Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  7 abuztua 2019 17:00

‘Vitoria-Gasteiz: eraso matxisten aurka’ kontzentrazio isila

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Udalbatzako ordezkariak

Eguna. Osteguna, abuztuak 8

Ordua. 13:00

Tokia. Plaza Berria, udaletxearen aurrean

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:02

 

Udaltzaingoaren Agenteek 22 urteko mutil gazte bat atxilotu zuten atzo arratsaldean, droga-trafikoarekin loturiko delitu baten ustezko egile gisa.

Uniformerik gabeko patruila batek porro-zigarro bat zirudiena erretzen ikusi zuen Maurice Ravel Lorategietan, beste gazte batzuekin batera. Marihuana usain bizia zegoela egiaztatu ondoren, patruila uniformatu bat etor zedila eskatu zuten udaltzainek.

Hara iritsi zirenean, udaltzainek identifikatu egin zituzten han bildutakoak eta, axaleko miaketa bat egiten ari zirela, barruan marihuana zuten plastikozko 41 zorro, 500 euro baino gehiago, zenbait billetetan banaturik, eta zenbait txanpon eta baskula bat aurkitu zizkioten gazteari. Horregatik guztiagatik atxilotu egin zuten. Guardiako Epaitegian beharrezko izapideak bete ondoren, aske utzi zuten.

Emakume bat atxilotu dute semeordea jotzeagatik

Udaltzaingoaren Agenteek 25 urteko emakume bat atxilotu zuten atzo arratsaldean, semeordea jotzeagatik etxe-indarkeriako delitu bat egin izanaren usteko egile gisa.

14:30ean dei bat jaso zuten 092 zenbakian, Salburua auzoko etxebizitza batean eztabaida bat zegoela ohartaraziz. Patruila bat bertara joan zen, mutil gazte batek eskatuta, eta esan zien minutu batzuk lehenago amaordearekin eztabaidan aritu zela eta hark jo egin zuela.

Adierazpen horiek entzunda eta biktimak zeuzkan lesioak ikusita, atxilotu egin zuten emakumea eta goizean barrena epailearen aurrera eramango dute.

Beste alde batetik, Udaltzaingoak 44 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo gauean Juan Carlos I. Hiribidean, agintaritza-agenteen aurkako desobedientzia larriagatik. Gizonezko hori, mozkortuta, errepidera eroria zen. Polizia esku hartzen ari zen bitartean, zenbait aldiz toki berean etzanda geratu zen, bere bizia eta bidea erabiltzen ari ziren gainerakoena arriskuan jarriz, eta udaltzainek hainbat aldiz adierazi bazioten ere ez zezala berriro horrelakorik egin, ez zien inolako kasurik egin, eta azkenean atxilotu egin zuten.

Guardiako Epaitegian beharrezko izapideak amaitu ondoren, aske utzi zuten.

Azken 24 orduetan, zauriturik gabeko 8 trafiko-istripu gertatu dira.

Share
Kategoriak: Erakunde Adierazpenak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:40

Gure udalerrian jazo berri diren eraso matxisten aurkako gaitzespen eta arbuio irmoenak erakutsi nahi ditu Gasteizko Udalak. Halaber, laguntza eta hurbiltasuna eskaintzen dizkiogu hala biktimei, nola biktimen inguruari, eta euren eskura jarri behar dituzten baliabide psikologiko, juridiko eta sanitario guztiak nahiz babes- eta harrera-baliabideak, euren interesei eragiten dien informazio guztia eduki dezatela bermatzearekin bat.

 

Zentzu horretan, Gasteizko Udalak, kasuen berri izan eta horien gaineko ikuspegi ahalik eta oso eta zuhurrena izateko informazioa erkatu ondoren, Gasteizko Udalak Indarkeria Matxistaren aurrean Jendaurreko Erantzun Publikoa emateko Protokoloa aktibatu du. Hortaz, premiazko bilera deitu du, bai informazio guztia biltzeko, bai erantzun instituzionala nahiz biktimei eta euren inguruari emango zaien arreta koordinatzeko xedez.

 

Azpimarratu egin nahi dugu indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria dela eta gizartearen berebiziko arazoa dela, berori jasaten duten eta horri aurre egiten dioten emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko zein moralaren aurka jarduten baitu. Indarkeria mota hau ez dute ekintza isolatuek osatzen: gure gizartea egituratzen duten jokaera esplizituen eta mezu normalizatu eta sinbolikoen sarea da, zeinak emakumeak gizonen mende edukitzeko xedea duen, bai eta indarreko sistema heteropatriarkalak ezartzen dituen mugak gainditzen dituen gorputzik, eredurik edota jokaerarik ez baimentzeko asmoa eduki ere.

 

Bada, Gasteizko Udalak, emakumeen eta LGTBI pertsonen giza eskubideak benetan erabiltzen direla bermatzeaz arduratzen den erakunde publikoa denez, udal-erakundeek eta herritarrek oro har edozein eraso matxistaren aurrean berehala eta irmo erantzuteko, biktimari lehentasunezko arreta emateko, emakumeei eta LGTBI pertsonei indarkeriari aurre egiteko tresnak emango dizkieten prebentzio-neurriak garatzeko eta erasotzaileen zigorgabetasun soziala desagerrarazteko neurriak sustatzen jarraituko du. Era berean, indarkeria matxistarik gabeko bizitza askeak bermatzeko lanean jarraituko du Udalak, bere eskumenak erabiliz.

 

Hori dela-eta, honako hau adierazten du Udalak:

  • Ordezkaritza instituzionalak eraso hauen aurkako arbuioa erakutsiko du 15 minutuko kale-agerraldi batean, abuztuaren 8an, 13:00etan, Plaza Berrian, «Vitoria-Gasteiz: eraso matxisten aurka» lelopean.

Abuztuaren 7an:

  • Udalak antolatutako jai-ekitaldi guztiak 10 minutuz geratzea eta komunikatu ofiziala irakurtzea.
  • Tabernetan eta jai-guneetan, baita bestelako edozein ekitaldi edo jardueratan ere, gaueko 00:00etan musika 10 minutuz geratzeko gonbita egitea eta komunikatu ofiziala irakurtzea.
  • Paseilloa 10 minutuz geratzera gonbidatzea herritarrak eta, batez ere, blusen eta nesken kuadrillak, indarkeria matxistaren aurrean erantzuteko dauzkaten protokoloetan edo estrategietan jasotzen diren baldintzak kontuan hartuta.
  • Halaber, bat egingo du mugimendu feministak abuztuaren 7an 20:00etan Andre Mari Zuria Plazan deitutako kale-agerraldiarekin, eta herritar guztiak gonbidatzen ditu horietan parte hartzera eta beharbada gure laguntza behar duten arbuio-ekimenen berri ematera.

 

Share