Prentsa Oharren banner

Omenaldia, 2019ko FesTValen, Rosa María Calaf, Jon Sistiaga, Itziar Ituño, Juanra Bonet eta Juan y Mediori

 

 

  • La Txurreria Films, IXA Taldea eta Amania Films bertako ekoiztetxeek beren proiektu berriak aurkeztuko dituzte FesTValen.
  • Ion Aramendi izango da aurtengo amaiera ekitaldiko aurkezlea; Juan Luis Iborrak eta Alberto Maesok zuzenduko dute ekitaldia, eta Humberto Gutiérrez izango da gidoilaria.

  

Luxuzko boskote bat omenduko du aurten FesTValek, kameren aurrean egiten duten lana saritzeko. Juan y Medio, Juanra Bonet eta Jon Sistiaga omenduko ditu aurtengoan Joan Ramón Mainat sariak, zein ekoizle katalan gogoratuaren ohorez sortu zen.

Rosa María Calaf erreportari mitikoak Constantino Romero saria jasoko du, Albaceteko komunikatzaile ospetsuaren ohorezkoa, eta Itziar Ituño antzezleak -besteak beste La casa de papel serieko protagonistak- irabazi du AISGEk denboraldiko interpretazio nabarmenenari ematen dion saria jasoko du.

Aintzatespen horiek guztiak Gasteizko XI. Telebista Jaialdiaren amaiera ekitaldian banatuko dira, hiriburuko Principal antzokian, datorren irailaren 7an, berrikuntza nabarmen bat izango duen ekitaldi batean.

Hitzordu hori hamar urtez xarma handiz zuzendu eta aurkeztu ostean, Luis Larroderak Ion Aramendi euskal komunikatzaileari emango dio txanda. EITBko ¡Qué me estás contando! saioaren aurkezleak ikuskizun desberdin baten alde egingo du, zeinaren gidoia Humberto Gutiérrez komikoak idatzi duen. Juan Luis Iborrak eta Alberto Maesok zuzenduko dute hiriburuko Principal antzokira bertaratzen direnei ezusteko ugari emango dizkien ekitaldia.

Maider Etxebarria alkateordeak ezagutaraziu ditu gaur goizean sariak eta aurkezle berriaren identitatea, alboan zituela FesTValeko zuzendari Joseba Fiestras eta Ion Aramendi berbera. Ekonomia Sustapeneko zinegotziak nabarmendu egin du zergatik babesten duen Gasteizko Udalak FesTVal ekimena: “Gasteiz ikus-entzunezkoen mapan kokatzeaz gain, erreferentzia garrantzitsu bihurtu da herrialde osoko ekoizleentzat”.

Tokiko ekoizpenak, agertokira

Hasieratik beretik ohi bezala, FesTValek ikus-entzunezkoen sektoreko profesional garrantzitsuenak bilduko ditu beste behin ere Gasteizen, PROFESTIVAlen egitarauaren inguruan.

Testuinguru horretan, Arabako ekoiztetxeek berebiziko protagonismoa izango dute, ikus-entzunezko proiektu berriak aurkeztuko dituztelarik. Hartara, La Txurreria Films, IXA Taldea eta Amania Films ekoiztetxeak PROFESTIVALeko topaketa baten protagonista izango dira, irailaren 6ko (ostirala) 17:00etan, Europa biltzar-jauregian.

Share

Kamioi batek txirrindulari bat jo eta zauritu egin du Jacinto Benavente kalean

Atzo Gasteizko Jacinto Benavente kalean gertatutako istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da Udaltzaingoa; istripu horretan, norabidea aldatu zuen kamioi batek bidegorritik zihoan bizikleta bat jo zuen. 21 urteko txirrindularia zaurituta geratu zen eta Santiago Ospitalera eraman zuten.

Udaltzaingoak beste hamabi trafiko-istriputan esku hartu behar izan du, baina ez da zauriturik izan eta ez da inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. Hamalau salaketa izapidetu ditu eta polizia judizialaren lau jarduera egin ditu.

Erreskate bat Olarizun

Beste alde batetik, suhiltzaileek atzo bi pertsona erreskatatu zituzten, horietako bat adingabea, ekaitz batek Olarizu mendian ustekabean harrapatu ondoren. Deia arratsaldeko 20:36an jaso zuten parkean, eta SPEISeko langileak ibilgailu arin batez joan ziren bertara, handik jaisten laguntzera. Bi pertsona horiek gurutzearen aldamenean topatu zituzten, guztiz blai eginda, erabat hoztuta eta adingabea beldurtuta. Autoan esan zieten arropa kentzeko eta manta termikoekin estaltzeko, eta gero, beren etxera eraman zituzten.

Esku-hartzeak ekaitzagatik

Suhiltzaileek atzo zenbait jarduera egin behar izan zituzten hirian bota zuen euri-jasa indartsuaren ondorioz. Alde batetik, tximista batek Zumeltzu herrian jo eta sute bat sorrarazi zuen lasto-fardo batean. Bertara iritsi zirenean, suhiltzaileek dena desegin zuten, pixkana-pixkana basoko bizkar-zorroen bidez itzaltzen joateko, ezinezkoa baitzen zisterna-ibilgailua bertaraino iristea.

Butxatuta geratutako estolda-zuloengatik hainbat kaletako errepidean sortutako ur-putzuak zirela eta, suhiltzaileek lau esku-hartze egin behar izan zituzten, eta horrez gain, ura ateratzen aritu behar izan zuten Forondako Atea kaleko eraikin batetik. Terrazan pilatutako hogei zentimetroko urek hainbat itogin eragin zituzten, eta horren ondorioz, ura erortzen hasi zen sabaiko aplikeetatik.

Share

Abian dira Koroatze auzoko fatxadetan edo barruko patioetan grapatuta dagoen sare elektrikoa kentzeko lanak

Amaia Barredo audioa

Koroatze auzoko fatxadetan edo barruko patioetan grapatuta dagoen sare elektrikoa kentzeko lanak hasi zituen atzo Udalak, Iberdrolaren laguntzarekin. Gasteizko zona hori eraberritzeko SmartEnCity proiektuaren barruan dago jarduketa.

Udalak 185.696,82 euro inbertituko ditu sare elektrikoa espaloietan irekitako zangetan sartzeko lanetan. Lehiaketa publikoa egin ostean, Construcciones Arana enpresari esleitu dizkio Tokiko Gobernu Batzarrak lanak.

Mugikortasuna eta Espazio Publikoko zinegotzi Amaia Barredok azaldu duen bezala, “azken urtetan hiriko beste auzo batzuetan fatxadetako kableak kendu ondoren, birgaitze energetikoaren SmartEnCity proiektuaren barruan dagoen Koroatze auzoaren txanda izango da oraingoan. Udalak gauzatuko du obra zibila, eta Iberdrolak, berriz, kableen deskonexioak, konexioak, desmuntaketak eta muntaketak”.

Zehazki, helbide hauetan arituko da lanean Udala: Aldabe kaleko 5, 7, 10, 12 eta 16an; Koroatze kaleko 6an; Manuel Diaz de Arcaya kaleko 12an; Badaia kaleko 8an eta Eulogio Serdan pasabidean. Lanak faseka egingo dira, eta fase bakoitzean ez da zanga bat baino gehiago irekiko, eragozpen gutxiago egiteko.

 

Share