Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2019-08-27)

Prentsaurrekoa. Vitoria-Gasteizko  Telebista Jaialdiaren amaierako gala eta egingo diren omenaldiak aurkeztea

Parte hartzaileak. Alkateorde Maider Etxebarria; eta Gasteizko Telebista Jaialdiaren zuzendari Joseba Fiestras

Eguna. Asteartea, abuztuak 27

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Irailaren 2an hasiko dira, hiriko lau lekutan aldi berean, BEAren obrak

  • Iturritxu kalea autobus elektrikora egokituko da, Esmaltazioen biribilgune inguruan
  • Mendizorrotzean, lanak aparkaleku ondoan izango dira
  • HUA inguruko lanen artean, Francisco Leandro de Viana kalea amaitzen den biribilgunea izango da lehen obra-lekua
  • Zumakadi ibilbidearen zati baten bide berri bat sortuko da

 

Amaia Barredo zinegotziaren adierazpenak

BEA lanen hasieraren buruzko dosierra

 

Esmaltazioen biribilgunea, Mendizorrotza, HUAren ingurua eta Hegoalde gizarte etxe inguruko Zumakadi kale zatia. Horiexek dira irailaren 2an aldi berean autobus elektriko adimentsuaren (BEA), obrak (zein Irizar E-Mobility, Yarritu eta LKS enpresei esleitu zaizkien) hasteko hautatutako lau lekuak. Lehen egunetan materiala biltzen eta esku-hartzeen ingurua mugatzen arituko dira langileek, gero bide publikoan lehen lanei ekiteko. Edonola ere, lau leku horietan eragina minimoa izango da, ibilgailuen zirkulazioa eta garraio publikoaren zerbitzuak ohiko moduan izango dira, gerta daitezkeen unean uneko mozketak gorabehera.

“Horrenbestez, hasi da dagoeneko Gasteizera garraiobide moderno, eroso eta eraginkorra iristeko atzera-kontua, eta, beste ezer baino lehenago, azpimarratu nahi dugu lanen lehen fasea ahalik eta enbarazu gutxien eragiteko diseinatu direla. Lanek aurrera egingo duten arren, ez da horregatik zirkulazioan eragin nabarmenik sumatuko. Proiektu guztiaren ardatz funtsezko batean arituko gara, ibilbidearen hegoaldet6ik HUAren ingurutik Esmaltazioen biribilgunera doan horretan, hain zuzen ere obra publiko gehien eskatuko duen zatian, horregatik gainerako garraiobideen funtzionamendua aldatu beharrik gabe”, azpimarratu du zinegotziak.

 

Lanak Esmaltazioen biribilgunean

Esmaltazioen biribilgunea da obrak nabarmenen antzemango den lekuetako bat. Are gehiago zabalduko da Iturritxu kalea, 150 metro inguruko zati batean, San Ignacio HLHIren eta biribilgunean bertan hasita.

Lanek biribilgunetik abiatzen den zatian espaloia eta bidegorria okupatzea eragingo dute. Halaber, moztu egingo da Iturritxu kalea Heraclio Fournier kalearen parean zeharkatzen duen oinezkoentzako pasabidea. Oinezkoentzako pasabide alternatiboak paratuko dira obrek iraun bitartean. Jacinto Benavente kalearen eta San Ignacio HLHIren arteko bidegorri zatia ere moztuta izango da.

 

Bide alternatiboa Zumakadi ibilbidean

Bigarren jardun-eremu bat Zumakadi ibilbidea izango da, Hegoalde gizarte-etxearen inguruan. Gaur egun bada han Arabako Probintziako Artxibo Historikotik gizarte-etxera berera doan bide bat, errepidearen paraleloan. Aprobetxatu egingo da bide hori ibilgailuen zirkulazioa bertatik igaro dadin, behin BEA ezarri aurretik Zumakadi ibilbidearen zorua sendotzeko obrak hasten direnean. Kontuan izan behar da lan horiekin batera ur-sarea berriztatzeko lanak ere egingo direla.

 

Esku-hartzea Mendizorretzeko aparkaleku inguruan

Hirugarren gunea, Mendizorrotzeko aparkalekua Salbaterrabidetik bereizten duen espaloi zatia da. Espaloi horretan eraikiko da aurrerago autobus elektriko adimentsuaren bi erreien parean eta paraleloan joango den ibilgailuen zirkulaziorako bidea. Horrek aparkalekuaren zati bat okupatzea eragingo du, eta, horrenbestez, aldi baterako itxi egingo da aparkaleku ondoan dagoen sartzeko eta irteteko gunea. Ordutik aurrera, ibilgailuekin sartu eta irteteko leku bakarra kiroldegi ondokoa izango da.

Aparkaleku hori ere bihurtuko da, materialak obra-etxolak eta makinak gordetzeko biltegi bihurtuko da. Horrek zerrenda osagarri bat erabiltzera eragingo du, halako moduan non aparkalekuaren erdia geratuko den erabilera publikorako. Espazio Publiko, Trafiko eta Udaltzaingo zerbitzuak elkarrekin dihardute lanean inguruabar horren eraginak ahalik eta gehien murrizteko asmoz, bereziki Mendizorrotzean jokatzen duenean prestatu beharreko dispositiboetan.

 

Txagorritxu ospitalera sartu-irtenak egiteko bide berria

Azkenik, obrei ekiteko laugarren lekua Arabako Unibertsitate Ospitalearen ingurua izango da. Kasu honetan, obra-lekua Francisco Leandro de Viana kalea amaitzen den biribilgunea izango da; bertan ibilgailuen zirkulazioa koherenteago eta autobus elektriko adimentsuarekin bateragarriago bihurtzeko lanak egingo dira. Handik gertu hasiko dira baita garraiobide berriaren HUA/Txagorritxu geltokiko nasak egiteko lanak.

 

Materialak biltzeko lekuak  

Gainera, autobus elektriko adimentsuaren lanek zenbait eremu obra-etxolak eta materialak biltzeko erabiltzeko asmoz okupatzea eragingo du. Hain zuzen ere hiru leku izango dira:

  • Mendizorrotzeko aparkalekua: gorago esan den bezala, Mendizorrotzeko futbol-zelai pareko aparkalekuaren erdia erabiliko da.
  • Erabilerarik gabeko lursaila, Ramón Rubial kaleko aparkalekuaren ondoan (HUA ondoan): aparkaleku ondoko lursaila baliatuko da, zein Ramón Rubial kalearen eta Zabalgana hiribidearen bidegurutzean dagoen, hartara zirkulazioan ahalik eta gutxien eragin nahi delarik.
  • Erabilerarik gabeko lursaila, Heraclio Fournier kalean: era berean, lursail huts bat bilatu da Heraclio Fournier kalean, Esmaltazioen biribilgune ondoko poligonoaren alboan, inguru horretan egingo diren lanetan beharko diren materialak eta makinak biltzeko.

Obra zibilek hartuko dituzten 65 asteetan gauzatuko dira autobus elektriko adimentsuaren proiektua, azpiegitura, hornikuntza, abian jartzea eta mantentzeko lanak. Hainbat erakundek parte hartzen dute BEAren proiektuan: Udalak —finantzaketaren % 17,5—, Arabako Foru Aldundiak —beste % 17,5 bat— eta Eusko Jaurlaritzak —% 65—.

 

 

 

 

Share

Hasi dira Tornay Medikuaren kalea eraberritzeko lanak

  •  Esku-hartzea 5.500 metro koadroko esparru batean egingo da, eta oinezkoentzako gune zabal bat sortuko du

TORNAY MEDIKUA KALEKO DOSIERRA

Gaur goizean hasi dira Tornay Medikuaren kalea oinezkoentzat bihurtzeko lanak, milioi bat euro inguru eskatzen duten lanak, inguru hau irisgarritasun handiagoko plaza bihurtzeko, eta itxura gaurkotuaz janzteko. Promociones y Pavimentaciones Balgorza S.Ari esleitu zaizkio eraberritzeko lanak, eta horiek gauzatzeko epea zortzi hilabetekoa izango da. Hartara, Olagibel kaleak, Judimendi hiribideak, Done Jakue hiribideak eta Jose Mardones kaleak mugatutako ‘super-etxadiaren’ erdigune sortuko da, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Planari jarraituz.

Lehen egunak ingurua prestatzeko baliatuko dira, eraispen-lanetarako, zoladura zaharkitua eta egoera txarren dauden altzariak kentzeko. Espaloi estuak eta ibilbide bihurgunetsuak nagusi dira gau egun batez ere ibilgailu pribatuei zuzenduriko inguru batean…. Horren ordez, oinezkoentzako gune handi bat sortuko da, auzoa dinamizatuko duena. Esku-hartzeak 5.500 metro koadroko eremu batean izango du eragina: oinezkoentzako pasabide goratuak jarriko dira Benito Ginea eta Cola y Goiti kaleekiko bidegurutzeetan, irisgarritasuna hobetzeko. Done Jakue hiribidean ere beste zebra-bide bat eraikiko da. Halaber, Olagibel kalearen amaieran Judimendiren sarreran dagoen oinezkoentzako pasabidea ere aldatuko da, seguruagoa izan dadin, bihurgune batean baitago. Asfalto urtuzkoa izango da, eta margotu egingo da.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak bi barne-plazatxo diseinatu ditu Tornay Medikuaren kalerako, zeinek galtzada-harri zeramikozko zoladura izango baitute, gainerako lekuetan erabilitako zoladurarekin kontraste egin dezan. Miranda de Ebro kaleak eta Trebiñoko Konderriaren kaleak, berriz, ibilgailuentzat izango dira aurrerantzean ere, Done Jakue hiribidetik sartu eta irteten delarik. Tornay Medikuaren kaleko zatian, ordea, galtzada espaloien mailan geratuko da, oinezkoei lehentasuna emanez; asfalto leunduzko zoladura jarriko da hor. Orobat, Saez de Quejana kaleko parterreak kenduko dira, eta Trebiñoko Konderriaren kaleko haurrentzako jolasgunea handituko. Kolpeak moteltzeko kautxuzko zoladura jarriko da inguru horretan.

Aldi berean, argiteria publikoaren sarea eta saneamendu-sarea egokitu eta modernizatuko dira, azken horrek 70 urte baititu. Hiri-altzariak ere eguneratuko ditu Sailak, eta eserleku berriak, paperontziak, bizikleta aparkatzekoak, piboteak eta bi iturri ipiniko ditu. Auzokoek estatutakoari jarraituz, zuhaitz batzuk ere kenduko dira, gaixo daudelako edo fatxadetatik oso hurbil. Horien ordez beste zuhaitz batzuk landatuko dira. Zehazki, masustondoak landatuko dira txorkoetan, eta tamaina handiko Celtis australis (almez) bat.

Horren guztiaren osagarri, TUVISAren Judimendi/San Juan geltokia lekuz aldatuko da, oinezkoentzako pasabidetik urrunago dagoen leku batera, segurtasun-arrazoiak direla eta. Gainera, lurperatu egingo dira proiektuaren eremuaren barruko telefoniako airetiko kableak, Estibaliz hiribidean, eta Eduardo Belasco, Jose Lejarreta eta Federico Baraibar kaleetan. Azkenik, desagertzen diren aparkaleku-plazak konpentsatzeko, Udalak beste leku batzuk egokituko ditu Jose Mardones kalean eta Judimendi hiribidean.

Mugikortasunaren analisia, super-etxadia sortu aurretik

Iragarri bezala, Udalak mugikortasuna, zarata eta herritarren pertzepzioa aztertu ditu, betiere klima aldaketaren kontrako ReVeAl europar proiektuaren baitan.

Share

Gizonezko bat atxilotu dute Sansomendin bere bikotekidea eta esku hartu zuten poliziak jotzeagatik

Udaltzaingoaren agenteek 35 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egile gisa, Gasteizko bere etxebizitzan bikotekidea jotzeagatik. Nabarmendu beharra dago alarma-deia biktimaren alaba adingabeak berak egin zuela.

Gertaera horiek arratsaldeko bostak baino minutu batzuk lehenago izan ziren, eta adingabe batek Udaltzaingoaren Zentralera deitu zuen jakinarazteko amaren bikotekidea joka ari zitzaiola amari Sansomendin. Zenbait patruila etxebizitza horretara joan ziren eta ikusi zuten 35 urteko gizonezko bat zegoela bertan, oldarkortasun handiko egoera batean. Antza, bere emaztea jo zuen, aurpegian eta gorputzean zenbait ukabilkada emanez.

Etxebizitza horretan, biktimaz gain, haren ama –gertaera horiek egiaztatu zituen– eta emakumearen bi seme-alaba zeuden, biak ere adingabeak. Gizonak gertaera horiek egin izana aitortu zuen, baina atxilotzera zihoazela esan ziotenean, erresistentzia fisiko handia erakutsi zuen, esku hartzen ari ziren udaltzainak jotzeraino iritsiz. Atxilotua epailearen esku geratu da gaur goizean.

Sei pertsona zauritu dira istripuetan

Sei pertsona zauritu dira asteburuan izandako bost trafiko-istriputan.

19 urteko mutil gazte bat harrapatu egin zuten joan den ostiralean Legutioko Atea kaletik barrena doan bidegorrian. Kale horretako 12 zenbakiaren parean, bizikleta batek harrapatu egin zuen oinez zihoan gaztea, oinezkoentzako igarobide batetik zeharkatzen ari zela, eta horren ondorioz, Santiago Ospitalera eraman behar izan zuten.

Ostiralean Gasteizko Taldearen kaleko 24 zenbakiaren aurrean izandako istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da ikerketa-talde bat; istripu horretan, 82 urteko gizonezko bat gidatzen ari zen furgonetak talka egin zuen hiri-altzari batzuen aurka (bi eserleku, bi zuhaitz eta farola bat). Gidaria zaurituta geratu zen eta Santiago Ospitalera eraman zuten.

Egun horretan bertan Zadorra hiribidean izandako beste istripu baten nondik norakoak ere ikertzen ari dira; istripu honetan, bizikleta batean beste bi gazterekin batera zihoan adingabe bat zaurituta geratu zen. Adingabea gurpil bateko erradioen artean harrapatuta geratu zen eta suhiltzaileek atera behar izan zuten bertatik eta, gero, anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuen.

Bizikletan zihoan 46 urteko gizonezko bat zauritu eta Santiago Ospitalera eraman behar izan zuten, Maite Zuñiga kalean bera gidatzen ari zen bizikletak beste baten aurka talka egin ondoren. Larunbatean gertatutako istripu honen nondik norakoak ikertzen ari da Udaltzaingoa.

Horrez gain, patinete elektriko batean zihoazen bi bidaiarik zuhaitz baten aurka talka egin zuten atzo Kexaako Gaztelua kalean. Patinetearen gidaria, 36 urteko gizonezkoa, eta haren 5 urteko semea, aitaren hanken artean zihoala, zaurituta geratu ziren eta ospitale batera eraman zituzten.

Udaltzaingoak beste 22 trafiko-istriputan esku hartu behar izan du, nahiz ez den zauriturik izan, eta bost gidari ikertzen ari dira bide-segurtasunaren aurkako delituengatik.

59, 39 eta 52 urteko hiru gizonezko ikertzen ari dira alkoholaren eraginpean gidatzeagatik: lehenak kamioi baten aurka talka egin zuen Zadorra hiribidean; bigarrena, motozikleta bat gidatzen ari zen kontrako norabidetik Errege Atea kalean, eta hirugarrena, gehiegizko abiaduran eta ezohiko moduan zihoan Domingo Beltran kaletik. Alkoholemia-probak eginarazi ondoren, hirurek emaitza positiboa eman zuten.

54 urteko emakume bat ere ikertzen ari dira ziklomotor bat gidatzen ari zela Errege-Erregina Katolikoen kalean semaforo gorri batean ez geratzeagatik. Eginarazi zizkioten probetan, emaitza positiboa eman zuen kokainan eta kalamuan.

Ikusi zuten 21 urteko mutil gazte bat arauzko argirik gabe gidatzen ari zela furgoneta bat Gamarrako Atea kaletik barrena. Udaltzaingoaren patruila batek gelditzeko agindu zion, eta dokumentazioa aztertu zutenean, ikusi zuten ez zeukala gida-baimenik, eta beraz, izapide egokiak abiarazi zituzten Guardiako Epaitegira bidera zitzaten. Gidariak, gainera, positibo eman zuen eginarazi zioten alkoholemia-proban, eta beraz, administrazio-bidetik salaketa jarri zioten.

Asteburuan zehar Udaltzaingoak alkoholemiako hamar prebentzio-kontrol egin ditu hirian, eta horietan 199 gidarik egin behar izan dituzte arauzko alkoholemia-probak; denek emaitza negatiboa eman dute. 40 salaketa izapidetu dituzte eta polizia judizialaren 11 jarduera egin dituzte.

Su txiki bat Oto hiribidean

Hesiz inguratutako barruti batean egur, plastiko eta beste material batzuekin egindako sute txiki bat itzaltzeko esku hartu behar izan dute gaur suhiltzaileek; sute hori 20 metrotan zabaldu da luzeetara Oto hiribideko aldameneko ezpondatik.

Landaberde kalean zabor-edukiontzi batean piztutako sutea ere itzali behar izan zuten atzo, baita bi koltxoirekin egindako beste bat ere Berpizkundearen plazan.

Share

Tranbiaren luzapena: Zirkulazio-mozketak, kaleak asfaltatzeko lanek eraginda

Tranbiaren trazatua luzatuko den kaleak asfaltatzeko lanak direla-eta, abuztuaren 26tik (astelehena) 29ra arte (osteguna) ibilgailuei eragingo dieten zirkulazio-mozketak izango dira:

Abuztuak 26 (astelehena), 08:00etatik aurrera:

– Moztu egingo da Triana kaletik jaitsita Salbururantz joateko biraketa.

– Mozketa Florida kalean: Salburutik datozen ibilgailuek ezin izango dute Aranburutarren kaletik aurrera egin (Florida kaleko bizilagunek eta ibietara doazenek izan ezik).

– Irekita izango da Triana kaletik Herrandarren kalera joateko bidea.

– Florida kalean (Pio XII.aren eta Herrandarren kaleen artean), zirkulazioak orain arteko eutsiko dio: San Kristobal zubitik jaisten direnek Ekialdera zein Mendebaldera biratu ahal izango dute Florida kaletik, baino ezingo dute Pio XII.aren kalera zuzen jo.

– Joan XXIII.ak kaleak sartu-irteneko jarraituko du. Eguraldiak arazorik emango ez balu, asteazkeneko arratsalde erdian itzuliko dira lehenera biraketa horiek.

Neurri horien osagarri, beste bi hartuko dira, San Luzia auzotik datozelarik iparrera edo mendebaldera joan nahi duten ibilgailuentzat:

– Aldatu egingo da Federico Baraibar kalearen noranzkoa Aranburutarren kalearen eta Estibalizko Andre Mariaren hiribidearen arteko zatian, Estibalizko Andre Mariaren hiribiderantz.

– Noranzko bikoitzeko izango da Eduardo Belasko kalearen zati bat, Estibalizko Andre Mariaren hiribidearen eta Herrandarren kalearen artekoa.

Triana zubitik jaitsi eta Santa Luzia auzora biratu nahi duten ibilgailuak Eduardo Belasko kalera bideratuko dira, eta gero, Jose Lejarreta kaletik barna, Florida kalerantz.

 

Abuztuak 27 (asteartea), 08:00etatik aurrera:

– Bere horretan eutsiko zaie asteleheneko mozketei.

– Moztu egingo da Nieves Cano kaleko zirkulazioa, Domingo Martinez de Aragon kaletik Izardui Komandantearen kalerainoko tartean.

Eguraldiak arazorik emango ez balu, osteguneko arratsalde erdian itzuliko da lehenera Nieves Cano kaleko zirkulazioa.

Mozketaren seinalea Nieves Cano kalean ipiniko da, Agirre Miramon kalearen parean, ibilgailuek San Antonio kalerantz desbideratzeko aukera izan dezaten.

 

Abuztuak 28 (asteazkena), 08:00etatik aurrera:

– Bere horretan eutsiko zaio Nieves Cano kaleko mozketari.

Abuztuak 29 (osteguna):

– Arratsalde erdian itzuliko da lehenera Nieves Cano kaleko zirkulazioa.

 

Share