado kaleko bizikleta-aparkalekua ere utziko da, sistema berezi batez babestua (parabola oina duen egitura), inguru horretan jendetza biltzen denean istripurik gerta ez dadin.

Gasteizko Udala garraio iraunkor eta osasungarria sustatzeko garatzen ari den politiken barruko neurriak dira.

 

Share